34. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, 2024. urtean Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan eta kirol irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probetarako deia egin eta proba horien egutegia ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluaren arabera, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzeko baldintza bat da sarrera-proba bat gainditzea; 52. artikuluaren arabera, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzen ahal dira, baldintza akademikoak bete ez arren, sarrera proba gainditzen dutenak; eta, azkenik, 64. artikuluaren arabera, kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailetan sartzen ahal dira, eskatzen diren titulu edo ziurtagiriak izan ez arren, sarrera-proba bat gainditzen dutenak.

Horrez gainera, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak 46. artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek sarbide-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzako sarrera-probetarako deialdiak egin beharko dituzte urtero.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa garatuz, Lanbide Heziketaren sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetarako sarbidea arautzen du, eta baldintza gisa ezartzen du sarrera-proba bat gainditu behar dela, erdi mailakoa edo goi mailakoa, hurrenez hurren. Sarrera-proba horiek helduentzako oinarrizko gaitasunak egiaztatzeko prozeduraren erregelamendu-garapenaren arabera antolatu beharko dira. Bestalde, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duenak, eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duenak, erdi mailako eta goi mailako zikloetarako sarbidea arautzen dute, eta zehazten dute zilegi izanen dela ziklo horietan sartzea hezkuntza administrazioek deitutako sarrera-proba bat gaindituta.

Ebazpen honen bidez, 2024an Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa zikloetan eta kirol irakaskuntzen zikloetan sartzeko probetarako deialdia egiten da, eta proba horien egutegia ezartzen da.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin, batetik, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloetan sartzeko proben 2024ko deialdia onesteko, eta bestetik, proba horien egutegia ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2024. urtean Lanbide Heziketako irakaskuntzetako, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetarako deia egitea eta proba horien egutegia ezartzea, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura; eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, Inklusio Atalera, Arte Ikasketen Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 25ean.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

1. ERANSKINA.–ZIKLOETAN SARTZEKO PROBEN DEIALDIA. 2024. URTEA

Deialdia

1. Deialdi hau honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago:

a) Erdi mailako zikloetan sartzeko proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hamazazpi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

b) Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hemeretzi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

c) Kirol irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hemeretzi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea, eta, horrez gainera, kirol teknikari titulu bat izatea, kasuan kasuko kirol modalitate edo espezialitatekoa.

2. Nafarroako Foru Komunitatean, erdi mailako zikloetan eta goi mailako zikloetan sartzeko proba hauetarako deialdia egiten da 2024an erdi mailako zikloetan sartzeko proba; goi mailako zikloetan sartzeko proba "Zientziak eta Ingeniaritza", "Osasun Zientziak", "Gizarte Zientziak", "Giza Zientziak" eta "Arteak" modalitateetarako; eta kirol irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba.

Inskripzioa

3. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetan inskripzioa egiteko epea 2024ko otsailaren 26 hasiko da, eta martxoaren 6ko 14:00etan bukatuko.

4. 2024. urteko proben deialdian aplikagarri izanen da, honako alderdi hauei dagokienez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren bidez 2021. urteko deialdirako ezarritakoa: inskripzio-eskaeren aurkezpena, proba egiteko egokitzapenak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, inskripzio-tasak eta onartutakoen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak.

5. Inskripzio-prozesuaren egutegia eta onartutako pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko egutegia ebazpen honen 2. eranskinean ezarrita daude.

Tasak itzultzea

6. Tasa ez da itzuliko izangaiak baztertuak gelditzen badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

Epaimahaiak eta proben egutegia

7. 2024. urteko proben deialdian aplikagarri izanen da, honako alderdi hauei dagokienez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren bidez 2021. urteko deialdirako ezarritakoa: sarrera-proben koordinazio epaimahaia eta ebaluazio epaimahaiak, sarrera-proben egitura eta edukia, kalifikazioa, proben emaitzen aurkako erreklamazioak eta probak gainditu izanaren ziurtagiriak eta horien ondorioak.

8. Probak egiteko eta horien emaitzak argitaratzeko egutegia ebazpen honen 2. eranskinean ezarrita dago.

Zikloetan sartzeko probetako salbuespenak

9. Deialdi honetan, horretarako aplikagarria den ebazpenean ezarritako salbuespenak aplikatuko dira.

2. ERANSKINA.–NAFARROAN ZIKLOETAN SARTZEKO PROBEN 2024KO DEIALDIAREN EGUTEGIA

JARDUKETA

EGUNAK

Inskripzio-eskaerak aurkezteko epea

2024ko otsailaren 26tik martxoaren 6ra (14:00ak arte)

Azken eguna ikastetxeek inskripzioak EDUCAn sar ditzaten

2024ko martxoaren 15a

Azken eguna koordinazio epaimahaiari igortzeko desgaitasuna dela-eta proban egin beharreko egokitzapenen eskaerak (inskripzioa egiten den ikastetxeak), baita berariazko zatia egin beharraz salbuestekoak ere, lan eskarmentua edukitzeagatik

2024ko martxoaren 20ra arte

Onartutako pertsonen eta egokitzapenen behin-behineko zerrenda argitaratzea

2024ko martxoaren 26a

Behin-behineko zerrendei (onartutako pertsonena eta egokitzapenena) erreklamazioak egiteko epea

2024ko martxoaren 27tik apirilaren 9ra (14:00ak arte)

Onartutako pertsonen behin betiko zerrenda eta egokitzapenen ebazpena argitaratzea

2024ko apirilaren 18a

Informazio honen argitalpena webgunean: izangaien gelaz gelako banaketa

2024ko maiatzaren 6a (erdi mailako proba eta goi mailako proba)

Erdi mailako zikloetan sartzeko proba: ariketak egitea

2024ko maiatzaren 22a

09:30 Komunikazioa eta Gizartea esparrua

15:30 Esparru zientifiko-teknologikoa

Goi mailako zikloetan sartzeko proba: zati orokorreko zein berariazko zatiko ariketak egitea (salbu Arteak modalitateko berariazko zatia)

Kirol irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba

2024ko maiatzaren 23a

09:30 Zati orokorra

15:30 Berariazko zatia

Erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2024ko maiatzaren 28a

Erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin-behineko emaitzei erreklamazioak jartzeko epea

2024ko maiatzaren 29tik 31ra
(14:00ak arte)

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin betiko emaitzen argitalpena

2024ko ekainaren 6a

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira)

2024ko ekainaren 12tik aurrera

Ziurtagiri partzialak (Hezkuntza Departamentuan jaso behar dira)

2024ko urriaren 21a

Iragarkiaren kodea: F2401722