29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Aldaketa partziala Virgen del Castillo zahar etxeko estatutuetan. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2023ko urriaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Miranda Argako Virgen del Castillo zahar etxea" izeneko tokiko erakunde autonomoa arautzen duten estatutuen aldaketa. Aldaketa hori jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hala, iragarkiak argitaratu ziren Udalaren iragarki-taulan eta 2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 7an, eta 30 egun baliodunean ez zen erabakiaren aurkako alegaziorik aurkeztu. Horregatik, bada, aldaketak behin betiko onetsi ziren. Hona hemen:

1. 9. artikuluak testu hau izanen du:

9. artikulua.

Gobernu Batzordea ondoko kide hauek osatuko dute:

a) Miranda Argako alkatea; batzordeburu arituko da.

b) Udalaren osoko bilkurak izendatutako hiru zinegotzi, aintzat hartuta udal-talderik dagoen ala ez. Horietatik bat aukeratuko da, batzordeko buruorde gisa aritzeko.

c) Zahar etxeko zuzendaria. Batzordearen saioetan hitza izanen du, baina botorik ez.

Langileen eta egoiliarren ordezkari bana, haiek aukeratuta, joaten ahalko da Gobernu Batzordearen bileretara.

Artaxoa aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langilea ere joaten ahalko da Gobernu Batzordearen bileretara, landu beharreko gaiak direla-eta komeni denean.

Diruzaina eta idazkaria hautetsiak izanen dira. Gobernu Batzordeak horiek denak hautatuko ditu, bere kideen artetik, lehenbiziko bileran, edo kargua hutsik geratu ondoan egiten den aurrenekoan.

2. 10. artikuluak testu hau izanen du:

10. artikulua.

Gobernu Batzordeko kideen agintaldiak, gehienez eta berritzen ez bada, iraunen du izendatu dituen udalbatzak adina. Batzordea, hain zuzen, udal legegintzaldi bakoitzean berrituko da, hauteskundeak egin eta hiru hilabeteko epean.

Gobernu Batzordeko kide batek udalbatzako kide edo dagokion entitateko ordezkari izateari uzten badio, haren ordezkoa jarriko du izendatu zuen udal-organoak edo dagokion entitateak.

3. 15. artikulua, Batzordearen ahalmenei buruzkoa, osatu egiten da eta 1., 6., 12., 13., 14. eta 16. puntuak gehitzen zaizkio. Honela geratzen da idatzita:

15. artikulua.

Hona hemen Batzordearen ahalmenak:

1. Gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.

2. Udalari proposatzea zahar etxearen ondasun higiezin eta eskubide errealen salerosketa, trukaketa edo bestela eskuratzea, besterentzea edo kargatzea.

3. Udalari proposatzea mota guztietako balore, titulu eta ondasun higigarrien salerosketa, arruntak ez direnak, are balio artistiko eta historikodunak ere, eta orobat mota guztietako eskubideak eta gordailu izendunak eratu eta erretiratzea egoki juzgatzen denean.

4. Edozein pertsona fisiko nahiz juridikori kobratu eta ordaintzea, baina ez tributu ahalmena behar duten egintzak gauzatzea, zerbitzuak egiteagatik tasak jasotzea izan ezik.

5. Baliagarritzat jotzen dituen ekintzak egitea eta hornidura-, zerbitzu- edo obra-kontratuak egitea, aurrekontuaren zenbatekoaren %10eko mugarekin.

6. Ekintza judizial eta administratiboak erabili eta Patronatua defendatzea bere eskumeneko gaietan. Errekurtsoak paratu, auziak sustatu eta bide administratiboan nahiz judizialean eramatea, instantzia guztietan.

7. Zahar etxea aitzina eramateko beharrezko edo komenigarri diren ahalmenak ematea eta batzordekideak edo komenigarritzat jotzen diren pertsonak eskuordetzea.

8. Batzordeak zahar etxeari interesatzen zaizkion ekintza eta kontratu guztiak egin eta emanen ditu.

9. Zahar etxeak ahalik eta hobekien funtziona dezan beharrezkoak diren barne-araubideko erregelamenduak onestea. Horietan, besteak beste, arautuko da zer baldintza bete behar diren zahar etxean sartzeko.

10. Erakundearen aurrekontuak hasiera batean onestea, Udalak gero onets ditzan.

11. Erakundearen urteko kontuak hasiera batean onestea, Udalak gero onets ditzan.

12. Hasiera batean proposatzea kreditu bereziak egiteko espedientea, deusetan galarazi gabe Osoko Bilkurari igortzea, bidezkoa denean.

13. Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoen proposamena egitea, baita urteko diru-sarrerak banatzeko arauena ere. Horiek Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets ditzan.

14. Langileen plantilla proposamena onestea. Hori Udalari igorriko zaio, onets dezan.

15. Egoiliarrak onartzea, horretarako prestatuko baldintzak kontuan hartuta.

16. Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetza onartzea.

17. Zahar etxearen helburuak betetzeko behar diren bestelako eginkizun guztiak.

4. 17. artikulua, batzordeburuaren ahalmenei buruzkoa, osatu egiten da eta i, j, k, l, m eta n letrak gehitzen zaizkio. Honela geratzen da idatzita:

17. artikulua. Batzordeburuak eginkizun hauek ditu:

a. Bilkuretarako deialdiak egin, haien buru izan eta zuzendari lana betetzea.

b. Batzordearen ordezkari izatea era guztietako erakunde, agintari, epaitegi, federazio eta abarretan.

c. Zahar etxeko agiri guztiak sinatzea, publikoak nahiz pribatuak izan.

d. Diruzaintzako agiriak eta idazkariak aurkezten dituen ziurtagiriak bere sinadurarekin eta bere ikus-onetsiarekin baimentzea.

e. Gobernu Batzordea biltzeko deia ezin bada egin, presako kasuetan, haren eskumenen esparruan erabakiak hartzea, betiere estatutuen zentzuarekin bat, eta Batzordeari haien berri emanez, hurrengo bilkuran berrets ditzan.

f. Zerbitzu guztien goi ikuskapen eta zuzendaritza.

g. Erakundeko langileei diziplina-zehapena jartzea falta arin zein astunak direla eta.

h. Posta irekitzea egoitzako zuzendariaren aurrean, edo, bestela, zuzendariari baimena ematea hark zuzenean ireki dezan posta eta jarraian eman diezaion haren berri batzordeburuari.

i. Lan publikoaren eskaintza Udalaren osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera onestea eta langileak hautatzeko proben oinarriak onestea.

j. Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Patronatua defenditzea bere eskumeneko gaietan, eta presakoa denean, Gobernu Batzordearen eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan horri eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

k. Mota guztietako kontratazioak eta kontzesioak, haien zenbatekoak gainditzen ez duenean aurrekontuaren baliabide arrunten ehuneko 10.

l. Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa bere eskumena bada, eta aurrekontuan aurreikusirik badaude.

m. Patronatuaren zerbitzuko langileen burutza.

n. Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

Batzordeburuak bere ahalmenetariko edozeinetarako eskuordetzen ahalko du batzordeko buruordea edo Gobernu Batzordeko beste edozein kide, eginkizun espezifikoetarako edo behin betiko eginkizunetarako –aurreko a, e, j eta m apartatuetakoak izan ezik–, eta horren berri emanen dio Batzordeari.

Batzordeko buruordeari batzordeburuari dagozkion egiteko berak dagozkio, hura kanpoan edo eri denean, edo halakorik ez denean.

Miranda Argan, 2024ko urtarrilaren 2an.–Alkatea, Maria Pilar Ibero Pérez.

Iragarkiaren kodea: L2400055