29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Ordenantza fiskala, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2023ko urriaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea ordenantza fiskal bat, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzeko. Erabaki hori 2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 7an.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (foru lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da, eta urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean egoteko epea inork haren aurka alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horren hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakaturik, behin betiko testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2023ko abenduaren 26an.–Alkate udalburua, María José Verano Elvira.

MENDABIAKO UDALAREN ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta udal-mugarteko edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteak sortzen du haren zergapeko egitatea, horretarako nahitaezko baldintza bada obra- edo hirigintza-lizentzia edukitzea –lizentzia hori lortua izanik nahiz izan gabe– edota aurkeztea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa; baldin eta zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, hura emateko txostena egitea –Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera–, edo kontrol-jarduera gauzatzea.

3. artikulua.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin-uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziokoa.

Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea, baldin eta, etxebizitzen jabeak Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak izanik, eta horiek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

4. artikulua.

1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da bere gain hartzen dituena haiek egiteak dakartzan gastuak edo kostua.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin ez badute berezitasun edo nortasun propiorik lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntzarekiko, instalazioarekiko edo obrarekiko. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko gainerako ondare-prestazioak, horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, sartzen ez badira aipatutako gauzatze materialaren kostuan.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2ren eta %5en artekoa izanen da. Udalak osoko bilkuran erabakiko du tasa zehatza, tarte horren barruan.

4. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten denetik, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

6. artikulua.

Udalak %50eko hobaria ezartzen du honelako instalazioetarako, bakar-bakarrik: eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemen instalazioak. Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan izatea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak, eta instalazioa autokontsumorako izatea.

Hobari hori erreguzkoa da, eta Alkatetzak erabakiko du ematea, aldez aurretik subjektu pasiboak eskatuta.

Udal honetan aurkeztuko dira eskabideak, obra-lizentziaren eskaerarekin batera.

7. artikulua.

1. Aginduzko lizentzia ematen denean, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean –edo, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, lizentzia eskatu, eman edo ukatu baino lehen edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen–, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala jasotzen duenean, horretarako ezartzen dituen indizeen edo moduluen arabera.

2. Ikusirik benetan egin diren eraikuntza, instalazio edo obrak, bai eta horien kostu erreal eta benetakoa ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, beharrezkoa bada, eta dagokion behin betiko likidazioa eginen du; hala bada, subjektu pasiboari behar den zenbatekoa eskatu edota itzuliko dio, kasuan kasukoa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta harekin bat datozen gainerako arauak.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da berau onetsi eta hurrengo ekitaldian, hau da: 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Ordenantza behin betiko onestearen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Hori guztia, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 19. artikuluak xedatuaren arabera (testu bategin hori onetsi zen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez).

Argitara ematen da, bete beharrez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: L2318423