29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GIRGILLAO

Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Girgillaoko Udalak, 2023ko urriaren 20an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Argiñarizko Udalaren hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Etxarren Girgillaon, 2023ko abenduaren 15ean.–Alkatea, Gonzalo Parreño Oroz.

ORDENANTZA, UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

LEHENBIZIKO KAPITULUA.–HILERRIA ERABILTZEA ETA ERABILTZEKO ESKUBIDEAK

1. artikulua. Bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 4., 25. eta 26. artikuluekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluekin, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluekin, Girgillaoko Udalari dagokio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, galarazi gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari lotutako guztia eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren erroldaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak edo haien errautsak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzen ahal dira hilerrian bertan lekualdatzeko edo beste hilerri batera eramateko.

Hobitik ateratze guztiak egin beharko dira osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hobitik atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak baimena izanen du bere kargura kontratatzeko hobitik ateratzeko lanak; kasu horretan, aurretik jakinarazi beharko dio Udalari, eta horrek edo berak aukeratzen duen zinegotziak lanak gainbegiratzen ahalko ditu.

8. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez bazekarren, baltsamatu gabeko hilotzak hobitik atera ahal izanen dira, baldintza hauetan:

a) Ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda ateratzen ahal dira, hezur hutsetan baldin badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere 8 urte iraganda ateratzen ahal dira, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein unetan ateratzen eta lekualdatzen ahal da, baldin eta hilkutxa kontserbazio egoera onean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da emanen hilotzik ateratzeko baimenik, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hobitik aterako, epaileak agindu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai lekualdatzeko hobitik ateratzeak, bai berrehorzketak egiten direnean, horien oharra jasoko da behar den liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak emategatik udal tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lursailak, doan erabiliko ere, banakako lurreko hilobietarako eta hamar urterako.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Hilobietan gurutzeak edo zutikako hilarriak baizik ez dira paratzen ahalko, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Diseinu mota: librea.

–Materiala: harria edo marmola.

–Gehieneko garaiera: 110 cm.

–Gehieneko zabalera: 55 cm.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik paratzea.

14. artikulua. Hilobiaren kokalekua Udalak aginduko du. Zerbitzuak eskatzen dituenaren kontura izanen dira lur erauzketa gastuak eta hobia ireki eta ixtekoak. Eskatzaileak ez badaki hobia nola egin, Udala arduratuko da, eta gero tasa gisa kobratuko dizkio sortzen diren gastuak, inolako kargurik gabe.

15. artikulua. Erregelamendu hau baino lehenagoko kontzesioak zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira.

Egungo hilobiak edo hilerriko lurraren beste edozein aprobetxamendu, familia batek betiko kontzesio gisa edo salmenta bidez erabili baditu, baina titulu faltagatik ezin denean frogatu, haien gaineko eskubideak galduko dituzte eta okupatutako lurrak berriz ere Udalaren esku geldituko dira.

16. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak eta hobiak seguru, garbi eta txukun edukitzea.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

Debekatuta dago plastikozko loreak edo plastikozko loreontziak erabiltzea hilerriaren barnean.

17. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen ahal dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Hilobi, panteoi edo lurzati batek 25 urte baino gehiago egiten badu abandonaturik.

c) Hilobia erabili beharko luketenak desagertzeagatik.

BIGARREN KAPITULUA.–TASAK, HILERRIAN ZERBITZUAK EMATEAGATIK

18. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzeak.

3.–Lekualdatzeak (ehorztea eta hilobitik ateratzea).

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

19. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak izanen dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

20. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

21. artikulua. Lizentziak ematen ahal dira hobi berean batera lurperatzeko bi hilotz edo gorpuzki edo gehiago, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude. Alabaina, partikularraren kargura izanen dira hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak.

22. artikulua. Baldin hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak ateratzen badira eta bertako beste batean ehortzi, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

23. artikulua. 18. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, salbu premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Ehorzketak.

a) Girgillaoko Udalean erroldatuak: salbuetsirik.

b) Girgillaoko Udalean erroldatuak ez direnak: 200 euro.

2.–Hobitik ateratzea.

Ehorzketetarako ezarri den zenbateko bera aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2318400