29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

PARTE-HARTZEA nekazaritzako elikagaien arloko zuzeneko misio komertzial batean, Nafarroako Gobernuak Londresen (Erresuma Batua) antolatuta 2024 apirilaren 16an eta 17an.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, Nafarroako enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea bultzatzeko ekintzak sustatzen ditu. Plan horren barruan, lehentasunezko merkatu batzuk identifikatu dira, eta horietara bideratu behar dira ahaleginak Nafarroako enpresak babesteko eta sustatzeko. Erresuma Batua da merkatu horietako bat.

Zehazki, Erresuma Batua merkatu estrategikoa da nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresentzat, merkatuaren bolumena, kontsumo ohiturak eta herrialde horrekin dauden merkataritza harremanak direla-eta.

Ekintza honen helburua da Nafarroako produktuak merkatu horretan sustatzea, Erresuma Batuan bezero izan daitezkeenekin hitzorduak eginez.

2024ko apirilaren 16an eta 17an gauzatuko da ekintza.

Erresuma Batua Espainiako nekazaritzako elikagaien merkatu nagusietako bat da (60 milioi biztanle baino gehiago ditu), per capita errenta handia du, eta Espainiako produktuek eta, oro har, Espainia markak ezagutza eta balorazio handia dute bertan, turismoari eta sukaldaritzari esker. Brexitaren ondoriozko trantsizio-aldi baten ondoren, inportatzeko tramiteak normalizatuta daude eta oro har ez dira oztopo. Hedatze- eta kontsumo-maila altua dela eta, produktu berritzaileek, bosgarren gamakoek eta balio diferentzialak dituztenek potentzialtasun handiagoa dute gaur egun.

Ekintzaren edukia.

Baterako misio komertzial horren barruan, showcooking eta networking ekitaldi bat eginen da, dastatze eta guzti, egun bakarrean; Nafarroako enpresek haien produktuak erakutsi eta dastatzeko eskainiko dizkiete ekitaldira gonbidatutako bezerogai britainiarrei (inportatzaileak, banatzaileak eta abar). Hispania London jatetxea (https://hispanialondon.com) hautatu da horretarako, Erresuma Batuko ospe eta izen handienetariko bat.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Gonbidatuen harrera eta Nafarroaren aurkezpena.

–B2B formatuko banakako bilerak antolatuko dira enpresa nafarren eta britainiarren artean.

–Showcookinga: Hispaniako sukaldariburuak pintxoak prestatuko ditu enpresa parte-hartzaileen produktuekin, eta bertaratuei aurkeztuko dizkie.

–Aurreikusitako joan-etorri guztien antolaketaren xehetasunak emanen dira, kasu bakoitzerako garraiobide egokiena eta gomendatua adierazita.

–Bisitak eginen dira denda espezializatuetara eta interes komertzialeko tokietara, parte hartzen duten enpresa nafarren ezaugarriak kontuan hartuta, dagoen eskaintza ezagutzeko eta txikizkako segmentuan aurkezteko.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Parte hartzeko baldintzak.

SOILIK parte hartzen ahalko dute inskripzioa egiteko unean honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

–Nafarroan izatea egoitza edo helbide soziala edo bertan garapen eta ekoizpen lanak gauzatzea.

–Bere produktuak kategoria hauen artean egotea:

  • Barazki eta arrain kontserbak.
  • Oliba olioa eta ozpinak.
  • Haragi produktuak.
  • Ardoa.
  • Produktu ekologikoak.
  • Esnekiak eta produktu eratorriak.

–Ingelesez dagoen web orri bat izatea, eguneratua eta produktuen eskaintza behar beste azaltzen duena.

–Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, misioaren aurretik, misioa bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

–Enpresek Erresuma Batuan baliozkoa den etiketatzea izatea edo hura ekintzarako egokitzeko prest izatea.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2024ko otsailaren 29ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-empresarial-en-londres-reino-unido-dirigida-al-sector-agroalimentario

Fitxa horretan, formulario bat betetzea eskatzen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Gehienez ere 11 enpresak parte hartuko dute misioan eta 6 beharko dira gutxienez misioa gauzatzeko.

Parte-hartzaileen hautaketa inskripzio-ordenaren arabera eginen da, eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean, gehieneko kopurura iritsi arte.

Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

Taldea osatzeko, ekoizpen enpresa bat beharko da, gutxienez, ekintzaren xedeko produktu kategoria bakoitzeko.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, parte ez hartzea erabakiz gero, misioa hasi baino hilabete lehenago gutxienez aurkeztu beharko da ukoa. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, aipatutako enpresak parte hartzea eskatzen duen sektoreko hurrengo misioan itxarote-zerrendako azken postura igaroko da, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den Erresuma Batuan egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 30ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2401689