29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

PARTE-HARTZEA Nuevo León-Monterrey estatuan (Mexiko) 2024ko maiatzaren 13tik 17ra industria-sektoreari zuzenduta eginen den enpresa-misioan.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du, Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, Mexiko da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat, eta bereziki garrantzitsuak dira industria-sektorerako eskaintzen dituen aukerak.

Mexikok kokapen estrategikoa du Ameriketako kontinentearen iparraldean: 3.000 km-tik gorako muga du Estatu Batuekin eta gutxi gorabehera 126 milioi biztanleko merkatua zuen 2020an (2022rako zenbatetsia: 130 milioi). Azken urteetan, pasatu da potentzia komertzial handienetakoa izatera mundu mailan, eta Latinoamerikako lehena. MMAk 13. postuan kokatzen du Mexiko esportatzaileen artean, eta 12. postuan inportatzaileen artean, 2022ko munduko inportatzaile nagusien rankingean.

Mexiko inbertsioa erakartzen ari da, Asiako enpresa ugari Mexikon birkokatu baitira, eta Inflation Reduction Act (IRA) delakoak AEBn ezarritako pizgarriengatik eta Ipar Amerikako merkataritza askearen akordioagatik (NAFTA). Herrialdearen iparraldea izan da onura handiena jaso duen eskualdea; izan ere, Coahuila eta Nuevo León estatuek jaso duten proiektu eta inbertsio gehien; horietako %39 Nuevo Leonen izan dira.

Batez ere manufaktura-industriak dira Nuevo Leonen gehien kokatu direnak. Bereziki, produktu elektronikoak fabrikatzen dituzten enpresak eta ibilgailuaren industria. Herrialdeko esportazio-sektore handiak, hala nola automobilaren industria, sektore elektrikoa eta elektronikoa, ekipoen eta bitarteko ondasunen inportatzaile handiak dira aldi berean. Bestalde, negozio aukerak daude azpiegitura-, garraio- eta telekomunikazio-eragiketei lotutako sargai, osagai eta akaberetan.

Misio honekin, Nafarroako Gobernuak esparru egokia sortu nahi du Mexikon, Nafarroako industria-sektorea ezagutarazteko, eta era horretan, negozio aukera berriak ireki eta sinergien sorrera sustatu, bai eta Nafarroako enpresen eta Mexikoko enpresa inportatzaile eta banatzaileen arteko lankidetza ere.

Ekintzaren xedeak.

Mexikoko merkatuan kanpo sustapena egiteko ekintza honen helburuak honako hauek dira:

–Nafarroako konpainien ikusgarritasuna eta presentzia sustatzea Mexikoko industria arloan.

–Negozio aukerak eta bazkide eta bezero potentzialak identifikatzea.

–Nuevo Leongo industria-sektorea ezagutzea.

–Erakundeen laguntza ematea sektorearen nazioarteko garapenari.

Sektorea.

–Industriala:

Azpisektoretzat hartzen dira jarraian aipatzen direnak, baina ez dira baztertzen industria-sektoreren barneko beste batzuk:

  • Ibilgailuarena.
  • Aeroespaziala.
  • Makineriaren eta ekipoen fabrikatzaileak.
  • Osagai elektriko eta elektronikoen fabrikatzaileak.
  • Automatizazioa.
  • Ingeniaritza.

Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu parte-hartzen duten enpresentzat:

–Enpresa parte-hartzaileek misioaren aurretik esportazioaren diagnostikoa egiteko aukera izatea, parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioarteratzeko duen prestakuntza baloratzeko.

–Nafarroako eta Mexikoko enpresen arteko banakako agendak antolatzea, enpresa parte-hartzaileek aldez aurretik zehaztutako profilekin, merkataritza-lankidetza eta -aukerak sustatzeko.

–Bisiten programa bat diseinatzea, sektorearentzat interesgarriak diren enpresa eta/edo entitateetara joateko, enpresa-ingurunearen eta dauden aukeren ikuspegi osoagoa izan dadin.

–Taldean eginen diren barne-lekualdatzeak koordinatzea, enpresen joan-etorriak eta programatutako jardueretan elkarrekin parte-hartzea errazteko.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu agendak prestatzeko, ekitaldiak eta enpresa topaketak antolatzeko eta taldean bisitak egiteko gastuak.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

–Zentro teknologikoak edo industria-sektoreko enpresak izatea. Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Nafarroan izatea egoitza edo helbide soziala edo bertan garapen eta ekoizpen lanak gauzatzea.

–Misioan parte hartzeko eskaera egiten den egunean web-orri bat izatea.

–Misioan parte hartzeko interesa justifikatzea, hori argudiatzen duen memoria baten bidez, bere enpresarentzat Mexikon dauden aukeren ezagutzan oinarrituta. Aurrekoa frogatzeko, enpresak egindako merkatu-azterketa aurreratuak edo aldez aurreko zundaketen datuak erabili beharko dira, edo enpresak Mexikoko merkatuan aurretik duen ibilbidearekin, zeina bisita horren bidez indartu gogo baita. Justifikazio hori aurkezten ez duten eskaerak itxarote-zerrendan geldituko dira, eta parte hartzen ahalko dute, soilik, toki librerik geratzen bada, eskaeraren ordenari jarraituz.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2024ko martxoaren 15eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-empresarial-en-el-estado-de-nuevo-leon-monterrey-mexico-dirigida-al-sector-industrial

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Gehienez parte hartzen ahal duten entitateen kopurua.

Gehienez ere 12 entitatek parte hartuko dute misioan eta 6 entitate beharko dira gutxienez misioa gauzatzeko. Parte-hartzaileen hautaketa inskripzio-ordenaren arabera eginen da, eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean, gehieneko kopurura iritsi arte.

Enpresek lehentasuna izanen dute baldin eta parte hartu ez badute misio honetako azpisektoreetarako Nafarroako Nazioarteko Planak antolatutako beste azoka edo misio komertzial batean 2024an.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie ekintza prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, parte ez hartzea erabakiz gero, misioa hasi baino hilabete lehenago gutxienez aurkeztu beharko da ukoa. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetako bat ez denean, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.

–Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den Mexikon egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 30ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2401565