29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi honen oinarri arautzaileak aldatzen dituena: "Laguntza, energia berriztagarri termikoen instalazioak jartzeko industrian, nekazaritzan eta abeltzaintzan, zerbitzuetan eta ekonomiaren beste hainbat sektoretan, barne dela bizitegi sektorea". DDBN: 650951; 650953.

Irailaren 27ko 167E/2022 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza honen deialdia onetsi zen: "Laguntzak, energia berriztagarri termikoen instalazioak jartzeko bizitegi ez diren eraikinetan, establezimenduetan eta sektore publikoko azpiegituretan".

Deialdi horren funtsak Nafarroako Foru Komunitateari zuzenean egindako kontzesio batetik datoz, eta abenduaren 21eko 1124/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi ziren (dekretu horrek onetsi zuen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei, energia berriztagarri termikoen instalazioak jartzeko pizgarri programak aurrera eramateko ekonomiaren hainbat sektoretan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan).

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuko (IDAE) lehendakariak 2023ko martxoaren 21ean emandako ebazpen baten bidez, abenduaren 21eko 1124/2021 Errege Dekretuan ezarritako aurrekontua handitu zen.

Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 349E/2023 Ebazpenaren bidez, "Laguntzak energia berriztagarri termikoen instalazioak jartzeko" deialdiaren hasierako aurrekontua handitu zen.

IDAEko lehendakariak 2023ko azaroaren 13an emandako ebazpen baten bidez, bigarren aldiz handitu zen abenduaren 21eko 1124/2021 Errege Dekretuan ezarritako hasierako aurrekontua.

Abenduaren 27ko 1178/2023 Errege Dekretuaren bidez, araudia aldatu zen eta estatu-laguntzen Europako esparrura egokitu ziren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitako energia birgaitzeen eta energia berriztagarrien laguntza programa batzuk; araudia aldatuta, indarraldia handitu zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea, eskaerak aurkezteko epeari dagokionez, irailaren 27ko 167E/2022 Ebazpenaren bidez onetsitako "Laguntzak, energia berriztagarri termikoen instalazioak jartzeko bizitegi ez diren eraikinetan, establezimenduetan eta sektore publikoko azpiegituretan" deialdiko 3. oinarriaren 3. apartatua. Honela idatzita geldituko da:

"3.3. Laguntza eskaera aurkezteko epea oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko uztailaren 31ra arte iraunen, edo deialdian baimendutako aurrekontua agortu arte.

Eskaerak aurkezteko epealdia amaitutakoan ez da eskaera gehiago onartuko.

Aurrekontu erabilgarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus)".

2. Aldatzea, jarduketak justifikatzeko epeari dagokionez, irailaren 27ko 167E/2022 Ebazpenaren bidez onetsitako "Laguntzak, energia berriztagarri termikoen instalazioak jartzeko bizitegi ez diren eraikinetan, establezimenduetan eta sektore publikoko azpiegituretan" deialdiko 10. oinarriaren 1. apartatua. Honela idatzita geldituko da:

"10.1. Onuradunek gehienez hemezortzi hilabeteko epean justifikatu beharko dute jarduketa, laguntza emanen zaiela jakinarazten zaienetik aurrera, eta betiere 2025eko abenduaren 31 baino lehen. Horretarako, 8.1 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera, bai eta deialdi honen II. eranskinean (AII.1) eskatutako dokumentazioa ere.

Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak".

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 28an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2401511