29. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira 31/2023 Foru Agindua, apirilaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroa sortzen duena; eta 8/2017 Foru Agindua, abuztuaren 11koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa arautzen duena.

Zenbait zerga aldatzeari eta beste tributu neurri batzuk aldatzeari buruzko abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legeak zenbait arau aldatzen ditu, eta horietako bat Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra da.

Zehazki, hogeita zortzigarren xedapen gehigarria aldatzen du, bi prozedura berri gehitzeko, interesdunak eskatuta hasi eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada ezetsitzat har daitezkeenen atalean.

Lehenbizikoa da alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroan alta eskatzeko prozedura. Erregistro hori apirilaren 25eko 31/2023 Foru Aginduan araututa dago.

Bigarrena pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatzea eskatzeko prozedura da. Abuztuaren 11ko 98/2017 Foru Aginduak arautzen du erregistro hori.

Horrenbestez, bidezkoa da aipatutako foru agindu horien edukia egokitzea, bat etor dadin Tributuei buru Foru Lege Orokorraren hogeita zortzigarren xedapen gehigarrian isiltasunari dagokionez ezarritako ondorio negatiboarekin.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernua gaituta dagoenez behar beste xedapen emateko, garatu eta gauzatu dadin abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legea, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoa, foru lege horren azken xedapenetako laugarrenaren arabera,

AGINTZEN DUT:

Lehen artikulua.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 25eko 31/2023 Foru Agindua, alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroa sortzen duena.

31/2023 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Apartatu bakarra.–9. artikulua, 2. apartatua aldatzea eta 3. apartatua gehitzea.

"2. Alta emateko eskaera ezetsitzat joko da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritako epean berariazko ebazpena jakinarazten ez bada.

3. Ebazpen, erabaki eta presuntzioko egintza horiek administrazio egintzak dira eta haien aurka berraztertze errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz."

Bigarren artikulua.–Aldatzea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abuztuaren 11ko 98/2017 Foru Agindua, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa arautzen duena.

98/2017 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–4. artikulua.

"1. Erregistroko inskripzioa ezetsitzat joko da eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean interesdunek espedientearen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen ez badute.

2. Erregistroan inskripzioa egiten den egunetik aurrera aplikatzen ahalko dira pertsona edo entitate ekintzaileentzako onura fiskalak, eta gehienez ere 5 zergalditan, jarduera hasten den egunetik aurrera. Garapen ekonomikoaren arloan eskuduna den departamentuak jarduera berritzailetzat hartzen baldin badu, edo bereziki sustatu gogo den sektore batekotzat edo espezializazio adimentsukotzat, onura fiskalak kalifikazio hori eskatzen den zergalditik aurrera izanen dira aplikatzekoak.

Entitate ekintzaileetan inbertitzen duten pertsona edo entitateek Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kenkaria aplikatzen ahalko dute entitate ekintzaileak bere inskripzioa eskatzen duen egunetik aurrera egindako inbertsioengatik eta egun horren aurreko sei hilabeteetan egindakoengatik.

3. Inskripzioa egiteko organo eskudunak emanen du ebazpena, inskripzioa egitea onartu edo ukatzen denean edo ofizioz deuseztatzea erabakitzen denean."

Bi.–5. artikulua.

"5. artikulua. Ez-betetzeak.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak edo betebeharrak ez betetzeak ekarriko du inskripzioa ukatzea edo, dagoeneko inskribaturik dauden zergadunen kasuan, erregistrotik kanpo gelditzea eta inskripzioa ofizioz deuseztatzea, aipatu xedapen gehigarriaren 8. atalean ezarritako ondorioekin.

Zergadunak behartuta egonen dira erregistroan egindako inskripzioa deuseztatzeko eskatzera aipatutako inguruabar edo baldintzetako bat betetzeari uzten badiote. Ez-betetzea gertatu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera."

Hiru.–6.2 artikulua.

"2. Ebazpenak eta presuntziozko egintzak berraztertzeko errekurtsoaren edo erreklamazio ekonomiko-administratiboaren xede izan daitezke, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluaren VII. kapituluaren 3. eta 4. ataletan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoarekin bat."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko abenduaren 30etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 19an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2401228