26. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

428E/2023 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita I+G proiektuetarako laguntzen 2024ko deialdia. BDNS identifikazioa: 734895.

Laguntza deialdi honen asmoa da Nafarroan I+G proiektuen garapena sustatzea, Nafarroako enpresen eta I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileen partaidetzarekin (Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definituta daude eragile horiek).

Laguntzak Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboko EGEF funtsen barnean daude, zehazki honetan: 1.A lehentasuna, "Europa adimentsuagoa" 1 HP, "Ikerketa eta berrikuntza gaitasunak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak bereganatzea" 1.1. HE.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko azaroaren 15eko Erabakiaren bidez baimendu da urte anitzeko 13.000.000 euroko gastu-konpromisoak hartzea.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I+G proiektuetarako laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, behar den gastua baimentzen da Nafarroako 2025eko eta 2026ko Aurrekontu Orokorretan 2023ko partida honen baliokide izanen diren partiden kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

820005-82600-7701-467309 [PEP: E-21-000412-01 ]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa

2025

2.500.000

820005-82600-7701-467309 [PEP: E-21-000412-01 ]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa

2026

10.500.000

4. Orobat, 2.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 20an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresek industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak (I+G) egin ditzaten sustatzea, haien lehiakortasuna eta Nafarroakoa handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatzeko asmoz.

Era berean, ezagutzaren transferentzia bultzatu nahi da, Nafarroako enpresek eta I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileek I+G proiektuak batera gauzatuz. Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definituta daude eragile horiek.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako hauek eska ditzakete laguntzak:

a) Enpresak.

Enpresen tamaina zehazteko, laguntzen intentsitatea kalkulatu behar baita, aintzat hartuko da 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskina. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokor horren bidez (aurrerakoan KSEO) zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzio eragileak, halakotzat egiaztaturik daudenak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako erregistroan (hemendik aurrera, SINAIko eragileak).

2. Dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituztenek jasotzen ahalko dute beka:

a) Nafarroan lantokia izatea eta lantoki horretan garatzea diruz lagundutako proiektua.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, eskatzaileak baimena ematen dio departamentu honi egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko, hala dagokionean. Eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, betebehar horietan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

e) Enpresa bada, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik edo inskripzioa eskatuta egon beharko du, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) SINAIko eragilea bada eta jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten baditu, bi jarduera mota horiek eta bakoitzaren kostuak eta finantzaketa argi bereizten dituen kontabilitatea izan beharko du.

3. Eskatutako baldintzak laguntza osorik ordaindu arte bete beharko dira, eta eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hala dela.

4. Ezin izanen dira 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, hurrengo atalean aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Nahi izanez gero, 4. ataleko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiri hori eskuratu eta berehala aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

5. Ezin dira onuradun izan:

a) Bete gabe dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. atalean definitzen den gisan, krisian dagoen enpresa gisa sailkaturik daudenak ere.

b) Krisian dauden enpresak, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. ataleko definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

3. oinarria. Proiektuen modalitateak.

"Industria ikerketako" eta "garapen esperimentaleko" proiektuak izanen dira laguntza hauen xede, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. ataletako definizioaren arabera.

Hauek dira diruz lagun daitezkeen proiektuen modalitateak:

1. Banakako proiektua: bakarka egiten duena enpresa batek edo I+G+b unitate enpresarial batek (SINAIko exekuzio eragile, Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7.1.d) artikuluan definitutakoa). Azken kasu horretan, laguntzaren intentsitatea 7.1.b) oinarrian ezarritakoa izanen da.

Banakako proiektutzat hartuko dira, halaber, I+G+b unitate enpresarial batek unitate horren titularrak diren eta %25etik gorako partaidetza-ehunekoa duten enpresekin garatutakoak.

2. Enpresen arteko lankidetza-proiektua, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Proiektuak gutxienez bi enpresa independenteren arteko "lankidetza eraginkorra" behar du, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 90. definizioaren arabera.

b) Horietako bat, gutxienez, ETE bat izan beharko da.

c) Horietako bakar batek ere ez du bere gain hartzen proiektuko gastu diruz lagungarrien %70 baino gehiago.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten proiektuak banakako proiektutzat joko dira, 7. oinarriko laguntzaren intentsitatea zehazteko. Gauza bera gertatuko da Nafarroan lantokirik ez duten enpresekin soilik lan egiten badu laguntza eskatzen duen enpresak.

3. Ezagutza transferitzeko proiektua, enpresa baten edo batzuen eta SINAIko eragile baten edo batzuen artean egindakoa, honako baldintza hauek betetzen dituena:

a) Proiektuak gutxienez bi alderdi independenteren arteko "lankidetza eraginkorra" ekarri behar du, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 90. definizioaren arabera.

b) SINAIko eragileek proiektuko gastu diruz lagungarrien %10 hartuko dute beren gain gutxienez, eta %40 gehienez.

c) Parte hartzen duten enpresetako batek beteko ditu proiektuaren koordinazioa eta lidergoa.

d) Jarduera ez ekonomikoak izatea SINAIko eragileek egiten dituzten jarduerak, Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 atalean ezarritako moduan.

4. 2. eta 3. ataletako proiektuen kasuan, enpresa edo SINAIko eragile bakoitzak 8.3 oinarrian adierazitako dokumentazioarekin aurkeztu beharko du laguntzaren eskaera, salbu eta «Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa» (8.3.c oinarria) eta «Lankidetza-hitzarmena» (16.1.c), proiektuaren koordinatzaile gisa jarduten duenak aurkeztuko baititu.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1.–Gastu diruz lagungarriak izanen dira proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak, laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz.

2.–Onuradunaren izaeraren arabera, honako gastu hauek lagunduko dira diruz:

2.1. 2.2 atalean sartuta ez dauden enpresen eta SINAIko eragileen kasuan:

a) Langileen gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta laguntzaileenak) proiektuan zuzenean aritzen diren aldian.

Gastu horiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Gehienez ere, ordu bakoitzeko 40 euroko gastua izanen da diruz lagungarria.

–Kudeaketa administratibo eta finantzarioan aritzen diren langile berekiak identifikatuko dira eta haien ordu dedikazioa zehaztuko da. Kudeaketa horrengatik (zuzenean egindakoa edo kontratatutakoa) diruz lagunduko den gastua ez da 6.000 eurotik gorakoa izanen eskatzaile bakoitzeko. Koordinatzaile gisa dihardutenek 8.000 euroko muga izanen dute.

–Proiektua gauzatuko duten langileak kontratatzeko garaian, onuradunak kontuan hartu beharko du zenbat emakume eta zenbat gizon dauden lantaldean, eta saiatuko da bi sexuen ordezkaritza parekidea edo orekatua ezartzen (%40 eta %60 bitartekoa).

–Banakako enpresaburuen kasuan, eta aukera-kostua kontuan hartzeko (I+G proiektuan emandako denboran autonomoak ez duela fakturatzen), soldata-gastu hauek ezartzen dira:

KUALIFIKAZIOA

EUROAK ORDUKO

Doktoregoa

40

Masterra

35

Unibertsitateko titulua/Gradua

30

Lanbide Heziketa edo Batxilergoa

25

Kualifikaziorik gabea

20

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek proiektutik kanpoko beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko erosten badira, banaketarako erabilitako irizpidea justifikatu beharko da.

c) Ekipoak amortizatzeko gastuak, asmakuntza-patenteenak, baliagarritasun-modeloenak eta sendagaiak eta produktu fitosanitarioak babesteko ziurtagiri osagarrienak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta denboran.

Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

–Proiektua gauzatzeko behar den ekipamenduaren amortizazioa diruz lagunduko da, salbu eta erabilera orokorreko gailu informatikoena (PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak, etab.). Ekipamendu hori errentamendu finantzarioan, operatiboan edo gisakoan erabiltzen bada, ez da diruz lagunduko interesei dagokien kuota zatia.

–Ez dira diruz lagunduko beste edozein laguntza publiko jaso duten gastuak.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoaren gaineko ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.

Kontzeptu honetan sartuko dira bai kontratazioak bai 12.1 oinarrian aipatzen diren azpikontratazioak. Kategoria honetakoak dira, halaber, SINAIko eragile ez diren ikerketako eta ezagutzen hedapeneko erakundeek egiten dituzten lanak.

Lankide diren erakunde publikoetako pertsonal-gastuei, oinarri honetako 2.2 atalean ezarritakoa aplikatuko zaie.

e) Proiektuarekin zuzenean lotutako beste gastu batzuk, baldin banan-banan hari eslei badakizkioke. Horrela, kategoria honetan honako gastu hauek sartuko dira:

–Azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak, eskualdekoak, nazionalak nahiz Europakoak, erabiltzearen ondoriozko gastuak.

–Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu hori ez da diruz lagungarria izanen enpresa handien kasuan.

–Laguntza-eskaera prestatu eta aurkeztearekin lotutako aholkularitza-gastuak 1.500 eurora arte izanen da diruz lagungarria gehienez, enpresen arteko lankidetza-proiektuen eta ezagutza transferitzeko proiektuen koordinatzailearen kasuan. Banakako proiektuen kasuan, soilik enpresak ez baditu inoiz eskatu laguntza hauek aurreko deialdietan (2016tik 2023ra).

–Proiektuaren kudeaketa administratibo eta finantzariorako hirugarren pertsonak kontratatuta egiten den gastua. Kudeaketa horrengatik (zuzenean egindakoa edo kontratatutakoa) diruz lagunduko den gastua ez da 6.000 eurotik gorakoa izanen eskatzaile bakoitzeko. Koordinatzaile gisa dihardutenek 8.000 euroko muga izanen dute.

–Zabalkunde gastuak, 17. oinarrian aipatzen den proiektuari buruzko bideoa barne. Gehienez 4.000 euro jasoko dira. Laguntza hori koordinatzaileak eskatuko du.

–14.2 oinarrian aipatzen diren auditoretzako txostenen gastua.

2.2. Ez dira diruz lagunduko erakunde publikoen langileen gastuak, Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik edo beste funts publiko batzuetatik finantzatzen direnak (baina proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira, zenbatekoari eta partaidetzari dagokienez kontuan har daitezen). Proiektua gauzatzeko langile berrien kontrataziorako soilik emanen da dirulaguntza.

2.3. SINAIko eragileek zeharkako kostu sinplifikatu gisa egozten ahalko dute zuzeneko langile gastu diruz lagungarrien %15, gehienez.

3.–I+G proiektua gauzatzearekin lotutako prototipoak eskuratu, eraiki edo hobetzen badira, eta prototipo horiek ez badira merkaturatzen edo ez badira produkzio-jardueran erabiltzen, prototipo horiei eutsi beharko zaie, gutxienez bi urtez, dirulaguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera.

4.–Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailea hautatzeko justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, hori justifikatu egin beharko da aipatutako inprimakian.

Gastua laguntzaren eskatzailearekin lotutako enpresa batekin egiten bada, 12.2 oinarrian (eta ez honetan) ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

5.–Lortutako azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik onuradunak lortutako diru-sarrerak proiektuaren gastu diruz lagungarrietatik kenduko dira.

6.–Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

c) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

d) Merkatu-azterlanak, sustapen gastuak, azoketan parte hartzea.

e) Proiektua dela-eta prototipoak fabrikatzeko erabilitako materialen gastua, gero merkaturatzen badira edo entitatearen ekoizpen jardueran erabiltzen badira.

f) CE marka.

g) Zeharkako kostuak, 2.2.3 atalekoak kenduta.

5. oinarria. Laguntzen eragin pizgarria.

Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza hauek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzen eskaera aurkeztu baino lehen abiatzen diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.

Ondorio horietarako, aholkularitza-enpresak laguntza-eskaera aurkezteko egiten dituen lanak, 4.2.1.g) oinarrian aipatzen direnak, ez dira "lanen hasieratzat" hartuko, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 2. definizioaren arabera. Era berean, aurretiazko bideragarritasun azterketak egiten ahalko dira, horiek ez dutelako dirulaguntzarik jasotzen.

6. oinarria. Proiektuaren iraupena eta gauzatzeko epeak.

1. Proiektuek bi urte arteko iraupena izaten ahalko dute, hauen artekoa:

–Hasiera-data (laguntza-eskaeraren ondorengoa): eskaeran adierazitakoa izanen da.

–Bukaera-data: 2026ko apirilaren 30a izanen da, beranduenez.

Hala ere, 13. oinarriari jarraikiz, laguntza emateko ebazpenean proiektua bukatzeko ezarritako data luzatzeko eskatzen ahalko da, baina inoiz ez lau hilabete baino gehiago.

2. Proiektua gauzatzeko aldiak honako hauek izanen dira:

–Lehen aldia: hasiera-datatik 2024ko abenduaren 31ra arte.

–Bigarren aldia: 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra edo, lehenago bada, proiektua amaitu arte.

–Hirugarren aldia: 2026ko urtarrilaren 1etik bukaera-datara arte.

7. oinarria. Laguntzen intentsitatea eta haien gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntzaren intentsitatea zehazteko, entitate onuradun hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresak:

Laguntzaren intentsitatea, I+G proiektu motaren arabera eta enpresaren tamainaren arabera, hau izanen da:

KALIFIKAZIOA

PROIEKTUAREN MODALITATEA

ENPRESAREN NEURRIA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

Banakakoa

%70

%50

%35

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%80

%65

%50

Garapen esperimentala

Banakakoa

%45

%25

%10

Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia

%60

%50

%25

Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (GTIZ) proiektuaren finantzaketan parte hartu badu, ordea, hauek izanen dira intentsitateak enpresaren neurriaren arabera:

Txikia

Ertaina

Handia

GTIZk kofinantzatutako proiektua

%15

%10

%5

b) SINAIko eragileak:

Laguntzaren intentsitatea %100ekoa izanen da jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparruaren 2.1.1 atalean ezarritako moduan (2014/C 198/01).

Enpresa bateko I+G+b unitate batek garatutako proiektu indibidualen kasuan, laguntzaren intentsitatea a) letran ezarritakoa izanen da, %15 handituta enpresa handia bada, eta %10, aldiz, enpresa ertaina bada, salbu eta garapen esperimental gisa kalifikatutako lankidetza- edo transferentzia-proiektuetarako. Ez bada enpresa bat jarduera ekonomikorik egiten ez duelako, laguntza enpresa handi batena adinakoa izanen da, %15 handituta.

2. Enpresei aplikatu beharreko laguntza-mugak.

a) Hauxe izanen da laguntzen gehieneko zenbatekoa proiektu bakoitzeko:

MODALITATEA

GEHIENEKO ZENBATEKOA PARTE HARTZEN DUEN ENPRESA BAKOITZEKO

GEHIENEKO ZENBATEKOA PROIEKTU OSORAKO

Banakakoa

200.000 euro

200.000 euro

Enpresen arteko lankidetza

200.000 euro

500.000 euro

Ezagutzaren transferentzia

200.000 euro

500.000 euro

b) Enpresek modalitate bakoitzeko proiektu baterako bakarrik jasotzen ahalko dituzte laguntzak. Modalitate bereko hainbat proiektutarako laguntzak eskatuz gero, 10. oinarriaren arabera baloraziorik onena lortzen duena lagunduko da diruz. Eta soilik kreditu aski badago emanen zaie dirulaguntza bigarren proiektuei, lehentasun-hurrenkerari jarraituz.

3. Proiektua gauzatu bitartean enpresaren tamaina aldatzen bada, ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren 33. artikuluan definitutako bategite baten ondorioz, laguntzaren intentsitatea egokitu eginen da, tamaina zer likidaziotan aldatzen den, hurrengotik aurrera. Kasua bada, adieraziko da dagokionetik gora emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela.

8. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) eduki beharko da, zeina 19. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Eskatzaile bakoitzak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:

a) Eskabide telematikoa, 2.3 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Eskatzailearen eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia, gastuaren aurrekontua barne.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa (lankidetza-proiektuetan eta ezagutza transferitzeko proiektuetan, koordinatzaileak memoria bakarra aurkeztuko du).

d) Eskatzaileak garatzen dituen I+G+b proiektu guztietan langileek duten dedikazioa adierazten duen inprimakia, laguntzaren xedeko proiekturako dedikazioa barne.

e) ETEen kasuan: itxitako, sinatutako eta Merkataritza Erregistroan edo Kooperatiben Erregistroan gordailututako urteko kontuak eta, horiekin batera, itxitako azken hiru ekitaldiei buruzko memoriak eta Erregistroak egindako txostenak (digitalki autentifikatuta edo zigilatuta, eta ikuskatuta, nahitaezkoa denean), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.

Enpresaren neurria zehazte aldera, eskatzaileak dokumentazio hori edo Nafarroako Merkataritza Ganberaren ziurtagiria aurkezten ahalko du. Hala egin ezean, 7. oinarrian enpresa handientzat adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntzaren intentsitatea.

Erregistro horretan kontuak aurkeztera behartuta ez dauden ETEek eta langile autonomoek PFEZaren aitorpena aurkeztuko dute.

f) 16.1.c) oinarrian eskatzen den lankidetza-hitzarmena, sinatu bada.

g) Aukeran, laguntza-eskabidearekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 2.4 oinarrian adierazitakoak.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzen organo kudeatzaileak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ezin izanen da zuzendu 3. ataleko b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada.

5. Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira, eta zein bere aldetik aurkeztuko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta.

9. oinarria. Laguntza emateko prozedura.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, proiektuak alderatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei 7. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, proiektu modalitate bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte:

–Banakako proiektuak: 4.500.000 euro.

–Enpresen arteko lankidetza-proiektuak: 4.500.000 euro.

–Ezagutza transferitzen duten proiektuak: 4.000.000 euro.

Lehenengo bi modalitateetako eskaerei erantzun ondoren krediturik baldin badago, hirugarren modalitateko proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da, eta, azkenik, oraindik soberan dagoen kreditua edozein modalitatetako proiektuetara bideratzen ahalko da, betiere lehentasun-ordenari jarraituz.

10. oinarria. Balorazio irizpideak.

1. S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, honako irizpide hauen arabera baloratuko ditu proiektuak, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO
PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

20

10

c) Aurrekontuaren egokitasuna proiektuaren jardueretarako

10

5

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea

10

5

e) S4ren lehentasun tematikoekin bat etortzea

10

-

f) Ekonomia zirkularra sustatzea

5

-

g) Laguntza hauek aurrenekoz jasotzen dituen enpresa baten parte-hartzea

3

-

h) SINAIko eragileen kanpoko lankidetza banakako proiektuetan edo enpresen arteko lankidetza-proiektuetan

2

-

i) Ezagutza transferitzeko proiektuetan enpresek duten parte-hartze maila

2

-

j) Doktoreak ikerketa taldean

3

k) Genero berdintasuna I+Gn

3

l) Patenteen eskaera

2

GUZTIRA

100

45

a) Proiektuaren irismen teknologikoa. Baloratzen da:

–Proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa: 12 puntu, gehienez.

–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean: 10 puntu, gehienez.

–Konpondu beharreko arazoa eta merkatuko aukera: 8 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren berritasun maila. Baloratzen da:

–Berrikuntzaren hedadura edo garrantzia: baxua, ertaina edo altua. Berrikuntzaren garrantzia altuagoa izanen da sektorean erabili ohi diren teknologiekin alderatuta nabarmen aurreratuagoak direnak garatuz gero, edo helburuen kuantifikazioan jauzi handia gertatzen bada, merkatuan ez dagoen produktu bat baldin bada edo produktuaren ezaugarri asko aldatzen badira.

–Berrikuntzaren hedadura-esparrua: erregio mailakoa (10 eta 15 puntu bitarte, hedadura txikia, ertaina edo altua den), nazio mailakoa (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartekoa (15 eta 20 puntu bitarte).

c) Aurrekontuaren egokitasuna proiektuaren jardueretarako. Baloratzen da aurrekontuaren justifikazioa proiektua gauzatzeko giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioari eta kostuari begiratuta: 10 puntu, gehienez.

Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da, eta proiektuaren jarduerekin duten lotura (langileen zeregin teknikoak, gastuaren eta materialen kantitatearen xehakapena eta kanpoko lankidetzak).

Irizpide honetan, kontuan hartuko da bai gastuak ongi deskribatuta dauden, bai egokiak diren proposatutako helburuetarako eta haien zailtasun mailarako.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea. Baloratzen da:

–Helburuak argiak diren, haien eta metodologiaren deskribapena (helburuak lortzeko planifikatutako ekintzak): 5 puntu, gehienez.

–Zereginen definizioa, gauzatze-kronograma eta baliabideen esleipena. Halaber, baloratuko da baliabideen definizioa eta kuantifikazioa, ahal den neurrian: 5 puntu, gehienez.

e) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) lehentasun tematikoekin eta trantsizioekin lerrokatuta egotea, 10 puntu, gehienez:

–Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.

–Elikadura osasungarria eta jasangarria.

–Energia berdearen industria.

–Medikuntza pertsonalizatua.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industria.

–Trantsizio ekologikoa.

–Trantsizio digitala.

Irizpide honetan, kontuan hartuko da proiektuaren helburua bat datorren S4ko lehentasun tematikoekin eta trantsizioekin (fokuak, lan-ildoak, joerak, nazioarteko lerrokatzea eta gaitasun teknologikoak).

f) Ekonomia zirkularra sustatzea. Baloratzen da:

f.1) Navarra Zirkular ekimenaren jardueretan parte hartzea (gehienez 2 puntu), baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitzean:

–Proiektuan parte hartzen duten enpresen eta gainerako entitateen %35ek, gutxienez ere, Navarra Zirkularreko kide edo laguntzaile izaera eskatu eta eskuratu badute (1,5 puntu).

–Proiektuan parte hartu duten enpresetako batzuek Navarra Zirkularren diagnostikoa egin badute (0,5 puntu).

f.2) Ekonomia zirkularrerako trantsizioan eragin positibo eta nabarmena duten neurri espezifikoak aplikatzea jasotzen duten proiektuei (gehienez 3 puntu):

–Balio-katean lehengai primarioen kontsumoa murrizten duten neurriak aplikatzeagatik (adibidez, lehengaiak ekiditea edo murriztea, bigarren mailako lehengaien edo azpiproduktuen erabilera hobetzea, energiaren erabilera hobetzea) (puntu bat).

–Baliabide materialak balio-katean aktibo mantentzen diren denbora handitzeko neurriak (adibidez, produktuaren iraunkortasuna hobetzea, konponketa, berrerabilera, birmanufaktura) (puntu bat).

–Balio-katean hondakinen kudeaketa hobetzen laguntzen duten neurriak (puntu bat).

g) Laguntza hauek aurrenekoz jasotzen dituen enpresa baten parte-hartzea. Baloratzen da aurreko deialdietan (2016tik 2022ra) I+G proiektuetarako laguntzarik jaso ez duen enpresa batek proiektuan parte hartzea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira harekin elkartutako edo lotutako enpresei emandako laguntzak: 3 puntu.

h) SINAIko eragileen kanpoko lankidetza banakako proiektuetan edo enpresen arteko lankidetza-proiektuetan. 2 puntu emanen dira, baldin eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako lankidetza-aurrekontua proiektu osoaren %7koa bada gutxienez.

i) Ezagutza transferitzeko proiektuetan enpresek duten parte-hartze maila. 2 puntu emanen dira, baldin eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako enpresen aurrekontua proiektu osoaren %70 eta %80 bitartekoa bada.

j) Doktoreak ikerketa taldean. 3 puntu emanen dira gehienez kontuan izanda doktore diren langileen ordu-dedikazioa, langileen ordu guztiekiko:

DOKTORE DIREN LANGILEEN ORDUAK / LANGILEEN ORDUAK

PUNTUAK

≥ %3 eta < %25

1

≥ %25 eta < %50

2

≥ %50

3

k) Genero berdintasuna I+Gn:

k.1. Emakumeen ordu-dedikazioa proiektuan: 2 punturekin baloratuko da emakumeen dedikazioa proiektuko ordu guztien %50 edo hortik gorakoa izatea.

k.2. Ikertzaile nagusia (IN / IKN): 1 puntu emanen da proiektuko ikertzaile nagusia (IN) emakumea denean.

l) Patenteen eskaera. 2 puntu emanen dira gehienez patenteak eskatzeagatik, diruz lagundutako proiektua egitearen ondorio badira, taula honen arabera:

PATENTE MOTA

PUNTUAK

Baliagarritasun-modeloaren eskaera edo sendagaien eta produktu fitosanitarioen babeserako ziurtagiri osagarria

1

Asmakuntza nazionalaren, europarraren edo hirugarren herrialdeetakoaren patente-eskaera

2

2. Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da kontuan hartuta a) irizpidearen eta hurrengoen balorazioa, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

3. a), b), c) edo d) letretako irizpideren batean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektu bat ez da baloratuko gainerako irizpideen arabera, eta ez da diruz lagunduko.

Baztertu eginen dira, orobat, gutxieneko puntuazio horiek lortuta ere, balorazio irizpide guztien multzoan osotara 45 puntu lortzen ez duten eskaerak.

11. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, proiektu-modalitatearen arabera ordenatuta, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa, hura ordainduko den bi urteetan banakatuta (2025 eta 2026).

b) Ezetsitako eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen GHEb-ean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunek laguntza kobratzeko eskubidea galdu dutela adierazten bada edo laguntza horri uko egiten badiote eta, horren ondorioz, kreditu nahikoa libre uzten badute, kreditu hori erabiltzen ahalko da laguntza partziala jaso duten proiektuak diruz laguntzeko, eta, ondoren, aurrekontu-krediturik ez izateagatik laguntza hori jaso ez dutenak diruz laguntzeko.

12. oinarria. Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Onuradunek diruz lagundutako kostuaren %50eraino azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

Proiektuko bazkideek ezin izanen dute, inola ere, beren artean azpikontratatu proiektuko jarduketarik.

2. Onuradunek haiekin lotutako pertsona edo enpresei azpikontratatzen ahalko diete diruz lagundutako jarduketaren gauzatze partziala, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehazten den bezala.

b) Laguntza-eskaeran jasotzea, eta baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria gastuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

d) Ez da onartuko gastuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

2. atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ulertuko da pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela baldin eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako egoeraren bat gertatzen bada.

13. oinarria. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio modu justifikatuan organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxaren bidez.

Eskaera bakarra onartuko da proiektua gauzatzeko aldi bakoitzean, non 2. ataleko aldaketa bat edo batzuk jaso baitaitezke.

2. Hauek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Proiektuaren iraupenarena: laguntza emateko ebazpenean proiektua bukatzeko ezarritako data luzatzeko eskatzen ahalko da, gehienez ere lau hilabete.

b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren gastuena. Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

c) Enpresen arteko lankidetza-proiektuetan edo ezagutza transferitzeko proiektuetan parte hartzen dutenak ordeztea. Parte-hartzaile berriak onuradun izateko eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu.

d) Enpresen arteko lankidetza-proiektuetan edo ezagutza transferitzeko proiektuetan parte hartzen dutenen artean zereginak berresleitzea.

3. Ez da aldaketatzat joko partida bat handitzea, diruz lagundutako gastuen guztizko zenbatekoaren %10 gainditzen ez badu eta beste partida bateko gastua gutxituz konpentsatzen bada. Desbideratze horiek ez dute ekarriko emandako laguntza handitzea. Ondorio horietarako, 4.2 oinarrian adierazitako gastuetako bakoitza hartuko da partidatzat.

4. Enpresen arteko lankidetza-proiektu bat edo ezagutza transferitzeko proiektu bat bada, proiektuaren koordinatzaileak eginen du aldaketa-eskaera, eta parte-hartzaile guztiek sinatuko dute.

14. oinarria. Proiektua justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute proiektua gauzatu izana. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, laguntzen fitxaren bitartez eta eskura dauden ereduei jarraikiz:

a) 2025eko apirilaren 1era arte (egun hori barne): 2024ko justifikazioa.

Onuradunak proiektuaren hasieratik 2024ko abenduaren 31ra arte egindako jardueraren eta fakturatutako gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira. Gastu hori 2025eko martxoaren 31ra arte ordaintzen ahalko da.

b) 2026ko apirilaren 1era arte (egun hori barne): 2025eko justifikazioa.

Jarduerari buruzko eta onuradunak 2025eko abenduaren 31ra arte fakturatutako eta 2026ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastuari buruzko dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa aurkeztuko da.

c) 2026ko uztailaren 1era arte (egun hori barne) edo proiektua amaitu eta hiru hilabetera arte, data hori baino lehenago bada: 2026ko justifikazioa.

Jarduerari buruzko eta onuradunak 2026ko abenduaren 31ra arte fakturatutako eta 2026ko ekainaren 30era arte ordaindutako gastuari buruzko dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa aurkeztuko da.

Hirugarren justifikazioarekin batera, 17.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da, bai eta laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektuari buruz eskatzen duen beste edozein informazio ere.

2. Gainera, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 1. ataleko justifikazio bakoitzarekin:

a) Auditoretzako txostena, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduaren eranskinean xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa). Auditoretzako txostenen gasturako dirulaguntza 4.2.1.e) oinarrian ezarritako moduan emanen da.

b) Justifikazio-kontua.

c) Auditoreak emandako egiaztapen zerrenda, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

d) Gastua frogatzeko agiriak (fakturak eta ordainagiriak).

15. oinarria. Laguntzaren ordainketa.

1. Laguntza taula honetan adierazitako moduan ordainduko da, onuradunek aurkeztutako frogagiriak kontuan hartuta:

URTEA

FROGAGIRIAK ETA LAGUNTZAREN ORDAINKETA

2024ko justifikazioa

2025eko justifikazioa

2026ko justifikazioa

2025

a) Konturako lehen ordainketa

b) Konturako lehen ordainketaren likidazioa

-

-

-

2026

-

-

c) Konturako bigarren ordainketa

d) Konturako bigarren ordainketaren likidazioa

e) 2026ko likidazioa

a) Konturako lehen ordainketa: 2024ko justifikazioa aurkeztu ondoren, urte horretan egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Konturako lehen ordainketaren kontzeptuan jasotako laguntzaren likidazioa: 2024ko justifikazioa aztertu ondoren, kontura ordaindutako laguntza likidatuko da. Laguntzaren zenbatekoa aurreratua baino handiagoa bada, aldea ordainduko da, eta txikiagoa bada, soberan ordaindutakoa hurrengo ordainketatik deskontatuko da.

c) Konturako bigarren ordainketa: 2025eko justifikazioa aurkeztu ondoren, urte horretan egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

d) Konturako bigarren ordainketaren kontzeptuan jasotako laguntzaren likidazioa: 2025eko justifikazioa aztertu ondoren, kontura ordaindutako laguntza likidatuko da. Laguntzaren zenbatekoa aurreratua baino handiagoa bada, aldea ordainduko da, eta txikiagoa bada, soberan ordaindutakoa hurrengo ordainketatik deskontatuko da.

e) 2026ko likidazioa: 2026ko justifikazioa aztertuta, 2026ko laguntza likidatuko da eta urte horretan egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 14. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori betetzeko, aurrekontu-ekitaldi bakoitza bukatu baino lehen agintzen ahalko da egin gabe dauden ordainketak kontura ordaintzeko.

16. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1.–Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.

b) 30.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen dituzten enpresek abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute (2.4 oinarrian adierazitakoa) hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita, laguntzak eskatzean aurkeztu ez badute.

c) Proiektuaren koordinatzaileak aurkeztea aldeek sinatutako lankidetza-hitzarmena, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, lankidetza- eta transferentzia-proiektuen kasuan.

d) Laguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 12. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Azken justifikazioan aurkeztea sortutako datu guztiak eta deialdi honetan diruz lagundutako proiektuen emaitzak.

g) Proiektuan adierazitako helburu zientifiko-teknikoak, dirulaguntza onartzea ekarri zutenak, betetzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.

h) S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari aditzera ematea proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu direla, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 14. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

i) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuari.

j) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.

k) Enpresen kasuan, enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresak sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

l) Laguntzaren ebazpenean adierazten denean hura Europar Batasuneko egitura funtsen bidez kofinantzatzen ahal dela, 18. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko da.

m) Gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) izatea, laguntza hauekin lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 19. oinarrian adierazitako moduan, eta gutxienez 4 urtez edukitzea azken ordainketa egiten denetik.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.–Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, osorik edo zati batean, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Zehazki:

2.1. Proiektuaren aurrekontutik gauzatzen dena laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60 baino gutxiago bada, zehapen hauek aplikatuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten guztiei, eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:

a) %40 baino gehiago eta %60 baino gutxiago gauzatzea: jaso beharreko laguntza, egindako proiektuari dagokiona, proportzio honetan murriztuko da:

GAUZATU GABEKO PROIEKTU ZATIA

JASO BEHARREKO LAGUNTZAREN MURRIZKETA

%40

%0

%42

%10

%44

%20

%46

%30

%48

%40

%50

%50

%52

%60

%54

%70

%56

%80

%58

%90

%60

%100

b) %40 baino gutxiago gauzatzea: proiektua ez da diruz lagunduko, eta jasotako laguntza osoa itzultzeko eskatuko da.

2.2. Enpresen arteko lankidetza-proiektu batean 3.2.c) oinarrian ezarritako baldintza betetzen ez bada (ezein enpresak ezin du bere gain hartu proiektuko gastu diruz lagungarrien %70 baino gehiago), onuradun guztientzako laguntzaren intentsitatea, haien neurriaren arabera, banakako proiektuetarako ezarritakoa izanen da.

2.3. Ezagutza transferitzeko proiektu batean 3.3.a) oinarrian (gutxienez bi alderdi independenteren arteko "lankidetza eraginkorra") edo b) letran (SINAIko eragileek, gutxienez, proiektuko gastu diruz lagungarrien %10 eta gehienez %40 beren gain hartu behar dute) ezarritako baldintza betetzen ez bada, enpresa onuradunentzako laguntzaren intentsitatea, haien neurriaren arabera, banakako proiektuetarako zehaztutakoa izanen da, eta SINAIko eragileen kasuan, %70era murriztuko da.

2.4. Proiektua bukatzean, 10.1. oinarriko h), i), j), k) eta l) letretako irizpideen arabera baloratu ziren konpromisoak bete diren egiaztatuko da, eta ikusten bada irizpide horietan emandako punturen bat ez datorrela bat egindakoarekin, %2 murriztuko da laguntza puntu horietako bakoitzeko.

17. oinarria. Proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.

b) Proiektuaren emaitzen inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

c) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten entitateen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 200.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta nahi izanez gero gainerakoentzat. Enpresen arteko lankidetza-proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenetan, bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

d) Urtean proiektu bakoitzeko prentsa ohar bat bidaltzea ohiko hedabideetara edo argitara ematea hedabide digitaletan, Nafarroako Gobernutik eta EGEFetik jasotako laguntzak aipatuta. Derrigorrezkoa izanen da 50.000 eurotik gorako dirulaguntza jaso duten proiektuen kasuan, eta aukerakoa gainerakoen kasuan.

e) Proiektua argitaratu edo haren jendaurreko aipua eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela agertarazi beharko da, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak ere (EGEF).

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko atalean adierazitako dokumentazioa.

3. 1. ataleko b) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.

4. Nolanahi ere, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

18. oinarria. Kofinantzaketa, Europar Batasuneko egiturazko funtsekin.

1. Laguntza hauek Europar Batasunaren %40ko kofinantzaketa jasotzen ahalko dute Nafarroako EGEF 2021-2027 programako 1.1 helburu espezifikoaren barnean ("Ikerketa eta berrikuntza gaitasunak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak bereganatzea").

2. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzean lehentasuna emanen zaie zenbateko handieneko eragiketei eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) sektoreak ordezkatzen dituztenei.

3. Laguntza hauen onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrol jarduketen xede izatea onartzea, baita kontrol horietan lagundu beharra ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, EURATOM) Erregelamenduak, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoak, 132. artikuluan ezartzen duenaren arabera, 5 urtez zaindu eta gorde behar da finantzatutako jardueraren dokumentazioa, ordainketa edo azken saldoa egiten denetik aurrera, eta 3 urtez, berriz, finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada, eta laguntzen organo kudeatzaileek eskatzen ahalko dute proiektuaren jarraipena eta bisitak egitea. Nolanahi ere, 2030eko abenduaren 31ra arte gutxienez.

c) Proiektuak irauten duen bitartean gutxienez, honako esaldi hau jarri beharko dute webgunean, ikusteko moduan, laguntzen fitxan deskarga daitekeen logotipoarekin batera:

"Entitate honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %40arekin kofinantzatua, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboaren bidez".

Onuradunak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEFen logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean enpresan, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

Nolanahi ere, entitatearen sarreran edo proiektua egiten den lekuan, A3 tamainako koloretako kartel bat jarri beharko da, ikusteko moduan, edo pantaila elektroniko baliokide bat, gutxienez proiektuaren izenburua, bazkideak eta aurrekontua jasotzen dituena, bai eta deialdiaren izenburua, Nafarroako Gobernuaren eta EGEFen logoak (baterako finantzaketa izanez gero) eta laguntzari buruzko esaldia ere, laguntzen fitxan deskarga daitekeen ereduaren arabera.

d) Konpromisoa hartuko dute kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzeko iruzurraren kontra: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeen kontrola, etab.

e) Laguntza onartzeak esan nahi du onartzen dela EGEF 2021-2027 funtsak kudeatzen dituen agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan agertzea.

19. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

20. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

Oinarri hauetan arautzen diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, KSEOren 8. artikuluan ezarritako metatze-arauak aplikatuko dira: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko egin beharreko jardueraren kostua.

21. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ("Laguntzak ikerketa eta garapen proiektuetarako") ezarritako baldintzak. Erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan. Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

22. oinarria. Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean adieraziko zaie I+G proiektu gisa kalifikatutako proiektuen eskatzaileei ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek betetzen dituzten artikulu horretako kenkaria aplikatzeko betebeharrak eta baldintzak.

Halaber, laguntzen onuradunen kasuan, ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

23. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratzen ahalko du bere web-orrian (https://www.fondoseuropeos.hacienda.gob.es).

24. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2318313