25. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin artxibozainaren plaza huts bat, udal artxiboan aritzeko

Tuterako Udalak, Alkatetzaren abenduaren 29ko 3152/2023 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi zuen.

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin artxibozainaren plaza huts bat, Udalaren 2020ko lan publikoaren eskaintzaren esparruan.

Deialdi honen oinarriak eskura daude egoitza elektronikoko iragarki-taulan, "Argitalpen ofizialak" atalean, "Lan publikoaren eskaintzaren iragarki-taula" aukeran.

Tuteran, 2024ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA.–HONAKO DEIALDI HONEN OINARRIAK: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN ARTXIBOZAINAREN PLAZA HUTS BAT, FUNTZIONARIOENA (A MAILA/TALDEAREKIN PAREKATUA)

Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina (onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera-erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Tuterako Udalaren zerbitzuko artxibozainaren plantillako plaza huts bat; lanpostua A mailakoa da, funtzionarioen araubidekoa, eta lanaldi osoan aritzekoa. Plaza jaso da Tuterako Udalaren 2020ko lan publikoaren eskaintzan (argitaratu zen 2021eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 29an).

1.2. Deialdi honen bidez bete nahi den plaza hutsak 0502A00601 kodea du plantilla organikoan. Tuterako Udal Artxiboari atxikia dago. Aipatutako plaza txanda irekiari dagokio, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginari; zehazki, 15.3 artikuluan ezarritako formulari (testu bategin hori onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez).

1.3. Era berean eta jarraikiz 11. oinarriari, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, artxibozainaren lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.4. Deialdiko lanpostuaren eginkizuna da bere gain hartzea Udal Artxiboaren funtzionamenduaren ardura; horretarako, hari atxikitako baliabideak gidatu, kudeatu eta gainbegiratuko ditu, eraginkorki, efizienteki eta ezarritako politiken arabera.

1.5. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena bihurtuko da nomina eta plantillako funtzionario, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.

1.6. Lanpostuak A mailako ordainsariak izanen ditu, jarraikiz arau hauetan maila horretarako oro har ezarritakoari: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina; uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua; eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioa. Horrez gain, ordainsari osagarriak jasotzen ahal dira, baldin halakorik ezartzen bada aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta plantilla organikoan.

1.7. Lan eta enplegu baldintzei dagokienez, oinarri hauetan agertzen ez denaren guztian, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioari.

Lanaldiaren araubidea egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, jarraikiz horretarako ezarritako prozedurari.

1.8. Deialdia eta oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, deialdiaren hautaprobetako epaimahaikideentzat eta parte-hartzaileentzat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea honako hauen unibertsitateko lizentzia edo gradua: Dokumentazioa, Historia, Filosofia eta Letrak edo Geografia eta Historia; bestela, balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (azkeneko hori frogagiri bidez justifikatuko da).

Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiak baldintza horiek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen prozedura osoan mantendu ere, izendatua izan arte.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es), Horretarako, "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean sartu beharko da, deialdi bakoitzaren aipamenean, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipuan, sede.tudela.es egoitzan, "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

3.3. Izangaiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gain, alegatutako merezimenduen frogagirien kopia konpultsatuak, deialdiko baremoaren arabera. Izangaiek behar bezala ordenaturik alegatuko eta frogatuko dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.

3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Aja, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Beatriz Pérez Sánchez, Tuterako Udaleko artxibozaina.

Ordezko epaimahaikidea: Beatriz Marcotegui Barber, Iruñeko Udaleko artxibozaina.

Epaimahaikidea: Joaquim Llansó Sanjuan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia (Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua).

Ordezko epaimahaikidea: María Carmen Munárriz Elizondo, artxiboetako goi mailako teknikaria. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia.

Epaimahaikidea: Francisco Javier Arriazu Fernández, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Mikel Ziordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Íñigo Torrents Lizar, Tuterako Udaleko aholkulari juridikoa.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen sistema: Oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa.

6.1. Oposizioa 2024ko ekainean hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean xedatuko da oposizioaldia non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoa argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 atalean aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman ezarritako gehieneko puntuazioa baino, baremoko atal bakoitzaren arabera.

7.3. Alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 25 puntu gehienez.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 15 puntu gehienez.

7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta.

8.–Oposizioaldia:

8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa: teorikoa. Idatziz azalduko dira artxibistikako bi gai. Deialdi honen III. eranskineko gai-zerrendakoak izanen dira, eta zozketaz aukeratu beharrekoak: gai bat izanen da "Artxibistika I" ataleko gai-zerrendakoa, eta bestea, "Artxibistika II" atalekoa. Ariketa egiteko, izangaiek 120 minutu izanen dituzte gehienez.

–Bigarren ariketa, teorikoa. 60 galderari erantzun beharko zaie idatziz. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakarra izanen da baliozkoa. Deialdi honen III. eranskineko gai-zerrendako edukiak izanen dira, I. eta II. ataletakoak ("Legeria" eta "Historia eta erakundeak"). Galdera sortan %50 "Legeria" atalekoak izanen dira, eta beste %50, "Historia eta erakundeak" atalekoak. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 90 minutu izanen dituzte gehienez.

–Hirugarren ariketa: teoriko-praktikoa. Bi kasu praktiko garatzea idatziz. Bat, dokumentazio aktiboaz edo erdiaktiboaz, eta, bestea, dokumentazio historikoaz. Ariketa egiteko, izangaiek 180 minutu izanen dituzte gehienez.

–Laugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko psikologia zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 130 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 40 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 30 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 40 puntu gehienez.

–Laugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Lehen, bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu lehen eta hirugarren ariketak jendaurrean irakur daitezela, haiek egindakoan.

8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du (ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan –sede.tudela.es–, "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan) gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.8. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Orobat, epaimahaiak zehaztuko du zer material behar den probak egiteko, eta behar den denboraz iragarriko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

8.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa lortzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.

9.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Azkeneko ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenaren arabera, eta alkate udalburuari igorriko dio izendapen proposamena, probak gainditu eta prozesu guztian puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak.

Berdinketarik gertatuz gero, puntuazio handiena lortu dutenen alde joko da, ordena honetan: oposizioaldiko lehen ariketa, hirugarren ariketa eta bigarren ariketa. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.–Nortasun Agiri Nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.

2.–Eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena.

3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

5.–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da funtzionario izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, 9.1 atalean aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Behin hautapen prozesua bukaturik eta behin izendatzeko proposatutako izangaiak aurkezturik 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak, alkate udalburuak behar den izangaia izendatuko du Tuterako Udaleko funtzionario, artxibozainaren lanpostua bete dezan.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan salbu), galduko ditu Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Horrela gertatuz gero, 9.3 eta 9.4 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Deialdi honen 1.3 oinarrian ezarriarekin bat, prestatuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, hautapen prozedura gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin; hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari.

11.2. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, "Izapide nabarmenduak-Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ordenatuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da honako hauetan xedatuari jarraikiz: Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak; edo irizpideak aldatuz gero, horiek ordezkatzen dituztenak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A atala: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, xede den lanpostuaren antzeko eginkizuneko lanpostuetan, A mailan, baldin lanposturako nahitaezkoa bazen edukitzea deialdi honetako eskakizunen atalean adierazitako tituluetako bat: 2 puntu, urteko.

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren A mailako beste lanpostu batzuetan edo B mailakoetan: 1 puntu, urteko.

–Administrazio publikoetan, C, D edo E mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,5 puntu, urteko.

Oharrak A atalerako:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

3. A atalean dagokion puntuazioa gehienez 25 puntu izanen da.

B atala: Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1. Prestakuntza akademikoa eta etengabea.

–Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu). Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntukoa izanen da.

Oharrak B.1 azpiatalerako. (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

4. Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.

5. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.

6. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea, eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarrik egin den edo taldeka, eta biltzarra edo argitalpena tokikoa den, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: puntu bat gehienez ere; kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

Oharrak B) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. B atal puntuazioa ez da 15 puntutik gorakoa izanen.

III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

I.–Legeria.

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa (1): ordena konstituzionala funtsatzen duten balioak eta printzipioak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak: tipologia eta edukia.

2.–Espainiako 1978ko Konstituzioa (2): Estatuaren erakundeak. Estatuaren lurralde antolaketa. Nafarroa Konstituzioan.

3.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzekoa: xedapen orokorrak. 5.–Nafarroako Foru Erakundeak Nafarroaren ahalmen eta eskumenak: tipologia eta zerrenda.

4.–7/1985 Lege Organikoa, Toki Araubideko Oinarriei buruzkoa: udalerria: izaera, eskumenak eta antolaketa.

5.–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Nafarroako toki-korporazioen osaeraren eta funtzionamenduaren berezitasunak.

6.–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: baliabide motak. Udal zergak. Tributuz kanpoko baliabideak.

7.–39/2015 Legea, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea: administrazio publikoetako jarduerak eta organoak. Administrazio-prozedura haren faseetan. Errekurtso administratiboak (II., III., IV. eta V. tituluak).

8.–40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak, administrazio publikoen eta administrazioen arteko harremanen funtzionamendu elektronikoa, barnean direla administrazioen arteko harreman elektronikoak.

9.–Kontratazio administratiboa 2/2018 Foru Legean (Nafarroako Kontratazio Publikoari buruzko Foru Legea): kontratuen tipologia eta izapidetzea.

10.–Tuterako Udaleko erregelamendu organikoa.

11.–16/1985 Legea, Espainiako Ondare Historikoari buruzkoa. Artxiboen sistema espainiarra.

12.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena gardentasuna, informazioa eskuratzea eta gobernu ona: xedapen orokorrak eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

13.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa: xedapen orokorrak, datuak babesteko printzipioak, pertsonen eskubideak, tratamendu bereziei aplikatu beharreko xedapenak eta datu-babeserako agintariak.

14.–12/2007 Foru Legea, Artxiboei eta Dokumentuei buruzkoa. Nafarroako Artxibo Sistema. Artxiboko tratamendua eta antolaketa. Arreta berezia Nafarroako toki-erakundeen artxibo sistemei. Nafarroako toki-erakundeen dokumentu-funtsetarako normalizatua dagoen sailkapen taula.

15.–Tuterako Udal Artxiboko Erregelamendua.

II.–Historia eta erakundeak.

1.–Tuterako Udal Artxiboa. Funts nagusiak eta horien edukia. Hiriaren eta Nafarroaren historiari egindako ekarpena.

2.–Tuterako hiriaren historiografia. Tuterako hiria ikertzeko iturri bibliografikoak eta hemerografikoak.

3.–Tutera, XI. mendea arte. Aztarna arkeologikoak eta agiri bidezko lekukotzak.

4.–Tuterako banukasitarrak.

5.–Juduen kultura Tuteran, Erdi Aroan, 1498an kanporatu zituzten arte.

6.–Tuterako hiria Aro Modernoan: kristautuak eta Inkisizioa, bilakaera demografikoa eta hirigintza-bilakaera.

7.–Tuterako hiria Aro Garaikidean: udal-antolaketa, bilakaera-bilakaera eta hirigintza-bilakaera.

8.–Tuterako hiriko ondare historiko higiezina: arkitektura zibila, militarra eta erlijiozkoa.

9.–Iruñeko Erresumatik Nafarroako Erresumara (1076-1234). Bilakaera historiko orokorra eta erakundeak.

10.–Nafarroako Erresuma 1234-1512 aldian: bilakaera historiko orokorra eta erakundeak.

11.–Nafarroa monarkia hispanikoan (1512-1808): bilakaera historiko orokorra eta erakundeak.

12.–Nafarroa Aro Garaikidean (XIX-XX mendeak): bilakaera historiko orokorra eta erakundeak.

13.–Nafarroako dokumentuen tipologia Erdi Aroan. Errege-erreginen dokumentazioa. Udal dokumentazioa. Notarioen dokumentazioa. Elizaren dokumentazioa. Erreferentzia berezia Tuterari.

14.–Nafarroako dokumentuen tipologia Aro Modernoan. Udal dokumentazioa: espedienteak eta liburuak. Notarioen protokoloak. Prozesu judizialak. Erreferentzia berezia Tuterari.

15.–Nafarroako dokumentuen tipologia Aro Garaikidean. Arreta berezia Tuterako udal dokumentazioari.

III.–Artxibistika I.

1.–Artxibistika eta paradigma berria: mugaketa eta bilakaera. Artxibistikako printzipioak: jatorriaren printzipioa, dokumentuen ordena naturalaren printzipioa, dokumentuen bizi-zikloa eta dokumentuen continuum-a edo jarraitutasuna.

2.–Artxibo bateko langileak. Artxibistikako eta dokumentuen kudeaketako gaitasun profesionalak. Artxibozainen lanbide prestakuntza.

3.–Espainiako artxiboak eta dokumentu-ondarea: artxiboen sistema espainiarra; Estatuaren artxiboen administrazioa; lankidetza nazionala eta nazioartekoa.

4.–Nafarroako artxiboak eta dokumentu-ondarea: eskumenak; artxibo nagusiak; erakundeen artxibo-sistemak.

5.–Nafarroako udal artxiboak: eginkizun nagusiak; antolaketa; Nafarroako toki-erakundeen artxiboen araudia.

6.–Deskripzio artxibistikoa I: printzipioak, metodologiak eta arauak; deskripzioko tresnen tipologiak eta ezaugarriak. ISAD (G): maila askotako deskripzioa eta Arauaren elementuak. Nazioarteko ISAAR (CPF) araua, hizpide duena autoritte artxibistikoen idazpuruak entitateetarako, pertsonetarako eta familietarako.

7.–NEDA (MC): oinarrizko kontzeptuak: entitateak, erlazioak eta ezaugarriak.

8.–Indexazioa eta berreskuratze dokumentala: tesauroak, ontologia semantikoak eta indexatzeko beste sistema batzuk.

9.–Dokumentuak artxiboetan sartzeko modalitateak: dokumentazioa transferitzeko prozedura; ingurune fisioaren eta ingurune elektronikoaren ezaugarri nagusiak; aparteko sarrerak eta horien motak.

10.–Ikus-entzunezko eta soinuzko dokumentua: kontzeptua, ezaugarriak eta artxiboen tratamendua.

11.–Dokumentu grafikoa: kontzeptua, tipologia eta artxiboen tratamendua.

12.–Erabiltzaileentzako zerbitzuaren plangintza eta antolaketa: sarbidea; kontsulta; mailegua. Erabiltzaileen tipologia.

13.–Artxiboaren zerbitzu didaktikoak eta hezkuntza-komunitatearen aholkularitza.

14.–Artxiboen zabalkundea eta ikusgarritasuna: produktu kulturalen marketina eta komunikazioa; publikoa erakartzea eta artxiboak sare sozialetan.

15.–Hondamenak artxiboetan: prebentzio-planak. Funtsezko agirien programak.

16.–Artxiboetako segurtasuna: Segurtasuneko eta larrialdiko planak.

17.–Euskarri fisikoko dokumentuak zaintzea eta kontserbatzea: degradatzearen zergatiak eta prebentzio-neurriak eta dokumentuak lehengoratzeko oinarrizko printzipioak.

18.–Artxiboen rola informazioaren gizartean. Artxibo soziala.

19.–Artxiboen Nazioarteko Kontseilua: misioa, eginkizuna eta antolaketa. Nazioarteko kode deontologikoa.

20.–Informazio artxibistikoa zabaltzeko plataformak eta atariak. Artxiboen Europako Ataria (EUROPEANA). Artxiboen Espainiako Ataria (PARES) eta Artxiboen Espainiako eta Iberoamerikako Errolda-Gidaren Ataria. Nafarroako Artxibo Irekia.

IV.–Artxibistika II.

1.–Artxiboko dokumentuak: oinarrizko kontzeptuak; definizioak, ezaugarriak, atributuak eta erabilerak.

2.–Administrazio publikoen dokumentu-produkzioa: dokumentu administratiboen tipologia. Dokumentu tipoen katalogo/inbentarioen esperientzia nagusiak Espainiako estatuan.

3.–Artxiboko funtsen antolaketa eta tratamendua. Dokumentu-multzokatzeak: honako hauen kontzeptua eta definizioa: funtsa, funts banaketa, dokumentu saila, unitate artxibistiko konposatua, unitate artxibistiko sinplea, dokumentuen bilduma eta funts-multzoa.

4.–Dokumentuen sailkapena: kontzeptua, tipologia, prestatzeko eta ezartzeko metodologia. Sailkapen koadroa, funts historiko bat antolatzeko tresna gisa eta dokumentuak kudeatzeko sistema gisa. Funtsen koadroa. Dokumentuak antolatzea.

5.–Dokumentu fotografikoa: kontzeptua, ezaugarriak eta tratamendu artxibistikoa. Egile eta ustiaketa eskubideak kudeatzea argazkiak tratatzean eta zabalpena egitean. Erreferentzia berezia Tuterari.

6.–Deskripzio artxibistikoa. Artxibo-funtsak zaintzen dituzten erakundeak deskribatzeko nazioarteko araua (ISDIAH) eta eginkizunak deskribatzeko nazioarteko araua (ISDF).

7.–Dokumentuen ebaluazioa: dokumentuen ebaluazioaren printzipio orokorrak eta hautatzeko metodoak. Nafarroako Foru Komunitateko Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Tuterako Udaleko Agiriak Hautatu, Balioetsi eta Garbitzeko Batzordea.

8.–Artxiboa zentro gisa: eraikina: gutxieneko ekipamenduak eta instalazioak. Ezaugarri arkitektonikoak. Eremuak, zirkulatzeko zirkuituak eta altzariak. Ingurumen eta segurtasun neurriak.

9.–Dokumentuak kudeatzea administrazio publikoetan: kudeatzeko sistemak eta prozesuak. ISO 15489 arauaren ezaugarriak eta edukiak.

10.–ISO 30301: Xedea eta egitura.

11.–Espediente administratibo elektronikoa eta haren tratamendu artxibistikoa. Espediente elektronikoaren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoa.

12.–Dokumentu elektronikoa: kontzeptua, zehaztapenak eta tratamendu artxibistikoa. Dokumentu elektronikoaren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoa.

13.–Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala: arau teknikoak eta aplikatzeko gidak.

14.–Dokumentu elektronikoak kudeatzeko metadatuak eta metadatuen eskemak. Dokumentu Elektronikoa Kudeatzeko Metadatuen Eskema (e-EMGDE).

15.–Dokumentuen Kudeaketa Politika erakundeetan: irismena, definizioa eta egitura.

16.–Informazio digitalaren segurtasuna. Segurtasun Eskema Nazionala eta haren aplikazioa.

17.–Dokumentu elektronikoak zaintzeko politika. Ereduak eta oinarrizko elementuak. Inplementatzeko estrategiak. Formatuen katalogoa. Migrazioa eta emulazioa.

18.–Epe luzeko konfiantzazko artxibo digitala. OAIS eredua.

19.–Adimen artifizialaren bidezko hurbilketa artxiboetan.

20.–Datu-multzoak kudeatzea artxiboetan.

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legeriari; nolanahi ere, epaimahaiak baloratzen ahal ditu egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak.

Iragarkiaren kodea: L2400448