25. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

29E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 11koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita I. eranskinean zerrendatutako osasun laguntzako zerbitzuburuen lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea I. eranskinean zerrendatutako osasun laguntzako zerbitzuburuen lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, bai eta haren oinarriak ere.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, baita Osasun Departamentuaren web-orrian ere (https://empleosalud.navarra.es/eu/jefaturas), "Osasun laguntzako burutzak" atalean.

3. Deialdiaren ondoriozko egintzak aipatutako web-orrian argitaratuko dira.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 11n.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi hau honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da: 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena; 347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duena; 391E/2023 Foru Agindua, azaroaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan laguntzako zerbitzuburuak eta atalburuak hornitzeko prozedura arautzen duena, eta gainerako araudi osagarria.

1.2. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zerrendatutako laguntzako zerbitzuburuen lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez betetzea.

1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.4. Lanaldia goizez edo arratsaldez izanen da, lanpostua betetzen denean zerbitzuak dituen beharren arabera, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendatutakoa dedikazio esklusiboko araubidean arituko da, hau da, erabateko prestutasuna eta erabateko dedikazioa izanen ditu, eta ezin izanen du beste inolako irabazizko jarduerarik egin, ez sektore publikoan ez pribatuan.

1.6. Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko ditu, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.

1.7. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta web-orri honetan ere: https://empleosalud.navarra.es/eu/jefaturas, deialdiaren aipamenetik abiatuta.

Deialdiaren ondoriozko egintzak adierazitako web-orrian argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Deialdian parte hartzen ahalko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan dagokion espezialitateko lanpostua jabetzan duten fakultatiboek, baldin eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian badaude.

2.2. Gutxieneko baldintza izanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean, gutxienez 2 urtez aritu izana aurreko 4 urteetan dagokion espezialitateko lanpostuan.

2.3. Eskaerak aurkezteko epealdia amaitu eta baldintza horiek betetzen dituen izangairik ez bada, hamar egun balioduneko beste epealdi bat irekiko da. Horretan, aurkezten ahalko dira, hala nahi badute, lanpostuaren jabe izanda aipatutako antzinatasun baldintzak betetzen ez dituztenak eta lanpostuaren jabe izanda jarduneko zerbitzuaren luzapen egoeran daudenak. Epe horiek igaro eta izangairik ez badago, azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoa beteko da.

2.4. Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenarik ez izatea sexu askatasunaren edo sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo O-NOZi baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.

2.5. Izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaerak. Epea eta aurkezpena.

3.1. Izena emateko eskaera bide telematikoz aurkeztuko da deialdiaren web-orrian.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Parte hartu nahi dutenek eskaerarekin batera aurkeztu beharko dute bete nahi den zerbitzuaren kudeaketa proiektua, bai eta planteatutako helburuak ere.

Memoria hori epaimahaiaren aurrean defendatuko da jendaurreko saioan.

4.–Onartuen eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Alegazioak aurkezteko, 5 egun balioduneko epea ezarriko da, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.2. Ezarritako epeen barnean parte hartzeko eskaerarik aurkeztu ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren atarian argitaratuko da.

4.3. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren atarian argitara dadila.

4.4. Inor baztertu ez bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da zuzenean.

4.5. Behin betiko zerrenda onestean, argitara emanen da zer egunetan, zer tokitan eta zer ordutan izanen den aurkeztutako kudeaketa proiektua defendatzeko jendaurreko saioa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hiru kidek osatuko dituzte burutza bakoitzeko epaimahaiak, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez izendatuko dira; beste horrenbeste ordezko kide izendatu beharko da.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

6.–Kudeaketa proiektuaren eta jendaurreko defentsaren balorazioko fasea.

Gehienez 60 puntu emanen dira kudeaketa proiektuaren eta defentsa publikoaren balorazioan, eta gutxienez 30 puntu beharko dira fase hau gainditzeko. Fase hau baztergarria izanen da.

6.1. Epaimahaiak kudeaketa proiektuaren dokumentazioa baloratuko du, hura jendaurrean defendatu aurretik (30 puntu gehienez).

6.2. Gero, izangaiek aurkeztutako kudeaketa proiektua jendaurrean defendatuko dute (30 puntu gehienez). Epaimahaiak, izangaia deialdiko lanpostua betetzeko egokia den baloratzeko, proiektuari buruz egokitzat jotzen dituen galderak eginen ditu.

6.4. Fase hori egin ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du emaitza, emandako puntuazioekin.

7.–Merezimenduen balorazioko fasea.

7.1. Fase honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Puntu horiek, zehazki, honela banatuko dira:

–Laneko esperientzia: emandako zerbitzuak: 18 puntu, gehienez.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak: 22 puntu, gehienez.

Hala nahi duenak karrera profesionalaren maila aukeratzen ahalko du prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzen kalifikazioaren ordez, foru agindu honen II. eranskineko 3. atalean xedatutakoarekin bat.

7.2. Alegatutako eta justifikatutako merezimenduak baloratzeko, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako baremoa erabiliko da, eta deialdia argitaratu arte lortutakoak soilik hartuko dira kontuan. Gerora lortutakoak ez dira baloratuko.

7.3. Kudeaketa proiektuaren eta jendaurreko defentsaren balorazio fasea gainditu dutenek 2. ataleko (emandako zerbitzuak) eta 3. ataleko (prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak) dokumentazioa aurkeztu beharko dute, kudeaketa proiektuaren eta jendaurreko defentsaren balorazioaren emaitzak argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

7.4. Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindako zerbitzuak.

–Aurreko deialdiren batean aurkeztutakoak, baldin eta 3.1 puntuan aipatutako web-orrian agertzen badira. Ondorio horietarako, izangaiek aipatu merezimenduak kontsulta ditzakete web-orri horretan.

7.5. Epaimahaiak baloratuko ditu bere iritziz aintzat hartzekoak diren izangai bakoitzaren merezimenduak, ataletako bakoitzean. Nolanahi, ez ditu inoiz kontuan hartuko alegatu gabeko merezimenduak edo agiri bidez frogatu ez direnak.

7.6. Pertsona batek baino ez badu gainditzen kudeaketa proiektua defendatzeko fasea, ez zaizkio merezimenduak baloratuko, eta, beraz, ez du haiei buruzko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Fase hori gainditu duen izangaia zuzenean izanen da izendapenerako proposatua.

8.–Azken emaitza.

8.1. Behin kudeaketa proiektuaren eta jendaurreko defentsaren balorazioko faseak eta merezimenduen balorazioa bukatuta, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitaratuko du deialdiaren web-orrian, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak telematikoki aurkezteko.

8.2. Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren webgunean argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak eta merezimendu-lehiaketaren azken emaitza.

Erreklamazioak ebatzitzat joko dira emaitza hori argitaratzearekin.

8.3. Izangaiak lehiaketaren emaitza eta merezimenduen banakako balorazioa ikusten ahalko ditu deialdiaren webgunearen bidez.

9.–Izendapena.

9.1. Prozedura bukatuta, epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari proposatuko dio puntuaziorik altuena lortu duen pertsonaren izendapena, edo, kasua bada, deialdiko lanpostua bete gabe utziko du.

9.2. Zerbitzuburu izateko izendapena 6 urterako izanen da, salbu eta azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 17. artikuluan xedatutako kargu-uztearen arrazoietako bat gertatzen bada.

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea erabiliz.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA.–DEIALDIKO BURUTZAK

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa

–Alergologia Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 65457.

–Anatomia Patologikoaren Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 70839.

–Angiologia eta Hodietako Kirurgiako Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 68795.

–Aurpegi eta Masailezurreko Kirurgiaren Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 63448.

–Kirurgia Ortopedikoaren eta Traumatologiaren Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 70496.

–Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 71699.

–Barne Medikuntza Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 70852.

–Neurofisiologia Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 63352.

–Pediatria Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 62588.

–Psikiatria Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 70865.

–Erradiologia Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 70528.

–Errehabilitazio Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 63005.

Reina Sofía ospitalea

–Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 65098.

–Traumatologia Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 71028.

García Orcoyen ospitalea

–Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko laguntzako burutza. Lanpostu zenbakia: 62721.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

Gehienez ere 100 puntu emanen dira, honela banaturik:

–1. atala.–Kudeaketa proiektua eta jendaurreko defentsa. 60 puntu gehienez.

–2. atala.–Laneko esperientzia: emandako zerbitzuak. 18 puntu gehienez.

3. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak. 22 puntu gehienez.

1. atala.–Kudeaketa proiektua eta jendaurreko defentsa.

Atal honetan, guztira, 60 puntu emanen dira gehienez. Puntuak azpiatal hauen arabera banatuko dira:

a) Proiektuaren balorazioa: 30 puntu gehienez.

Eduki hauek balioetsiko dira:

–Antolakuntzaren eta kudeaketaren alorra: zerbitzuaren edo atalaren organigrama, burutzaren eta hari atxikitako gainerako lanpostuen eginkizunak adierazita.

–Laguntzaren alorra: laguntzaren alorrean helburuak eta adierazleak ezartzea, eta horien jarraipena eta ebaluazioa.

–Irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorra: zerbitzuan edo atalean irakaskuntza plana ezartzea.

b) Jendaurreko defentsa: 30 puntu gehienez.

Proiektua jendaurrean azaltzean, argitasuna eta zehaztasuna balioetsiko dira, bai eta alderdirik garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.

Atal honetan guztira 30 puntu lortu beharko dira.

–2. atala.–Laneko esperientzia: emandako zerbitzuak.

Atal honetan, guztira, 18 puntu emanen dira gehienez.

Honako hauek baloratuko dira:

2.1. Edozein administrazio publikotako zentroetan dagokion espezialitateko zerbitzuburu gisa emandako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

2.2. Edozein administrazio publikotako zentroetan dagokion espezialitateko atalburu gisa emandako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

2.3. Edozein administrazio publikotan, dagokion espezialitateko fakultatibo gisa emandako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, puntu bat.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

3. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetan, osotara, 22 puntu emanen dira.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

3.4, 3.6 eta 3.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira, ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo "abstract" direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

3.1. Hirugarren zikloko ikasketak.

a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

b) Doktore gradua: 2,5 puntu.

c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.

a) eta b) ataletan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.

3.2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.

3.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Osasun Zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

3.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Estatuan: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

–Autonomia erkidegoan: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

3.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 1 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,25 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik bekadun edo saridun denari baizik ez zaio baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

3.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, Inpaktu Faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:

–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.

–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.

–Inpaktu Faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Inpaktu Faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lanaren argitalpen urtearen gainekoa izanen da.

Gehienez ere 4 puntu emanen dira.

3.7. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa; osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa; irakasle kliniko elkartu gisa; irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa; osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa; eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa.

Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirian egiaztatutako aldia ikasturte akademiko osora iristen ez denean, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

3.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

3.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

3.10. Izangaiek, 3. atalean ezarritakoari jarraikiz egokitzen zaien puntuazioaren ordez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aitortua duten lanbide karreraren mailari dagokion puntuazioa aukeratzen ahalko dute, honen arabera:

–I. maila: 0 puntu.

–II. maila: 6,6 puntu.

–III. maila: 11 puntu.

–IV. maila: 17,6 puntu.

–V. maila: 22 puntu.

Lanbide karrerako maila Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen baten bidez frogatu beharko da, eta deialdia argitaratzen den datakoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: F2400550