97. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 9a - BEREZIA

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

EBAZPENA, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana, jarraibide bat onesten duena Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitatearen fiskalizazioari buruz.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren apirilaren 3ko 3/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako dei egiten duenak, ezartzen du 2023ko maiatzaren 28an eginen direla Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak.

Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren (HAOLO) lehen xedapen gehigarrian eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean xedatutakoa betez, Nafarroako Kontuen Ganberari dagokio, bere fiskalizazio eginkizuna gauzatzean, iritzia ematea talde politikoek aurkeztutako hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunari buruz eta hauteskunde-araudia ez betetzeagatiko jarduketak eta neurri zuzentzaileak proposatzea.

Kontuen Ganberako lehendakariak 2022ko abenduaren 21ean emandako ebazpen baten bidez onetsi zen Kontuen Ganberaren 2023rako fiskalizazio programa, eta bertan honako hau gehitu zuen: "Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzeko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunaren fiskalizazioa".

Nafarroako Kontuen Ganberak komenigarritzat jo du jarraibide bat prestatzea, honako hauek zehazteko helburua duena: alde batetik, Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeei buruzko fiskalizazioan jarraitu beharreko irizpide teknikoak; eta, beste aldetik, Kontuen Ganberari igorri beharreko kontabilitateko eta justifikazioko dokumentazioaren norainokoa eta baldintzak. Horrela, talde politikoek horiek ezagutuko dituzte, hauteskunde-araudian ezarritako betebeharrak errazago bete ditzaten.

Horrenbestez, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, bere ahalmen eta eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DU:

Lehena.–Jarraibidea onestea Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitatearen fiskalizazioari buruz; jarraian agertzen da.

Bigarrena.–Jarraibide hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitara dadila agintzea, oroko jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari igortzea, bai eta hauteskundeen gaineko araudiaren arabera hauteskunde-kontabilitatea Nafarroako Kontuen Ganberan aurkeztu behar duten talde politiko guztiei ere.

2023ko apirilaren 21ean.–Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakaria, Ignacio Cabeza del Salvador.

JARRAIBIDEA, NAFARROAKO PARLAMENTURAKO 2023KO MAIATZAREN 28KO HAUTESKUNDEEN ONDORIOZKO HAUTESKUNDE-KONTABILITATEAREN FISKALIZAZIOARI BURUZKOA

1.–Hauteskunde-kontabilitatea Nafarroako Kontuen Ganberaran aurkeztu behar duten talde politikoak, eta legezko epeak.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 46. artikuluarekin bat, honako hauek aurkeztu behar dute hauteskunde-kontabilitatea Nafarroako Kontuen Ganberan:

1. Lortutako hauteskunde-emaitzen ondorioz, Foru Komunitatearen dirulaguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten alderdi politikoak, federazioak, koalizioak eta hautesle-taldeak.

2. Aurreko antzeko hauteskunde-prozesu batean dirulaguntzak lortzearen ondorioz horien aurrerakina eskatu duten alderdi politikoak, federazioak, koalizioak eta hautesle-taldeak.

Alderdi politiko horiek beren hauteskunde-kontabilitatea aurkeztu behar dute Kontuen Ganberan, bi hilabeteko epean, bozkatu eta biharamunetik aurrera. Hori dela eta, aurkezteko epea 2023ko maiatzaren 29tik uztailaren 31ra artekoa izanen da.

2023ko irailaren 30a baino lehen, Kontuen Ganberak hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunaren berri emanen die Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari, eta, kontabilitateko irregulartasunak daudela edo hauteskundeetako diru-sarrera eta gastuetarako ezarritako mugak urratu direla antzematen badu, jaso beharreko dirulaguntza ukatzea edo murriztea proposatzen ahalko du, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

2.–Alderdi politikoek Kontuen Ganberan aurkeztea kontabilitatea eta frogagiriak.

Hauteskundeei lotutako kontabilitatea eta frogagiriak euskarri informatikoen bidez aurkeztuko dira, I. eta II. eranskinetan jasotako fitxategien izenei eta formatuei jarraikiz.

Kontabilitateko dokumentazioa eta jarraibide honetan ezarritako gainerako frogagiriak telematikoki tramitatuko dira. Kontuen Ganberak bidaltze-orri bat gaituko du horretarako, eta 2023ko maiatzaren 29an jakinaraziko zaizkie alderdi politikoei bertan sartzeko esteka eta baimenak, egun horretan hasten baita hauteskunde-kontabilitatea aurkezteko epea.

Alderdi politikoetako hauteskunde-administratzaileek aurkeztuko dute dokumentazioa. Dokumentazio osoa igortzeko, beharrezkoa izanen da administratzailearen sinadura digitala.

Hauteskunde-kontabilitatea "xlsx" formatu elektronikoan igorri beharko da. Halaber, kasu bakoitzean zehazten den dokumentazioa "pdf" formatuko fitxategien bidez aurkeztuko da.

Kontuen Ganberak aurkeztu den informazioa egokia den ebaluatuko du, zehaztu ahal izateko justifikatutako gastu erregularretako zer zenbateko aplikatzen ahal zaien Parlamenturako hauteskundeei.

3.–Kontuen Ganberan aurkeztu beharreko dokumentazioaren betekizunak.

3.1. Kontabilitateko dokumentazioa.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 46. artikuluak alderdi politikoak behartzen ditu hauteskundeetako beren diru-sarrera eta gastuei buruzko hauteskunde-kontabilitate zehaztua eta dokumentatua aurkeztera Kontuen Ganberan.

Kontabilitateko egoera-orriak "xlsx" formatuan igorriko dira, eta honako hauek jasoko dira horietan: egoera-balantzea, emaitza-kontua, liburu egunkaria, erregistratu diren eta kontuka multzokatu diren mugimenduen laburpena (liburu nagusia), eta kontabilitatea itxi aurreko baturen eta saldoen balantzea.

Halaber, alderdi politikoek diru-sarreren eta gastuen laburpen-orria igorriko dute, kontzeptuka banakatua.

Hautesleei hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-paperak zuzenean igortzeak eragindako hauteskunde-gastuak edo hauteskunde-propagandari eta -publizitateari lotutakoak gainerako hauteskunde-gastuetatik bereizi beharko dira, halako moduan non argi eta garbi identifikatuta egonen baitira mota horretako gastuei dagozkien partidak.

3.2. Diru-sarreren frogagiriak.

HAOLOren 125.1 artikuluarekin bat, hauteskunde-gastuak ordaintzeko diren funts guztiak hauteskunde-kontuetan sartu behar dira, haien jatorria edozein dela ere.

Hauteskunde-kanpainari aplikatutako baliabide guztien jatorria frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta, gutxienez, honako hauek adierazi:

a) Ekarpen pribatuen identifikazio zerrenda, HAOLOren 126. artikuluan eskatutako baldintzak beteta (izena, helbidea eta NAN edo pasaporte zenbakia). Ekarpenak finantzaketa parte-hartzaileko mekanismoen (crowdfunding) bidez jasoz gero, HAOLOren artikulu horretan ekarpen pribatuetarako ezartzen dena aplikatuko zaie.

b) Alderdiaren diruzaintza arruntetik datozen funtsen jatorria frogatzen duen dokumentazioa. Horretarako, transferentzia-aginduak aurkeztu beharko dira, funtsen jatorrizko kontua eta horren titularra adierazita.

c) Hauteskunde-kanpaina finantzatzeko erabili diren maileguen kreditu-eragiketei eta/edo kontratuei buruzko polizak; mailegu horiek finantza entitateekin zein partikularrekin (mikrokredituak) formaliza daitezke. Azken kasu horretan, ekarpen-egileen identifikazio osoa duen zerrenda aurkeztuko da.

d) Hauteskunde-dirulaguntzen inguruan jaso diren aurrerakinen ziurtagiriak.

3.3. Hauteskunde-gastu arrunten frogagiriak.

HAOLOren 130. artikuluarekin bat, hauteskunde-gastutzat joko dira honako kontzeptu hauengatik 2023ko apirilaren 4tik hautetsiak aldarrikatzen diren egunera arte egiten direnak:

a) Hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-paperak prestatzea.

b) Zuzenean edo zeharka beren hautagai-zerrendetarako botoa sustatzeko helburua duen propaganda eta publizitatea, edozein modu eta baliabide erabiltzen direla ere.

c) Hauteskunde-kanpainako ekitaldiak egiteko lokalen alokairua.

d) Hautagai-zerrenden zerbitzura lan egiten duten langile ez-finkoen ordainsariak edo haborokinak.

e) Hautagaien, alderdietako, elkarteetako, federazioetako edo koalizioetako buruzagien eta hautagai-zerrenden zerbitzuko langileen garraiobideak eta joan-etorrietarako gastuak.

f) Posta eta frankeoa.

g) Hauteskunde-kanpainarako jasotzen diren kredituen interesak, dagokion dirulaguntza jasotzen den egunera arte sortzen direnak.

h) Hauteskundeetarako behar diren bulegoak eta zerbitzuak antolatzeko eta horiek funtzionatzeko behar diren guztiak.

Arau hori urratzeagatik, irregulartzat joko dira alderdi politikoei lotutako edo haien mendeko fundazioek eta gainerako entitateek egindako gastuak, bai eta alderdien talde instituzionalek egindakoak ere.

Hauteskunde-gastu arruntak justifikatzeko, eskakizun hauek hartuko dira kontuan:

–Gastu guztien justifikazioa igorriko da fakturaren edo antzeko egiaztagiriaren kopiaren eta ordainagiriaren bidez.

–Bidalitako justifikazio-faktura guztiek berariaz adierazi beharko dute zer hauteskunderi dagokion hauteskunde-gastua, zerbitzua noiz eman zen (eta, gainera, prentsan, irratian, sare sozialetan edo beste bitarteko digital batzuetan egindako publizitatearen kasuan, publizitatea noiz eman edo argitaratu zen), eta zer gastu-kontzepturi dagokion, argi eta garbi identifikatu ahal izateko hauteskundeetakoak direla.

–Jatorrizko frogagiriak Kontuen Ganberaren eskura egonen dira, eta, horrek eskatuz gero, aurkeztu egin beharko dira.

–Hauteskunde-gastuak kuantifikatzeko, fakturen zenbatekoa hartuko da kontuan, zeharkako zergak barne.

–Baldin badaude hauteskunde-gastuak egin izana egiaztatzen duten dokumentuak, fakturatutako ondasunen edo zerbitzuen deskribapen orokorrak dituztenak, eta ondasun edo zerbitzu horien banakako balioa 50.000 eurotik gorakoa bada, aurrekontua edo antzeko deskripzio agiria erantsi beharko da, fakturatutako kontzeptuen izaera eta zenbatekoa frogatzea ahalbidetzen duena.

–d) atalean aipatzen diren langile ez-iraunkorren gastuen justifikazioan, nominez gain, hauteskunde-kanpainarako langileekin sinatutako lan kontratuak ere erantsiko dira.

–Hauteskunde-ekitaldietarako kontratatutako aseguru-gastuen justifikazioan, aseguru-entitatearekin sinatutako poliza erantsi beharko da.

Hauteskunde-gastuei dagokienez, Kontuen Ganberaren fiskalizazio irizpideen arabera, ez dira sartzen HAOLOren 130. artikuluan zerrendatutako kontzeptuen artean honakoak:

a) Jatetxe-gastuak, hauteskunde-mahaiak hornitzeko egiten direnak izan ezik.

b) Inkestak, aholkularitza, aholkularitza estrategikoa edo sare sozialen jarraipena egitearen ondoriozko gastuak, eta bideratzen direnak biztanleriaren boto-asmoa edo ezaugarriak aztertzera horri buruzko datuen analisiaren eta/edo azterlan soziologikoen, demografikoen eta abarren bitartez.

c) Kanpaina-ekitaldietan afiliatuak eta/edo jarraitzaileak lekualdatzeko autobusak edo bestelako garraiobideak kontratatzearekin lotutako gastuak. Hauteskunde-gastutzat hartzen dira, ordea, e) letrak xedatzen duen bezala, kontratazio hori hautagaiak, alderdietako buruak eta hautagaitzaren zerbitzura dauden langileak lekualdatzeko denean.

d) Hautagaien prestakuntza gastuak, edo artekarien edo hauteskunde-mahaietako ahaldunenak, baita estilismo-gastuak ere.

e) Horniduren gastuak, hala nola elektrizitatea, telefonoa eta abar, non eta ez den modu sinesgarrian egiaztatzen hauteskundeetakoak direla eta, ondorioz, hauteskunde-prozesua dela-eta kontratatu direla.

f) Hauteskunde-lanerako berariaz eskuratu ez den bulegoko materiala; bestela, ohiko funtzionamendu-gastuak izanen dira.

g) Alderdi politikoa eratzeko notario-gastuak edo hautagaitzak aurkezteko behar diren sinadurak legitimatzeko gastuak.

h) Hauteskunde-gauean aretoak edo espazioak alokatzea, edo ostatu-gastuak hauteskunde-kanpaina amaitu ondoren.

i) Musika- edo entretenimendu-emanaldien eta haurrentzako atrakzioen gastuak, ez baitira botoa sustatzeko propaganda edo publizitatea, eta ez baitira beharrezko gastuak hauteskunde-ekitaldiak egiteko.

j) Debekatutzat joko dira kanpoko publizitatearen gastuak eta prentsa eta irratiko publizitatearenak, egiten baldin badira hauteskundeak deitu ondoren eta hauteskunde-kanpaina hasi aurretik, HAOLO legearen 53. artikuluari jarraituz, baina gastu horiek kontuan hartuko dira gastuen mugak kalkulatzeko orduan. Ezin izanen da horrelako gasturik sortu hauteskunde-kanpaina amaitu ondoren, publizitate-elementuak desmuntatu edo kentzeko izan ezik.

Honako hauek, aldiz, bai sartzen dira HAOLOren 130. artikuluan zerrendatutako kontzeptuen artean:

a) Hauteskunde-prozesuarekin lotutako kontabilitate- eta administrazio-dokumentazioa prestatzearen ondoriozkoak, baldin eta zerbitzuak berariaz kontratatu badira prozesua dela-eta.

b) Publizitate-elementu inbentariagarrietan egindakoak, kontuan hartu gabe elementu horiek hauteskunde-garaian edo beste hauteskunde-prozesu batzuetan berrerabilgarriak diren.

c) Oro har, ulertzen da h) atalean aipatzen diren beharrezko gastuek biltzen dituztela hauteskunde-prozesuan eskatzen diren bulego eta zerbitzuen funtzionamendu normalari eragin diezaioketen gastuen kontzeptuak; bereziki, hauteskunde-xedeekin irekitako administrazio-bulegoen gastuak.

d) Hauteskunde-kanpainak finantzatzeko ituntzen diren kreditu-eragiketen interesei dagokienez, honako irizpide honi heltzen zaio, aurreko fiskalizazioetan jada erabili dena: kontuan hartuko dira kreditua formalizatzen denetik hauteskundeak egin eta urtebetera arte sortzen diren interesak, dirulaguntzak jasotzeko aurreikusten den batezbesteko aldian sortutakoak edo, hala bada, kreditua amortizatzen den egunera arte sortutakoak (kreditu hori lehenago amortizatuz gero). Balioespen hori zorraren printzipalaren zenbateko hauen eta aldi hauen gainean kalkulatuko da:

–Kontuen Ganberan hauteskunde-kontabilitatea aurkeztu ondoren aurrerakina jasotzeko eskubidea sortzen den egunera arte amortizatzeko dagoen kapitalaren gainean. Sortzapen-aldia homogeneizatzeko asmoz, hauteskundeetarako deialdia egiten den egunetik horiek egin eta bost hilabete igaro artekoa izanen da.

–Dirulaguntzen aurrerakinekin ordaintzen ez diren saldoen gainean, hauteskundeak egiten direnetik urtebete pasatu arte edo, hala bada, kreditua amortizatzen den egunera arte (kreditu hori lehenago amortizatuz gero).

Interesak zenbatu badira hauteskunde-gastu arrunt gisa eta hauteskunde-propaganda eta -publizitatea igortzeagatiko gastu gisa, azken kontzeptu horri egotzitako proportzioa hau adinakoa izanen da, gehienez: hauteskunde-propaganda igortzeagatiko gastuek hauteskunde-gastu guztien gainean egiten dutena.

Aurkeztutako kontabilitatea aztertzean ikusten bada alderdi politiko batek ez dituela aurreko irizpideak aplikatu interesak kalkulatzean eta banatzean, behar bezalako justifikaziorik izan gabe, Kontuen Ganberak aitortzen diren zenbatekoak doituko ditu, bakar-bakarrik egiaztatze aldera gastu-mugak betetzen direla eta hauteskunde-propaganda eta -publizitatea zuzenean eta modu pertsonalizatuan igortzeagatiko gastuak erabat egozten direla.

3.4. Hauteskunde-propaganda igortzeagatiko gastuen eta zuzenean eta modu pertsonalizatuan egindako igorpen kopuruaren frogagiriak.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 44. artikuluak ezartzen duenez, diruz lagungarria da hautesleei propaganda, gutun-azalak, boto-paperak edo hauteskunde-publizitatearen beste elementu batzuk zuzenean eta modu pertsonalizatuan igortzearen kostua, gutxienez jarleku bat lortu duten hautagai-zerrendentzat.

HAOLOren 59. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, zeinak ezartzen baitu hauteskunde-deialdi bakoitzean hautesle bakoitzeko gehienez igorpen bat egin daitekeela, "mailing" delakoaren dirulaguntza espezifikoaren kontura, hautesle bakoitzeko hauteskunde-propagandaren igorpen bakarra finantza daiteke.

Igorpenak behar bezala justifikatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Alderdi politikoak mota horretako gastuak ordaintzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea baldin badu, mota horretako gastu guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira, haien zenbatekoa kontuan hartu gabe. Bertan, fakturatutako unitateei buruzko informazio zehatza agertuko da. Era berean, justifikatzeko igorritako faktura guztiek berariaz adierazi beharko dute zer hauteskunderi dagokien hauteskunde-gastua.

–Igorpenak nahitaez helbidera eginen dira, hartzailea zehaztuta; beraz, postontzietan banatzeko gastuak ezin dira jo hauteskunde-propaganda zuzenean eta modu pertsonalean bidaltzeak eragindako gastutzat.

–Alderdi politikoek berariaz adierazi beharko dute, aparteko agiri batean, zenbat hautesleri igorri dizkieten zuzenean eta modu pertsonalean hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-paperak edo hauteskunde-propaganda.

–Igorpen horien justifikazioari dagokionez, horiek egin direla modu fede-emailean frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

–Horrela, igorpenak Correos bidez edo banaketa-enpresa pribatu baten bidez egin badira, dena delako entitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da, zuzenean eta modu pertsonalean egin diren igorpenen kopurua adierazten duena, salbu eta igorpenak egin dituen enpresaren fakturan berariaz adierazita badago jarduera egin dela eta igorpenak eskatzen diren mailan egin direla.

Banaketa baliabide propioen bidez egin bada zuzenean, alderdi politiko bakoitzeko arduradunak zuzenean eta modu pertsonalizatuan egindako igorpenen kopurua ziurtatuko du. Alderdi politikoak banaketa horretan parte hartu duten pertsonen zerrenda gorde beharko du, Kontuen Ganberak egokitzat jo baitezake jarduera benetan egin dela behar bezala frogatzeko egiaztapenak egitea.

–Atzerrian bizi diren hautesleei egindako igorpenei dagokienez, egindako igorpenen kopuru osoaren berri eman beharko da berariaz, eta mota horretako igorpenak egin direla berariaz frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu.

–Alderdi politikoek hauteskunde-igorpenen azalpen-memoria bat aurkeztuko dute, V. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira: gutun-azaletan sartutako elementuak, gutun-azalak egin eta banatzeaz arduratzen diren enpresak, gastu horiek justifikatzen dituzten fakturen zenbakiak, eta igorpenei lotutako gastuak (hauteskunde-erroldaren tratamendua, administrazio-kudeaketa, garraioa, enbalajea, etab.).

Hauteskunde-araudiarekin bat, hauteskunde-igorpenengatiko gastuen zenbatekoaren zati bat ez bada ordaintzen justifikatutako igorpenen kopuruagatik jaso beharreko dirulaguntzarekin, zenbateko horrek hauteskunde-jarduera arruntagatik aitortutako gastuak gehituko ditu, ondorio guztietarako.

3.5. Beste agiri batzuk.

Ezertan eragotzi gabe fiskalizazioa egiteko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, edozein unetan eskatzen ahalko dena, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari honako alderdi hauen inguruan egindako komunikazioen kopia izatea:

1. Hauteskunde-kontabilitateaz arduratzen den administratzailearen izendapena.

2. Hauteskundeetarako irekitako banku-kontuen identifikazioa.

3. Hala bada, hauteskundeetarako dirulaguntzek eman diren kredituekin duten lotura.

4. Koalizioan aurkeztuz gero, Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari jakinarazitako koalizio-itunaren kopia eta hauteskunde-kontabilitateak bateratzeko itunaren kopia.

Gainera, hauteskundeetako banku-kontuen laburpenen kopia osoa bidali beharko da, kreditu-entitateetan ireki zirenetik, baita kredituei lotutako kontuena ere. Hauteskundeetako banku-kontuak hautagaitza aurkezten duen alderdi politikoaren titulartasunarekin eta IFZrekin ireki beharko dira, eta horietan hauteskunde-administratzaileak esku hartuko du. Banku-kontu horiek, nahitaez, desberdinak izan behar dute hauteskunde-prozesu zehatz bakoitzean, eta alderdi politikoaren ohiko funtzionamenduan dihardutenetatik desberdinak.

3.6. Igorri beharreko dokumentazioa aurkeztu eta gordetzea.

Lehen aipatutako kontabilitate- eta justifikazio-agiriak aurkezteko, hauteskunde-administratzaileak igorpen-idazkia sinatu beharko du, III. eranskinean jasotako edukiarekin, bidalitako kontabilitate- eta justifikazio-dokumentazioaren egiazkotasuna ziurtatzeko.

Era berean, adierazpen bat aurkeztuko da, aurkeztutako dokumentazioak hauteskundeetako diru-sarrera eta gastu guztiak jasotzen dituela dioena.

Alderdi politiko bakoitzaren ardura izanen da originalak zaintzea, bai kontabilitateko egoera-orrienak bai egiaztagiri guztienak, eta Kontuen Ganberaren esku utziko ditu, eta hark eskatuz gero, aurkeztu eginen ditu.

4.–Finantza entitateei eta hornitzaileei buruzko informazioa.

HAOLOren 133. artikuluaren 3. eta 5. apartatuetan xedatutakoarekin bat, alderdi politikoekin eragiketak itundu dituzten finantza entitateek eta 10.000 eurotik gorako hauteskunde-gastuen fakturak igorri dizkieten enpresek beren eragiketen berri eman beharko diote Kontuen Ganberari.

Finantza-entitateek eta hornitzaileek "xlsx" eta "pdf" formatuetan eman beharko diote informazioa Kontuen Ganberari, jarraibide honen VI. eta VII. eranskinetako ereduei jarraituz. Horretarako, Kontuen Ganberaren Egoitza Elektronikoaren bidez eginen dute entrega.

Alderdi politikoek aitortzen dituzten gastuak egiaztatu ahal izateko, horien laguntza eskatzen da, zerbitzua kontratatzen den unean edo egokitzat jotzen dutenean, finantza entitate eta hornitzaile horiei gogoraraz diezaieten betebehar hori bete behar dutela.

5.–Legezko gastu-mugen kuantifikazioa eta egiaztapena.

5.1. Gehieneko gastu-mugak.

Ezein alderdi politikok ezin du Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean ezarritako mugak gainditzen dituen hauteskunde-gasturik egin. Izan ere, foru Lege horren 43. eta 44. artikuluek hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoen hauteskunde-gastuen mugak eta hauteskunde-jarduerengatiko dirulaguntzak arautzen dituzte.

Foru lege horren 43. artikuluaren bigarren apartatuan jasotako agindua betetzeko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 4ko 24/2023 Foru Aginduak Nafarroako Parlamenturako 2023ko hauteskundeetarako hauteskunde-gastuen muga hau ezartzen du: 490.638 euro hauteskunde-gastuetarako alderdi politiko bakoitzeko, kanpo daudela propaganda, gutun-azalak, boto-paperak edo hauteskunde-publizitateko beste elementu batzuk hautesleei zuzenean bidaltzeko gastuak.

Muga hori ezartzen da ezertan galarazi gabe bi hauteskunde-prozesuetan (tokikoa eta autonomikoa) aurkezten diren alderdi politikoei dagokien muga izanen dela, HAOLOren 131.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Hauteskunde Batzorde Zentralaren ustez, honako eragiketa honen ondorioz sortzen den kopuru handiena: legez ezarritako gastu-muga tokiko hauteskundeei edo Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei aplikatzea, eta kopuru horri Gorte Nagusietarako hauteskundeetako legezko gastu-mugaren ehuneko 25 gehitzea.

Gastu-muga egiaztatzeko ondorioetarako, kontuan hartuko dira alderdi politikoak aitortzen dituen gastuak, HAOLOren 130. artikuluan aipatzen diren kontzeptuetan sartzen direnak, alde batera utzita Kontuen Ganberak behar bezala justifikatutzat jotzen dituen ala ez.

Alderdi politikoak aurkeztutako kontabilitatean aipatu ez badira ere, Kontuen Ganberak antzeman dituen eta ustez hauteskunde-gastuei dagozkien gastuei dagokienez, horiek kontuan hartuko dira gastu-mugaren ondorioetarako, baina ez dira diruz lagungarriak izanen. Nolanahi ere, aitortu gabeko gastuak ez dira sartuko hauteskunde-gastu diruz lagungarrien artean, nahiz eta horiek kontuan har daitezkeen gastu-muga betetzeko ondorioetarako.

Era berean, egiaztatuko da alderdi politikoek zuzenean eta modu pertsonalean bidalitako hauteskundeetarako gutun-azalek eta boto-paperak edo egindako hauteskunde-propagandak eta -publizitateak ez dutela hautesleen gehieneko kopurua gainditzen, behin Estatistikako Institutu Nazionalak alderdi politikoei ematen dizkien hautesle-erroldaren kopietatik kentzea eskatu duten hautesleak kenduta. Gehiago badira, soberakin horren ondoriozko gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen kontzeptu horrengatik.

Hauteskunde-propaganda zuzenean eta modu pertsonalizatuan igortzearen ondoriozko gastuak diruz lagungarriak ez badira, horien zenbatekoa hauteskunde-jarduera arruntagatik aitortutako gastuei erantsiko zaie, eta, horren ondorioz, gastu-muga betetzeko ondorioetarako zenbatuko da.

5.2. Prentsako eta irratiko publizitateko gastu-muga.

HAOLOren 58. artikuluak beste gastu-muga bat ezartzen du egunkari eta irrati-etxe pribatuetako publizitate gastuetarako; gastu horiek ezin izanen dira izan hauteskunde-gastuen gehieneko mugaren %20 baino handiagoak.

Muga hori egiaztatzen laguntzeko, alderdi politikoak gainerako gastuetatik bereizita aurkeztu beharko ditu mota horretako gastuak, igorritako kontabilitatean.

Aldizkako prentsako publizitate gastuen artean, horien barnean egonen dira alderdi politikoak prentsa digitalean hauteskunde-kanpainarako egiten dituenak. Sare sozialetako hauteskunde-publizitatea ezin zaio egotzi prentsako eta irratiko publizitateko gastu-mugari, baldin eta komunikabide horiei dagozkien orriak edo profilak ez badira, hori guztia galarazi gabe Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako ezarritako hauteskunde-gastuen legezko gehieneko muga bete behar duten.

6.–Alderdi politikoek jaso beharreko dirulaguntzari buruz Kontuen Ganberak egiten dituen proposamenak.

Nafarroako Foru Komunitateak hauteskunde-gastuak lagunduko ditu diruz, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 4ko 24/2023 Foru Aginduan ezarritako arauen arabera. Azken foru agindu horren bidez, hauteskunde-jarduerengatiko dirulaguntzen honako zenbateko hauek finkatu dira:

a) 14.206 euro lortutako jarleku bakoitzeko.

b) 1,13 euro boto bakoitzagatik, gutxienez jarleku bat lortzen duten hautagai-zerrendentzat.

c) 0,29 euro hautesle bakoitzagatik, gutxienez jarleku bat lortzen duten hautagai-zerrendentzat, hautesleei propaganda, gutun-azalak, boto-paperak edo hauteskunde publizitateko beste elementu batzuk zuzenean igortzean benetan egindako gastuengatik.

Talde politiko bakoitzari dagokion dirulaguntza ezin izanen da inola ere izan aitortutako hauteskunde-gastuen zenbatekoa baino handiagoa, Kontuen Ganberari justifikatu zaiona bere fiskalizazio eginkizuna gauzatzeko, kontuan hartu gabe arau horiek aplikatzetik datorren zenbatekoa.

Horrez gain, foru lege horren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, talde politikoek aurkeztutako hauteskunde-kontabilitateetan irregulartasunak daudela edo hauteskundeetako diru-sarrera eta gastuetarako ezarritako mugak urratu direla antzematen bada, Kontuen Ganberak proposatzen ahalko du talde politikoak jaso beharreko dirulaguntza publikoa ukatzea edo murriztea. Gainera, delitua izan daitezkeen jokabideen zantzuak antzematen baditu, Fiskaltzari jakinaraziko dio.

Dirulaguntza ukatzeko edo murrizteko proposamenik egiten ez denean, egoera hori espresuki jasoko da fiskalizazio-emaitzetan.

Hauteskunde-dirulaguntza ukatzeko proposamena eginen da Kontuen Ganberan hauteskundeetako beren diru-sarrera eta gastuei buruzko kontabilitate zehaztua eta dokumentatua aurkezteko legezko betebeharra betetzen ez duten talde politikoentzat.

Talde politiko bakoitzari dagokion hauteskunde-dirulaguntza murrizteko proposamenaren zenbatekoa kuantifikatzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

–10.000 euroko legezko muga gainditzen duten ekarpen pribatuen kasuan, gehiegizko zenbatekoa halako bi murriztea proposatuko da.

–Talde politikoak hauteskunde-kanpainan erabilitako baliabideen jatorria behar bezala egiaztatu ez bada edo HAOLOren 128. artikulua betetzen ez badute, irregulartzat jotako baliabideak halako bi murriztea proposatuko da.

–Hauteskundeen gaineko araudiak baimendu gabeko gasturen bat egiten bada telebista pribatuetan (HAOLOren 60. artikulua), udal titulartasuneko soinuzko irrati-hedapenerako irratietan (10/1991 Lege Organikoa) eta lurreko uhinen bidezko tokiko telebistetan (14/1995 Lege Organikoa) hauteskundeetako publizitate-saioak kontratatzeko, dirulaguntza irregulartzat jotako gastuak halako bi murriztea proposatuko da.

–HAOLOren 125.1 artikuluan adierazitakoa urratuz eskudirutan edo hauteskundeetakoak ez diren banku-kontuetatik ordaintzen diren hauteskunde-gastuen kasuan, dirulaguntza gastu horien zenbatekoaren %10 murriztea proposatuko da.

–Atzemandako akatsak funtsean alderdi formalekoak baldin badira, justifikazioan duten eragina baloratuko da, eta Kontuen Ganberak, ondorioz, proposatuko du jaso beharreko dirulaguntza murriztea.

–Proposatutako murrizketen zenbatekoa edozein dela ere, murrizketa horien muga talde politikoei lortutako emaitzengatik dagozkien dirulaguntzen zenbatekoa izanen da. Dirulaguntza horiek ezin izanen dute inola ere gainditu Kontuen Ganberak bere ikuskapen-funtzioan justifikatutzat jotako gastuen zenbatekoa.

I. ERANSKINA.–BIDALI BEHARREKO KONTABILITATEKO DOKUMENTAZIOAREN FITXATEGIAK

Kontabilitateko egoera-orriak.

Talde politikoek hauteskunde-kontabilitateari buruzko beren kontabilitateko egoera-orriak igorriko dituzte honako fitxategi hauen bidez:

  • Siglak_28M23_BALANTZEA.xlsx
  • Siglak_28M23_EMAITZAK.xlsx
  • Siglak_28M23_BATURA-SALDOAK.xlsx
  • Siglak_28M23_NAGUSIAK.xlsx
  • Siglak_28M23_EGUNERO.xlsx

Era berean, diru-sarreren eta gastuen laburpen-orria bidaliko dute, HAOLOren 130. artikuluan zerrendatutako kontzeptuen arabera multzokatuta, honako fitxategi hau beteta:

  • Siglak_28M23_DIRUSARRERAK-GASTUAK.xlsx

1. oharra: Fitxategien izendapenean, "Siglak" eremuan, talde politikoaren siglak jasoko dira.

2. oharra: Eranskin honetan eskatzen diren "xlsx" fitxategiak Kontuen Ganberaren webgunean argitaratutako txantiloietara egokituko dira.

II. ERANSKINA.–BIDALI BEHARREKO JUSTIFIKAZIO-DOKUMENTAZIOAREN FITXATEGIAK

Diru-sarrerei buruzko informazioa.

Hauteskunde-kanpainari aplikatutako baliabideetarako:

  • Siglak_28M23_BALIABIDEAK.xlsx

Ekarpen pribatuetarako eta horien justifikaziorako:

  • Siglak_28M23_EKARPEN-PRIBATUAK.xlsx
  • Siglak_28M23_EKARPEN-PRIBATUAK.pdf

Alderditik datozen funtsen ekarpenetarako eta horien justifikaziorako:

  • Siglak_28M23_EKARPENAK-ALDERDIA.xlsx
  • Siglak_28M23_EKARPENAK-ALDERDIA.pdf

Hauteskunde-kanpaina finantzatzeko sinatutako kreditu polizarako/polizetarako:

  • Siglak_28M23_POLIZA.pdf

Poliza bat baino gehiago sinatu bada, zenbakitze bat ezarriko da, adibidez, «1. POLIZA», «2. POLIZA»....

Mikrokreditu-kontratuen bidez jasotako ekarpenetarako eta haien justifikaziorako:

  • Siglak_28M23_MIKROKREDITUAK.xlsx
  • Siglak_28M23_KONTRATUAK.pdf

Hauteskunde-dirulaguntzen aurrerakinak frogatzeko:

  • Siglak_28M23_AURRERAKINAK.pdf

Hauteskunde-gastu arruntei buruzko informazioa.

Hauteskunde-gastu arrunt guztiak zerrendatzeko:

  • Siglak_28M23_GASTU-ARRUNTAK .xlsx

Kontabilitateko idatzohar guztiak justifikatzeko:

  • Siglak_28M23_GASTU-ARRUNTAK.pdf

Fitxategi hori bai banan-banan –frogagiri bakoitzeko–, bai hainbat frogagiri multzokatuta, zatika daiteke, egokientzat jotzen denaren arabera; hala ere, fitxategiak zenbaki-segida batean emanen dira.

50.000 eurotik gorako zenbatekoa duten aurrekontuetarako edo antzeko deskripzio agirietarako:

  • Siglak_28M23_AURREKONTUAK.pdf

Fitxategi hori bai banan-banan, bai hainbat aurrekontu multzokatuta, zatika daiteke, egokientzat jotzen denaren arabera; hala ere, fitxategiak zenbaki-segida batean emanen dira.

Hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-paperak eta hauteskunde-propaganda eta -publizitatea zuzenean igortzeak eragindako gastuei eta zuzenean eta modu pertsonalizatuan egindako igorpenen kopuruari buruzko informazioa.

Hauteskunde-propaganda igortzeagatiko hauteskunde-gastuak zerrendatzeko:

  • Siglak_28M23_GASTUAK-IGORPENAK.xlsx

Kontabilitateko idatzoharrak justikatzeko:

  • Siglak_28M23_GASTUAK-IGORPENAK.pdf

Igorpenen kopurua aitortzeko:

  • Siglak_28M23_IGORPEN-KOPURUA.xlsx

Igorpenen kopurua justifikatzeko:

  • Siglak_28M23_IGORPEN-KOPURUA.pdf

Atzerrira egindako igorpenen kopurua frogatzeko:

  • Siglak_28M23_ATZERRIRA-KOP.pdf

Hauteskunde-igorpenen gastuen memoriarako:

  • Siglak_28M23_MEMO-IGORPENAK.xlsx
  • Siglak_28M23_MEMO-IGORPENAK.pdf

Bestelako informazioa.

Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari hauteskunde-administratzailearen izendapenaren berri emateko:

  • Siglak_28M23_ADMINISTRATZAILEA.pdf

Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari hauteskundeetarako irekitako kontuaren berri emateko:

  • Siglak_28M23_KONTUAK.pdf

Hauteskunde Batzorde eskudunari jakinarazteko nola eragin dieten hauteskundeetako dirulaguntzek emandako kredituei:

  • Siglak_28M23_ERAGINA-DIRUL.pdf

Hauteskunde Batzorde eskudunari koalizio-itunaren kopia, hala badagokio, eta kontabilitateak bateratzeko ituna jakinarazteko:

  • Siglak_28M23_KOALIZIO-ITUNA.pdf
  • SiglaK_28M23_BATERATZE-ITUNA.pdf

Hauteskundeetarako kontuaren banku-laburpenak eta, hala badagokio, eman diren kredituei lotutako kontuarenak/kontuenak igortzeko, xlsx fitxategi bat eta pdf fitxategi bat:

  • Siglak_28M23_LABURPENA_XLSX
  • Siglak_28M23_LABURPENA.pdf

Laburpen bat baino gehiago badago, zenbakitze bat ezarriko da, adibidez,

«1. LABURPENA», «2. LABURPENA»....

1. oharra: "Siglak" eremuan, talde politikoaren siglak adieraziko dira.

2. oharra: Eranskin honetan eskatzen diren "xlsx" fitxategiak Kontuen Ganberaren webgunean argitaratutako txantiloietara egokituko dira.

III. ERANSKINA.–TALDE POLITIKOEK AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA BIDALTZEKO DOKUMENTUA

Kontabilitateko egoera-orriekin eta gainerako frogagiriekin batera, eduki hau duen igorpen-agiri bat aurkeztuko da, sinadura digitalak babestua egonen dena:

........................................................................................................................................ jaun-andreak, (kontu-emailearen izen-abizenak), Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetarako ..................................................................... talde politikoko hauteskunde-administratzailea denak, (Kontuen Ganberari igortzen diot hauteskunde horietako hauteskunde-kontabilitatea, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak 2023ko apirilaren 21ean emandako Ebazpenaren bidez onetsitako Kontuen Ganberaren jarraibideak aipatzen duen moduan eta dokumentazio osagarria aurkeztuta; ebazpen hori Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitatearen fiskalizazioari buruzkoa da.

Aitortzen dut hauteskunde-kontabilitate horri buruzko informazioa Nafarroako Kontuen Ganberak gaitutako igorpen-orriaren bidez aurkeztutako fitxategietan jasotzen dela.

Ziurtatzen dut benetakoak direla igorritako datuak eta aurkeztutako frogagirien kopiak; talde politiko honek frogagiri horien jatorrizko agiriak ditu Kontuen Ganberaren eskura.

Halaber, adierazten dut aurkeztutako dokumentazioak hauteskundeetako diru-sarrera eta gastu guztiak jasotzen dituela.

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n

Hauteskunde-administratzailea

Oharra: Testu hori ez da dokumentu independente gisa aurkeztuko, baizik eta igorpen-inprimakian integratuta.

IV. ERANSKINA.–HAUTESKUNDE KOALIZIOAREN KONTABILITATEA BATERATZEKO ITUNAREN EREDUA

...............................(e)n, 2023ko .........................................aren ......(e)(a)n.

BILDU DIRA

Alde batetik, ..................................................................................................................... jauna/andrea, ............................................(r)en (talde politikoaren izena) izenean eta hura ordezkatuz;

Bestetik, ............................................................................................................................ jauna/andrea, ............................................(r)en (talde politikoaren izena) izenean eta hura ordezkatuz;

(Ordezkari bat gehituko da hauteskunde koalizioa osatzen duen talde politiko bakoitzeko).

Guztiek elkarri aitortzen diote behar adinako gaitasuna jarduteko eta dokumentu hau ezartzeko, bai eta, Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan parte hartu zuen hauteskunde koalizioari dagokionez (koalizioaren izena eta siglak), koalizioko talde politikoen urteko kontuetan hauteskunde-kontabilitatea bateratzeari buruzko ituna finkatzeko ere.

ITUNA

Kontu Auzitegiak 2018ko abenduaren 20an onetsitako Talde Politikoei Egokitutako Kontabilitate Planaren 15. erregistro eta balorazio arauan (Baterako hauteskunde-jarduerak) adierazitakoa aplikatuz, erabaki da talde politiko bakoitzak bere urteko kontuetan erregistratuko duela 2023ko maiatzaren 28ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen kontabilitatea, epigrafe espezifikoetan sailkatuta haien hauteskunde-izaeraren arabera, kasuan kasuko zati proportzionalean bateratze itun honetan ezarritako portzentaje hauei jarraituz:

PORTZENTAJEA

(1. talde politikoa)

(2. talde politikoa)

(...)

Eta horrela jasota gera dadin, agiri hau sinatzen dute.

(Sinadura-aurrekoak, sinadurak eta zigiluak)

V. ERANSKINA.–GUTUN-AZALAK, BOTO-PAPERAK, PROPAGANDA ETA HAUTESKUNDE-PUBLIZITATEA BIDALTZEAREN GASTUEN MEMORIA

Talde politikoa:(Talde politikoaren izena)

Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetarako hauteskunde-kanpainari dagokionez, jarraian zehazten dira gutun-azalak ("mailing") osatzen dituzten elementuei lotutako gastuak eta igorpenei lotutako gainerako gastuak.

1. "Mailing" delakoa osatzen duten elementu guztiei lotutako gastuak: boto-paperak, bozkatzeko gutun-azalak, hauteskunde-publizitatea eta -propaganda, biltzeko gutun-azalak, etab.

Deskribapena

Hornitzailea

Kontabilitate-kontua

Faktura zk.

Fakturaren
zenbatekoa

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei egotzitako zenbatekoa (*)

(*) Bete beharko da baldin eta fakturako gastuak badagozkie 2023ko maiatzaren 28an egindako hauteskunde-prozesu bati baino gehiagori.

2. "Mailing" delakoaren igorpenei lotutako beste gastu batzuk: garraioa, hautesle-erroldaren tratamenduak, administrazio-kudeaketa, posta-frankeoa, etab.

Deskribapena

Hornitzailea

Kontabilitate-kontua

Faktura zk.

Fakturaren
zenbatekoa

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei egotzitako zenbatekoa (*)

(*) Bete beharko da baldin eta fakturako gastuak badagozkie 2023ko maiatzaren 28an egindako hauteskunde-prozesu bati baino gehiagori.

Oharra: eredua eskura dago Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian.

Oharra: eredua eskura dago Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian.

Iragarkiaren kodea: F2306386