94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

343E/2023 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Urrozko bigarren elikadurarako "Agoitz-Nagore" eta "Agoitz-Urrotz" linea elektrikoak lotzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostena ematen duena. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2022ko otsailaren 14an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoko b) epigrafean sartuta dago.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Ibai Ingurunearen Atalari kontsulta egin zaio, eta erantzuna ezarritako epearen barruan jaso da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

–Aurrekariak.

2020ko abenduaren 11n, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen Urrozko bigarren elikadurarako "Agoitz-Nagore" 459904 eta "Agoitz-Urrotz" 459903 lineak lotzeko 20 kV-eko erdi tentsioko linearen tarte berria izeneko proiektuari buruzko dokumentazioa.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honek eremua aztertu eta bisitatu ondoren, I-DEri beste dokumentu bat aurkezteko eskatu zitzaion, besteak beste, Erro ibaia gurutzatzeko alternatibak aztertuko eta talka egiteko arriskua duten eremuetan beste prebentzio neurri batzuk barne hartuko dituena.

2021eko azaroaren 10ean, beste azterketa bat aurkeztu zen, eskatutakoa betez.

Ondoren, 2022ko azaroan, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk beste aldaketa bat egin zuen proiektuan, "Irati, Urrobi eta Erro ibaiak" KBEaren gaineko eraginak murrizteko. Aldaketa sartu ondoren, zulaketa gidatuaren bidez gurutzatuko da Erro ibaia.

–Proiektuaren deskribapena.

2022ko azaroan aurkeztutako azken dokumentazioaren arabera, aireko eta lurpeko linea elektriko berri bat eraikitzea aurreikusten da, 20 kV-ekoa, 5.173 metrokoa. Proiektuaren helburua da hornidura elektrikoa hobetzea eta eremuan energia elektrikoa behar bezala hornitzen dela ziurtatzea.

Linea elektriko berria "Agoitz-Urrotz" linearen 44. euskarrian hasiko da, Urrotz-Hiriaren iparraldean, eta ordezkatu beharreko "Agoitz-Nagore" linearen 3011. euskarrian amaituko da, Erdotzainen hegoaldean.

Lehenengo zatiak, airekoak, bao bakarra izanen du. Erro ibaiaren inguruan, lurpera jaisteko euskarri berri bat jarriko da (3338 zenbakia), NA-2327 errepidetik hurbil dagoen eta belar-landaredia duen eremu batean. Aireko tarte horren bidez, lehendik dagoen 44. euskarriaren eta instalatu beharreko 3338. euskarriaren arteko desnibela ekidinen da.

Bigarren zatiak 400 metro inguru izanen ditu, eta 3338 eta 3337 euskarri berriak lotuko ditu lurpean. Eroalea zuzenean lurperatzearen bidez eginen da, Erro ibaiarekin gurutzatzen denean izan ezik, zulaketa gidatuaren bidez eginen baita. 74 metroko zulaketa gidatua egiteko, eraso-hobi bat eta irteera-hobi bat egin beharko dira, bakoitza gutxi gorabehera 3 metro luze, 2 metro zabal eta metro bateko sakonerakoa, eta 12 m² inguruko afekzio-azalera sortuko da hobiak egiteko. Eroaleak ibilguaren ohantzetik gutxienez 2 metrora geldituko dira.

Azken zatiak 4,73 km izanen ditu, eta airean lotuko ditu aurreikusitako 3337 euskarria eta "Agoitz-Nagore" linean ordezkatu beharreko 3011 euskarria. Tarte horretan 38 euskarri jarriko dira, eta horietatik lau landaredi naturala duten eremuetan kokatuko dira (sastrakadi mediterraneoa, Europar Batasunaren intereseko 4090 habitata), 12 euskarri basoen eta alorren arteko mugetan egonen dira, eta 22 euskarri lehorreko alorretan. Tarte horrek honako hauek gurutzatuko ditu: Latsagako sakana, Oletako sakana Billabetako putzuaren inguruan, Gurpegi erreka eta bi korronte ez-iraunkor, Erro ibaiaren eta Gurpegi errekaren ibaiadarrak, hurrenez hurren. Gurpegi errekako gurutzagunean 92A0 habitata ukituko da. Sei zuhaitz moztea aurreikusten da.

Euskarriak sareta metalikozkoak izanen dira, eta ganga erako gurutzetak izanen dituzte. Kasu batzuetan, gurutzeta zuzenak izanen dituzte. Isolamendurako, U70YB66 motako konpositezko kateak erabiliko dira amarraduran, metro batetik gorakoak, eta 0,7 m inguruko esekitze-kateak.

Ia sarbide guztiak lehendik dauden bideetatik edo alorretatik eginen dira. Landaredi naturala duten eremuetan kokatutako bost euskarrien kasuan, sarbideetan landaredi gune txikiari eraginen zaio, euskarriak sarbide errazeko eremuetan baitaude (3338 euskarria NA-2327 errepidetik hurbil, eta beste lau euskarriak lehendik dauden bideetatik edo sarbidearen zati handi bat hartuko duten alorretatik hurbil). Sarbideak 4 m zabal izanen dira.

Dokumentazioaren arabera, honako azalera hauek ukituko dira: 1.950 m² 39 euskarri berrietako lan plataformetan, 1.196 m² lurpeko kanalizazio berrian (zulaketa gidatua egiteko babes-hobiak barne), eta 16.364 m² landan zeharreko sarbideetan, gehienak alorretan. Gainera, 39 euskarriak zimendatzeko egin beharreko hondeaketan 116,73 m³ lur mugitzea aurreikusten da.

Proiektu osoa babes eremuaren barruan dago abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioetarako (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Linearen lehen zatia, gainera, "Irati, Urrobi eta Erro ibaien" KBEaren barruan dago.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ibai Ingurunearen Atalari kontsulta egin zaio, eta aldeko txostena eman du Erro ibaiaren eta gainerako erreken gurutzaguneei buruz, zenbait baldintzarekin.

Erro ibaiaren gurutzaguneari dagokionez, zeina "Irati, Urrobi eta Erro ibaien" Babes Bereziko Eremuan sartuta baitago, Ibai Ingurunearen Atalak uste du proposatutako zulaketa gidatua txikia dela (12 m²), eta ez dela arazo eremuaren osotasun ekologikoa babesteko eta Natura 2000 Sarearen koherentziari egiten dion ekarpena babesteko. Zenbait neurri ezartzen ditu (datak mugatzea, etab.) eremuaren gaineko eragina minimizatzeko. Gainerako errekei dagokienez, atalak uste du ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren dokumentuan garrantzi txikia eman zaiela, eta gogorarazten du ibai ibilgu natural guztiak garrantzitsuak direla, edozein tamainatakoak direla ere; izan ere, errekak eta bertako landaredia igarobide ekologiko garrantzitsuak dira faunarentzat eta ingurunearentzat. Hala, balio horiek babesteko baldintzak ezartzen ditu.

Era berean, espedientean Ingurumen Inpaktuaren Atalaren aldeko txostena dago, baina zenbait baldintzarekin.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehaztu du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatutako Urrozko bigarren elikadurarako "Agoitz-Nagore" eta "Agoitz-Urrotz" linea elektrikoak lotzeko linea elektrikoaren proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.

Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

–Aireko tartean, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintza guztiak beteko dira. Eroaleen artean gutxienez 1,5 m-ko distantzia egonen da, 1 m horizontalean eroalearen eta euskarri-eremuaren artean, eta 0,6 m bertikalean. Distantzia horiek egiturazko neurriak erabiliz lortuko dira, hau da, amarratutako isolatzaile-kateak gutxienez metro batekoak izanen dira, eta hegaztiak bertan pausatzea saihestuko dute. Berariaz debekatuta egonen da luzera txikiagoko isolatzaileak erabiltzea. Halaber, debekatuta egonen da eroalearen zati bat estaltzea eskatutako distantzia lortu arte. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, ebakigailu, autobalbula eta lotura-botilak ere. Ganga erako euskarrietan, gainera, erdiko eroalea isolatuko da, esekitze grapa barne, 1 m krokadura-puntuaren alde bakoitzean. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Silikonazko zinta edo antzekoen erabilera debekatua dago, eta elementu bakoitzerako estalki eta pieza aurreformatu espezifikoak erabiliko dira.

–Aireko linearen hiru eroaleak hegaztiak salbatzeko balizen bidez seinaleztatu beharko dira ibilguren bat zeharkatzen duten baoetan edo ibilgutik gertu daudenetan. Balizak gehienez 15 metrotik behin jarri beharko dira fase bereko ondoz ondoko balizen artean, halako moldez non, bisualki, seinaleen arteko distantzia 5 m-koa edo txikiagoa izanen den alboetatik begiratuz gero. Seinaleztatu beharko dira, gutxienez, 44. eta 3338. euskarrien arteko baoa, 3334. eta 3335. euskarrien artekoa, 3326. eta 3327. euskarrien artekoa, 3313. eta 3316. euskarrien artekoa eta 3303. eta 3306. euskarrien artekoa.

–Zuhaitzen gaineko eragina minimizatuko da, eta linearen segurtasuna bermatzeko nahitaez kendu behar diren zuhaitzak bakarrik moztuko dira. Lanei ekin aurretik baimena eskatu beharko zaio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, hain zuzen ere Agoizko koordinazio unitateari (gmaaoiz@navarra.es), Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen) eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

–Ahal den guztietan, sarbideak alorretatik edo lehendik dauden bideetatik eginen dira, landaredi naturala ukitu gabe. Bereziki, ahalik eta gehien murriztuko da Europar Batasunaren intereseko habitaten gaineko ukipena, eta, ukipen puntualik behar izanez gero, jatorrizko egoerara bueltatu beharko dira.

–Ur ibilguetan izan daitekeen eraginari dagokionez, ebazpen honi erantsitako Ibai Ingurunearen Atalaren txostenean ezarritako baldintzak beteko dira.

–Obrak bukatuta, ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira, landare-lurra zabaldu eta ondoren ongi orraztuta, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte. Horretarako, obrak hastean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean zanpatutako laborantza lurrak harrotu beharko dira.

–Zerbaiten berri eman behar bazaio Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektronikoa bidaliko da Agoizko barrutira (gmaaoiz@navarra.es).

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente kodea aipatuz.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Urrotz-Hiriko Udalari, Longidako Udalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Agoizko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2306010