94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

342E/2023 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginari buruzko txostena egiten den orientazio zooteknikoa aldatzeko eta haragitako aratxe eta bildotsak gizentzeko gaitasuna handitzeko proiektuan, esnetako ardiak eta ardi lehorrak ere hazteko eta bildotsak gizentzeko jarduerarako, El Ventorrillo parajean, GEN OVI Artajona SL enpresak sustatuta, Tuterako udal mugartean.

2022ko ekainaren 16an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura.

Deskribatutako proiektua, bere ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da, 1. taldeko f) 1 atalean; beraz, proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Proiektuak dagoeneko baditu instalazioak 8. poligonoko 9., 190., 191., 192. eta 193. partzeletan (El Ventorrillo parajea), Tuterako udal mugartean, eta haren xedea da ardi lehorrak maneiatzea (esnealdien arteko aldi ez produktiboak) eta ardiak egoera heldu eta produktibora arte haztea; GEN OVI Artajona SL enpresak kudeatzen ditu jarduera horiek. Enpresa sustatzaileak ingurumen baimen integratuaren proiektua eta ingurumen eraginari buruzko ebaluazio sinplifikatua eskatzeko ingurumen dokumentua (2022ko uztailekoa) atxiki ditu.

Txostenaren I. eranskinean proiektuaren oinarrizko datuak laburtzen dira.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzuna jaso da. Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten laburpena agiri honen II. eranskinean dago.

Sustatzaileak, 2022ko azaroaren 9an, dokumentazio berria aurkeztu zuen, eta, besteak beste, aldez aurretik aurkeztutako instalazioaren gaitasuna murrizten du eta jarduera nabe, patio eta zolatutako maneiu guneetara mugatzen du. Halaber, aurreikusten da kudeatzaile bati emanen zaizkiola partzeletan aplikatutako bolumenari dagozkion simaur soberakinak, baimendutako jardueraren simaurra kudeatzeko planean jasotakoak.

–Proiektuaren ingurumen ebaluazioa.

Orientazio zooteknikoa aldatzeko proiektua planteatzen da El Ventorrillo parajeko jarduera baten instalazioak erabiltzen: sei estalkik, aire zabaleko patioek eta lotutako maneiu guneek osatzen dute.

Instalazioa NA-134 errepidearen (Ebroko ardatza) 7,8 kilometro puntuaren ondoan dago, Tuteratik 3 km ingurura, ipar-ekialdean, eta Ebro ibaiaren ibilguaren ezkerreko ertzetik 250 m ingurura, alubioi terraza batean, ibaiaren uholde lautadan eta sakan baten ibilguarekin lotuta. Ebro ibaiaren ibilgua eta ertzeetako ibar basoak Ebro Ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE 22000040) sartzen dira, eta lekune natural hauek osatzen dituzte: Traslapuente ibar basoa (LN-11) eta Tetones ibar basoa (LN-28), biak Nafarroako Espazio Naturalen Sarean. Instalazioen ondoan, errepidearen korridoreak bereizita, Errege Bardea dago (KBE 220037).

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren (EKH) txostenaren arabera, abeltzaintza instalazioak Ebro ibaiaren lehentasunezko emari eremuaren barruan daude, eta 10, 100 eta 500 urteko itzulera aldietarako uholde xaflen eragin partziala dute. Uholde arriskuko eremutik kanpo gelditzen da proiektuaren esparruaren ekialdeko eremua. Txostenaren arabera, "arro erakundeak soilik uholdeen aurrean zaurgarriak ez diren jarduerak baimentzen ahalko ditu, baldin eta ez badute nabarmen murrizten ura ateratzeko gaitasuna". Halaber, honako ohar hau egiten du: 9 bis artikuluaren (landa lurzoruko lehentasunezko emari eremuko erabileren mugak) arabera, ezin dira paratu abeltzaintzako ustiategien erregistroan jaso behar diren etxalde eta animalia haztegi berriak".

Horrez gain, EKHaren txostenak adierazten duenez, azterketa esparrua 052 lurrazpiko ur masan (Ebroko alubiala: Tutera-Alagón) eta 049 lurrazpiko ur masan (Ebroko alubiala: Lodosa-Tutera) sartzen da, nekazaritza iturritako nitratoek kutsatutako uren eremu zaurgarrikoak (2. zenbakia). Azken hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduaren bidez adierazi zen.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenaren arabera, proiektua aldez aurreko instalazio baten ekoizpen orientazioaren aldaketatzat jo behar da, amaierako gaitasuna handitzeko, eta ez "etxalde edo animalia haztegi berri" gisa. Gainera, Zerbitzuaren arabera, ingurumen baimen bateratuaren izapideak neurrien egokitasuna ebaluatuko da, eremu zaurgarrietako lurzoruaren eta uren kalteak prebenitzeko, eta simaurrak banatzeko baldintzak finkatuko dira. Azken horri begira, gutxienez, aurreikusten da ez dela ongarritzeko azalera handituko eremu horren barruan.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau berrikusita, baliabideen kontsumoarekin eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitate kontrolarekin lotutako eraginez gain (eragin horiek ingurumen baimen integratuaren espedientean zehaztu eta baloratzen dira), habitaten eta animalien babesa da ingurumen ebaluazioan kontuan hartu beharreko alderdi nagusia, eraginak sortzeko potentzialagatik. Lehentasunezko emari eremuan etxalde bat paratzeko komenigarritasunari dagokionez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Ekonomia Zirkularraren Zerbitzuaren txostenean jasotakoa hartzen da kontuan, proiektua ez baitu hartzen etxalde edo animalia haztegi berritzat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotzen diren irizpideetan oinarriturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta zehaztu du proiektuak ez duela izanen eragin nabarmenik ingurumenean, baldin eta horretan jasotako neurri zuzentzaileak betetzen badira, baita ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Orientazio zooteknikoa aldatzeko eta haragitako aratxe eta bildotsak gizentzeko gaitasunetik esnetako ardiak eta ardi lehorrak ere hazteko eta bildotsak gizentzeko jarduerara handitzeko proiektuak (El Ventorrillo parajean, GEN OVI Artajona SL enpresak sustatuta, Tuterako udal mugartean) ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta ez da hari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Proiektu horren aldeko ingurumen eraginaren txostena egitea, ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela iritzita, jarraian ezartzen diren baldintzetan:

–Animaliak estalkiek eta patioek osatutako barrutiaren barruan egonen dira, eta iragazgaiztasun baldintzak bermatuko dira minden perkolazioaren aurrean lurzoruaren profilaren barrura.

–Patioak eta maneiu eremuak aire zabalean badaude, animalien deiekzioekin kontaktuak dauden euri urak bildu eta eremu egokietara eramanen dira, bertan kudeatzeko; horrela, bermatuko da isurketa ez dela eramanen inguruko lurretara.

–Animaliak estalki eta patio iragazgaitzetatik kanpo egonen dira soilik bazkalekuak edo lurreko uztondoak aprobetxatzeko. Instalaziotik kanpo ez da itxiturarik ezarriko eta ez da espazioa mugatuko, animaliak instalazioaren kanpoaldean egon daitezen errazteko.

–Habitaten babesa bermatzeko xedearekin, Ebro Ibaia Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE 22000040) bazkalekua zuzenean larratzearen bidez aprobetxatzeko eremutik baztertuko da.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenean jasotakoarekin bat:

  • Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Jabari Publiko Hidraulikoa Kudeatzeko Arloari eskatu beharko zaio urak aprobetxatzeko emandako emakidaren ezaugarriak aldatzeko. Horretarako, gutxienez, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 143.-153. artikuluetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
  • Abeltzaintzako ustiategiaren iparraldeko mugan sakan bat dagoenez, horrek zaintza eremuari eragiten dionez eta Ebro ibaiaren lehentasunezko emari eremuan eta uholde arriskuko eremuan dagoenez, eraikuntzaren edo urbanizazioaren gaineko esku hartzeak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren obra baimena izan beharko du, eta, horrez gain, lurzoruaren erabileraren mugak errespetatu beharko ditu lehentasunezko emari eremuan eta uholde arriskuko eremuan, abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuaren 9 bis eta 14 bis artikuluekin bat.
  • Nitratoen kutsaduraren eraginpeko eremu zaurgarrietako uraren eta lurzoruaren kalteak prebenitzeko xedearekin, ez da handituko, aplikazio zuzenaren bidez edo hirugarren bati emanda, simaurren balorizazio materialerako beharrezko azalera, nekazaritza aplikazio bidez, eremu zaurgarri horien barruan.
  • Akuiferoaren kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sistema bat finkatuko da, laginketaren bidez, kontrolen bitartez aurreikusitako eraginen balizko desbideratzeak hautemateko. Laginketa beheko putzu batena izaten ahal da, edo piezometro baten bidez, ez badago halakorik.
  • Kudeaketa planari dagozkion partzeletan animalien deiekzioak aplikatzeko, halaber, kontuan hartuko da animaliak igarotzean emandako simaurra, baldin eta horiek aprobetxatzen badira larratzeko eremu gisa.

–8. poligonoko 117. partzela jarduerako simaurren aplikaziotik kanpo utzi beharko da, jabari publiko hidraulikoko eremuan egoteagatik.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Tutera aldeko Basozaintzara eta interesdunari.

Iruñean, 2023ko apirilaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Honako hauek proiektatzen dira: ekoizpen orientazioaren aldaketa eta haragitako behi-azienden ustiategi bat zabaltzea esnetako ardietara, bildotsak gizentzeko eta ardiak hazi nahiz ukuiluratzeko esnealdi intentsiboko aldien artean, Tuteran. Jarduera egungo instalazioetan eginen da, Tuterako 8. poligonoko 9., 190., 191., 192. eta 193. partzeletan, eta kanpoan geldituko dira 9 A, 190 A eta B azpipartzelak (nekazaritza edo basogintza erabilera eraldatu gabeko lurzoru naturalean).

Instalazioak 21.005 m²-ko azalera du: animaliek 12.707 m² hartzen dituzte (8.469 m² patioei dagozkie eta 4.237 m² estalitako ukuiluratze azalerari), eta gainerako azalera igarotzeko eta maneiatzeko erabiltzen da. Proiektua 6 nabek osatzen dute, eta bi 2020 eta 2022 artean sartu ziren. Jarduerari begira, ez da aurreikusi eraikuntza berririk sartzea.

Proiektuan ez dira zehazten euri uren kanalizazioa eta instalazioko bizitokiekin eta gune zikinekin kontaktuan dauden urak bereizteko formula. Dokumentazioan adierazitakoarekin bat, animalien kudeaketa hormigoizko zoladura iragazgaitzeko lurzoruan eginen da, eta, igarotzeko eta maneiatzeko eremuei dagokienez, zabor legarrezko bide zoruarekin edo hormigoizko zolarriekin. Azalera horiek unitate hauen arabera antolatzen dira:

–1. eremua. Arrak hazteko: 42 x 19 metroko nabea eta 480 m²-ko ganadu patioa, 250 arrentzako edukierarekin.

–2. eremua. Ardi lehorrak: 48 x 13 metroko nabea eta 3.799 m²-ko patioa, 1.000 ardirentzako edukierarekin.

–3. eremua. Ardiak hazteko: 35 x 9 metroko bi nabe berdin, nabeen arteko 3.799 m²-ko espazioarekin 190 c azpipartzelan eta 190 c azpipartzelan. Unitate horrek hazteko 6.900 ardi ukuiluratuko ditu, 4.500 aurrerako eta 2.400 saltzeko.

–4. eremua. Bildots arrak gizentzeko: 55 eta 60 metroko luzerako eta 19 metroko zabalerako bi nabe, gizentzeko 3.500 bildots jasotzeko.

Edukiera handiko esnetako ardien ustiategi intentsiboa, ardi lehorrak hazi eta ukuiluratzeko eta Assaf arrazako bildotsak gizentzeko. Ardiak azpi beroan egonen dira urte osoan zehar, ondoko nabe eta patioetan, eta kanpoko bazka eta pentsuekin elikatuko dira. Hala ere, aldi batzuetan ustiategiarekin lotutako partzeletara aterako dituzte, larratzeko.

Jardueraren funtzionamendurako, aurreikusi da 9.131 tona pentsu, lasto eta bazka kontsumituko direla elikatzeko eta azpi berorako, eta 23.354 m³ ur, elektrizitate eta gasolio, traktorearentzat eta pala kargatzailearentzat. Hartzidura enterikoak eta simaurren sorrerak amonioa eta berotegi efektuko gasak igorriko dituzte, eta aurreikusi da jarduerak sortutako 2.656 tona simaur solidoak kudeatuko direla aplikazio zuzenaren bidez, sustatzaileak kudeatutako partzeletan, heren bati begira, eta gainerakoa kudeatzaile baimenduari ematea. Hildako animalien gorpuak baimendutako kudeatzaile bati emanen zaizkio.

II. ERANSKINA

Eraginpeko administrazio publikoentzat eta interesdunentzat irekitako kontsulta izapidearen laburpena

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ingurumen txostena eman du, ingurune hidrikoaren eragin potentzialekin lotuta, eta, halaber, identifikatu du ezarpen eremua bat datorrela Ebro ibaiaren arro eta isurialdearekin, Alhama ibaitik Queiles ibaira arte (kodea: ES091MSPF448). Ibilgua partzelen mendebaldean dago, 250 bat metrora. Adierazten denez, iparraldean, 27 bat metrora, sakan izengabe bat dago, eta instalazioak ibilguaren zaintza eremuan daude.

Lurpeko hidrologiari dagokionez, ustiapenak "Ebro-Aragoi alubiala: Lodosa-Tutera" (kodea: ES091049) eta Ebro alubiala: Tutera-Aragoi" (kodea: ES091052) lurpeko ur masetan izanen luke eragina, irailaren 15eko 147/E/2020 Foru Aginduak nekazaritza iturritako nitratoek kutsatutako uren eremu zaurgarritzat jotako esparruan ("2. eremua: Ebro-Aragoi").

Ur masa horien egoerarekin eta kalitate helburuekin lotuta, arroaren plan hidrologikoaren 2016-2021 aldiko ebaluazioak helburu gisa finkatzen du azaleko ur masaren egoera mantentzea 2021ean zehar, eta, lurpeko ur masen kasuan, amaierako egoera txarrekoak, kalitate helburuak izan dira egoera ona lortzea "Ebro-Aragoi alubiala: Lodosa-Tutera" masaren kasuan eta, "Ebro alubiala: Tutera-Aragoi" masaren kasuan, egoera ona lortzea 2021-2027 aldian.

Konfederazio hidrografikoak instalazioaren eta soroak ongarritzeko simaurren arriskua azpimarratu du, bereziki hektareako nitrogeno kilogramoen ohiko proportzioetan, eskumenak erabiltzeari begira eremu zaurgarri baten barruan.

Egun aratxe eta bildotsak gizentzeko erabiltzen den ustiategi baten orientazio zooteknikoa aldatu nahi denez ardien abeltzaintzako ustiategi bihurtzeko, dagoeneko eraikita dauden eraikin eta instalazioekin, jarduketa baimentzea erabakitzen bada, zenbait ohar ezarri beharko dira jarduketa eremuko ingurune hidrikoa babesteko une oro.

Simaurren kudeaketari dagokionez, proiektuak kudeaketa plan bat aurkeztu beharko du, eta, Ebroko Demarkazioaren Planaren 43. artikuluarekin eta 14. eranskinarekin bat, nitrogeno soberakinen gehieneko balio gisa jasotako zifrak hartu beharko dira kontuan, baldin eta bateragarriak badira nekazaritza jatorriko nitratoen kutsadura arriskuan dauden ur masak berreskuratzearekin. Halaber, ezinbestekotzat jotzen da akuiferoaren kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sistema bat, beheko putzu baten laginketaren bidez, edo, halakorik ez egotekotan, piezometro baten bidez.

Instalazioari dagokionez, euri urak eta mindak bereizteko sare bat eduki beharko du, simaurtegia iragazgaiztu beharko da, isurketa murrizteko neurriak hartu beharko dira, beharrezko neurri eta jarduketak garatzeko larrialdietarako plan bat eduki beharko du eta euri urak ez dira kutsatzen ahalko abeltzaintzako instalaziotik igarotzean.

Bestalde, Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren uholde arriskuaren atariko ebaluazioari (UAAE) begira, adierazten da abeltzaintzako instalazioaren azaleraren zer zati dagoen Ebro ibaiaren lehentasunezko emari eremuaren barruan, baita 10 urteko itzulera aldietarako uholde xaflek partzialki eragindakoa ere; Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduak erabilera mugak finkatzen ditu horiei begira.

Adierazten denez, esparru horretan ezin dira baimendu uholdeen aurrean zaurgarriak diren edo ura ateratzeko gaitasuna nabarmen murrizten duten etxalde edo jarduketa berriak. Halaber, titularrari jakinarazten zaionez, jabari publiko hidraulikoaren barruan eta zortasun nahiz zaintza eremuetan obrak eginez gero, baimena eskatu beharko zaio arro erakundeari.

Ardi instalazioetan ura hornitzeari dagokionez, EKHak uren aprobetxamenduari dagokion indarreko emakida identifikatu du, eta, proiektuan jasotakoaren bat, adierazi du hornikuntza horretarako, aurreikusitako ur eskaria kontuan hartuta, beharrezkoa izanen dela erakundearen Jabari Publiko Hidraulikoaren Kudeaketa Arloari eskatzea emandako emakidaren ezaugarriak aldatzeko. Horrez gain, titularrak aurkeztu beharko duen dokumentazioa adierazten da.

Kutsadura Prebenitzeko Atalak proiektuaren bateragarritasunaren berri eman du, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Dekretua (zeinaren bidez berrikusten baitira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak) aintzat hartuta, eta, adierazi duenez, proiektua aldez aurreko instalazio baten ekoizpen orientazioaren aldaketatzat jo behar da, amaierako gaitasuna handitzeko, eta, lurzorua eta lurpeko urak babesteko, ingurumen baimen bateratuaren izapideek ebaluatuko dutela neurriak egokiak diren ala ez lurzoruaren eta uren kalteak prebenitzeko eremu zaurgarrian.

Azken alderdi horri begira, eremu zaurgarriak babesteko jardueraren baimenean finkatuko diren zehaztapenekin bat, proiektatutako aldaketak ez du atxikiko eremu zaurgarrian kokatutako partzela berriak simaurrak aplikatzeko lurralde planean, nekazaritza aprobetxamendurako.

Iragarkiaren kodea: F2306011