94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko apirilaren 19an hartua, "Ura banatzeko sarea berritzea Zalaingo biltegiko giltza-ganberatik Berako (Nafarroa) Foru Plazaraino" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

2022ko abenduaren 21ean, Berako Udalaren osoko bilkurak erabaki zuen "Ura banatzeko sarea berritzea Zalaingo biltegiko giltza-ganberatik Berako (Nafarroa) Foru Plazaraino" izeneko proiektua onestea eta jendaurrean jartzea hamabost egunez, eta, horrekin batera, hasierako onespena eman zion proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendari.

Jendaurrean egotea epea bukatuta, 2023ko martxoaren 22an, Berako Udalaren osoko bilkurak erabaki zuen behin betiko onestea aipatutako proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztutako alegazioak ezetsi zituen. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta ondasun eta eskubide horiek okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua gauzatzeak ukituko dituen ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da herriko alde horretan ura banatzeko sarea berritu behar delako. Izan ere, gaur egun, sarea kontserbazio egoera txarrean dago, eta ur-ihes asko ditu. Obrarekin, herritarrei eta industriei hornidura egokia eta etengabea bermatzea bilatzen da. Gauzak horrela, Berak ur-murrizketak ditu uda partean, eta gaur egun hornidura-arazoak ditu. Beraz, sarearen ur galerak nabarmen murriztu behar dira, erregistratu gabeko urarengatiko kontsumoak murrizteko eta sarearen biltegiratze-ahalmena handitzeko. Helburu horiek Zalaingo biltegiaren eta Foru Plazaren artean ura banatzeko sarea berrituz lor daitezke, sarean dauden ihesak desagertuko direlako eta sarearen biltegiratze-ahalmena handitzen delako, sareari biltegi berri bat gehituta.

Nafarroako Gobernuak, Berako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Ura banatzeko sarea berritzea Zalaingo biltegiko giltza-ganberatik Berako (Nafarroa) Foru Plazaraino" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Berako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2306209