94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

27/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, araubide bereziko kirol ikasketen barrenean Eskubaloiko kirol teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

ZIOEN AZALPENA

1

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza maila bakoitzak ezarritako betebeharren arabera. Horrez gain, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluan (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen dira bertan), zehazki, 5. artikuluko h) letran, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol teknikarien prestakuntza garatzea eta arautzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak kirol ikasketen antolaketa eta haren egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean artikulatzen ditu, zeinean kirol ikasketetako zikloek zeregin garrantzitsua betetzen baitute ikasleek kirol jarduera edo modalitate batean lan egiteko behar duten prestakuntzari begira. Eredu horrek, gainera, ikasleei laguntzen die lan eta kirol munduaren bilakaerari eta herritarren aktibotasunari egokitzen.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala ezartzen du, produkzio sektorearen eskakizunei erantzutera bideratutako prestakuntza ekintzen esparruan. Kirol ikasketen modalitate batzuek lanbide-heziketaren kontzeptu orokorrarekin lotzen dituzten ezaugarriak dituzte, baina horrek ez dakar uko egin behar izatea kirol-sistemara bideratutako berariazko eskaintza bat izateari, hau da, Gorputz eta Kirol Jardueren lanbide-arloak hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren barnean sektoreko gainerakoarentzat egiten duen eskaintzatik bereizitako eskaintza bat izateari.

Foru dekretu honen bitartez, Eskubaloiko kirol teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum horrek 900/2021 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Eskubaloiko kirol teknikariaren titulua ezarri eta haren oinarrizko curriculuma eta sartzeko baldintzak finkatzen dituena, garatzen du, 1363/2007 Errege Dekretua, urriaren 24koa, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena, aplikatuta, eta Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak baliatuta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortuta.

Bestalde, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuak (haren bidez araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean) eredu bat zehaztu du araubide bereziko kirol ikasketen curriculuma garatzeko, egokitzeko modukoa kirol modalitate eta espezialitate bakoitzaren ezaugarri eta helburuetara, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere.

Horregatik, Eskubaloiko kirol teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatera egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan titulu horren curriculuma eratzen duten elementuak jorratzen dira: antolaketa, lanbide-erreferentea, curriculuma, ikasketen iraupena, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Ikasketa horiek antolatzeari dagokionez, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluko a) letran ezartzen denez, erdi mailako kirol ikasketak bi ziklotan banatuko dira: erdi mailako hasierako zikloa eta erdi mailako bukaerako zikloa. Hori dela eta, foru dekretu honek ikasketa horien antolaketa eta iraupena ezartzen ditu 3. artikuluan.

3

Titulu horren lanbide-erreferenteak, arau honen 4. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan jarduerari lotutako ingurune profesionala, pertsonala eta lanekoa eta kirolekoa.

4

5. artikulua, hari lotuta dauden 2. eta 3. eranskinekin batera –hasierako eta bukaerako zikloei dagozkie, hurrenez hurren–, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, moduluen izena eta iraupena daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten moduluen garapena. Modulu guztietan, curriculumak egitura bera du: lehenik, multzo komun bat, bere baitan dituena kirol ikasketen modulu komunak (kirol hastapena, kirol teknifikazioa eta goi errendimendua izeneko prozesuei dagozkien lanbide gaitasunei lotutako prestakuntza); bigarren, multzo espezifiko bat, bere baitan dituena kirol prestakuntza zientifiko eta teknikoko moduluak, espezialitate bakoitzari dagozkionak; eta, azkenik, prestakuntza praktikoaren multzoa, 6. artikuluan eta 4. eranskinean tratatzen dena. Ziklo bakoitzeko multzo komuna eta espezifikoa gainditu ondoren eginen da prestakuntza praktikoaren multzoa.

5

Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko baldintzei dagokienez, 7. artikuluan arautzen dira Eskubaloiko kirol teknikariaren ikasketetako sarrera proba berariazkoak eta eskatzen diren kirol beharkizunak (hori guztia 5. eranskinean garatzen da).

Orobat, 11. artikuluan azaltzen da ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzeko aukera, eta 12. artikuluan eta 6. eta 10. eranskinetan azaltzen dira titulu honen baitan dauden moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, bai eta baliozkotze eta salbuespenak ere.

6

13. artikuluan honako hau azaltzen da (7. eranskina du lotua): irakasleek eduki beharreko titulazioa, tituluen baliokidetasunak irakaskuntzaren ondorioetarako, tituluen baliokidetasunak prestakuntza praktikoaren multzoaren segimendua egiteko, baita sartzeko probak egiteko ere, eta ikastetxe publikoetako irakasleen beharkizunak.

7

Azkenik, foru dekretu honek azaltzen dituen azkeneko elementuak hauek dira: espazioak eta ekipamendua eta irakasle/ikasle ratioa. 16. eta 17. artikuluetan eta horiekin loturik dauden 8. eta 9. eranskinetan azaltzen dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren hamabostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Eskubaloiko kirol teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori araubide bereziko kirol ikasketen barrenean kokatzen da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Eskubaloiko kirol teknikari titulua elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Eskubaloia.

b) Maila: Erdi mailako kirol ikasketak.

c) Iraupena: 1030 ordu.

d) Europako erreferentea: HNSN-3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Antolaketa.

Eskubaloiko kirol teknikari titulua eskuratzeko ikasketak bi ziklotan banatzen dira:

a) Eskubaloiko erdi mailako hasierako zikloa, 430 ordukoa.

b) Eskubaloiko erdi mailako bukaerako zikloa, 600 ordukoa.

4. artikulua. Lanbide-erreferentea eta lanbide-jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta ingurune profesionala, lan ingurunea eta kirol ingurunea ere.

5. artikulua. Curriculuma.

1. Zehazki, 2. A) eranskinean jasotzen dira eskubaloiko erdi mailako hasierako zikloko kirol-ikasketen helburu orokorrak. Foru dekretu honen 2. B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

2. Foru dekretu honen 3. A) eranskinean jasotzen dira eskubaloiko erdi mailako bukaerako zikloko kirol-ikasketen helburu orokorrak, eta 3. B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

3. Ikasketa hauek ematen dituzten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute Eskubaloiko kirol teknikariaren ikasketen modulu bakoitzerako. Garatzen duten lan unitateen bitartez zehaztuko da programazioa.

6. artikulua. Prestakuntza praktikoaren modulua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 18. artikuluan azaltzen da prestakuntza praktikoaren modulua nolakoa izanen den.

2. Oro har, foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako kirol ikasketako moduluetan ebaluazio positiboa lortu ondoren, egoki diren prestakuntza praktikoaren moduluak garatuko dira.

7. artikulua. Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko betekizunak.

1. Eskubaloiko erdi mailako hasierako ziklora sartzeko, beharrezkoa izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua edo baliokidea izatea, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

2. Eskubaloiko erdi mailako bukaerako ziklora sartzeko, beharrezkoa izanen da eskubaloiko erdi mailako hasierako zikloa gaindituta izatea.

3. Eskubaloiko erdi mailako hasierako zikloko ikasketetara Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulurik gabe sartzen ahal da, baldin eta izangaiak urriaren 19ko 900/2021 Errege Dekretuan ezarritako berariazko beste betekizunak betetzen baditu, adin baldintzak betetzen baditu eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 31.1.a) artikuluan ezarritako proba gainditzen badu.

4. Gainera, Eskubaloiko erdi mailako hasiera ziklora sartzeko beharrezkoa izanen da 5. eranskinean ezartzen den RAE-BMBM101 proba gainditzea edo gutxienez denboraldi batez federazio-lehiaketan parte hartu izana frogatzen duen kirol merezimendua entregatzea. Edozein kategoriatan jokatu izanak balio du, haur-kategoriatik absolutura.

Espainiako Eskubaloi Federazioak emanen dio Errege Dekretu horretan ezarritako kirol merezimendua frogatzeko egiaztagiria eskatzaileari.

Berariazko proba gainditzeko beharrezkoa izanen da bertan azaltzen diren ebaluazio irizpide guztietan ebaluazio positiboa lortzea.

8. artikulua. Sarrera-proba espezifikoen eraginak eta indarra.

1. Eskubaloiko erdi mailako hasierako ziklorako ezartzen den sarrera-proba gainditzeak Estatuko lurralde osoan izanen ditu eraginak.

2. 5. eranskinean ezartzen diren proba espezifikoak gainditzeak 18 hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

9. artikulua. Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak proba espezifikoa gainditzetik salbuestea.

Eskubaloiko erdi mailako hasierako ziklorako proba espezifikoa gainditzetik salbuetsirik egonen dira honako hau frogatzen duten kirolariak:

a) Goi mailako kirolaria izatea eskubaloiko kirol modalitatean edo espezialitatean, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen baldintzen arabera.

b) Autonomia-erkidegoek eskubaloiaren modalitatean errendimendu handikotzat edo horren baliokidetzat kalifikatutako kirolari izatea, haien araudiaren arabera.

b) Kategoria nazionaleko klub bateko plantillakoa izatea denboraldi batez, edo hondartzako eskubaloiko 4 lehiaketa ofizialetan parte hartu izana.

10. artikulua. Desgaitasuna frogatzen dutenak sartzeko beharkizunak.

Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera sartzen ahal dira ziklo hauetara desgaitasuna duten pertsonak, eta administrazio eskudunen betebeharra da arrazoizko egokitzapenak egitea, sarbide horrek ez dezan sortu bidegabeko murrizketarik, aukera berdintasunaren kontra.

11. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

Eskubaloiko kirol teknikari tituluak Batxilergoko edozein modalitatetara sartzeko aukera ematen du.

12. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak ezarriko du foru dekretu honetan araututa dauden ikasketetatik zer multzo komun baliozkotzen ahal zaizkien honako ikasketa edo titulu hauek frogatzen dituztenei:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura, irailaren 24ko 1670/1993 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadunaren unibertsitate titulu ofiziala eta hura eskuratzeko ikasketa planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dira.

b) Gorputz Hezkuntzako diplomatura eta Gorputz Hezkuntzako lizentziatura, apirilaren 24ko 790/1981 Errege Dekretuan arautuak. Dekretu horretan Gorputz Hezkuntzako institutu nazionalak eta horietan ematen diren ikasketak ezartzen dira.

c) Gorputz Hezkuntzan espezializatutako irakaslearen titulua, abuztuaren 30eko 1440/1991 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan irakasle izateko unibertsitate titulu ofiziala eta haren espezialitateak ezartzen dira, bai eta hura eskuratzeko ikasketa planetarako jarraibide orokor berariazkoak ere.

d) Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan araututako hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako jarduera fisikoen eta kirol jardueren familiako edozein titulu, bai eta baliokidetzat jotzen direnak ere.

e) Graduduna, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan aratua. Errege dekretu horretan, gaitasun egokiak eskuratzea bermatzen duten unibertsitate ikasketa ofizialen ordenamendua ezartzen da.

f) Batxilergoa, zehazten diren gaietan.

g) Abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako tituluak. Dekretu horretan kirol teknikari tituluak eskuratzeko araubide bereziko ikasketak ezartzen dira, eta tituluetako jarraibide orokorrak eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak onartzen.

2. Zehazki, 6. A) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen titulu honetako kirol ikasketetako gaitasun unitateen eta moduluen artean, haiek egiaztatzeko.

3. Zehazki, 6. B) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen moduluen eta titulu honetako kirol ikasketetako gaitasun unitateen artean, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko.

4. Zehazki, 10. A) eranskinean ezartzen da zer baliozkotze egiten ahal diren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako moduluen eta Eskubaloiko kirol teknikari tituluko multzo espezifikoko kirol ikasketetako moduluen artean.

5. Baliozkotu eginen dira kirol ikasketetako modulu komunak eta espezifikoak, izen eta kode berberak izanez gero.

6. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako edozein modalitate edo espezialitatetan, 1. edo 2. mailako multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, baliozkotu eginen dira eskubaloiko dagokion zikloko –hasierakoa zein bukaerakoa– multzo komuneko modulu guztiak. Eskubaloiko kirol teknikari tituluko hasierako zikloan edo bukaerako zikloan multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, dagokien mailako multzo komuneko modulu guztiak baliozkotuko dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluetan.

7. Foru dekretu honetan araututako zikloetako prestakuntza praktikoko modulua salbuesten ahal da, osorik edo partez, segun zer korrespondentzia duen kiroleko edo laneko esperientziarekin. 10.B) eranskinean zehazten da.

13. artikulua. Irakasleen titulazioak, eta beharkizunak betetzearen frogagiriak.

1. Eskubaloiko kirol teknikari tituluko hasierako eta bukaerako zikloetako moduluetan irakasteko eskudantzia duten irakasleen titulazio beharkizunak foru dekretu honen 7. eranskinean jaso dira.

14. artikulua. Irakasleek izan beharreko tituluak ikastetxe publikoetan jarduteko.

Ikastetxe publikoetako irakasleen titulazio beharkizuna irakatsiko duten kirol ikasketetako multzoaren araberakoa izanen da:

1. Foru dekretu honen 7.A) eranskinean ezarritakoari jarraikiz, bertan adierazitako irakasle funtzionarioen kidegoetako eta espezialitateetako irakasleei dagokie foru dekretu honetan araututako zikloko kirol ikasketetako multzo komuneko moduluak irakastea, ikastetxe publikoetan.

2. Zehazki, 7. B) eranskinean zehazten da nori dagokion ikastetxe publikoetan foru dekretu honetan araututako zikloko kirol ikasketetako multzo espezifikoko moduluak irakastea, eta honako profil hauei dagokie:

a) Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako Gorputz Hezkuntzako espezialitateko irakasleak, Eskubaloiko goi mailako kirol teknikari titulua badute, edo Eskubaloiko goi mailako kirol teknikariarena, edo Eskubaloiko kirol teknikariarena.

b) Eskubaloiko goi mailako teknikari titulua duten irakasle espezialistak, edo titulurik izan ez arren, lan- eta kirol-munduan edo irakaskuntzan esperientzia frogatzen ahal duten pertsonak. 7.C eranskinean zehazten da.

3. Hezkuntza administrazioek baimentzen ahal dute Eskubaloiko goi mailako teknikari titulurik ez duten baina Gorputz Hezkuntzan espezializatuta dauden Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleek irakasle espezialista bati dagozkion multzo espezifikoak irakastea, baldin eta helburu horretarako taxututako edo hezkuntza administrazioek onartutako trebakuntza, edo lan-esperientzia, kirol-esperientzia edo irakaskuntza-esperientzia badute. 7.C eranskinean zehazten da.

15. artikulua. Titulazio-beharkizunak ikastetxe pribatuetako irakasleentzat eta hezkuntzaz bestelako administrazioetako titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat.

Foru dekretu honen 7.D) eranskinean azaltzen da zer titulu eskatzen zaizkien ikastetxe pribatuetako edo hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleei, foru dekretu honetan araututako zikloa osatzen duen multzo komuneko zein espezifikoko moduluak irakasteko.

16. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.

1. Eskubaloiko kirol teknikari tituluko ikasketak emateko baimenduta dauden ikastetxeek izan behar dituzten espazioak eta ekipamenduak foru dekretu honen 8. eranskinean jaso dira.

2. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta ikasketen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

17. artikulua. Irakasle/ikasle ratioa.

1. Multzo komuneko moduluak emateko, irakasleen eta ikasleen arteko ratioa 1/30 izanen da.

2. Eskubaloiko multzo espezifikokoa emateko, irakasleen eta ikasleen arteko ratioa foru dekretu honen 9. eranskinean jasotakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Lanbideko jarduna arautzea.

Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, foru dekretu honetan jasotako elementuek ez dute osatzen inolako lanbide tituluduneko jardunaren erregulaziorik.

Bigarren xedapen gehigarria.–Tituluaren erreferentzia, Europako esparruan.

Kualifikazioen Espainiako esparrua Europako gomendioei jarraikiz eratu ondoren, titulazio horri Espainiako esparruan dagokion maila finkatuko da, baita Europako esparruan dagokien baliokidea ere.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Tituluko moduluen urrutiko eskaintza.

11. eranskinean ezartzen diren kirol irakaskuntzako moduluak urrutitik eskaintzen ahal dira betiere bermatzen bada ikasleek horien ikaskuntzaren emaitzak lor ditzaketela, foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.–Hasierako zikloa gainditu izana egiaztatzeko gako identifikatzailea.

Eskubaloiko erdi mailako hasierako zikloa gainditu izana egiaztatzen duten ziurtagiri ofizialen gako identifikatzaileak (urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 15.4 artikuluan aipatzen da) hauxe hartu behar du barne:

a) Ikasketen ziurtagiri ofiziala: CA.

b) Autonomia-erkidegoko digitua: otsailaren 22ko ECD/454/2002 Aginduaren IV. eranskinean ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuak araututako kirol teknikarien titulazioak lortzeko irakaskuntzen ebaluazio-txostenen oinarrizko elementuak eta ikasleen mugikortasuna bermatzeko beharrezkoak diren ebaluazio-prozesutik eratorritako baldintza formalak ezartzen dira.

c) Kirol modalitateko digituak: BMBM.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Titulazio baliokideak.

1. Eskubaloiko kirol teknikariaren tituluak, martxoaren 5eko 361/2004 Errege Dekretuan ezarritakoak, foru dekretu honetan ezarritako eskubaloiko kirol teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izanen ditu. Dekretu horren bidez, eskubaloiko kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezarri, irakaskuntza komunak onartu eta irakaskuntza horietara sartzeko probak arautu ziren.

2. Martxoaren 5eko 361/2004 Errege Dekretuan ezarritako lehen maila gainditu izanaren ziurtagiriak errege dekretu honetan araututako eskubaloiko erdi mailako hasierako zikloaren ondorio profesional eta akademiko berberak izanen ditu.

Seigarren xedapen gehigarria.–Tituluaren erreferentziazko araudia.

Foru dekretu honetan jasotzen ez diren alderdietan, urriaren 19ko 900/2021 Errege Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio.

Xedapen iragankor bakarra.–Erdi mailako hasierako zikloan sartzea.

1. Honako hauek salbuetsita egonen dira 2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan 20.1 artikuluan aipatzen den sarbide-betekizuna egiaztatzetik: EAEko edo Espainiako eskubaloiko kirol-federazioek antolatutako kategorietan lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten taldeetan entrenatzeko eskarmentua egiaztatzen dutenak. Eskarmentu horrek urriaren 19ko 900/2021 Errege Dekretua indarrean hasi baino gutxienez bi denboraldikoa izan behar du.

2. Espainiako Eskubaloi Federazioak kirol eskarmentua egiaztatzeko ziurtagiria eman behar du.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

2023-2024 ikasturtetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak noiznahi ezar dezake foru dekretu honetan arautzen den curriculuma, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako edozein modalitatetan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculumaren dokumentu osoa PDFn:

Eskubaloiko kirol teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F2304403