93. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107E/2023 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmena egiteko esnetarako behi aziendaren ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat biltzen dituen instalazio batean. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago, eta Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL dira haren titularrak.

Jadanik baden instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emana, esnetarako behi aziendaren ustiategi baterako eta hondakin organikoen biometanizazio zentro baterako, eta geroago aldatu zena Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 1383/2021 Ebazpenaren bidez.

2021eko abuztuaren 24an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen. Proiektu horren helburua da digestato likidoaren tratamendua ezartzea, laboreak ureztatzeko ur gisa berrerabiltzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko irailaren 22an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko irailaren 22an emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, handitzeko proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2021eko abenduaren 23an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, biometanizazio instalaziotik ateratzen den digestatoaren zati likidoa arazteko instalazio bat paratzeko.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean. Ebazpen honen IV. eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.

Ebazpen proposamena instalazioan interesa dutenei entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen V. eranskinean jaso dira interesdunek aurkeztu dituzten alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko esnetarako behi aziendaren ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat biltzen dituen instalazio batean, Caparrosoko udal-mugartean, digestato likidoaren tratamendua ezartzeko helburuarekin, laboreak ureztatzeko ur gisa berrerabiltzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularrak Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL dira.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen II. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Ebazpen honen II. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, zeinetan adierazten baitu ezen baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela, gehienez ere bost urteko epean.

–Instalazioan ezarrita dagoen ingurumena kudeatzeko sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Digestato likidoa eta haren efluente araztua aldi berean aplikatzeko plan iragankorra, biltegiratze idoietan digestatoa guztiz hustu arte.

–Digestatoa kudeatzeko plana (650170058/1/3) berrikusteko eskaera.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Hibridación Termosolar Navarra SLra, Valle de Odieta SCLra, Caparrosoko Udalera, Refresco Iberia SAra, Greenpeacera, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2305536