93. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106E/2023 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ukatzen baita aldaketa funtsezkoa egiteko Azkoiengo udal-mugartean dagoen behi aziendarako instalazio batean. Instalazioaren titularra Explotaciones Saraliza SL da.

Gaur egun funtzionatzen ari den instalazio horren titularrak, 2022ko otsailaren 17an, bere instalazioan egin asmo zuen aldaketa baten berri eman zuen, produkzioaren orientazioa aldatzeko helburua baitzuen. Zerbitzu honek aldaketa horri buruzko irizpena eman zuen 2022ko otsailaren 21ean, aldaketa funtsezkoa zela iritzita, eta aldaketa funtsezkoaren espediente hau abiarazi zuen.

Instalazio hori sartuta dago Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 13ko 553E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen amaierako inbentarioan, non identifikatzen baitira ingurumen baimen bateraturako ezarritako araubideari heltzen dioten instalazioak (lehenagotik daudenak), hain zuzen ere, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskinean sartuta dagoelako. Hala ere, zerbitzu honetan eskuragarri dagoen informazioaren arabera eta espediente hau izapidetu bitartean Azkoiengo Udalak emandakoaren arabera, gaur egun instalazio horrek jarduera eta irekiera baimena du 70 biga, 70 aratxe urrixa eta 25 behi antzuko (102 AzLU) behi aziendaren ustiategi baterako. Beraz, jarduera sailkatua baimentzeko araubidearen mendeko instalazioa da (2. eranskina, 8.16 taldea).

Nolanahi ere, aurkeztutako proiektuaren ondorioz, instalazioa ingurumen baimen bateratuaren araubidearen mende egotera pasatuko litzateke, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 10.1 taldean sartuko litzatekeelako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2022ko uztailaren 28an emandako txostenaren arabera, "abeltzaintza esparru hurbilenetik biztanlegunera (Azkoiengo lurzoru urbanizagarri industriala) 150 metroko distantzia dago". Beraz, ez dira betetzen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren I. eranskinean ezarritako distantziak.

Bestalde, eta ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, biztanleguneen kanpoaldean dauden instalazioei, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako kokapen baldintzak betetzen ez badituzte, 3. artikuluan ezarritakoa aplikatzen zaie, eta, horregatik, "abelburu gehiago sartzeko baimena ematen ahalko da, baita azienda mota aldatzeko ere, espezie berriak eragin bera edo txikiagoa baldin badu ingurumenean, baina ez instalazioen azalera handitzeko".

Hori dela eta, produkzioaren orientazio aldaketa baimengarria izanen litzateke, baina instalazioen azalera handitu gabe. Horrenbestez, bidezkoa da eskatutako aldaketarako baimena ukatzea, proiektuko baldintzen arabera.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Azkoiengo udal-mugartean dagoen behi aziendarako instalazio batean aldaketa funtsezkoa egiteko baimena ukatzea, helburu duena produkzioaren orientazioa aldatzea, hots, ustiategia oilo erruleen hegazti instalazio bihurtzea. Instalazioaren titularra Explotaciones Saraliza SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Explotaciones Saraliza SLra, Azkoiengo Udalera, Greenpeacera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

Iruñean, 2023ko apirilaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2305540