93. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroa sortzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarriak xedatzen du lurralde erkidean indarrean dauden arauak aplikatuko direla, Foru Komunitateak hitzarmena aplikatzeko behar diren arauak eman arte zerga bereziei eta balio erantsiaren gaineko zergari dagokienez.

Halaber, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen eranskineko bosgarren apartatuak balio erantsiaren gaineko zerga erregimen erkidean arautzen duen legera igortzen du aduanako gordailuez bestelako gordailuen araubidea definitzeko.

Hori guztia dela eta, Nafarroan aplikatzekoa da aduanakoez bestelako gordailuen titularren erantzukizun subsidiarioari buruz Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen eranskineko bosgarren apartatuan jasotako araubidea.

Zehazki, alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuen gordailu fiskalen titularrak produktu horien emateei dagokien zerga-zorraren ordainketaren erantzule subsidiarioak izanen dira, emate horien egileak subjektu pasiboak badira ondasun-inportazioekin parekatutako eragiketetan, eta eragiketa horiek ondasunak aduanakoaz bestelako gordailutik irtetearen edo gordailu-araubide hori uztearen ondorioz sortu badira. Hala ere, erantzukizun subsidiario hori eskatzen ahalko da baldin eta ondasunak ateratzen dituena, edo berak baimendutako pertsona, ez badago sartuta erregelamenduz ezartzen den ateratzaileen erregistroan.

Foru agindu honen xedea da alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroa sortu eta arautzea.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legean.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak ezartzen du zergen arloan eskumena duen departamentuko titularrak behar diren xedapen guztiak ematen ahalko dituela foru lege hori garatzeko eta aplikatzeko.

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroa sortu eta arautzea.

Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroa sortzen da (hemendik aurrera, GFAE edo Erregistroa).

2. artikulua. GFAEren aplikazio eremu subjektiboa.

1. Zerga egoitza Nafarroako Foru Komunitatean izan eta alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituzten pertsona edo entitateek osatuko dute GFAE, haien izaera edozein dela ere.

2. Egoera hauetakoren bat gertatzen denean aterako dira produktuak gordailutik:

a) Aduanakoaz bestelako gordailu-araubidea uztea.

b) Etete-araubidean irtetea beste gordailu fiskal baterantz.

Ateratzailetzat joko dira, hurrenez hurren, ondasun-inportazioekin parekatutako eragiketetako subjektu pasibo diren pertsona edo entitateak, eragiketa horiek alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko eremu objektiboetako produktuak aduanakoaz bestelako gordailutik irtetearen edo gordailu-araubide hori uztearen ondorioz sortu badira; eta etete-araubidean ondasunak beste gordailu fiskal batera bidaltzen dituztenak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da edozein izanda ere gordailu fiskalaren zerbitzuak jasotzen dituen pertsona edo entitatea. Pertsona edo entitate horrek beste bati baimena ematen badio produktuak ateratzeko, baimenduak ere Erregistroan inskribatu beharko du bere burua.

3. Ez da eskatuko Erregistroan inskribatzeko baldin eta aduanakoaz bestelako gordailu-araubideari amaiera eman eta produktua atera ondoren pertsona edo entitate ateratzaileak egiten duen ematea balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita badago.

3. artikulua. GFAEko altaren eta bajaren eskaera.

1. Interesdunak aurrez eskaera aurkeztuta eginen da inskripzioa Erregistroan. Eskaeran adierazi behar dira produktu mota ("A" alkohola eta edari eratorriak edo "H" hidrokarburoak) eta altaren data.

Eskaera hori abenduaren 30eko 427/2013 Foru Aginduak onetsitako F-65 ereduan eginen da: "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena".

Inskripzioaren beharra dakarten eragiketak egin aurretik aurkeztu beharko da altaren eskaera.

2. Erregistroan egoteari utzi nahi diotenek baja eskatu beharko dute. Horretarako F-65 eredua bete eta aurkeztu beharko dute, bajaren data adierazita.

Baja eskaera hilabeteko epean aurkeztu beharko da inskripzioaren beharra azkentzen denetik hasita. Baja eskatuta ere, ukitutako pertsonak edo entitateak dagozkion aitorpenak aurkeztu eta zerga betebeharrak bete beharko ditu.

4. artikulua. GFAEren kudeaketa eta administrazio-egiaztapena.

1. Nafarroako Foru Ogasunari dagokio Erregistroa eratu eta mantentzea. Horretarako behar diren zuzenketak eta bajak egiten ahalko ditu, hurrengo artikuluetan adierazitakoaren arabera.

2. Lan hori errazteko, Zerga Administrazioak GFAEko altaren edo bajaren deklarazioa frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatzen ahalko du.

Bereziki, bermatze aldera Erregistroko altaren edo bajaren deklarazioak egokiro betetzen duela bere egitekoa ukitutako zergen kudeaketan, Zerga Administrazioak eskatzen ahalko du memoria xehakatu bat aurkezteko, gutxienez honako hauek bilduko dituena: GFAEn sartzeko eskaera justifikatzen duten arrazoiak; egin beharreko eragiketak; eta Erregistroan sartzea justifikatzen duten eragiketetarako behar adinako enpresa-gaitasunaren egiaztapena. Memoria horri gehituko zaizkio edukia egiazkoa dela erakusten duten frogabide guztiak.

3. Bat etorriz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 65 bis artikuluan xedatutakoarekin, GFAEn inskribatu aurretik, iruzurraren aurka borrokatzeko prebentzio neurri gisa, Zerga Administrazioak bermetzat eskatzen ahalko du kreditu entitate batek emandako abal solidarioa jartzeko, eta horren zenbatekoa izanen da alkoholaren eta edari eratorrien edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuei dagozkien eragiketa horiengatik urte naturala amaitu arte ustez sortzen ahal diren zergen kuoten zenbatekoa, pertsona edo entitate ateratzailea izanda zerga horien subjektu pasiboa.

Erregistroan inskribatuta emandako urte bakoitzeko beste berme batzuk eskatzen ahalko dira aurrekoen ordez. Berme horien zenbatekoa bi hauetatik txikiena izanen da: alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuekin aurreko urtean egindako eragiketa horietatik sortutako kuotak, guztira; edo aipatu zergen eremu objektiboetako produktuekin uneko urterako aurreikusten diren eragiketa horien kuotak, guztira.

Betiere, bermea kitatu eginen da Zerga Administrazioak uste duenean hura eskatzea eragin zuten inguruabarrak desagertu direla.

5. artikulua. GFAEn sarrera ukatzea.

1. Zerga Administrazioak GFAEn sartzea ukatzen ahalko du kasu hauetan:

a) Zergapekoak ez baditu betetzen Zerga Administrazioak egindako errekerimenduak, aurreko artikuluan xedatutakoari dagokionez, horretarako emandako epean.

b) Zerga Administrazioak, egiaztapenak eginda, uste badu ez dagoela justifikatuta inskripzioaren beharra, edo ez badira egiaztatzen egin beharreko eragiketak edota horiek gauzatzeko behar adinako baliabide materialak, giza baliabideak edo finantza baliabideak.

c) Zergapekoak edo egitatezko nahiz zuzenbidezko administratzaileek beren zerga betebeharrak egunean ez badituzte.

d) Zergapekoak, haren bazkideek edo egitatezko nahiz zuzenbidezko administratzaileek Ogasun Publikoaren kontrako delituengatik kondena jaso badute, edo arrazoi beragatik ikerketapean badaude, auzia largesten ez den bitartean.

e) Erregistroan kautelazko baja emateko bidea ematen duen inguruabarren bat gertatzen bada, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Sarrera ukatzeko erabakia ukituari jakinaraziko zaio, arrazoiak espresuki adierazita.

6. artikulua. Kautelazko baja GFAEn.

1. Zerga Administrazioak ofizioz erabakitzen ahalko du kautelazko baja ematea Erregistroan dauden pertsona edo entitateei, baldin eta:

a) Egiaztapen batean ikusten bada ez direla egia interesdunek adierazitako gertaerak edo inguruabarrak, eta, bereziki, ez dela egia adierazitako jarduera edo xede soziala, edo ez dela garatzen ari adierazitako helbidean, edo ez direla helbide fiskal horretan garatzen ari negozioen benetako kudeaketa administratiboa eta zuzendaritza; eta, halaber, adierazitako inguruabarrei ez zaiela eusten egiaztatzen denean.

b) Tributu arloko jarduketa edo prozeduraren baten jakinarazpenean zergapekoa ezezaguna gertatzen bada.

c) Egiaztatzen bada zergapekoak alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuei dagozkien eragiketetan esku hartu duela eta horien ondorioz ez dituela bete zerga berezien edo balio erantsiaren gaineko zergaren arloko zerga betebeharrak, edo azken zerga horretan onura edo itzulketa fiskalak bidegabe lortu dituela.

2. Kautelazko baja ukituari jakinaraziko zaio, arrazoiak espresuki adierazita. Bera eragin zuten arrazoiak desagertzen badira, kendu eginen da.

Behin betiko baja ere bilakatzen ahalko da, aurretik interesdunari entzunda.

3. Kautelazko baja erabakitzeak ez du zergapekoa salbuetsiko bete gabeko betebeharretatik.

7. artikulua. GFAEn inskribatutako datuak ofizioz zuzentzea.

1. Erregistroan ageri diren datuak ofizioz zuzenduko dira zerga kudeaketako edozein espedientetan emandako ebazpen batek hala xedatzen duenean, aurretik interesdunari entzunda.

Hala ere, zilegi izanen da entzunaldiaren izapidea ez egitea Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 86. artikuluan aurreikusten diren kasuetan.

2. Zerga Administrazioak ofizioz erabakitzen ahalko du GFAEn baja ematea inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Identifikazio fiskaleko behin-behineko zenbakia esleituta dagoela, ez bada aurkezten identifikazio fiskaleko behin betiko zenbakia eskuratzeko behar den dokumentazioa otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako epean (dekretu horrek identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen ditu); non eta ez den epe horretan behar bezala justifikatzen dokumentazioa aurkeztu ezina.

b) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 71.1 artikuluan aipatutako kasuak gertatzen badira.

c) Urtebete baino gehiagoz jakinarazpen elektronikoak hartzeari uko egiten bazaio.

d) Hiru zergalditan edo hiru likidazio-alditan zehar kaudimengabeziagatiko zorrei baja eman bazaie.

3. Ebazpena beti arrazoituko da, kontuan hartu diren gertaeren eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginez.

4. Zuzenketa erabakitzeak ez du zergapekoa salbuetsiko bete gabeko tributu betebeharretatik.

8. artikulua. GFAEn sartzea, kanpo uztea eta publikotasuna.

1. Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroan edozein pertsona edo entitate sartu edo kanpo utzi, produktu mota horietako baterako edo besterako eginen da. Zerga berezien arloan eskumena duen atalak sartzeko edo kanpoan uzteko ebazpen arrazoitua eman eta biharamunetik hasita sortuko dira ondorioak. Ebazpen hori pertsona edo entitate interesdunari jakinarazi beharko zaio.

2. Erregistroan egotea publikoa izanen da, eta noiznahi kontsultatzen ahalko dute, bide elektronikotik, alkoholaren eta edari eratorrien gaineko eta hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuen gordailu fiskalen titularrek. Zerga Administrazioak Erregistroko operadoreen egoera kontsultatzeko behar diren sistema teknikoak jarriko ditu.

9. artikulua. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

1. Zergapekoei jakinarazi beharko zaizkie alta eta baja eskaerei buruzko ebazpenak eta Erregistroan sartzea ukatzeko, kautelazko baja emateko edo GFAEko datuak zuzentzeko ofizioz hartutako erabakiak.

Jakinarazpena eginen da bat etorriz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan eta Nafarroako Foru Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoa arautzen duen abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

2. Ebazpen eta erabaki horiek administrazio egintzak dira eta haien aurka berraztertze errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

Xedapen gehigarri bakarra.–Datu pertsonalen tratamendua.

Zergapekoak bere tributu eskubide eta betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.

Xedapen iragankor bakarra.–Ofizioz GFAEn sartzea.

Honako hauek, alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroari buruzko araudiak indarra hartzen duenean, erregistro horretan sartutzat joko dira, produktu mota bati edo besteari dagokionez: batetik hidrokarburoen operadoreak, petrolio produktuen handizkako operadoreen zerrendan badaude (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiko Hidrokarburoen eta Erregai Berrien Zuzendariordetza Nagusiak kudeatzen du zerrenda hori); eta bestetik, kuota jasanaraziei buruz 2022an aurkeztutako informazio aitorpenetan alkoholaren eta edari eratorrien gaineko zerga berezien kuoten jasaile gisa ageri diren pertsonak eta entitateak (aitorpen horiek ekainaren 12ko 211/2013 Foru Aginduan aurreikusten dira, zeinaren bidez onesten baita «Fabrikazioaren gaineko zerga bereziak. Kuota jasanarazien informazio aitorpena» izeneko 548 eredua). Ondorio horietarako ofiziozko alta jasoko dute erregistro horretan, ezertan galarazi gabe gerora behar diren egiaztapenak egin ahal izatea.

Azken xedapenetako lehenengoa.–Aldatzea 427/2013 Foru Agindua, abenduaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena" F-65 aitorpen-eredua onesten duena.

Abenduaren 30eko 427/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluari "m" letra gehitzen zaio:

"m) Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroan alta edo baja aitorpenak egin behar dituzten pertsonek edo entitateek, apirilaren 25eko 31/2023 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz."

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko apirilaren 25etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2306506