90. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 17koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraioaren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2023ko apirilaren 19rako, 07:00etatik 10:00 arte, egindako greba-deialdia dela eta.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba-deialdia dela eta, Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, deitutako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.

Horregatik, ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek 2023ko apirilaren 19rako, 07:00etatik 10:00etara, egindako greba-deialdia dela eta, proposatzen da behar den foru aginduaren bidez ezar daitezela Nafarroako Foru Komunitatean errepideko erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren eta erabilera mugatuko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak.

Deialdi honetako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da honako hau lanuzte partzial bat dela eta, deialdiaren ordutegiagatik, ukituko direla bai erabiltzaile guztientzako garraio zerbitzuak bai eskola-umeentzat egiten diren erabilera mugatuko garraio erregularraren zerbitzuak. Hortaz, gutxieneko zerbitzuak zehaztu behar dira erabiltzaile guztientzako garraio erregularraren zerbitzuetarako eta eskola umeentzat egiten diren erabilera mugatuko garraio publiko erregularraren zerbitzuetarako.

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 37 zerbitzuren titularra da.

Kontzesio horien ustiapen datuen arabera, kalkulatzen da urtean zehar 122.638 espedizio egiten direla, 1.997.490 bidaiari garraiatuz. Lanegun batean, gutxi gorabehera 6.500 pertsonak erabiltzen dituzte erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietan.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako egin beharreko joan-etorri horiei behar bezala erantzuteko.

Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da, orobat, grebak errepideko bidaiari-garraioaren zerbitzuan izanen duela eragina bakarrik. Greba horrek garraio zerbitzu horretan bakarrik izanen du eragina; hortaz, zerbitzu horien eskaera ez da batere gutxituko; izan ere, garraio publikoan joan-etorriak egiteko arrazoiek bere horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Gainera, kontuan hartu da greba-deialdia asteazken baterako dela, laneguna eta eskola-eguna baita. Egun horretan 704 espedizio egiten dira, eta horietatik 161, hots, guztien %23, 07:00etatik 10:00 bitarte egiten dira. Egun horretan eta ordu horietan, joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen dira, hala nola osasun zentroetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara joateko, eta, hortaz, garraio faltak kalte larriak ekarriko lizkieke erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu partikularrik gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Horregatik, egoki ikusi da gutxieneko zerbitzu gisa ezartzea egun horretan eta ordu horietan baizik egiten ez diren espedizioak eta, orobat, goiz horretan (08.00etatik 14:00etara) beste ordu batzuetan eskaintzen ez direnak.

Greba hasteko finkatutako ordua baino lehen hasten diren espedizioak oso-osorik eginen dira, aurreikusitako ordutegiaren arabera.

Arestian aipatutako joan-etorriei eskola umeentzat erabilera mugatuko zerbitzu erregularraren bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie.

Eskola umeentzako garraio zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa kontuan hartuz gero. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, Hezkuntza Departamentuak eskolara joateko garraiorako eskubidea onartzen die irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoei, Lehen Hezkuntzakoei eta Bigarren Hezkuntzakoei) eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako ikasleei, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Bada, 2022-2023 ikasturtean, gutxi gorabehera 14.000 ikasle dira Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak (278 ibilbide busez eta 115, berriz, taxiz). Kopuru horri gehitu behar zaizkio eskola-garraioa derrigorrezko hezkuntzaren ondoko beste irakaskuntza batzuetan edo titulartasun pribatuko ikastetxeetan erabiltzen dutenak, ikastetxe horietan ikasleen garraiorako zerbitzuak ez baititu Hezkuntza Departamentuak kudeatzen. Ikasturte honetan, eskola-garraiorako 327 baimen eman dira, joan-etorriak egiteko bai titulartasun publikoko ikastetxeetara bai titulartasun pribatuko ikastetxeetara.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Izan ere, sektore hori babesik gabe aurkitzen da adina dela-eta autonomia pertsonalik ez dutelako eta, orobat, ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten garraiobide alternatiboak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (espedizioak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularraren zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin da espediziorik murriztu; izan ere, ikastetxera joateko espedizio bakar bat egiten da, eta beste bat erabiltzaileak etxera itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatuta eta erabat okupatuta daudelako.

Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzuei eustea. Irizpide hori bat dator erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularrarentzat hartutakoarekin, non, kontzesio bakoitzean, bidaia bat joateko eta beste bat etortzeko eta trafiko guztien estaldura bermatzen baitira; irizpide hori eskola umeen garraioari aplikatzeak berekin dakar zerbitzuei eustea.

Desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek 2023ko apirilaren 19rako, 09:30etik 10:00 arte, Nafarroan errepideko bidaiari-garraioaren sektorerako egin duten greba-deialdia dela eta, grebak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuak: egun horretan baizik egiten ez diren espedizioak eta, orobat, goiz horretan (08.00etatik 14:00ak arte) beste ordutegi batzuetan eskaintzen ez direnak.

Greba hasteko finkatutako ordua baino lehen hasten diren espedizioak oso-osorik eginen dira, aurreikusitako ordutegiaren arabera.

b) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

–Ikasleen garraioa: etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

–Desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

c) Autobus geltokietan, gutxieneko zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die foru agindu honen eraginpeko enpresa kontzesio-hartzaileei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauei: ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuei; Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik, errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuak ematen dituzten enpresei; Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari; eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko apirilaren 17an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2306005