90. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

207/2023 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kontratazio zerrenda irekietan inskribaturik dauden izangaiek beren merezimenduak eguneratzeko epea ezartzen duena.

Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347/2017 Foru Aginduaren bidez, onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako.

Arau horren 3.2 artikuluaren arabera, zerrenda irekietan inskribatzeko eskaeren hurrenkera ezartzeko, lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak baloratuko dira, zerbitzu urte bakoitzeko puntu 1 emanez, edo proportzioan dagokiona.

Merezimenduen eguneratzeari buruz 3.6 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, egoki da epe bat irekitzea zerrenda irekietan inskribaturik dauden izangaiek lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak eguneratu ditzaten. Eguneratzeko kontuan hartuko den data 2023ko apirilaren 30a da. Beraz, ordura arte emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuan eta haren erakunde autonomoetan emandako zerbitzuak aurkeztea; izan ere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ofizioz egiaztatuko ditu.

Urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenei jarraikiz (foru dekretu horren bidez aldatu zen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. Epe bat ezartzea, maiatzaren 1etik 31ra bitartekoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko profesionalen kontratazio zerrenda irekietan inskribaturik dauden izangaiek 2023ko apirilaren 30era arte (egun hori barne) emandako zerbitzuak frogatu ditzaten.

Merezimenduak erregistro elektronikoaren bidez edo edozein administrazio publikotako erregistroaren bidez aurkeztu behar dira, Langilearen Kudeaketarako Unitateari zuzenduta (Leyre kalea 15, Iruña).

Salbuetsita daude Nafarroako Gobernuan eta haren erakunde autonomoetan emandako zerbitzuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko baititu. Beraz, izangaiek ez dituzte horrelakoak aurkeztu beharko.

Goian aipatutako epean aurkeztutako zerbitzuak eguneratzeak 2023ko urriaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko burua, Miguel Garatea Crelgo.

Iragarkiaren kodea: F2306634