90. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Aldaketa, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2023ko otsailaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala aldatzea.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 21ean, eta Beriaingo Udalaren ediktu-taulan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik egin gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari.

Beriainen, 2023ko martxoaren 17an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

BERIAINGO UDALAREN ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALAREN ALDAKETA

Zioen azalpena

Kontuan izanik Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96.3.e) artikuluan xedatua, egokia da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko instalazioaren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala aldatzea, bertan hiru xedapen gehigarri gehituz, udal eskumenak Iruñerriko Mankomunitateari zerbitzuen azpiegitura orokorrak gauzatu, mantendu eta kudeatzearen arloan dagozkion udalez gaindiko eskumenekin koordinatzeko.

Horrenbestez, ordenantza fiskal horri honako hauek gehitu zaizkio:

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Beriaingo Udalaren esparruan, hiri-lurzoru finkatugabearen jabeen betebeharrak betetzeko (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96.3.c) artikuluan xedatuta dago betebehar hori), Udalak, hiri-lurzoru finkatu gabeko unitateetan obra berriak egiteko lizentzia eman aurretik, nahitaezko txosten lotesle bat eskatuko dio Iruñerriko Mankomunitateari. Txosten horretan ebatziko da ea hiri-lurzoru finkatu gabeko unitate horietan lurzoruaren jabeek ordaindu behar dituzten edo ez zerbitzu sare orokorrekin lotzeko azpiegiturak eta lehendik daudenak handitu eta sendotzen laguntzekoak, baldin eta azpiegitura horiek gauzatzea, mantentzea eta kudeatzea Mankomunitatearen eskumenekoa bada, dagokion hiri-lurzoru finkatu gabeko unitateari dagokionez.

Bigarrena.–Aipatu azpiegituren kostua ordaintzeko ekarpen hori egin behar bada, betebehar hori obra-lizentzia emateko ebazpenean jasoko da baldintza gisa.

Hirugarrena.–Lizentziaren xede den obra gauzatzen den lurzoruaren jabeak edo lizentzia horren titularrak egiaztatu beharko du, Iruñerriko Mankomunitateak emandako txosten edo ziurtagiriaren bidez, ekarpena egiteko betebehar hori obrak hasi aurretik bete dela.

Iragarkiaren kodea: L2306033