89. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

92E/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez garatzen baita basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren langileen uniformetasunaren, bereizgarrien eta akreditazioen araubidea.

ZIOEN AZALPENA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baliatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ingurumenaren babesaren, kontserbazioaren, kudeaketaren eta informazioaren arloetan esleitutako eskumenak.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duenak, 63. artikuluan dioenez, Ingurumena Zaintzeko Atalak eginkizun hauek ditu, besteak beste: Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuak zaintzaren, ikuskapenaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboari esleitutako eginkizunak.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuak 11. artikuluan ezartzen ditu Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen uniformetasuna eta lanbide akreditazioa. Bertan jasorik dagoenez, derrigorrezkoa da uniformea eramatea ingurumen zaindariei dagozkien eginkizunetan aritzeko, eta departamentuak berak emanen die uniformea langileei. Salbuespen gisa, koordinatzaileak baimendu dezake uniformea ez erabiltzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren Plan Zuzentzailea onetsi zen. Plan Zuzentzailearen 2.6.4 puntuan (Jantziak) adierazten denez, uniformearen definizioa ematen duen araurik ezean, "uneotan hainbat pieza pertsonalizatuk osatzen dute uniformea, aldian behin maiztasun desberdinarekin berritzen direnak. Lizitazio prozesuen bidez egiten da hornidura, aldi bakoitzean behar diren jantzien arabera. Hornidura horretarako erosketen bolumenak eskatzen du, batetik, uniforme ofiziala foru agindu baten bidez arautu dadila, eta bestetik, esparru akordio bat egin dadila ekipamenduko jantzien hornidura etengabea bermatzeko". Azkenik, Planak helmugatzat ezartzen du uniformeari buruzko foru agindu bat prestatzea.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren eginkizunak kontuan hartuta, beharrezkoa da Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak bereizi, zuzen identifikatu eta haien izaera egiaztatu ahal izateko uniformetasuna, bereizgarriak eta kredentzialak ezartzea.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea da basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsonen uniformetasunaren, bereizgarrien eta akreditazioen araubidea garatzea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuaren 11. artikulua garatzea, uniformetasunari eta akreditazioari buruzko arauen gainekoa.

2. Foru agindu honen helburua da bermatzea basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsonak identifikatzen ahalko direla eta beren eginkizunetan segurtasun, efizientzia eta eraginkortasunez jardunen dutela.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsona guztiei aplikatuko zaie.

II. KAPITULUA

Uniformetasuna

3. artikulua. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen uniformetasuna.

1. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen uniformetasuna haiek identifikatzea ahalbidetzen duten kanpo zeinuen multzoa da.

2. Hauek dira Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak identifikatzeko kanpo zeinuak:

a) Uniformea, alegia, basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsonen eginkizunetarako janzkera egokiena osatzen duten jantziak, agindu honetan ezarritako ezaugarriak dituztenak.

b) I. eranskinean jasotako enblemak.

c) Lanbide akreditazioa (lanbide txartela eta kolektiboaren identifikazio plaka), II. eranskinean jasoa.

4. artikulua. Uniformea.

1. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen uniformea mota desberdinetako jantzien multzo bat da. Jantziok egokiak izanen dira langile horien eginkizunetarako.

2. Uniformeak neguko modalitatea eta udako modalitatea izanen ditu.

3. Neguko modalitatea jantzi hauez osatuko da:

a) Neguko galtzak.

b) Kamiseta termikoa.

c) Neguko polo mahuka-luzea.

d) Neguko jaka.

e) Parka.

f) Neguko bisera edo/eta txanoa.

g) Lepo-berogarri tubularra.

h) Eskularru polarrak.

i) Neguko galtzerdiak.

j) Neguko botak.

k) Uretako botak.

l) Galtza elastiko termikoak.

m) Galtza iragazgaitzak.

4. Udako modalitatea jantzi hauez osatuko da:

a) Udako galtzak.

b) Udako polo mahuka-motza.

c) Udako jantzi polarra edo jaka.

d) Udako galtzerdiak.

e) Udako bisera edo/eta kapela.

f) Udako botak / kirol-oinetakoak.

5. Neguko eta udako modalitateetarako janzki eta osagarri hauek ezartzen dira:

a) Laneko lohihartzekoa.

b) Laneko eskularruak.

c) Gerrikoa.

d) Bizkar-zorroa.

e) Garraio poltsa.

f) Beste batzuk.

6. Aurreko apartatuetan dagoen jantzi eta osagarri zerrenda horretan jantziak gehitu edo kendu ahalko dira, barruti bakoitzeko koordinatzailearen jarraibideen bitartez.

5. artikulua. Uniformearen identifikazioa.

Uniformea osatzen duten jantzietan josita eramanen dira foru agindu honen eranskinetan jasotako bereizgarri, enblema eta logotipo identifikagarriak.

6. artikulua. Uniformearen erabilera.

1. Basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen direnek uniformez behar bezala jantzita egon beharko dute zerbitzuan ari direnean. Debeku da Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren uniformekoak ez diren jantzi, bereizgarri, enblema edo logotipoak erabiltzea zerbitzuan jardun bitartean.

2. Salbuespenez, barruti bakoitzeko koordinatzaileak berariaz eta banaka baimena eman ahalko du uniformea ez erabiltzeko, behar bezala egiaztatu eta arrazoitutako kasuetan. Halakoetan lanbide identifikazioko txartela aurkeztuz eginen da akreditazioa.

3. Zerbitzu orduetatik kanpo debeku da uniformea eta material osagarria erabiltzea.

4. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboan sartzen diren unetik izanen dute uniforme ofiziala, bai eta lanbide akreditazioa ere.

5. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileei behar adina jantzi berri ematen bazaizkie, ez dituzte erabiliko lehengoak, baldin eta jasotako jantzi berrien aldean bestelakoak badira diseinuz, kolorez edo tipologiaz.

7. artikulua. Norbera babesteko ekipamenduak.

Ingurumena Zaintzeko Atalak norbera babesteko beharrezkoak diren jantzi edo elementuak emanen dizkie bere langileei, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren xedapenei jarraikiz. Inola ere ez da erabiltzen ahalko emandakoez bestelako babes jantzi edo elementurik. Jantzi horiek identifikatzen ahalko dira berariaz zehazten diren enblema eta bereizgarriekin, foru agindu honetan adierazten den moduan.

8. artikulua. Kontserbazioa eta mantentzea.

1. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek behar diren neurriak hartuko dituzte uniformeak zaintzeko eta uniformeetako jantziak kontserbatu, mantendu, garbitu eta txukuntzeko, behar bezala eta beren helburuari dagokion eran erabil daitezen.

2. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek uniformeko jantzi guztiak itzuliko dituzte uniformea berritzeko materiala ematen zaienean eta, betiere, beren eginkizunetan aritzeari uzten diotenean.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren uniformeen ehun motak eta materialak aldatzeko ahalmena izanen du langileen eginkizunak betetzeko baldintzetara hobeki egokitu daitezen.

4. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek eskubidea izanen dute uniformeko edozein osagai konpondu edo berria eman diezaieten, hondatu, galdu edo lapurtuz gero. Aurretik jakinarazpena eta justifikazioa aurkeztu beharko dituzte.

9. artikulua. Jantzien diseinua.

Jantzien diseinua, batez ere galtza, polo eta jakena, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunetara eta beharrizan morfologikoetara moldatuko da. Jantzi horiek desgaitasuna duten pertsonentzat ere egokituko dira hala behar denean.

10. artikulua. Uniformearen koloreak.

Uniformetasunaren elementuetan berde kolorearen gamak eta beltz kolorea erabili ahalko dira, eta, horiez gain, Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboaren kolore instituzionalak.

III. KAPITULUA

Enblemak eta bereizgarriak

11. artikulua. Enblema.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren enbleman Nafarroako armarria agertuko da Pantone 485-C kolore gorrian (edo kolore ofizialean), eta irudi horren barnean txertatuta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente hitzak, berdez (C=90 M=30 Y=95 K=66), hondo berdearen gainean (C=43 M=28 Y=61 K=0), ertz gorriarekin (Pantone 485-C). Modu hauetan irudikatu ahalko da:

a) Enblema biribila.

b) Enblema obalatua.

c) Trapezio formako enblema.

Enblema horiek foru agindu honen I. eranskinean irudikatuta daude.

12. artikulua. Identifikaziorako bereizgarriak.

1. Uniformean bereizgarri hauek eramanen dira, goiko gorputz-erdiko jantzietan kokatuta:

a) Bularraren ezkerreko aldean kokatuko da I. eranskinean deskribatzen den enblema obalatua.

b) Bularraren eskuineko aldean Nafarroako Gobernuari erreferentzia egiten dion enblema identifikagarria kokatuko da.

c) Ezkerreko besoan, I. eranskinean deskribatzen den trapezio formako enblema.

d) Buruko jantzien aurrealdean edo/eta alboetan, I. eranskinean deskribatzen den enblema biribila.

2. Bereizgarri gehiago erabili ahalko dira uniformetasuna osatzen duten elementuetarako.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bereizgarriak aldatu ahalko ditu irudi korporatiboan gerta litezkeen aldaketetara egokitzeko.

IV. KAPITULUA

Identifikazioa eta kredentzialak

13. artikulua. Pertsonaren identifikazioa.

Basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsonen lanbide akreditaziorako, lanbide txartela eta kolektiboaren identifikazio plaka erabiliko dira. Identifikaziorako elementu pertsonal eta besterenezinak izanen dira.

14. artikulua. Lanbide txartela.

1. Lanbide txartelak frogatzen du titularra agintaritzaren agentea dela, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko kidea den aldetik.

2. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko kideen lanbide txartelaren aurrealdean Nafarroako Gobernuaren enblema ofiziala, titularraren lanpostua, titularraren argazkia eta haren lanbide identifikazioko zenbakia agertuko dira; eta atzealdean, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, datu pertsonalak, Zerbitzuko zuzendaritzaren ziurtapena eta sinadura, eta titularrak ikuskapen eta ikerketa funtzioak dituela eta agintaritzaren agentea dela dioen testu bat.

3. Lanbide txartelaren forma, neurriak, koloreak eta gainerako ezaugarriak foru agindu honen II. eranskinean ezartzen dira.

15. artikulua. Kolektiboaren identifikazio plaka.

1. Plakak agerian jartzen du bere jabe legitimoa Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko kidea dela.

2. Basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsonen plakak Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren enblema agertuko du.

3. Lanbide plakaren forma, neurriak, koloreak eta gainerako ezaugarriak foru agindu honen III. eranskinean zehazten dira.

16. artikulua. Identifikazio profesionaleko zenbakia (IPZ).

1. Identifikazio profesionaleko zenbakia jardunean den basozain edo ingurumen zaindari bakoitzari esleitutako kode pertsonal eta besterenezina da. Basozain edo ingurumen zaindari gisa kolektiboan sartzen diren guztiei esleitzen zaie, lanpostuaz jabetzen direnean. Kodea berbera izanen da lan bizitza osoan, eta ezin da berresleitu.

2. Ingurumena Zaintzeko Zerbitzuak erregistro bat sortu eta etengabe eguneratuko du, eta bertan inskribatu eta jasoko dira identifikazio profesionaleko zenbakiak eta identifikaziorako gainerako datu pertsonalak (izen-deiturak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia), Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboari atxikitako langileen anonimotasuna babesteko, agintaritzaren agenteak diren aldetik, eta haien identifikazio pertsonala ahalbidetzeko Justiziako eta Administrazioko kideei.

3. Identifikazio pertsonaleko zenbakiak gutxienez 4 karaktere edukiko ditu, tarteko marratxorik gabe. Ingurumena Zaintzeko Zerbitzuak esleituko ditu, eta berak kudeatuko du identifikazio profesionaleko zenbakien erregistroa. Identifikaziorako datu pertsonalen eta identifikazio profesionaleko zenbakiaren arteko lotura jendaurrean zabalduz gero, beste identifikazio profesional bat esleitu ahalko da. Aldaketaren data eta identifikazio berria erregistroan jasoko dira.

17. artikulua. Akreditaziorako elementuen erabilera.

1. Zerbitzuan ari direnean, uniformez nahiz uniformerik gabe, basozain edo ingurumen zaindari lanpostuan aritzen diren pertsonek aldean eraman behar dituzte lanbide txartela eta kolektiboaren identifikazio plaka.

2. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak uniformez jantzita daudenean uniforme horrek identifikatuko ditu agintaritzaren agentetzat. Lanbide txartela erakutsi beharko dute, herritarren batek hala eskatzen badie beren eginkizunetan ari direla egindako jarduketen ondorioz.

3. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak uniformerik gabe zerbitzuan ari direnean, kolektiboaren identifikazio plakaren bitartez identifikatuko dute beren burua, eta, era berean, lanbide txartela erakutsi beharko dute herritarren batek hala eskatzen badie beren eginkizunetan ari direla egindako jarduketen kariaz.

4. Lanbide txartela eta kolektiboaren identifikazio plaka beren zorroan sartuta eraman eta erakutsi beharko dira.

18. artikulua. Identifikaziorako elementuak gordailutzea.

Lanbide txartela eta identifikazio plata Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren bulego zentraletan gordailutu beharko dira titularrek zerbitzu aktiboari uzten diotenean edo eginkizunak etenda dauzkatenean, bai eta organo eskudunak badaezpada horrela agintzen duenean ere.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 4an.– Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren enblemak

1.–Enblema biribila.

6 cm-ko diametroa duen zirkulua da enblema. Erdian Nafarroako Gobernuaren armarri ofiziala dauka. Goian BASOZAINAK hitza, eta behealdean GUARDERÍO DE MEDIO AMBIENTE. Bookman old Style bold motako tipografia izanen du. Bi idazkunek forma biribila hartuko dute, oinarri-elementuaren kanpoaldeko zirkulura moldatzeko.

Armarriaren eta idazkunen multzoaren inguruan ertz gorria izanen da.

Nafarroako Gobernuaren armarriak irudi korporatiboaren kolore ofizialak izanen ditu, gorria eta zuria.

Armarria

Gorria: Pantone 485

Zuria

Ertza

Gorria: Pantone 485

Hondoa:C=43 M=28 Y=61 K=0

Testua:C=90 M=30 Y=95 K=66

Kolore horiek C M Y K sistema dira

2.–Enblema obalatua.

Obalo formako enblemak 6,5 cm-ko zabalera eta 8 cm-ko garaiera du. Erdian Nafarroako Gobernuaren armarri ofiziala ageri da. Goian BASOZAINAK hitza ageri da, eta behealdean GUARDERÍO DE MEDIO AMBIENTE. Bookman old Style bold motako tipografia izanen du. Bi idazkunek forma obalatua hartzen dute, oinarri-elementuaren kanpoaldeko obalora moldatzeko.

Armarriaren eta idazkunen multzoaren inguruan ertz gorria izanen da.

Nafarroako Gobernuaren armarriak irudi korporatiboaren kolore ofizialak izanen ditu, gorria eta zuria.

Armarria

Gorria: Pantone 485

Zuria

Ertza

Gorria: Pantone 485

Hondoa:C=43 M=28 Y=61 K=0

Testua:C=90 M=30 Y=95 K=66

Kolore horiek C M Y K sistema dira

3.–Trapezio formako enblema.

Trapezio formako enblemak 10 cm-ko zabalera eta 8 cm-ko garaiera du. Paparreko enblemaren testu berbera izanen du, biribilean jarrita Nafarroako Gobernuaren armarriaren inguruan. Multzo osoa ertz batek inguratuko du.

Armarria

Gorria: Pantone 485

Zuria

Ertza

Gorria: Pantone 485

Hondoa:C=43 M=28 Y=61 K=0

Testua:C=90 M=30 Y=95 K=66

Kolore horiek C M Y K sistema dira

II. ERANSKINA

Lanbide txartela

1.–Ezaugarriak.

ID-1 motako identifikazio txartela. Neurri izendatuak: 85,60 mm-ko zabalera, 53,98 mm-ko garaiera eta 0,76 mm-ko lodiera. Gainerako ezaugarri fisikoak Europako UNE-EN ISO/IEC 7810:1995 arauarenak dira.

a) Aurrealdea: barneko laukizuzena hondo zuriaren gainean, 2 mm-ko ertz zuriaz inguratua perimetro osoan, txartelaren ertzetaraino; hondo zuriaren gainean, zutikako posizioan, Gobierno de Navarra/Nafarroako Gobernua idazkuna edukiko du inprimatuta goiko aldean. Horren azpian, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren izena; beherago, titularraren argazkia koloretan, gutxi gorabehera 22 mm-ko zabalera eta 34 mm-ko garaiera dituen laukizuzen baten barnean sartuta; behealdean, titularraren identifikazio pertsonaleko zenbakia.

b) Atzealdea: barneko laukizuzena hondo zuriaren gainean; bertan agertuko dira Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, datu pertsonalak, Zerbitzuaren zuzendaritzaren ziurtapena eta sinadura, eta titularrak ikuskapen eta ikerketa funtzioak dituela eta agintaritzaren agentea dela dioen testua.

2.–Irudikapen grafikoa.

Aurrealdea:

Atzealdea:

III. ERANSKINA

Kolektiboaren identifikazio plaka

1.–Ezaugarriak.

Letoizko plaka obalatua. Neurriak: 65 × 53 × 1 mm-ko lodiera. Grabatuta, bi koloretan esmaltatuta, serigrafiatuta eta bernizatuta.

Pieza horretan, armarri baten markak, ertz gorria eta ‘BASOZAINAK GUARDERÍO DE MEDIO AMBIENTE’ testua daude. Erdian Nafarroako Gobernuaren armarri ofiziala ageri da. Goian BASOZAINAK hitza ageri da, eta behealdean GUARDERÍO DE MEDIO AMBIENTE. Bookman old Style bold motako tipografia izanen du. Bi idazkunek obalo forma izanen dute, oinarri-elementuaren kanpoaldeko obalora moldatzeko.

Armarriaren eta idazkunen multzoaren inguruan ertz gorria izanen da.

Erdiko armarria eta profila kimikoki grabatuta daude eta gorriz esmaltatuta (Pantone 485-C). Hondoa kimikoki grabatuta eta berdez esmaltatuta (C=43 M=28 Y=61 K=0).

Testua eta armarriaren xehetasunak serigrafikoki markatuta zuriz eta berde ilunez (C=90 M=30 Y=95 K=66).

Distiraz leunduta eta bi osagaiko babes-berniza emanda.

2.–Irudikapen grafikoa.

Armarria

Gorria: Pantone 485

Zuria

Ertza

Gorria: Pantone 485

Hondoa:C=43 M=28 Y=61 K=0

Testua:C=90 M=30 Y=95 K=66

Kolore horiek C M Y K sistema dira

Iragarkiaren kodea: F2305542