89. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Cordovillako UGPSko Ar-01 banaketa arearen Konpentsazio Batzordea desegin dadila baimentzen duena.

2022ko uztailaren 4ko eskabidearen bidez (2022/850845), Carlos Tamburri Moso jaunak, Cordovillako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Ar-01 banaketa arearen Konpentsazio Batzordeko buru gisa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari eskatu zion "Cordovillako UGPSko Ar-01 banaketa arearen Konpentsazio Batzordea desegiteko baimena emateko erabakia" har zezala, "gaur egun ez baitago xederik".

Ondoren, 2022ko azaroaren 25ean, aipatu batzordeko idazkariaren egiaztagiri bat aurkeztu zuen eskabide baten bidez (2022/1505990); egiaztagiri hori batzordeak 2022ko ekainaren 30ean egindako bilkura nagusian hartutako erabakiei buruzkoa zen. Zehazki, erabaki hauei buruzkoa:

–Konpentsazio Batzordearen desegitea eta likidazioa, egun ez baita xederik.

–Konpentsazio Batzordeko kideek une horretan dituzten saldo zordunen barkamena.

–Batzordeari emandako kopuru guztien itzulketa, bere garaian kalte-ordainek eragindako saldoen bidez zor konpentsazioen xede izan ziren pertsona eta entitate guztiei.

–Kontuan dagoen saldoaren itzulketa eskatutako kuota osoa ordaindu duten kideei, egindako ekarpenaren arabera.

–Zuzendaritza organoa bera likidazio batzorde bihurtzea, eta hari eskumena ematea legelari bat eta kontuen auditore edo ekonomialari bat kontratatzeko, likidazio horretan lagun diezaion.

–Zuzendaritza organoa eskuordetzea, likidazio batzorde bihurtu aurretik bilkura nagusien aktak –onesteke dauden guztiak– onets ditzan.

Cordovillako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Ar-01 banaketa arearen Konpentsazio Batzordea eratu zen plangintza horren ondorioz jabeek zituzten hirigintza arloko betebeharrak betetzeko.

Adierazitako esparrua hirigintzari dagokienez garatzeko, bi UGPS onetsi dira (Nafarroako Gobernuaren 2009ko otsailaren 23ko Erabaki bidez eta Nafarroako Gobernuaren 2015eko ekainaren 24ko Erabaki bidez), eta bi-biak deuseztatu dira, ez baitatoz bat ordenamendu juridikoarekin (Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko 597/2011 eta 44/2018 Epaiak).

Horrenbestez, Cordovillako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Ar-01 banaketa arearen Konpentsazio Batzordeak galdu du xedea.

Bestalde, Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legea aplikatu eta garatzeko Hirigintzako kudeaketaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, edozein konpentsazio batzorde desegitea ez da bidezkoa izanen harik eta ez den jasota geratzen bete gabe dauden betebeharrak bete direla.

Aipatu Batzordeak 2022ko ekainaren 30ean egindako bilkura nagusian hartutako erabakiak ikusirik, zeinak egiaztagirian jaso baitira, ondorioztatu daiteke entitate horren kontuen likidazioa egitea erabaki dela, eratu zenetik hasi eta azken UGPSa deuseztatu bitarte.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko urtarrilaren 11ko txostena, eta bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginarekin, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea Cordovillako UGPSko Ar-01 banaketa arearen Konpentsazio Batzordea desegin dadin.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Udalez gaindiko Plan Sektorialaren esparruak ukitzen dituen lau udalei, lurzoruaren jabeei eta Konpentsazio Batzordeari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 17an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2305469