84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 28koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako kirol-erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdia onartzen duena, desgaitasuna duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU). DDBN identifikazioa: 684748.

Espainiako Konstituzioaren eskumen-esparru arauemailearen barruan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 44.14 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esklusiboa da kirola eta aisialdiaren behar bezalako erabilera sustatzea. Nafarroako Foru Komunitatearen administrazio publikoaren kirol-politikaren helburuetako bat da kirolaren arloko koordinazio, lankidetza eta elkarlan arduratsua sustatzea, Foru Komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten erakunde publikoen artean eta erakunde publikoen edo beste erakunde batzuen artean, publikoak zein pribatuak. Era berean, planteatzen da kirol-jarduera sustatzea, laguntzen eta dirulaguntzen bitartez.

Espainiako Konstituzioak 43.3 artikuluan jasotako gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio gidarietan ezartzen du botere publikoek osasun-hezkuntza, gorputz-hezkuntza eta kirola sustatuko dituztela.

2020ko uztailaren 21ean Kontseilu Europarrak onartu zuen martxan jartzea Suspertzeko Europako Tresna, zeinaren garapenean Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021/241 (EB) Erregelamendua eman baitzuten, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, NextGenerationEU funts berriarekin finantzatuko den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko.

Kirolak oso zuzenean jasan ditu emergentzia sanitarioaren ondorioak, eta, horregatik, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) ematen ditu aparteko eta premiazko neurriak kirola jarduera ekonomiko gisa berraktibatzeko, abiapuntutzat hartuta garapen jasangarriko, gizarte-kohesioko, enplegua sortzeko, kolektibo kalteberei arreta emateko eta lurraldea berrorekatzeko irizpideak.

Plan hori lurralde nazionalean betearazteko, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua onartu da, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena, Europako funtsekin finantza daitezkeen jardueren programazioa, aurrekontua, kudeaketa eta gauzatzea errazteko helburuarekin. Bestalde, esparru berean, Espainiako Gobernuak onartu du 2021eko apirilaren 27ko Ministroen Kontseiluan Espainiako ekonomiarako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana. Plan hori hainbat osagaitan banatzen da, ministerioetako departamentuek esku hartzen duten jarduera-ardatzen arabera.

Bestalde, 2022ko uztailaren 5ean, Kiroletako Konferentzia Sektorialaren Erabakia onartu zen, autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien arteko lurralde-banaketaren proposamena baimentzen duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izeneko 26. osagaiaren esparruan, 2022ko eta 2023ko aurrekontu-ekitaldietan, Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2022ko abuztuaren 2ko Ebazpenaren bidez argitaratua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 187. zk., 2022ko abuztuaren 5ekoa).

Neurri multzo horretakoa da 26. osagaia, "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izenekoa. Osagai horren zati zehatz bat bideratuta dago kirolean berdintasuna sustatzera, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: arlo horretan desparekotasuna txikitzea, genero-berdintasunaren eta desgaitasunen bat duten pertsonen berdintasunaren aldeko zuzeneko ekintza argi moduan. Hala, sektorean aukerak, gizarte-kohesioa eta lan-hobekuntzak sortuko dira, irauteko bokazioarekin, oinarriko kirolari, talentua erakartzeari, gazteak eta kirolean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboak babesteari eta integratzeari loturik.

Zehazki, Kirolaren Sektoreari aukera-berdintasunaren arloan laguntzeko proiektua C26.I03 "Kirolean berdintasuna sustatzea" osagaiarekin identifikatzen da. Osagai horren ardatzetako bat da desgaitasunen bat duten pertsonak kirolean sartzea, desgaitasunen bat duten kirolarien integrazioa lortzeko, erabatekoa eta efikaza, oinarriko kirolean bereziki.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, bestalde, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) azpiproiektuaren Kudeaketa Plana onartu du, "Kirolean Berdintasuna Sustatzea" (C.26.I03) izenekoa, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuaren aldeko txostenarekin.

Aurrekoa betez, Kultura eta Kirol Departamentuak, foru agindu honen bidez, onartu ditu desgaitasuna duten pertsonen artean oinarriko kirola sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia, norgehiagoka-erregimenean, honako printzipio hauen arabera: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, kontrola, efikazia administrazio emaileak ezarritako helburuak betetzean eta baliabide publikoak eraginkortasunez esleitzea eta erabiltzea (11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa).

Aurrekoari dagokionez, deialdi honekin honako helburu hauek lortu nahi ditugu:

–Kirola eta jarduera fisikoa sustatzea Foru Komunitatean gizarte-ongizaterako eta -integraziorako tresna moduan; eta, horrela, laguntzea biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen.

–Desgaitasuna duten pertsonen kirol-jarduera ikusaraztea eta bultzatzea.

–Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

Deialdi honek dagokion Kudeaketa Plana du, hala ezartzen baitu Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakiak; haren bidez onesten dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa eta kontrol arauak (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 41. zk., 2022ko otsailaren 25ekoa).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak.

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako kirol erakundeei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdia onartzea, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko, desgaitasuna duten pertsonak integratzea bultzatze aldera, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU).

2. Dirulaguntzen deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak onartzea, bai eta foru agindu honen eranskina ere, kontuan harturik laguntzen emakida eta ordainketa aurrekontu-kontsignazioaren mende dagoela, betiere.

3. Deialdi hau aurrera eramateko, 195.681,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako A50002 A5100 4819 336128 partida ekonomikoaren kargura, PEP: E-22-000549-01MRR "Desgaitasunen bat duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko laguntzak" izenekora.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4819-336128: PEP: E-22-000549-01MRR Desgaitasunen bat duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko laguntzak

2023

195.681,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.a Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako kirol-erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko norgehiagoka-prozedura ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko programak garatzeko, federazioen esparruan zein kanpoan, 2022ko urriaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean.

Programa guztiek jarduera fisikoa edo kirola jorratuko dituzte. Programak zuzenduta egon daitezke bai desgaitasunen bat duten pertsonei, bai desgaitasuna duten pertsonak gorputz- eta kirol-jardueraren bidez erabat integratzeko programak garatzera.

Jarduera fisikoko eta kiroleko programatzat joko da helburu berbera duten plangintza bateko jardueren multzoari.

2. Dirulaguntza horiek ematearen helburua da Nafarroako biztanleen artean kirola egitea sustatzea, bereziki, desgaitasuna duten pertsonentzako oinarriko kirola, horren zuzeneko eta zeharkako inpaktu ekonomikoari dagokionez.

3. Oinarri arautzaileetan jasotako laguntzak finantzatuko dira NextGenerationEU funtsen, 2021/241 (EB) Erregelamenduaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bitartez. Horren barruan sartzen da "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izeneko 26. osagaia, "Kirola sustatzea - Kirolaren Sektoreko Gizarte Plana" 3. inbertsio-neurria.

Deialdian jasotako laguntzak koherenteak dira neurriaren helburuekiko, –kirolaren arloan desberdintasuna gutxitzea eta desgaitasunen bat duten pertsonak integratzea sustatzea, kirolaren bitartez–. Ildo horretan, kirolaren sektorea bultzatzea funtsezko elementua da Espainiako ekonomia suspertzeko eta erresilientziarako. Kirol-ehuna eta sare hori osatzen duten eta bertan parte hartzen duten eragile guztiak funtsezko elementuak dira ekonomia suspertzeko; izan ere, etengabeko berrikuntzak eta negozio- eta enplegu-aukeren zabaltasunak aukera-jokaleku bat planteatzen dute. Hala, proiektu honen helburua da kirolaren sektoreak Espainiako ekonomiaren eragile gisa duen papera indartzea eta integraziorako, gizarte-kohesiorako eta lurralde-kohesiorako elementu bihurtzea.

Jarduera hau sartzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalaren (SEEP) "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izeneko 26. osagaiaren "Kirola sustatzea - Kirolaren Sektoreko Gizarte Plana" 3. inbertsio-neurriaren garapenean.

Horregatik, hain zuzen ere, aplikatu beharko dira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua aplikatuko da (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa), bai eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ere.

2.a Erakunde onuradunak eta baldintzak.

1. Deialdi honetara biltzen ahalko dira Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako kirol-erakundeak, bai eta Nafarroako elkarteen erregistroan inskribatuta dauden irabazi asmorik gabeko elkarte edo bestelako erakundeak ere, baldin eta haien xedeen artean badaude desgaitasunen bat duten pertsonak integratzea, babestea eta/edo laguntzea edo antzekoren bat.

2. Ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten erakundeak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osorik edo partzialki. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten erakundeak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

3.a Programen ingurumen-baldintzak:

1. Egiten diren jarduketek "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" errespetatuko dute (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa), honako hauetan xedatutakoa betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen baita, eta hura garatzeko araudia; bereziki, 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa, eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eta haren eranskinean eskatutakoa ere.

Jarduketek DNSH printzipioa betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak aurreikusiko dituzte, eta neurri zuzentzaileak, neurrien aurreikus daitekeen eragina zero edo oso txikia dela bermatzeko, aipatutako 26. osagaian ezarritakoaren arabera, bai DNSH printzipioari dagokionez, bai etiketatze klimatiko eta digitalari dagokionez. Arreta berezia jarriko zaie, gainera, planaren osagaiaren dokumentuaren 3., 6. eta 8. apartatuetan jasotakoei eta CIDren eranskinean jasotakoei (Kontseiluaren Betearazpen Erabakia, Espainiako SEEParen ebaluazioa onartzeari buruzkoa).

Hala ere, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko uztailaren 5eko Akordioan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde-banaketari eta banaketa-irizpideei buruzkoan, jaso ziren jarduketek ez daukate esleituta esku-hartze eremurik klima-helburuetarako ekarpena egiten duenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 Erregelamenduaren VI. eranskinaren arabera (2021eko otsailaren 12ko Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak ezartzen dituena).

4.a Gastu diruz lagungarriak.

1. Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Kirol-programa garatzeaz arduratzen diren kirol teknikarien edo monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako kirol-programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren zerbitzu-kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsikorra erostea.

d) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

e) Osasun arreta, programa bakoitzaren arriskuen araberakoak (anbulantzietako gastua eta/edo osasun arloko langileena), eta istripu eta/edo erantzukizun zibilaren aseguruaren kontratazioa, jarduerak irauten duen aldiari dagokiona.

f) Kirol-programaren zabalkundea eta komunikazioa sare sozialetan, aplikazio mugikorretan, webguneetan; gastuak kartelak sortzeko, publizitaterako eta programaren beraren zabalkunderako, webgunea aldatzearenak barne, kirol-programaren sustapena txertatzeko.

g) Jarduera fisikoetara eta kirol-jardueretara bertaratzeko bidaia-gastuak. Gastu horiek diruz lagungarriak izan daitezen honako inguruabarrak justifikatu beharko dira: jarduerara bertaratu den pertsona kopurua, irteera, jatorria eta egindako kilometroak. Kontzeptua moduluka ordaindu eta justifikatuko da. Auto partikularrak erabiltzen direnean, diruz lagundutako zenbatekoa izanen da 0,25 euro kilometroko, bidaia bakoitzeko eta lauko boluntario-talde bakoitzeko. Joan-etorria diruz lagunduko da gutxienez 30 kilometrokoa denean (joaneko eta itzulerako bidaia kontuan hartuta).

h) Kirol-programan parte hartzen duten pertsonen ostatatzea eta mantenua. Halako gastuak diruz lagungarriak izan daitezen jarduerara bertaratu diren parte-hartzaile kopurua justifikatu beharko da, eta dagokion faktura edo frogagiria aurkeztu. Lagun bakoitzeko bazkari edo afari bakoitzaren gehieneko balioa 12 eurokoa izanen da, eta ostatu-gaua, 35 eurokoa. Kontzeptu horrek ez du barne hartuko bileretarako egiten den gasturik.

Atal honi dagozkion gastuak ez dira diruz lagundutako jardueraren guztizko gastuaren % 25 baino gehiago izaten ahalko, salbu eta erakundeak egiaztatzen badu salbuespenez gastu handiagoa justifikatzen duen arrazoi bat dagoela kontzeptu horrengatik.

i) Kirol-programa garatzeko beharrezko beste gastu batzuk.

2. Honako gastu hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko deialdi honen xede den programarekin zerikusirik ez duten erakunde onuradunen gastu arruntak.

b) Kirol-programan zuzenean parte hartzen ez duten langileen gastuak.

c) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzariokoak, notariotzakoak eta erregistrokoak, banku-kontuen interes zordunak, interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

d) Prestakuntza-jardueretatik eratorritako gastuak.

e) Programa garatzeko behar-beharrezkoak ez diren fisioterapia-saio espezifikoak.

f) Kirolekoak ez diren aisialdiko jarduerak.

g) Material ez suntsikorra.

h) Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokien BEZa, berreskuratu edo konpentsatu ahal denean.

3. Diruz lagungarriak izanen dira 3.1 puntuan adierazitako gastu guztiak, 2022ko urriaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean eginez gero.

5.a Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi hau aurrera eramateko, 195.681,00 euroko gastua onartu da. Diru hori ordainduko da Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako A50002 A5100 4819 336128 partida ekonomikoaren kargura, PEP: E-22-000549-01 "SEM Desgaitasunen bat duten pertsonentzako oinarriko kirola sustatzeko laguntzak" izenekora.

2. Dirulaguntzaren ehunekoa banatuko da 8. oinarrian zehazten den emate-prozeduraren arabera.

6.a Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz (http://www.nafarroa.eus/).

Eskaera horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzentzen ahalko.

Eskabide-orri bakoitzean proiektu bakar bat aurkezten ahalko da. Erakunde bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezten ahalko du.

2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Inprimaki guztiak erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak digitalki sinatuta aurkeztu beharko dira.

4. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera formularioa, eredu ofizialaren araberakoa (II. eranskina). Eskaera osatzeko, formularioan hautatu beharko dira erakundearen betebeharren erantzukizunpeko adierazpenei dagozkien laukiak.

b) Erakundearen xedea edo helburuak jasotzen dituzten estatutuak.

c) Jarduera fisikoaren eta kirol-jardueren programa, III. eranskinari jarraituz:

–Programaren xedea eta helburua.

–Jardueren eta ekintzen deskribapena.

–Jarraipena eta ebaluazioa.

d) Programaren aurrekontua, gastuak eta sarrerak zehaztuta. Joan-etorrien kasuan, egin beharreko ibilbideak zehaztu beharko dira, gastu horri dagokion zenbatekoa lortu ahal izateko. IV. eranskina.

e) Interes-gatazkarik ezaren adierazpena, horri buruzko berariazko adierazpenak jasotzen dituena, V. eranskin gisa sartutako inprimakiaren-ereduaren arabera.

f) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen badiote edo kontu zenbakian aldaketaren bat izan bada bakarrik). Inprimaki hori helbide honetan lor daiteke: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Erantzukizunpeko adierazpenek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituzte. Erantzukizunpeko adierazpeni eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, okerrak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, zein erantzukizunpeko adierazpenik aurkezten ez bada, ez da segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa. Baldintzak betetzen ez badira, dagokion itzultze-prozeduraren ondoren, itzuli beharko dira jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak.

5. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunak jardueraren justifikazioa aurkeztu beharko du telematikoki, betiere diruz laguntzen den proiektua bukatu denean, 12. oinarrian zehazten den bezala.

7.a Antolamendua eta instrukzioa.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko (NKI) Kirol Zuzendariordetza izanen da.

2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa osatzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKIko Kirol Zuzendariordetzak erakunde eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

3. Gaitutako helbide elektronikora (GHE) eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8.a Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa kalkulatzeko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak eginen ditu dirulaguntzen espedienteak tramitatu eta ebazteko ebaluazio eta egiaztapen egokiak.

2. Kalkulurako prozedura:

1. Eskabide bakoitzak jasotzen ahalko duen dirulaguntzaren ehunekoa finkatuko da aurkeztutako diruz laguntzeko moduko gastuen eta programa bakoitzeko parte-hartzaile kopuruaren arabera. Ehuneko hori honako taula honetan zehaztutako irizpideen arabera arautuko da:

PARTE-HARTZAILE KOPURUA

AURREKONTUA (euroak)

15 ARTE

15 BAINO GEHIAGO

0-2000

% 100

% 99

2000-4000

% 98

% 97

4000-6000

% 96

% 95

6000 baino gehiago

% 94

% 93

a) Diruz lagunduko den zenbatekoa ez da jardueraren defizita baino handiagoa izaten ahalko.

b) Eragiketa horiek egin ondoan ez bada partida bakoitzerako dagoen kreditu erabilgarria agortu, geratzen den saldoa banatuko da proportzionalki, defizit egiaztatu eta onartuaren zenbatekora iristen ez diren eskaeren artean, defizitaren % 100 lortu arte.

c) Aurreko kalkuluaren zenbateko osoa handiagoa bada deialdirako dagoen partida baino, aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanaketa eginen da.

9.a Eskaera berregitea.

1. Dirulaguntzaren proposamenean adierazitako zenbatekoan hainbanaketa egin bada, 8. oinarriko C) apartatuan aurreikusitakoaren arabera, erakunde onuradunek beren eskaera birformulatzen ahalko dute. Kasu horretan, aurkeztutako eskaerak aztertuta, Kirolaren Zuzendariordetzak erakunde onuradun guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, eta bost egun balioduneko epea emanen die alegazioak aurkezteko edo eskaera berriz egiteko, hurrengo apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

2. Hainbanaketaren helburua da gastu-konpromisoak eta baldintzak doitzea eskaeran agertzen diren jarduera berberetarako eman daitekeen dirulaguntzaren arabera. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Bere horretan mantenduko dira erakundearen baliabide propioekin finantzatuko diren kantitateak, baita programaren berariazko baliabideekin finantzatuko direnak ere, hasierako eskaeran adierazi zirenak.

b) Eskaera berregin ondoren, azkeneko dirulaguntzak finkatzean, eranskin honen 4. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarriak errespetatu beharko dira.

3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.

10.a Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. NKIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoaren bidez bidaliko dion proposamena ikusirik.

2. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena eman eta erakunde interesdunei jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, dirulaguntza jaso duten erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko du, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.

4. Interes-gatazkak.

a) Iruzurra, ustelkeria, eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeari dagokionez, deialdi hau Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien planaren mende dago (23/2022 Foru Agindua, maiatzaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko).

Administrazioaren zerbitzuko agintariak edo langileak abstenitzen ez badira aurreko apartatuan adierazitako egoeraren batean edo batzuetan daudenean, interesdunak errekusatzen ahalko ditu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala, errekusazioa idatziz zuzentzen ahalko zaio kontratazio organoari, mahaiburuari edota, kasuaren arabera, baita koordinazio eta jarraipen unitateari ere, errekusazioaren arrazoiak adierazita, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan. Errekusatuak biharamunean adieraziko dio bere nagusi hurrenari alegatutako arrazoia beragan betetzen den ala ez. Lehenengo kasuan, nagusiak ikusten badu errekusatzeko arrazoia betetzen dela, ordezkoa jartzea erabakiko du berehala. Errekusatuak errekusatze-arrazoia ukatzen badu, nagusiak hiru eguneko epean ebatziko du, bidezko deritzen txostenen eta egiaztapenen ondoren.

b) Salaketarako berariazko kanala. Lizitazio prozedura honetan interes-gatazkarik dagoela jakiten duten pertsonek edo erakundeek organo kontratatzaileari jakinarazi beharko diote, Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalaren bitartez, bitarteko elektronikoen bidez, zerbitzu horrek berariaz gaitu duen kanalaren bitartez, web helbide honetan: https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

5. SEMaren Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, honako hauen berri ematen zaie eskatzaileei:

Dirulaguntzaren erregistroa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera izatea Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzakeen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzko urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduak 7,3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntza ematen duen organoak prozeduretako parte-hartzaileei eskatzen ahalko die beren titulartasun errealari buruzko informazioa, baldin eta ZAEAk ez badu kontsultaren xede den enpresaren titulartasun errealei buruzko informaziorik, eta hala adierazi badio dagokion eragiketaren arduradunari dagokion bandera beltza erabilita. Informazio hori dirulaguntzak emateko organoari eman beharko zaio, informazio-eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.

Informazio hori adierazitako epean ez ematea parte-hartzailea prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia da.

Informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

6. Dirulaguntzak ematea, betiere, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretan deialdi honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

Halaber, laguntza emateko baldintza izanen da idatziz konpromisoa hartzea (II. eranskinaren arabera) beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

11.a Ordainketa.

1. NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren eta erakunde onuradunak behin aurkeztu dituela 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio erakunde onuradunari, dagokion ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

2. Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Horretarako, kontuan hartuko da ea erakunde onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere konpromisoak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

12.a Frogagiriak.

1. Dokumentazioa aurkezteko epea 2023ko irailaren 15ean bukatuko da.

2. Erakunde onuradunek behar bezala beterik aurkeztu beharko dute IV. eranskina (Justifikazio inprimakia), www.nafarroa.eus webgunean eskuratzen ahalko dena, dirulaguntzaren erakunde onuradunen legezko ordezkariek sinatuta.

3. Justifikazio-kontuen bidez eginen dira justifikazioak, salbu eta joan-etorrien gastuen kasuan, horietarako moduluen prozedura erabiliko baita (4.1 oinarria, g eta h letrak).

4. Frogagiriek ondoko atal hauek izanen dituzte:

A.–Justifikazio-kontua (gastuak eta diru-sarrerak). VII. eranskina.

Aitortzailearen erantzukizunpean, datu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehea, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna. BEZa banakatu beharko da.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen ahal duten faktura eta gainerako agiriak, lege-merkataritza trafikoan egiaztatzeko baliozkotasuna dutenak, aipatutako zerrendan duten ordena berean.

c) Egindako bidaien zerrenda xehatua. VIII. eranskina.

d) Ordainagiri eskaneatuak honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri, kontabilitate orriak barne. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak nola aplikatu zaizkien lagundutako jarduerei.

f) Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko inprimakia, IX. eranskinean jasotako inprimaki-ereduaren arabera.

g) Frogatzea, hala behar bada, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla hornitzaileak; hala izanez gero, X. eranskina bete beharko da.

B.–Moduluen araberako justifikazioa.

Moduluen araberako sistemaren bidez justifikatuko da joan-etorrien gastua. Horretarako, egindako joan-etorrien zerrenda xehatua aurkeztu beharko da (VIII. eranskina).

C.–Kirol-memoria.

Kirol-memoria bat aurkeztu beharko da, programaren garapena eta ebaluazioa azaltzeko. XI. eranskina.

5. Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6. Gaitutako helbide elektronikora (GHE) eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

13.a Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabiltzea, eta hala egin dela justifikatzea dokumentuen bidez. Gainera, NKIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartzea eta erraztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

b) Hartutako dirulaguntza beren kontabilitatean edo erregistro-liburuetan erregistratzea, diru-sarrerak nondik jaso dituzten eta inbertsioa edo gastuak zertarako diren azalduta. Egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

c) Kirol Departamentuak egin beharreko egiaztapen-jarduketak eta Foru Komunitateko Kontu-hartzailetza Nagusiak egiten ahalko dituen finantza-egiaztapen eta -kontroleko jarduketak ahalbidetzea eta horietarako eskatzen zaion informazio guztia ematea, 38/2003 Legean, 11/2005 Foru Legean eta foru agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, bai eta Kontu Auzitegiaren legerian aurreikusitakoarekin ere.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak egunean izatea, emakida-ebazpena eman aurretik eta ordainketa egin aurretik, eta zorduna ez izatea itzulketa-ebazpen baten ondorioz.

e) Gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztea; bestela ez baitzaio ordaintzen ahalko aldez aurretik onartutako dirulaguntza.

f) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.

g) Jasotako edo jasotzeko dauden zuzeneko eta zeharkako diru sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dira.

h) Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala zabaltzea, 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoa, lehiaketaren webguneko, kartelean edo azpiegituran ageriko lekuan jarriz. Ikur hori webgune honetan jaisten ahal da: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

i) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan eta dagokion legedian aipatzen diren kasuetan.

k) Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi honi biltzen zaion erakundeak, adingabeekin harremanetan egon ohi bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du (II. eranskina), adierazten duena ohiko jarduerak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

Diruz lagundutako programan parte hartzen duen erakundeak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

2. Erakunde onuradunek, halaber, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzatzeari buruzko betebeharrak bete beharko dituzte (Europakoak eta Estatukoak):

a) Batasuneko erakundeen kontrol-jarduketak beteko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren arabera.

b) Eskaeraren dokumentazioan adieraziko dute (II. eranskina), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) edukiari erreparatuta, konpromisoa hartzen dutela, ahal den neurrian, ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenean inpaktu negatibo nabariak saihesteko (DNSH ingelesezko siglak - "do no significant harm"), 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz –Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du–. Horrenbestez, adieraziko du ez duela bazter utzitako jarduerarik egiten, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren erregelamenduaren araberako "kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioari buruzko gida teknikoa betez; izan ere, erregelamendu horrek ez du aurreikusten jardueraren ondorengo faseek ingurumenean zuzeneko ondoriorik izatea, ez eta zeharkako lehen mailako ondoriorik ere (halakotzat joko dira bukatu ondoko ondorioak). Bestalde, adieraziko dute ez dietela kalte nabarmenik eraginen 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluko ingurumen-xedeei.

Zehazki, jasotako laguntzarekin, ez dute gauzatuko DNSH printzipioari buruzko Europako Batzordearen Gida Teknikoari (2021/C 58/01) jarraikiz baztertutako jarduera hauetako bat ere:

–Erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak, horien geroko erabilera barne.

–EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera.

–Hondakinen zabortegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak.

–Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari kalte egin diezaiokeen jarduerak.

c) Europar Batasunaren ekarpenaren berri ematea inbertsioekin gauzatuko diren jardueren gaineko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, paperezko eta online argitalpenak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarki eta ezarpenak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauen bidez:

Logoen bertsio deskargagarri batzuk aurki daitezke hemen: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

Informazio-kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko leku publikoetan jarri beharko dira.

d) Halaber, aplikatzekoa den araudiaren arabera, onuradunek neurri egokiak hartuko dituzte helburu hauek lortzeko:

–Une oro bermatzea Estatuaren laguntzei buruzko araudia erabat errespetatzen dela, bai eta finantzaketa bikoitzik ez dagoela ere.

–Identifikatzea funtsen azken hartzailea, eta bermatzea erakunde horrek onartzen duela datuak lagatzea esku-hartzen duten administrazio publikoen artean.

–Bermatzea onartzen dutela Europako erakundeen kontrola eta konpromisoa dutela erakunde horiei ahalbidetzeko beren eskumenak gauzatzen.

–Dokumentuak kontserbatzeko betebeharra ezartzea, Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluaren arabera (https://www.boe.es/doue/2018/193/L00001-00222.pdf).

14.a Gardentasun-betebeharrak.

1. Erakunde onuradunek, emandako dirulaguntzaren arabera behartuta egonen direnek, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Adierazpen eredua XII. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez ere kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko da: www.nafarroa.eus.

15.a Azpikontratazioa.

1. Erakunde onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren % 100era arte. Nolanahi ere, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiteko beharrezkoak diren gastuen kontratazioa.

2. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

16.a Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak (Nafarroako Kirolaren Institutua bera alde batera utzita), beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ez dute behin ere gainditzen ahalko garatu beharreko jardueraren kostua.

2. Nolanahi ere, SEEPen kargura finantzatuko diren programek ez dute jasotzen ahalko Europar Batasunaren bestelako programen eta tresnen laguntzarik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluari, Batasunaren Aurrekontu Orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamenduaren (EB, Euratom) 188. artikuluari eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 7. artikuluari jarraikiz.

17.a Ez-betetzeak.

1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIaren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

2. Halaber, eragiketa honekin lotutako diru sarrera gehigarriren bat jasotzen badute, eta horrek garatu beharreko jardueraren kostua gainditzea ekar badezake, dirua itzultzeko eskatuko da.

18.a Datu pertsonalak babestea.

1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

2. Eskaera-inprimakian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

19.a Publizitatea.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuak jakinaraziko du Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoaren bidez (www.nafarroa.eus) eta Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, zer aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako zenbatekoak.

2. Gainera, publizitatea eginen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, zeinaren bidez ezarri baitzen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa.

20.a De minimis laguntza.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa/erakunde bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa/erakunde bakarraren definizioa.

3. Horretarako, erakundeek eskaera-dokumentazioan aitortu beharko dituzte indarreko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak.

21.a Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintzak jakinarazi eta biharamunetik hasita.

22.a Aplikatu beharreko araudia.

1. Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, laguntza hau NextGenerationEU funts berriarekin batera finantzatuta dagonez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenaren Presidentetzaren 2022ko abuztuaren 2ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratu baita Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko uztailaren 5eko Erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde-banaketari eta banaketa-irizpideei buruzkoa.

2. Azkenik, aplikatzekoa izanen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

Iragarkiaren kodea: F2305111