84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Deialdia, taxi lizentzia bat adjudikatzeko

Basaburuko Udalak, 2023ko martxoaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen deialdi bat onestea, taxi lizentzia bat adjudikatzeko, lehiaketa bidez, Basaburuko udal-mugarterako.

Eskaintzak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Basaburuan, 2023ko martxoaren 31n.–Alkatea, Esther Lakasta Perez-Ilzarbe.

TAXI ZERBITZUA EMATEKO LIZENTZIA ADJDUDIKATZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen bidez, Udalak taxi lizentzia bat adjudikatu nahi du, lehiaketa bidez, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean.

Zerbitzua osorik emanen da Basaburuko udalerrian, hiriarteko zerbitzuak emateko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Araubide juridikoa.

Ondoko araudiak jasotzen du deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua.

–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

–Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa, eta hura aldatzen duen 22/2013 Foru Legea, uztailaren 2koa.

–Basaburuko udalerrian taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza, 2004ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 19an.

Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

3.–Parte hartzeko baldintzak.

1. Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, Basaburuan erroldatua, eskaera egin aurreko bi urteetan jarraian gutxienez, Basaburuko udalerrian taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) Ez edukitzea beste taxi lizentzia bat.

d) Euskara dakiela frogatzea. Horretarako, aurkeztu beharko du hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo haren baliokide gisa aitortutako beste titulu bat, edo, bestela, dagozkion euskara probak egin beharko ditu.

e) Indarra duen legerian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak betetzea.

f) 600 euroko bermea jartzea.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskaerak Basaburuko Udaleko Erregistro Orokorrean (Asunción kalea 7, Jauntsarats) aurkeztuko dira, oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 60 egun naturaleko epean.

Proposamenak postaz ere bidaltzen ahal dira eta horretarako, interesdunak posta bulegoan igorpena noiz egin duen egiaztatu beharko du gordekinaren bidez. Orobat eta aurreko paragrafoan adierazitako epearen barrenean, proposamena bidali duela egiaztatu beharko du mezu elektroniko bidez (udala@basaburua.eus). Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, proposamenak aurkezteko epea akitu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

5.–Agiriak.

Eskaerak hiru gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Taxi zerbitzua emateko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa" eta izen abizenak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

–1. gutun-azala: dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: dokumentazio teknikoa.

–3. gutun-azala: proposamen ekonomikoa.

1.–"Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barnean:

1.1. Eskaera aurkezten duenaren indarreko nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

1.2. Bermea: lizitatzaileek 600 euroko bermea aurkeztu beharko dute Basaburuko Udalaren alde.

Bermea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin bat, banku-abal gisa aurkezten ahalko da, edo eskudirutan zuzenean Udalaren Kutxan, edo banku transferentziaz edo kauzio-aseguru kontratu bidez.

Berme horrek horrek bermatuko du behin-behineko adjudikazioa onetsi arte eusten zaiola eskaintzari.

Organo eskudunak lizentzia behin-behinekoz adjudikatu eta berehala itzuliko zaie bermea interesdunei; adjudikatu arte eskaintzari eusten ez diotenei bahitu eginen zaie eta behin-behineko adjudikaziodunei atxiki.

Behin-behineko adjudikaziodunei atxikitako bermea bahitu eginen da baldin eta, lizentziaren behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez bada; bereziki, ibilgailuaren dokumentazioa, aseguruen kontratazioa, soldatapeko gidariarena (halakorik bada) eta lizentzia osorik ordaindu izanarena.

Lizentzia behin betiko adjudikatu ondoren itzuliko zaie atxikitako bermea adjudikaziodunei.

1.3. B motako gidabaimenaren fotokopia.

1.4. Indarra duen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak betetzen dituela frogatzen duen agiria.

–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak eguneratuta dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.

–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan, langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu eta indarra duten xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana (non lizitatzaileak ez duen nahitaez aplikazio eremuaren barrenean egon behar) frogatuko da.

–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non bere erantzukizunpean baieztatuko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarra duten xedapenetan agindu bezala.

2.–"Dokumentazio teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, 1. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, proposamen ekonomikoa izan ezik, oinarri hauen 6. klausulan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntua dadin.

3.–"Proposamen ekonomikoa" izeneko 3. gutun-azalean, 3. eranskineko ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko da.

6.–Adjudikazio irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailua minusbaliotasuna dutenak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 15 puntu.

2. Edukiera handia: 10 puntu bitarte.

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 10 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 8 puntu.

–6 lagunendako tokia, gidaria barne: 6 puntu.

–5 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.

3. Eskaintza ekonomikoa gehienez ere 5 punturekin baloratuko da. 600 euroko gutxieneko eskaintzari puntu bat emanen zaio; 300 euroko gehiagoko tarte bakoitzari beste puntu bat emanen zaio, edo zatikia.

4. Zerbitzu eskaintza: 10 puntu.

Alderdi honetan gehienez ere 10 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoa, hala nola gauaz, jaiegun eta asteburuetan, baita zerbitzua asteko zazpi egunetan ematea ere.

–Gauak, jaiegunak eta asteburuak: 1,5 puntu.

–Asteko 7 egunak: 1,5 puntu.

5. Esklusibitatea: 10 puntu.

10 punturekin baloratuko da taxi zerbitzua esklusiboki ematea. Hau da, taxilari lanbidean esklusiboki aritzea. Alderdi hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.

6. Alderdi teknologikoak, 2 puntu.

Tokiak aurkitzen eta nabigazioan laguntza ematen duten elementu teknologikoak edukitzeari 2 puntu emanen zaizkio: GPS, Help-bidea u otras aplicaciones.

7. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak:

Gehienez ere 10 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada hori dakarten ibilgailuez baliatzeko. Hurrengo baremoari jarraikiko zaio.

–EKO sailkapena, 10 puntu.

–0 isurketako sailkapena: 7 puntu.

–B sailkapena: 3 puntu.

Guztirako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, Basaburuko udalerrian taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 5.2 artikulua eta uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betez, emakumea taxiaren sektorean sartzea ahalbidetzen duen eskaintzaren alde eginen da, hau da, emakume eskatzaileen alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

7.–Kalifikazio batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Esther Lakasta Perez-Ilzarbe.

  • Ordezko batzordeburua: Ricardo Arangoa Legarra.

–Batzordekidea: Santos Etxegia Oronoz.

  • Ordezkoa: Francisco Javier Azpiroz Latasa.

–Batzordekidea: Julen Beunza Arano.

  • Ordezkoa: M.ª Mar Ansorena Sala.

–Batzordekide idazkaria: Lucia Beloqui Iriarte.

  • Ordezkoa: Elena Gascue Jaunarena.

8.–Agirien kalifikazioa.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du, kanpoko jenderik aurrean ez dela.

Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan zehazten den egunean Udalaren iragarki taulan argitara emanen da Basaburuko udal mugartean hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia eskuratzeko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatu eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da gutun-azal ekonomikoak irekitzeko eguna, ordua eta tokia, baita 2. gutun-azalaren puntuazioa noiz irakurriko den ere.

Lizentzia eskuratzeko izangaiak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikatzeko bildutako irizpideei jarraituz.

9.–Proposamenak irekitzeko tokia eta egun-orduak.

Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, adjudikatzeko irizpideekin bat.

Ondoren, batzordeko idazkariak 3. gutun-azala ireki eta irakurriko du.

Biharamunean, Udalaren iragarki taulan lehentasun ordenaren araberako puntuazio zerrenda emanen da argitara, lehiaketan den lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan.

10.–Lizentziaren adjudikazioa.

1. Eskaintzak aztertuta, haietako bakoitzari lehentasun ordena esleituko zaio, guztira lortutako puntuazioarekin bat.

2. Organo eskudunak lizentziaren behin-behineko adjudikazioa onetsiko du.

3. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Zein ibilgailuri atxikiko zaion lizentzia, haren gaineko dokumentazioa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du, eta Taxiari buruzko Foru Legean eta arlo hau arautzen duen ordenantzan ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, kontratatutako gidariarena.

–Lizentziaren zenbateko osoa ordaintzea, aurkeztutako eskaintza ekonomikoarekin bat.

4. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, eta bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena eta lizentziaren zenbateko osoa ordaindu izatearena, atxikitako bermea bahituko zaio eta lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Horrela, lehentasun ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.

Prozedura hau dela eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berronartutako hautagaiek lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak izanen dituzte, baita 600 euroko bermea jarri beharra ere, behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta astebeteko epean.

5. Dokumentazio hori aurkeztuta, Udalaren osoko bilkurak behin betiko emanen dio taxi lizentzia adjudikaziodunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor den Basaburuko udal mugartean hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentziaren behin betiko adjudikazioaren hartzailea.

11.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

Taxi lizentziaren adjudikaziodunak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi lizentziaren titular izateko.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.

12.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentzia adjudikatzen duen organo eskudunak erabakiko ditu lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat inpugnatzen ahal dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2305443