84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

26/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietako sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten duena eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, Sozietateen gaineko zerga arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren tributu-zorra zehaztu eta ordaintzera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.

Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen du Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, eta gaien artean, besteak beste, jorratzen du teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan. Helburuak dira, batetik, zergapekoei erraztea zerga-betebeharrak (bai materialak, bai formalak) betetzea; bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzea, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzea.

Beraz, Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenen aurkezpen elektronikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabiltzeko aukera izatea Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide elektronikoa izan dadila sistema bakarra S90 eredua aurkezteko.

Foru agindu honetan Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Foru Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek izan beharreko erregistro-diseinuak. Aipatutako erregistro-diseinuak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei batera ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, beraz, fitxategi bat bide elektronikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro-diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

Jarraian aipatzen diren lege xedapenen barnean daude 2022an hasitako zergaldietarako S90 ereduari eragiten dioten arau aldaketak, zerikusia dutenak sozietateen gaineko zergarekin eta establezimendu iraunkorrei eta atzerrian eratuta dauden eta Espainiako lurraldean dauden errenta-egozpenaren araubideko entitateei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarekin.

Lehenik eta behin, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legea aldatu da, urriaren 19ko 22/2022 Legearen bidez. Aldaketa horrek ondorioak ditu 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako, baldin eta ez badira amaitu lege horrek indarra hartzean (2022ko urriaren 21ean), eta ekarri du Sozietateen zergaren esparruko ordainarazpen eta egiaztapen eskumenak eta, orobat, aplikatzekoa den araudia zehazteko erabiltzen den eragiketa bolumenaren atalasea 7 milioitik 10era igotzea. Gainera, ezarri da Nafarroako araudia aplikatuko dela eta Nafarroako Foru Ogasunak ikuskapen ahalmena izanen duela zergak bi administrazioetan batera ordaintzen dituzten eta egoitza fiskala lurralde erkidean duten subjektu pasiboen kasuan, aurreko ekitaldian Nafarroan gauzatu badituzte beren eragiketa guztien ehuneko 75 edo gehiago, salbu eta talde fiskal baten parte diren entitateak badira, kasu horretan ehuneko 100 eskatzen baita.

Era berean, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legeak 26/2016 Foru Legean sartutako aldaketetara egokitu behar da S90 eredua.

Ekoizpen zinematografikoetako inbertsioengatiko kenkariari dagokionez, aplikazio eremua film laburretara eta ikus-entzunezko beste lan batzuetara zabaldu da, serieak edo lan bakarrak izatea gorabehera, eta beharrezkoa izan gabe horien zabalkundea zinema areto batean egitea. Halaber, kenkariaren beste alderdi batzuk aldatu dira, hala nola laguntzen intentsitatea, ekoizpen batekin lortutako etekinetan produkzio-kostuaren ehuneko 50eko muga orokorrari eutsi zaion arren, etekin-muga bateratu handiagoa ezarri baita ekoizpen-kategoria batzuetarako, ikus-entzuneko lan zailei buruzko aipamenaren ordez.

Gainera, enplegua sortzeagatiko kenkaria indargabetu da eta, ondorioz, horri buruzko laukitxoak ezabatu behar dira.

Bestetik, apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuak, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, ezohiko kenkari bat ezartzen du 2022an 1.000.000 euroko negozio-zifra garbia gainditu ez duten zergadunentzat. Kenkariaren zenbatekoa zerga-oinarri positiboaren %3 izanen da, 3.000 euroko mugarekin, gutxieneko tributazioaren zenbatekoa murrizten ahalko du eta sozietateen gaineko zergaren pizgarriengatiko kenkariak baino lehen aplikatzen ahalko da. Ezohiko kenkaria denez, kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez den zenbatekoa ez da kentzen ahalko hurrengo ekitaldietan.

Gainera, apirilaren 7ko 10/2022 Foru Legearen bidez, aldatu egin dira Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea. 10/1996 Foru Legean ingurumen mezenasgoa gehitu da, mezenasgo sozialerako jasotzen dituen zerga pizgarri berberekin, eta, horregatik, 39. artikuluan (37. artikulua), 42. artikuluan, 47. artikuluan eta hamargarren xedapen gehigarriaren 7. apartatuan araututako kenkarietan ezarritako mugak aldatu dira, muga horietan pizgarri berriak sartzeko, eta, arrazoi beragatik, 8/2014 Foru Legearen 17.b) artikulua aldatu da.

Bestalde, 2021eko ekainaren 30ean amaitu zen jabetza industriala edo intelektuala ustiatzeagatiko murrizketaren araubide iragankorra, hamargarren xedapen iragankorrean ezarritakoa, eta, beraz, ezin izanen da aplikatu Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako araubidea, 2016ko ekainaren 30ean indarrean zegoen idazketaren arabera.

Enpresen eraldaketa digitalerako kenkaria aplikatzeko epea ere amaitu da. 26/2016 Foru Legearen hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezarrita zegoen xedapen horrek %30eko kenkaria egiteko aukera ematen zuen enpresa txikitzat jotzen ziren zergadunek 2020an eta 2021ean egindako gastu eta inbertsioen kuota osoan.

Halaber, amaitu egin da ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeko eta Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epeen luzapena, apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretuaren 6. artikuluan ezarri zena, foru lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu baitziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Azkenik, zerga administrazioak informazio gehiago izan dezan, sozietateen gaineko zergaren autolikidazio-betebeharraren kontrola bai eta zergadunei ematen zaien laguntza ere hobetzeko, bi lauki berri sartu dira: bata, ondare entitatearen izaera adierazteko, eta, bestea, interes sozialeko deklarazioari buruzko ebazpenaren zenbakia adierazteko, babes jarduerek eragindako publizitate gastuengatiko kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duten babes jardueretarako.

Beste eremu batean, ekainaren 30eko JUS/616/2022 Aginduak urteko kontuak argitaratzeko betebeharra duten subjektuek Merkataritza Erregistroan aurkeztu beharreko eredu berriak onetsi dituenez gero, S90 ereduko kontabilitate partida batzuk eguneratu behar izan dira.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. S90 eredua onestea.

Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten da, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietarako.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

Behartuta daude aitorpena S90 ereduari jarraituz egitera honako hauek: sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipatzen direnak, baldin Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, baldin aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaindu behar dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua, ordainketa eta itzulketa.

1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen dutenean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute nahitaez S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Zergadunak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. Diru-sarrera egiteko "712 ordainketa-gutuna" eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Foru Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen elektronikorako baldintza orokorrak.

1. S90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Bat etorriz Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu-zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko, laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Foru Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da; Interneteko helbide honetan daude: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

e) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten zergadunei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatiko batean.

b) Aipatu fitxategi informatikoa bide elektronikotik igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura.

a) S90 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Aitorpena laguntza programa erabiliz bete.

2. Betetako aitorpena baliozkotu.

3. Baliozkotutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen dio ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten zergadunek, betebehar hori betetzeko, aitorpena egiteko epearen barnean erantsi beharko dituzte aipatu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkaria, Zergari buruzko Foru Legearen 61.7 artikuluan aipatutakoa, justifikatzeko agiriak aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean eskuragarri jarriko den inprimakia erabiliko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2023ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 4an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2305535