84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2023 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Arte Gaztearen Topaketak 2023 programaren deialdia eta haren sarien oinarri arautzaileak, eta gehienez 35.000 euroko gastua baimentzen baita sariak emateko. DDBN identifikazioa: 684867.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 27.1 artikuluak ezartzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko dituela, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat. Halaber, 2.f) apartatuak ezartzen du ezen gazteei zuzendutako kultura politiken helburuetako bat izanen dela artista gazteei laguntzea, programa espezifikoen bidez eta artista gazteak kultura eskaintza orokorrean sartuta.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituenak, 19. artikuluaren c) apartatuan jasotzen du gazteen kultura sormena eta gazteek artean daukaten parte-hartzea sustatu behar direla, ekintza hauen bitartez: dirulaguntza deialdiak, sariketak eta egonaldi artistikoak, besteak beste.

Horretan oinarrituta, Nafarroako Gazteriaren Institutua sormena eta artea sustatzen ari da gazteen artean, haien prestakuntza eta garapen profesionala bultzatzeko. Hala, hogeita hamazortzi urtean, Arte Gaztearen Topaketak programa egin da, hainbat arte modalitate bildurik: Musika eta Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak, Diseinua eta Literatura. Asko dira edizio horietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu ditu, eta artistak gure mugez harago mugi daitezen lagundu.

Horrenbestez, ditudan eskudantziak erabilita, zeinak eman baitzaizkit Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuan,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Arte Gaztearen Topaketak 2023 programaren deialdia, oinarri arautzaileak eta ebazpen honi atxikitako eranskinak.

2. Gehienez 35.000 euroko gastua baimentzea, programaren lau modalitateei dagozkien sariak emateko, Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorretako "Sariak, lehiaketak eta sariketak" izeneko 090002 09100 4809 232105 partida ekonomikoaren kontura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

ARTE GAZTEAREN TOPAKETAK 2023 (39. EDIZIOA).
OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) antolatzen duen Arte Gaztearen Topaketak 2023 programan parte hartzeko baldintzak ezartzea.

Arte Gaztearen Topaketak programa bat da, helburu duena egungo arte gaztea sustatzeko beharrezkoak diren baldintzak eskaintzea –dela artea ekoizteko, dela sormen-lanak erakutsi eta zabaltzeko–, eta mekanismo batzuk eskueran jartzea lotuneak sortzeko bitartekaritzaren eta ekoizpen prozesuaren artean.

Modu horretan, artista gazteen prestakuntzan laguntzen du. Horretarako, programaren baitan lantegiak, tutoretzak eta beste prestakuntza mekanismo batzuk izanen dira, modalitate guztietan. Topaketen bukaeran, aukeratzen diren proiektuak jendaurreko jarduera ireki batzuetan aurkeztuko dira, jaialdi formatuan. Jarduera horien ardatz izanen dira, batetik, prestakuntza artistiko parte hartzailea eta, bestetik, modalitate artistikoak elkarri gerturatzea.

Arte Gaztearen Topaketak 2023 programan parte hartzeak oinarriak onartzea dakar berekin.

2.–Modalitateak.

Arte Gaztearen Topaketak 2023 programaren hogeita hemeretzigarren edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Musika eta Arte Eszenikoak (ikusi I. eranskina).

–Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak (ikusi II. eranskina).

–Diseinua (ikusi III. eranskina).

–Literatura (ikusi IV. eranskina).

3.–Norentzat den.

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

–Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea edo bizitzea, edo Nafarroako forudunaren izaera zibila edukitzea, eta 14tik 30 urtera bitarte izatea, biak barne, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako beteak.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 adin horretatik gorakoak izaten ahalko dira.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 Nafarroatik kanpokoak izaten ahalko dira.

–Taldeko edo kolektiboko ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

4.–Izen-emateak.

Hilabeteko epea izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Arte Gaztearen Topaketak programan izena emateko eskabideak aurkezteko.

Eskbidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, paperean edo formatu elektronikoan:

–Izena emateko inprimakia, beteta. Inprimaki hori Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orritik ere deskargatu ahal izanen da.

https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/formulario-de-inscripcion-encuentros-de-arte-joven-2023-501-es.pdf?ts=20230228150333 (VI. eranskina).

–Artistaren NAN/AIZren fotokopia, baita taldeko edo kolektiboko partaide guztiena ere, halakoen kasuan. Nafarroan jaio ez diren egoiliarren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, zeinetan adierazten baita Nafarroako forudunaren izaera zibila duela.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

–Dosierra. Dosierrak 15 orrialde izanen ditu, gehienez ere, PDF formatuan. Modalitate artistikoa zein den, halako zehaztasunak eman beharko dira dosierrean, eta agiri honetan jaso dira (I.-IV. eranskinak).

–TOE (transferentzia bidez ordaintzeko eskaera), baldin aldez aurretik aurkeztu ez bada. (V. eranskina).

Inskripzio-eskaerak hemen aurkezten ahalko dira: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yangua y Miranda kalea 27, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Nafarroako Gobernuak ofizioz egiaztatuko du onuradunak egunean dituela Administrazio honekiko tributu betebeharrak, eta behar den eginbidearen bidez jasoko da inguruabar hori. Aurka egonez gero, betebehar hori betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da nahitaez.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Zazpi egun balioduneko epea emanen da, jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko; zuzendu ezean, eskabidean atzera egin dela ulertuko da.

5.–Epaimahaia.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatuko du modalitate bakoitzeko epaimahaia, zeinetan ospe handiko hiru pertsona izanen baitira. Hona hemen edizio honetako epaimahaiak:

Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak: Marina Lameiro zinemagile eta ekoizlea, Javier Arbizu artista plastiko eta bisuala, eta Angelica Tognetti erakusketa-koordinatzailea eta kultura kudeatzailea.

Musika eta Arte Eszenikoak: Martxel Rodríguez koreografo eta dantzaria, Iker Bengoetxea aktorea (Sudurgorri Vocal Estudio), eta Edurne Arizu musikari eta sortzailea.

Diseinua: Lluna de Ozeano Studio diseinatzailea, Berta Osés diseinatzaile eta sortzailea (Beruta), eta Iñigo Villar diseinatzaile grafikoa, eta Espacio Kreiva espazioaren fundatzaileetako bat.

Literatura: Izaskun igoa idazlea, Barbara Mingo idazlea, eta Daniel Franco idazlea eta Graviola argitaletxearen fundatzailea.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiek idazkari baten laguntza izanen dute. Idazkari horrek hitza izanen du, baina botorik ez; eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileen artetik izendatuko da. Idazkari horrek ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeheren gainean ebazteko, lehenbiziko.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

6.–Hautapen prozesua.

Jasotako eskabide guztien artetik, epaimahaiak lau modalitateetako 30 proiektu aukeratuko ditu, gehienez ere. Proiektu horiek jaialdian aurkeztuko dira.

Epaimahaiak, modalitate bakoitzean, bere eztabaiden akta eginen du, erabakiak gehiengoz hartuko ditu eta proiektuak hautatuko ditu honako irizpide hauetan oinarrituta:

–Proiektuaren kalitate artistikoa, honako faktore hauek aintzat hartuta: proposamenaren sendotasun formala, proposamenaren formaren eta edukiaren arteko egokitasuna, obran islatu izana ezagutzen direla modalitateko egile edo obra garrantzitsuak, aurkezpena eta erabilitako lengoaia artistikoaren heldutasuna (20 puntu). Hautatua izateko, proiektuak gutxienez 12 puntu lortu behar ditu.

–Esperimentazioa eta ikerketa. (20 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 12 puntu lortu beharko dira.

–Nola egokitzen den aurkeztutako proiektua deialdi honen ezaugarrietara (10 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 5 puntu lortu beharko dira.

Hautatutako proiektuek gutxienez 29 puntu lortu beharko dituzte.

Gainera, epaimahaiaren zeregina izanen da banakako tutoretzak eta lantegiak egitea hautatutako artistekin.

7.–Sariak.

Lau modalitateetako epaimahaiek 30 proiektu aukeratu ahal izanen dituzte, gehienez ere. Proiektu horiek jendaurrean aurkeztuko dira topaketen itxiera jaialdian, 2023ko urriaren 6an, 7an eta 8an.

Hautatutako proposamenek sari hau izanen dute:

–Asteburuko topaketa eta egonaldi artistikoa, zeinetan prestakuntza espezifikoa izanen baita.

–Diziplinarteko lantegiak eta tutoretzak, epaimahaikideek emandakoak.

–800 euroko saria.

Hautatutako proposamenen artean, eta jendaurrean aurkeztu ondoren, epaimahaiak lau modalitateetako 8 obra nabarmenenak aukeratuko ditu, eta 8 sari emanen zaizkie, bakoitza 1.375 eurokoa. Nafarroako Gazteriaren Institutuak saritutako zortzi proiektu horiek hedatzen lagunduko du, eta ahalbidetuko du proiektu horiek izan daitezen, 2024an, Nafarroako jaialdi eta ekitaldien programazioan, baldin horien kudeatzaileek egokitzat jotzen badute.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du hautatutako 30 proiektuentzako sariak emateko, eta beste bat, horien artean nabarmenenak diren zortzientzako sariak emateko. Sariak emateko justifikazioak izanen dira eztabaiden aktak eta epaimahaiaren epaia.

Sariak emateko ebazpenak Nafarroako Gazteriaren Institutuko web-orrian argitaratuko dira, eta, informazioa emate aldera soilik, topaketetan parte hartu duten pertsona guztiei jakinaraziko zaie, posta elektronikoz.

Baldin saria jasotzen duten proiektuak eta lanak jendaurrean erakusten eta zabaltzen badira, publizitatean aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Gazteriaren Institutuak saria eman diela.

8.–Proiektuaren garapena.

Hautatutako pertsonek elkar ezagut dezaten eta profesionalki aurrera egin dezaten, topaketa eta prestakuntza jarduerak eginen dira.

Hautatutako artistek topaketa artistikoan aurkeztuko dituzte beren proiektuak, Getadarko gazte-aterpean, 2023ko irailaren 1, 2 eta 3an. Lagunarteko topaketak izanen dira, kanpoko ikus-entzulerik gabe. Nork bere proiektua konpartitu ahal izanen du diziplina orotako parte-hartzaileekin, epaimahaietako kideekin eta antolakuntzakoekin. Beraz, parte hartzeko jardunaldiak izanen dira, gogoeta egitekoak eta eztabaidatzekoak.

Gerta daiteke arazoren bat izatea –antolakuntzarekin loturarik ez duena– topaketarako proposatu den espazioarekin. Horrelakorik bada, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan eginen da, arestian aipatutako egunetan.

Prestakuntza-lantegiak 2023an eginen dira. Lantegiek jendartea parte hartzeko aukera ematen ahal dute, plaza guztiak bete arte. Nolanahi ere, edizio honetan aurkeztu direnek beren plaza erreserbaturik izanen dute horietan.

Hautaturiko artistek edo artista taldeek beren proiektuen aurkezpen/lagin/emanaldi bat eginen dute jendaurrean, modalitatea zein den, halako formatuan, urriaren 6tik 8ra bitartean, topaketen jaialdian. Formatuak horretarako bidea ematen duen guztietan, emanaldia Uharteko Arte Garaikideko Zentroan izanen da.

9.–Gorabeherak.

Arte Gaztearen Topaketetan 2023 gertatzen ahal diren gorabeherak Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabeheren gainean ebazteko.

Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeria urratzen badute.

10.–Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Helburua: lizitazioan parte hartzea kudeatzea, eta komunikazioak eta informazio-trukeak ahalbidetzea parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiekin.

Legitimazioa: ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.

Eskubideak: datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

–Informazio gehigarria:

Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu: https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf#lnk

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar Nafarroako Gazteriaren Institutuari baimena ematea parte hartzaileen irudia erabiltzeko, baita haien sormen-lanak jendarteratzeko ere, topaketen programa zabaltzeko soilik.

Erabili ahal izanen da, era berean, lantegietan izena ematen duten pertsonen irudia, eta lantegia zabaltzeko erabiltzen diren ikus-entzunezko materialetan ager daitezkeenena.

11.–Harremanetarako datuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, behea. 31003. Iruña.

Telefono zenbakiak: 848 423 900 / 848 427 841.

encuentros@navarra.es

www.juventudnavarra.es/eu

I. ERANSKINA

Modalitatea: Musika eta Arte Eszenikoak

Xedea.

Musikaren, dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkuaren edo adierazpide eszeniko garaikideei eta arte biziei loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proiektuak, ikuskizunak edo lanak.

Musikaren kasuan, norberaren errepertorioa 20 minutukoa izanen da gutxienez.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

–Obraren laburpena.

–Obraren edo proiektuaren fitxa teknikoa: taldeko kideak, instrumentuak, behar berariazkoak eta abar.

–Proiektuaren fitxategia edo hura Interneten ikusteko esteka, edo bideo edo MP3 formatuko grabaketa (10 minutu gehienez ere).

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, proiektua ulertzen laguntzeko.

Lehiaketaren garapena.

–Hautatutako artistek topaketa artistiko batean aurkeztuko dituzte beren proiektuak, Getadarko gazte-aterpean, 2023ko irailaren 1, 2 eta 3an.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza-jarduerak eta topaketak eginen dira Getadarko aterpetxean, Uharte Zentroan edo horiek hedatzeko egokitzat jotzen diren lekuetan.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Uharte Zentroan, 2023ko urriaren 6tik 8ra. Proposamena nolakoa den, ezin bazaie egokitu Uharteko Zentroko espazioei, beste espazio batzuetan egitea baloratuko da: esaterako, kultur etxeen sarean edo musikako kontzertu aretoetan. Hala bada, beharbada datak aurreratuko dira.

–Talde bakoitzarekin adostuko da zer egun eta ordutan izanen den emanaldia, baita hartarako behar diren baldintza teknikoak ere, zeinak egokitu beharko baitira erabilgarri dauden baliabide teknikoetara.

II. ERANSKINA

Modalitatea: Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak

Xedea.

Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen proiektuak edo piezak: pintura, eskultura, grabatua, argazkia, bideo-artea, performancea, zinema, instalazioa, teknologia berriak, edo modalitate honetan ohikoa den edozein teknika eta formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek ere izan behar ditu:

–Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren planteamendua ulertzea ahalbidetzen dutenak.

–Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, honako hauek zehaztuta: izenburua, neurriak, iraupena, formatua, muntatzea egiteko argibideak eta behar espezifikoak, beharrezkoa bada.

–Obra bistaratzeko estekak sartzen ahal dira.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–Hautatutako artistek topaketa artistiko batean aurkeztuko dituzte beren proiektuak, Getadarko gazte-aterpean, 2023ko irailaren 1, 2 eta 3an.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza-jarduerak eta topaketak eginen dira Getadarko aterpetxean, Uharte Zentroan edo horiek hedatzeko egokitzat jotzen diren lekuetan.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, Uharte Zentroan, 2023ko urriaren 6tik 8ra.

–Emanaldiak eta muntatze-lanak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

III. ERANSKINA

Modalitatea: Diseinua

Xedea.

Diseinuaren edozein arlotako proiektuak, piezak edo bildumak: jantziak, osagarriak eta ehunak; barrualdeak, espazioak, kanpoaldeak eta paisaiak; diseinu grafikoa, argitalpen-diseinua eta publizitatea; industriala eta produktuarena; animaziokoa eta interaktiboak, eta egungo diseinuari lotutako beste edozein formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den txostenak hauek ere izan behar ditu:

–Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren planteamendua ulertzea ahalbidetzen dutenak.

–Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, hauek zehaztuta: neurriak, formatua, muntatzea egiteko argibideak eta behar espezifikoak, beharrezkoa bada.

–Obra bistaratzeko estekak sartzen ahal dira.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–Hautatutako artistek topaketa artistiko batean aurkeztuko dituzte beren proiektuak, Getadarko gazte-aterpean, 2023ko irailaren 1, 2 eta 3an.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza-jarduerak eta topaketak eginen dira Getadarko aterpetxean, Uharte Zentroan edo horiek hedatzeko egokitzat jotzen diren lekuetan.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, Uharte Zentroan, 2023ko urriaren 6tik 8ra.

–Emanaldiak eta muntatze-lanak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

IV. ERANSKINA

Modalitatea: Literatura

Xedea.

Poesiari, narrazioari, saiakerari, ez-fikzioari, antzerkigintzari, zinema gidoiei, komikigintzari, album ilustratuei edo egungo literaturari lotutako beste edozein generotako testu, liburu edo proiektuak.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den txostenak hauek ere izan behar ditu:

–Testu osoa, PDF formatuan (Times New Roman 12, 1,5eko lerroartea).

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–Hautatutako artistek topaketa artistiko batean aurkeztuko dituzte beren proiektuak, Getadarko gazte-aterpean, 2023ko irailaren 1, 2 eta 3an.

–Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza-jarduerak eta topaketak eginen dira Getadarko aterpetxean, Uharte Zentroan edo horiek hedatzeko egokitzat jotzen diren lekuetan.

–Hautatutako artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, Uharte Zentroan, 2023ko urriaren 6tik 8ra.

–Hautatutako artista bakoitzarekin aurkeztu beharreko obraren datak eta ordua koordinatuko dira, baita behar diren baldintza teknikoak ere; horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

V. eranskina.–Deskargatu transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea (DOC).

VI. eranskina.–Deskargatu izena emateko inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2305329