84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

29/2023 FORU DEKRETUA, urriaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen eta gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu lanbide heziketari dagokionez, besteak beste, xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide heziketa eta lanbide heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide heziketako zikloetan sartu eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.

Foru dekretu honen bitartez, Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretua garatzen du, Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena errazagoak izan daitezen enpresara hobeki egokitzea, irakaskuntzen antolaketa malgutzea, ikastetxeen curriculum-autonomia handiagoa izatea eta ikasleei prestakuntza zabalagoa ematea.

Horregatik, Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Arautze honetan honako elementu hauek jasotzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren bi lanbide kualifikazio azaltzen dira. Bi lanbide kualifikazio horiek (Enoteknia, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuaren bidez arautua, eta Mahatsaren eta Ardoaren Deribatuen Industriak, ekainaren 8ko 729/2007 Errege Dekretuaren bidez arautua) jarduketa profesionalaren eremua osatzen dute, haietako bakoitzaren gaitasunen multzoak definitzen duena. Eremu horrek eta euskarri gisa erantsi diren lanbide moduluek zabalera eta espezializazio nahikoa dute teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.

Ekoizpen sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak geroan izanen duen bilakaerari buruzko etorkizuneko ikuspegia dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasatzen ahal den beste ikasketa batzuetara Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (4. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 5. eta 6. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 15ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikariaren tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Elikagaien Industrien lanbide arlokoa da Nafarroako Foru Komunitatean.

2. artikulua. Identifikazioa.

Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Mahastizaintza eta Ardogintza.

b) Maila: 3-Goi mailako lanbide heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Elikagaien Industriak.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Mahastizaintza eta Ardogintzako heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Garatzen duten lan unitateen bitartez zehaztuko da programazioa.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Lanbide moduluak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 46.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Zientziak eta Teknologia modalitateko batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa ziklo honetan sartzeko, abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarri bezala.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banatuak.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 3. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi mailako heziketaren irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokienez, abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatutako gaitasun unitateen eta Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 4.A) eranskinean ageri dira.

2. Era berean, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia, egiaztapena egiteko, foru dekretu honen 4 B) eranskinean zehaztuta dago.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 5.A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dira.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 5 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitateetarako.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 5.C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute, bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta tresneriak behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte espazioak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza lekuak ez dira nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresneria, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu espazioetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta ikasketen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluaren baliokidetasunak.

Abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, abuztuaren 4ko 14/1970 Legearen Mahastizaintza eta Enotekniako teknikari espezialistaren tituluak (nekazaritza adarra) dituen ondorio akademiko eta profesionalak izanen dira Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikariaren tituluaren berberak (titulu horren curriculuma foru dekretu honetan arautzen da).

Bigarren xedapen gehigarria.–Beste lanbide trebakuntza batzuk.

1. Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide ardurak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, abenduaren 14ko 1688/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat.

2. Foru dekretu honen bitartez Mahastizaintza eta Ardogintzako Legeria eta Elikagaien Segurtasuna lanbide moduluan ezartzen den prestakuntzak elikagaien manipulazioan eta higienean jardunbide egokia ahalbideratzeko behar den ezagutza maila bermatzen du, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituzten otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluaren exijentziarekin bat etorriz.

3. Foru dekretu honetan (tituluko lanbide modulu guztietan) ezarritako prestakuntzak bermatzen du mahastizaintza eta ardogintzako teknikari espezialistaren lanbide jardunean gaitzeko eskatzen den ezagutza maila lortzen dela. Eta, lan ondorioetarako, baliokidetzat jotzen da Elikagaien industriako goi mailako teknikariaren tituluarekin, zeina abenduaren 22ko 2050/1995 Errege Dekretuak ezarri baitzuen, bat etorriz ekainaren 28ko 595/2002 Errege Dekretuaren 4. artikuluarekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2023/2024 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculumaren dokumentu osoa PDFan:

Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikari titulua.

Iragarkiaren kodea: F2304412