8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1289E/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2023-2024 aldian Tokiko Agenda 2030 prestatzeko dirulaguntzak" emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 663019.

Tokiko Agenda 2030 –lehen Tokiko Agenda 21 izandakoa– plangintza estrategikoko prozesu bat da, udalerri batek edo udalerrien elkartze batek egiten duena jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa jarrita garapenaren jomugan; prozesu hori bideratzeko, udal agintariek eta herritarrek elkarrekin erabakiak hartuta zehazten dira helburuak.

Ebazpen honen xedea da araubide bat ezartzea Tokiko Agenda 2030 prestatzeko dirulaguntzetarako, hura 2023-2024 aldian presta dadila sustatze aldera, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzea helburu harturik.

Honako ezaugarri hauek ditu Tokiko Agenda 2030 delakoak:

–Tokiko Agenda 21 izandakoaren jarraipena da.

–Jasangarritasuna sustatzen du ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

–Agenda 2030 eta haren garapen jasangarrirako 17 helburuak herri mailara ekartzen ditu.

–Espainiako Hiri Agendan ezarritako eskema orokorra du.

–Epe ertain eta luzerako plan estrategikoa da.

–Jardun eremua ukitzen duten gainerako garapen-estrategiekin koherentea da.

–Herritarrek parte hartzen dute haren lanketan.

–Tokiko botere publikoen erantzukizun politikoa da hura ezartzea, haren jarraipena egitea eta hura berrikustea.

Tokiko Agenda 2030 prestatzeak denbora luzeko lana eskatzen du, baita inplikatutako toki erakundeekin eta biztanleekin elkarlanean aritzea ere. Horregatik, hainbat urtetako aurrekontuak behar ditu gauzatu ahal izateko; horrenbestez, egokia da Tokiko Agenda 2030 egiteko dirulaguntzak urte anitzekoak izatea.

Adierazitakoarekin bat, eta nire eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidatenak.

EBAZTEN DUT:

1. 2023-2024 aldian toki erakundeek Tokiko Agenda 2030 –lehen Tokiko Agenda 21– prestatzeko finantzaketa izateko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 35.000,00 euroko gastua baimentzea 2023. urterako, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: 740001 74100 4609 468100 partida, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterketa eta planetarako".

4. 35.000,00 euroko gastua baimentzea 2024. urterako, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: 740001 74100 4609 468100 partida, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterketa eta planetarako".

5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, zuzenduko zaiona Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

1. ERANSKINA

2023-2024 ALDIAN TOKIKO AGENDA 2030 PRESTATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TOKI ERAKUNDEENTZAT. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da araubide bat ezartzea 2023-2024 aldian Tokiko Agenda 2030 prestatzea sustatzeko dirulaguntzetarako, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzea helburu harturik.

Honako ezaugarri hauek ditu Tokiko Agenda 2030 delakoak:

1. Tokiko Agenda 21 izandakoaren jarraipena da.

2. Jasangarritasuna sustatzen du ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

3. Agenda 2030 eta haren garapen jasangarrirako 17 helburuak herri mailara ekartzen ditu.

4. Espainiako Hiri Agendaren egitura orokorra du.

5. Epe ertain eta luzerako plan estrategikoa da.

6. Jardun eremua ukitzen duten gainerako garapen-estrategiekin koherentea da.

7. Herritarrek parte hartzen dute haren lanketan.

8. Tokiko botere publikoen erantzukizun politikoa da hura ezartzea, hari jarraipena egitea eta hura berrikustea.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen da Nafarroako toki erakundeetan Tokiko Agenda 2030 prestatzeak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a. Toki erakunde batek eginak izatea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo erakundeen batasun batek.

b. Tokiko Agenda 2030 baten prestaketa lanen barnean egotea. Haren garapena 4. eranskinean zehazten da.

c. Agenda osoki prestatzea, eranskin horretan berean zehaztu bezala.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, ondoko dokumentazio hau erantsiko zaio eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharreko eskaerari:

1. 2. eranskina: erakunde eskatzailearen eta dirulaguntzaren xede diren erakundeen erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Eskaera erakunde baterako baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer erakunde diren. Halaber, zehaztuko da inoiz prestatu den Tokiko Agenda 21, eta noiz.

2. Eskaera hainbat toki erakunderentzat egiten bada, 3. eranskina beterik aurkeztu beharko da, eskuordetzen duen erakunde bakoitzerako: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, erakunde eskatzaileari eskuordetzea ematen zaiola dioen adierazpena, eta gastu-konpromisoa eta Tokiko Agenda 21 egitea.

Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jadanik badu agiri horietako bat, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adierazita zer agiri den eta zer espedientetan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo toki erakundeko lehendakariak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da. Agendek zenbait udalerritan baldin badute eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko baimen-agiria erantsiko da (3. eranskina).

Nahitaez telematikoki aurkeztuko dira dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio batzorde tekniko batek ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Batzordeko burua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kidea: Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Ataleko burua.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

Beharrezkotzat joz gero, balorazio batzorde teknikoak eskatzen ahalko du parte har dezatela aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atalak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu baten bidez emanen edo ukatuko dira dirulaguntzak. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatzea, gertatzen den unean, proiektuaren gauzatzean izandako edozein gorabehera, berekin dakarrena aldaketaren bat edukian edo kostuan. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, salbu berariaz bere gain hartzen badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak edo ekintzak 2023ko eta 2024ko ekitaldien barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2023ko eta 2024ko ekitaldietan eman dezan toki erakundearen aldeko ordainketa agindua, ekitaldi bakoitzean toki erakundeak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek behin betiko hartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzule bakar-bakarra izanen da, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Onartzea organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek –estatukoek nahiz Europar Batasunekoek– egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

6. Tokiko batzorde betearazlea sortzeko konpromisoa. Hartan hartuko dute parte agenda prestatzen duten toki erakundeen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek; azken horiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak izendatuko ditu. Tokiko batzorde betearazleak hiru bilera eginen ditu, eta bilerek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

a) Lehena 2023ko ekainaren 20a baino lehenago eginen da. Horretan, abiatzeko dokumentua eta lanerako plana aurkeztuko dira, informazio honekin, gutxienez:

–Tokiko Agenda 2030 prestatzeko ardura duen enpresa kontratatzeko agiria.

–Tokiko Agenda 2030erako hasierako dokumentua.

a. Hasierako dokumentuak: aurreko Tokiko Agenda 21 edo 2030, LOEE (EMOT), LAP (POT) eta eskualdeko estrategiak.

b. Lanerako plana:

I. Informazio-iturriak: erakundeak, pertsonak eta alderdi interesdunak.

II. Tailer kopurua eta egutegia.

III. Komunikazio eta mobilizazio plana parte-hartze tailerretarako.

IV. Laneko planaren beste ekintza batzuk.

b) Bigarren bilera 2023ko azaroaren 14a baino lehen izanen da, jasangarritasunari buruzko diagnostikoa aurkezteko, baliozkotzeko.

c) Hirugarren bilera 2024ko maiatzaren 14a baino lehen izanen da, tokiko ekintza- eta jarraipen-plana aurkezteko, baliozkotzeko.

7. Seihileko bakoitzeko gutxienez parte hartzeko foro bat eginen da.

8. Toki erakundearen ordezkari politiko bat eta erreferente tekniko bat izendatu beharko dira; tokiko batzorde betearazleetan parte hartuko dute, eta artekari lanak eginen dituzte Nafarroako Gobernuarekin eta laguntzaileekin.

9. Toki erakundeek ez dute zertan Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin bat egin, baina oso egokia da hori, itunaren eta deialdi honen helburuak ildo berean doazelako.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Ez bada frogatzen onetsitako proiektuaren arabera egin direla lanak, dirulaguntza gutxitu eginen da, gauzatutako proiektuaren proportzioan.

Bi epetan eginen da ordainketa.

Lehenbizikoa 2023ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: 740001 74100 4609 468100 partida, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterketa eta planetarako". Lehen epe honetan agenden diagnostikoa prestatzeko gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ordainduko dira.

Bigarrena 2024ko ekainaren 30a baino lehen ordainduko da, 2024ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: 740001 74100 4609 468100 partida, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterketa eta planetarako". Bigarren epe honetan ordainduko dira ekintza plana eta agenden jarraipena egiteko gastuetarako emandako dirulaguntzak. Azken kasu horretarako, beharrezkoa izanen da Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak aldeko txostena egitea, hots, Tokiko Agenda 2030 osoki zuzen prestatu dela ziurtatzea. Bestela, Tokiko Agenda 2030en erakunde arduradunari eskatuko zaio hutsak edo okerrak zuzen ditzala.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, gehienez 35.000 euro emanen dira 2023rako, eta 35.000 euro 2024rako. Dirulaguntzaren xede diren ekintzek ekarritako gastuaren %70 izanen da gehienez proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Honako hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

–Bi mila eta hamar mila biztanle arteko udalerrietan edo udalerri-batasunetan, epe bakoitzerako, gehienez 5.000 euro ordainduko dira 2023an, eta 5.000 euro 2024an, agenda bakoitzeko. Beraz, gehieneko dirulaguntza 10.000 eurokoa izan daiteke 2023-2024 aldian egindako tokiko agenda 2030 bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopurua, guztira, emateko ebazpenean adieraziko da.

–Hamar mila eta 20.000 biztanle arteko udalerrietan edo udalerri-batasunetan, epe bakoitzerako, gehienez 6.000 euro ordainduko dira 2023an, eta 6.000 euro 2024an, agenda bakoitzeko. Beraz, gehieneko dirulaguntza 12.000 eurokoa izan daiteke 2023-2024 aldian egindako tokiko agenda 2030 bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopurua, guztira, emateko ebazpenean adieraziko da.

–Hogei mila biztanle baino gehiagoko udalerrietan edo udalerri-batasunetan, epe bakoitzerako, gehienez 8.000 euro ordainduko dira 2023an, eta 8.000 euro 2024an, agenda bakoitzeko. Beraz, gehieneko dirulaguntza 16.000 eurokoa izan daiteke 2023-2024 aldian egindako tokiko agenda 2030 bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopurua, guztira, emateko ebazpenean adieraziko da.

Aurrekontu erabilgarririk ez badago, azken erakundeari emandako laguntza murriztu eginen da urte bakoitzeko, dirulaguntza emateko irizpideen arabera.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak:

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira proiektuak edo ekintzak:

a) Lehenik, Tokiko Agenda egin gabe duten udalei emanen zaie dirulaguntza. Horien artean, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten erakundeen edo erakunde multzoen proiektuek.

b) Gero, tokiko ekintza- eta jarraipen-plan zaharrenak dituzten erakundeei emanen zaie dirulaguntza. Antzinatasunean berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten erakundeen edo erakunde multzoen proiektuek.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. 2023ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki erakundeko idazkariak ziurtatua edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Diagnostikoaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean esaten den bezala.

c) 6. eranskina, betea eta sinatua: adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak eta gastu eta diru-sarrerenak betetzeari buruzkoa.

2. 2024ko maiatzaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki erakundeko idazkariak ziurtatua edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Tokiko Agenda 21 dokumentu osoaren ondoriozko dokumentua, 4. eranskinean ezarri bezala.

c) 6. eranskina, betea eta sinatua: adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak eta gastu eta diru-sarrerenak betetzeari buruzkoa.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste laguntza batzuekin, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz atzerrikoek.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Erakunde publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko, edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluei jarraituko zaie.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da proiektua Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen dela.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 prestatzeko dirulaguntza eskatu duen erakundearena.

3. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 prestatzeko eskuordetu duten erakundeena.

6. eranskina.–Adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak eta gastu eta diru-sarrerenak betetzeari buruzkoa.

Deskargatu 2., 3., eta 6. eranskinak (DOC).

4. ERANSKINA

Tokiko Agenda 21 prestatzeko prozedura

Tokiko Agenda 2030 prestatzeko, honako hau egin behar da:

1. Jasangarritasunaren diagnostikoa.

2. Tokiko Ekintza Plana (TEP) eta Jarraipen Plana.

Bietarako, erreferentziako dokumentua da Tokiko Agenda 2030en Eskema Orokorra (5. eranskina); Espainiako Hiri Agenda da, baita ere, horren jatorria, baina hartan proposatzen diren helburuak alda daitezke.

Tokiko Ekintza Plana eskema orokorraren ardatzen arabera egonen da egituratuta, baina, aldi berean, bere ekintzak antolatuko dira Agenda 2030eko garapen jasangarrirako 17 helburuen arabera.

Tokiko Ekintza Plana bi formatu hauetan aurkeztuko da, gutxienez:

–Txosten betearazlea, non prozesua, helburuak eta ekintzak azaldu beharko baitira.

–Taula formatua; Nafarroako Gobernuak horretarako ematen duena bete beharko da.

Tokiko Batzorde Betearazleak lan plangintza nahiz prestakuntza prozesuaren ondoriozko agiriak onetsiko ditu. Honako hauek osatuko dute batzordea gutxienez:

–Toki erakundearen ordezkari bat.

–Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat.

–Kanpoko laguntzaren edo enpresaren ordezkari bat.

Bukatzeko, hala jasangarritasunaren diagnostikoa nola tokiko ekintza plana eta jarraipen plana, toki erakundeko beharrezko organoek onetsiko dituzte modu ofizialean.

Parte-hartzea: lurraldera egokituta ezarriko dira parte hartzeko prozedurak, bermatu dadin herritarrek parte hartzen dutela faseetako bakoitzean.

Lehenengo tokiko batzorde betearazleak baliozkotu beharreko lan plangintzan, honako hauek zehaztuko dira:

–Parte hartzeko foroen eta foku taldeen gutxieneko kopurua.

–Egin beharreko elkarrizketen gutxieneko kopurua.

–Proposatutako galdeketak.

–Tokiko agenda prestatzeko informazio iturriak.

–Komunikazio plana eta herritarrek parte hartzeko motibazioa.

5. ERANSKINA

Tokiko Agenda 2030ren eskema orokorra-Ardatzak eta helburuak

(Espainiako Hiri Agendaren ereduan oinarritua)

1.–Lurraldea, paisaia eta biodibertsitatea.

Lurraldea antolatzea, eta lurraren arrazoizko erabilera egin, kontserbatu eta babestea:

1.1. Lurzorua antolatzea inguruko lurraldearekin bat etorrita.

1.2. Natur eta kultur ondarea zaindu eta hobetzea, eta paisaia babestea.

1.2.1. Natur ondarea zaindu eta hobetzea.

1.2.2. Kultur ondare materiala, immateriala eta linguistikoa zaindu eta hobetzea.

1.3. Azpiegitura berde eta urdinak hobetzea, eta haiek testuinguru naturalari lotzea.

2.–Hirigintza eta populatze eredua.

Hiri barreiadura saihestea eta gaur egun ditugun hiriak bizkortzea.

2.1. Hiriaren trinkotasuna zein oreka eta oinarrizko zerbitzuen hornidura sustatzen dituen hiri eredua zedarritzea.

2.2. Funtzio konplexutasuna eta askotariko erabilerak bermatzea.

2.3. Espazio publikoen kalitatea eta irisgarritasuna bermatzea.

2.4. Hiriko ingurumena hobetzea eta kutsadura murriztea.

2.5. Hiria berroneratzea sustatzea.

2.6. Eraikinen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzea

2.7. Zarata eta haren ondorioak prebenitu eta murriztea

2.8. Hirigintza osasungarria sustatzea

2.8.1. Ibiltzeko egokiak diren kaleak

2.8.2. Natura hiri esparruan sartzea

2.8.3. Elkartzeko eta bizikidetzarako guneak

3.–Klima aldaketa.

Klima aldaketaren inpaktuak prebenitu eta murriztea, eta erresilientzia hobetzea.

3.1. Ekintza klimatikoa Administraziotik (L1 PACES).

3.2. Energia efizientzia eta energia berriztagarria (L2 PACES).

3.3. Mugikortasun jasangarria eta zero emisio (L3 PACES).

3.4. Klima aldaketara egokitutako hirigintza (L4 PACES).

3.5. Hondakinen prebentzioa eta kudeaketa eta ekonomia zirkularraren sustapena (L5 PACES)

3.6. Natura-ingurunea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza-sektorea (L6 PACES).

3.7. Uraren kudeaketa integrala (L7 PACES).

3.8. Klima-aldaketarekin lotutako gaixotasunen eta osasun-ondorioen prebentzioa (L8 PACES).

4.–Baliabideen kudeaketa jasangarria eta ekonomia zirkularra.

Baliabideen kudeaketa jasangarria egitea eta ekonomia zirkularra laguntzea.

4.1. Energiari dagokionez efizienteagoak izatea, eta energia aurreztea.

4.2. Uraren kontsumoa optimizatu eta murriztea.

4.3. Materialen zikloa sustatzea.

4.3. Hondakinak murriztea eta birziklatu daitezen erraztea.

5.–Mugikortasuna eta garraioa.

Hurbiltasuna eta mugikortasun jasangarria laguntzea.

5.1. Hurbileko hiriaren alde egitea.

5.2. Garraiobide jasangarriei bultzada ematea.

5.3. Eskualdeko irtenbideak mugikortasunerako eta zerbitzuetarako.

6.–Kohesio soziala eta aukera berdintasuna.

Kohesio soziala sustatzea eta ekitatea bilatzea.

6.1. Pobreziaren eta gizarte bazterketaren arriskua gutxitzea hiri ingurune behartsuetan.

6.2. Aukera berdintasunean aurrera egitea generoaren, adinaren, jatorriaren eta gaitasunaren ikuspegitik.

6.3. Emakumeen eta nesken ahalduntzea bultzatzea arlo guztietan.

6.4. Despopulazioaren aurka egitea, baita landa eremua hiri eremuaren menpekotzat hartzearen aurka ere.

7.–Hiri-ekonomia.

Tokiko ekonomia bultzatu eta laguntzea.

7.1. Tokiko produktibitatea, enplegu sorkuntza eta jarduera ekonomikoen dinamizazioa eta dibertsifikazioa bilatzea.

7.2. Turismo jasangarri eta kalitatezkoa sustatzea, bai eta tokiko ekonomiarako giltzarriak diren sektoreak ere.

8.–Etxebizitza.

Etxebizitza eskuratzea bermatzea.

8.1. Etxebizitza parke bat egon dadila sustatzea, egokia eta arrazoizko prezioan.

8.2. Etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea, batez ere, kolektibo zaurgarrienei.

9.–Aro digitala.

Berrikuntza digitala bideratu eta sustatzea.

9.1. Ezagutzaren gizartearen alde egitea eta hiri adimendunen (smart cities) garapenean aurrera egitea.

9.2. Administrazio elektronikoa sustatzea eta eten digitala murriztea.

9.3. Herritar guztiei eta lurralde guztian orokortzea zerbitzu digitaletarako eskubidea.

10.–Tresnak.

Esku-hartzerako tresnak eta gobernantza hobetzea.

10.1. Arau eta plangintza esparru eguneratua, malgua eta sinplifikatua lortzea, kudeaketa ere hobetuko duena.

10.2. Emakumeen eta gizonen berdintasuna zeharka txertatzea esku hartzeko eta gobernantzarako tresna guztietan.

10.3. Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna ziurtatzea eta gobernantzaren alde egitea maila guztietan.

10.4. Tokiko gaikuntza sustatzea eta finantzaketa hobetzea.

10.5. Hiri arloko prestakuntza eta sentsibilizazio kanpainak diseinatzea eta abian jartzea, bai eta informazioa trukatu eta zabaltzekoak ere.

10.6. Eskualdea ezartzea eremu egoki gisa esku-hartzearen eta gobernantzaren garapen eta plangintzarako, batez ere landa eremuan.

10.7. Ekintza planaren tokiko mailari eustea, errazagoa izan dadin ulertzea, aplikatzea eta parte hartzea.

Iragarkiaren kodea: F2216716