78. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Generazinema Emanaldia 2023" izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 683008.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela "GENERAZINEMA EMANALDIA" laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 110.000 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Generazinema Emanaldia 2023" dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2023

80.000,00

A20002-A2500-4609-334106: GENERAZINEMA EMANALDIA: udalen titulartasunekoak diren zinema-aretoetarako laguntzak

2023

30.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

"Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da, norgehiagoka, Nafarroan dauden zinema-aretoei eta zinemaguneei laguntzak emateko bi modalitate arautzea (A eta B), ohiko programazioaren osagarri diren eta audientzia berrien sorrera sustatzen duten jardueretarako. Zehazki, hezkuntza-programei edo gizarteratzeko programei lotutako ekimenetarako eta ikus-entzunezko lan zailak programatzeko. 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartekoak izanen dira, bi egunak barne.

Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legea garatzen duen abenduaren 4ko 1084/2015 Errege Dekretuaren 21.2 artikuluaren arabera, deialdi honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira ikus-entzunezko lan zailtzat:

–Film laburrak.

–Zinema-aretoetan merkataritza-ustiapenerako kalifikatutako bi film luze gehienez bakarrik edo beste norbaitekin zuzendu dituen pertsona batek zuzendutako ikus-entzunezko lanak.

–Gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialetako batean erabat filmatutako ikus-entzunezko lanak, hizkuntza ofizial horretan edo azpititulatuta proiektatzen direnak (oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, euskara hutsean filmatutako lanak).

–Organo eskudunak aitortutako %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zuzendariek bakarrik egindako ikus-entzunezko lanak.

–Zuzendari emakumezkoek bakarrik egindako ikus-entzunezko lanak.

–Dokumentalak.

–Animazio-filmak.

–Iberoamerikako herrialdeekin koprodukzioan egindako ikus-entzunezko lanak.

Abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hauxe ulertuko da:

–Zinema-aretoa: publikoarentzat irekitako lokala edo esparrua dela; bertan, film jakin batzuk proiektatzen dira, eta ikusleak eskubidea du emanaldi horietara joateko finkatutako prezio edo kontraprestazio baten truke.

–Zinemagunea: emanaldietarako bi pantaila edo gehiago dituen lokala dela, baldin eta errotulu berean identifikatuta dagoen pertsona fisiko edo juridiko beraren titulartasunpean ustiatzen bada.

Laguntzen deialdi honetatik kanpo geratzen dira film publizitarioen, pornografikoen edo arrazakeriaren edo indarkeriaren apologia egiten dutenen emanaldiak.

1.2. Deialdi honetan, bi laguntza modalitate daude:

–A) modalitatea Titulartasun pribatuko zinema-aretoetan proiektuak egiteko laguntzak.

–B) modalitatea Toki-erakundeen zinema-aretoetan proiektuak egiteko laguntzak.

1.3. Eskatzaile bera zinema-areto edo zinemagune bat baino gehiagoren titularra baldin bada, laguntza eskaera bat aurkeztu beharko du areto edo gune bakoitzeko.

2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta erakunde hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea. Erakunde horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, edo jarduera bertan egin, gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik. Horrez gain, eskatzaileek, sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean, honako hauek izan beharko dituzte: zinema-emanaldiak egitea; zinema-areto edo zinemagune bat edo batzuk kudeatzea, jendeari irekita daudenak, gutxienez ere, 2022ko urtarrilaren 1etik, eta txarteldegia nahiz diru sarreren aitorpena egiteko sistema dutenak; eta inskribaturik egotea Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan.

b) Toki-erakundeak, haien erakunde autonomoak, enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza nagusia badute, eta Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan inskribatutako zinema-aretoen titularrak badira, edo zinema-aretoaren jabe den erakundearekin errentamendu-kontratu bat sinatuta badute.

2.2. Salbuespen gisa, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Erregistroan inskribatutako zinema-areto bat kudeatzen duten pertsona fisikoak edo enpresak ere onuradun izaten ahalko dira, baldin eta areto horren titularra toki-erakunde bat bada, eta erakunde titular horrek berariaz adierazten badu pertsona edo enpresa kudeatzailearen esku uzten dituela laguntza horien aurkezpena eta kudeaketa. Horretarako, zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, II. eranskineko ereduaren araberakoa (Laguntzen kudeaketa lagatzeari buruzko zinpeko adierazpena)

2.3. Aurreko oinarriaren 2.1 eta 2.2 apartatuan aipatutako pertsona fisikoek eta erakundeek, eskaera aurkezteko unean, alta emanda egon beharko dute ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963. taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmen eta bideoen emanaldia).

2.4. Bukatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.5. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Nafarroako Gobernuaren 2023ko aurrekontuetan xede bererako partida izenduna duten erakundeak.

b) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta erakundeak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3.–Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren diru kopurua, guztira, 110.000 eurokoa izanen da:

  • 80.000 euro, 2023rako aurrekontu onartuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102, GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.
  • 30.000 euro, 2023rako aurrekontu onartuko partida honen kargura: A20002 A2500 4609 334106 Generazinema Emanaldia: udal titulartasuneko zinema-aretoetarako laguntzak.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea Titulartasun pribatuko zinema-aretoetan proiektuak egiteko laguntzak: 80.000 euro.

–B) modalitatea Toki-erakundeen zinema-aretoetan proiektuak egiteko laguntzak: 30.000 euro.

3.3. Laguntzen zenbatekoak 3.1 oinarrian ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, gehienez ere:

–Zinema-aretoak: 15.000 euro.

–Zinemaguneak: 20.000 euro.

3.4. Eskatzaile bakoitzeko, gehienez ere 50.000 eurokoa izanen da laguntza.

3.5. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: erakundeak aurkeztutako aurrekontua ken BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.6. Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

3.7. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, pertsona edo entitate onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskabidea berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

3.8. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

4.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren fitxategiaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-emanaldia).

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean aurreikusitako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

Aurrekontu osoa: proiektuaren aurrekontu osoaren zenbatekoa jasoko du.

Aurrekontu diruz lagungarria: Soil-soilik sartuko dira 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1g eta 5.1h oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

Soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak: aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1h eta 5.2d oinarrietan ezarritako mugak kontuan hartu gabe.

Oharrak: "5.1.1e) Gonbidatuak" epigrafean jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: ostatu-gastuak, mantenua (bazkaria/afaria) eta joan-etorriak.

Finantzaketa bermatua: proiektu bererako eskatutako eta jasotako laguntzen eta horien zenbatekoaren aitorpena jasotzen du, baita proiektuaren bermatutako finantzaketa eta horren zenbatekoa ere.

Bermatutako finantzaketa egiaztatu beharra dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko puntuak lortzeko (8.1.4 oinarria).

Honako dokumentu hauek erabiltzen ahalko dira: emandako laguntzen ebazpenak, banku-abalak edo elkar bermatzeko sozietate batenak, kontu korrontearen banku-ziurtagiriak, banku-kredituak, inbertitzaile pribatuen ekarpenen ziurtagiriak.

Onartutako aurrekontua: gastu diruz lagungarrien zenbatekoak jasotzen ditu, 5.1.g) eta 5.1.h) oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak gainditu gabe. Excel dokumentuaren fitxa horrek automatikoki eskaintzen ditu aipatutako zenbatekoak, onartutako aurrekontutzat har daitekeenaren guztizko zenbatekoa eta Nafarroako gastua, eskatzaileak beste fitxa batzuetan emandako informaziotik abiatuta. Kontzeptu horien zenbatekoak berretsiko dira organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren.

I.A eranskina (Eskaera), sinatuta eta PDF formatuan.

I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, "Memoriari erantsitako materiala" izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

b) Frogagiria, frogatzen duena eskatzailea alta emanik dagoela Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.

c) Ziurtagiria, egoki den udalak emana, zeinaren bidez frogatzen baita eskatzailea, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963. taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmen eta bideoen emanaldia).

d) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

e) Eskatzaileak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Erregistroan inskribatutako zinema-areto bat kudeatzen badu, eta areto horren titularra toki-erakunde bat bada, titularraren zinpeko adierazpena, adierazten duena pertsona edo enpresa kudeatzailearen esku uzten duela laguntza horiek aurkeztea eta kudeatzea.

f) Eskabidea telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan parte hartu duten erakunde edo pertsona eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko apartatuko b, c), d) eta e) letrei dagozkien agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan, eta adieraziko da zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

4.5. Izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren fitxaren bidez bete eta izapidetuko dira eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak.

4.6. Baldin dirulaguntzaren eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

4.8. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta deialdiak ezarritako epean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Filmen kudeaketa: erakusteagatiko eskubideen gastuak, kopien azpitituluak egiteko gastuak eta kopiak garraiatzekoak.

b) Argitalpenen edizioa: programaturiko jardueren programak editatzeko gastuak.

c) Komunikazioa eta prentsa: prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

d) Publizitatea eta zabaltzea: publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak.

e) Gonbidatuak: ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:

–Ostatua: Nafarroatik kanpo etortzen badira soilik, eta gehienez ere 75 euro gau bakoitzeko (fakturan gaua igarotzen duen pertsonaren izena jaso beharko da).

–Mantenua: gehienez 40 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

–Joan-etorriak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,34 euro ordainduko dira kilometroko, eta aparkalekuko gastuak eta bidesarikoak. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko taxi edota AIG gastuak.

f) Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola profesionalen ordainsariak, eta ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

g) Gastu orokorrak, proiektuari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak badira. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu 5.1 a) apartatutik 5.1 f) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren guztizkoaren %20.

h) Pertsona edo entitate onuradunak proiektua abian jartzeko eta gauzatzeko lanetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, haien dedikazioaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko 5.1 a) apartatutik 5.1 f) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren guztizkoaren %40.

i) Jasangarritasunari eta kontziliazioari lotutako gastuak:

–Hirugarrenekin kontratatutako kontziliazio eta jasangarritasun planei lotutako gastuak.

–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza jarduerak.

–Erakunde aitortuek jasangarritasun ziurtagiriak lortzea.

–Ziurtagiri ekologikoa duten mezularitza zerbitzuen hornitzaileak kontratatzea.

–Edukiontziak eta garbiguneak instalatzea, birziklapena eta berrerabilpena errazteko.

–Jarduera diruz lagungarriak ingurumenean duen inpaktua konpentsatzeko ekintzak egitea.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, erakundeak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsarien soberakina, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Proiektuaren jardueretarako gonbidatuak alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskabideak tramitatzeko organo kudeatzailea Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Norgehiagokako araubidea erabiliko da deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

6.2. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura ez bada, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinemagintzaren eta/edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoa edo aditua den pertsona bat, eta Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.4. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskabideak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea. Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko. Fase honetan, I. eranskinean, dagokion laukitxoan, hala adierazi duten eskatzaileek beren proiektuak defendatzen ahalko dituzte balorazio batzordearen aurrean, gehienez 15 minutuko azalpena eginez.

3. fasea. Batzordea bilduko da, aurkeztutako eskabideen puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 8.3 oinarrian eskatutako 50 puntuak gainditzen dituzten proiektuen artean. Horretarako, lortutako puntuazioen ordena hartuko da kontuan, baita 3.3 eta 3.4 oinarrietan ezarritakoa ere. Banaketa egin ondoren pertsona edo erakunde onuradun bati eskatutakoa baino dirulaguntza txikiagoa ematea proposatzen bada, aurrekontua birformulatzeko eskatuko zaio, 3.7 oinarrian adierazten den bezala. Aurrekontu berri horrek balorazio batzordearen adostasuna izan beharko du.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

7.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

7.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak xede eta helburu bererako 2023an eman dezakeen beste batekin.

7.2. Dena dela, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2023. urtean, xede eta helburu bererako lortutako beste edozein dirulaguntzarekin.

7.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

7.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

8.1.1. Eskatzailearen ibilbidea eta aretoaren kokapena, gehienez 25 puntu:

a) Eskatzailearen ibilbidea: zinema-emanaldien arloan jardun duen urte osoen kopurua (gehienez 15 puntu).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

15 puntu

10 urte baino gehiago eta 15 urte bitarte.

10 puntu

4 urte baino gehiago eta 10 urte bitarte.

5 puntu

Urte 1etik 4 urtera bitarte

Puntu bat

b) 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kokatutako aretoak (gehienez ere 5 puntu).

HERRIA

HAZTAPENA

20.000 biztanle baino gutxiago

5 puntu

20.000 eta 30.000 biztanle artean

3 puntu

30.000 biztanle baino gehiago

1 puntu

c) Eskatzaileak egoitza soziala edo fiskala Nafarroako Foru Komunitatean badu, 5 puntu gehituko zaizkio.

8.1.2. Laguntzaren xede den proiektuaren kalitatea eta interesa, gehienez 40 puntu:

a) Hezkuntza-saioak (gehienez 10 puntu).

HEZKUNTZA-SAIOAK

HAZTAPENA

5 baino gehiago

10 puntu

3 baino gehiago eta 5 bitarte

6 puntu

1-3 artean

2 puntu

b) Ikus-entzunezko lan zailak programatzea, 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat. (10 puntu gehienez).

IKUS-ENTZUNEZKO LAN ZAILEN SAIOAK

HAZTAPENA

10 baino gehiago

10 puntu

4 baino gehiago eta 10 bitarte

6 puntu

1-4 artean

2 puntu

c) Gizarteratzeko saioak (gehienez 10 puntu).

GIZARTERATZEKO SAIOAK

HAZTAPENA

5 baino gehiago

10 puntu

3 baino gehiago eta 5 bitarte

6 puntu

1-3 artean

2 puntu

10 lurralde baino gehiago egotea programazioan (gehienez ere 5 puntu).

FILMEN JATORRIZKO HERRIALDEAK URTEKO
PROGRAMAZIOAN

HAZTAPENA

10 herrialde baino gehiago

5 puntu

4 herrialde baino gehiago eta 10 bitarte

2 puntu

1 eta 4 herrialde artean

Puntu bat

e) Saioak egitea filmaren taldea bertan dela (zinegileak, antzezleak edo talde teknikoko, artistikoko edo produkzio taldeko kideak), eta/edo aurkezle edo moderatzaileekin (kritikariak, adituak, etab.), gehienez 5 puntu.

SAIOAK

HAZTAPENA

5 baino gehiago

5 puntu

3 baino gehiago eta 5 bitarte

2 puntu

1-3 artean

1 puntu

8.1.3. Laguntzaren xedeko proiektuaren hedapen-, prestakuntza- eta irisgarritasun-estrategiak, gehienez ere 25 puntu:

a) Komunikazio ekintzak.

Komunikazio eta publizitate ekintzen eragin mediatikoa eta inpaktua baloratuko dira. Elkarrizketak, artikuluak, kritikak eta abar kontuan hartuko dira telebistan, irratian, prentsa orokor eta espezializatuan, baita blog profesionaletan, podcastetan, sare sozialetan eta abarretan ere. Gainera, kanpainaren originaltasuna eta material grafikoen eta ikus-entzunezkoen kalitatea baloratuko dira (gehienez 15 puntu).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak.

Baloratuko dira ikasle guztientzako ekintza espezifikoak, material pedagogikoak eta abar (gehienez 5 puntu).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden ikus-entzuleak emanaldietara joateko ekintzak.

Ekintza horien barruan sartzen dira arkitektura-oztopoei erreferentzia egiteaz gain, edukiak eskuratzeko berdintasuna bultzatzen duten guztiak (gehienez 5 puntu).

8.1.4. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa 10 puntu gehienez:

Dirulaguntza hau kontuan hartu gabe, proiektuaren aurrekontu onartuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea (txartel salmentatik ateratako dirua, babesleak, dirulaguntza berretsiak, funts berekiak eta abar), gehienez 10 puntu.

FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%70etik gora

10 puntu

%50 baino gehiago eta %70 arte

7 puntu

%50 gehienez

4 puntu

8.2. Merezimenduak egiaztatzeko, aurreko atalean jasotako puntu bakoitzari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztuko dira, eskatzaileak sinatuta.

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak edozein unetan eskatzen ahalko du erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako alderdiak modu fede-emailean egiaztatzeko.

8.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

9.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskabidea ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskaera-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren fitxaren bidez argitaratuko da.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

10.2. Izapideen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia 2023" deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

10.3. Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira):

10.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

10.5. Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

10.6. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.7. Pertsona edo entitate onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

10.8. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.9. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako edozein materialen zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke.

10.10. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.11. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad": (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf) .

11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2023ko urriaren 31 izanen da (egun hori barne).

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

11.1.1. A modalitateko ordainketa.

A modalitateko pertsona edo erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (IV. eranskina bete, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

1. Kostu erreala, guztira: proiektuari lotutako gastuen zenbateko osoa jasotzen du, epigrafeka. Gastu guztiak sartzen dira, diruz lagungarriak izan edo ez, bai eta diruz lagungarri den epealditik kanpoko gastuak ere.

2. Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotako zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

3. Nominen zerrenda: proiektuari atxikitako langileen nominen zerrenda zenbakitua, zenbateko gordinak, gizarte-segurantza eta PFEZ adierazita: proiektuari aplikatutako ehunekoa eta Nafarroako lurraldean egindakotzat jotzen den gastu-zatia ere adieraziko dira.

4. Finantzabideak: finantzabideak eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

5. Azken memorien datuak: epigrafe honetako c eta d apartatuetako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko apartatuko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

c) Gauzatutako jardueraren azalpen memoria, filmen emanaldiei eta programatutako jarduera guztiari buruzko informazioa dakarrena, bai eta bertaratze-datuei buruzko informazioa ere, ahal den neurrian, bertaratutako pertsonen adinaren eta sexuaren arabera segmentatuta. Halaber, memoriak izan beharko du proiektua gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita noraino bete den, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta. Jasangarritasuna eta kontziliazioa errazteko neurriak hartu badira, horiei buruzko informazioa sartu beharko da.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena: (Ikus VI. eranskina).

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

–Programazioan zer gairi heltzen zaion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

11.1.2. B modalitateko ordainketa.

B modalitateko pertsona edo entitate onuradunen kasuan (toki-erakundeak), aurreko oinarriko dokumentazio bera aurkeztu beharko dute, salbu a) eta b) letrei dagokienez, horien ordez honako hau aurkeztuko baita:

a) V. eranskina (Toki-erakundeen gastuak justifikatzeko taula), Excel formatuan, eremu guztiak beteta; besteak beste, faktura-zenbakia (toki-erakundeei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera eginen dira, horren bidez onetsi baitzen Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua), fakturaren data eta zenbatekoa (BEZa barne).

b) Kontu-hartzailetzaren edo Idazkaritzaren ziurtagiria, Alkatetzaren oniritziarekin, edo, halakorik ezean, toki-erakunde publikoko Idazkaritzaren ziurtagiria, Gerentziaren edo Lehendakaritzaren oniritziarekin, ziurtatzen duena egiazkoak direla erakundeak emandako informazioan agertzen diren datuak, III. eranskinari jarraituz (Idazkaritzaren/Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria).

c) Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

11.1.3. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko guztirako gastua justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.1.4. Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2023ko irailaren 29a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, entitateak telematika bidez aurkeztu beharko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo izapideen bilatzaileko Generazinema Emanaldia deialdiaren fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-emanaldia), honako dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da, navarra.es helbidean dagoen VII. eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2023ko abuztuaren 31rako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko VIII. eranskina aurkeztu beharko da, behar bezala beteta (bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak), zehaztuz dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.6. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13.–Arau hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

15.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2304704