76. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

314E/2023 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita toki erakundeei, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era arte osasunaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia. DDBN identifikazioa: 672984.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da osasunaren arloan prebenitu, sustatu eta mantentzeko programak garatzen dituzten toki erakundeek, fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek ekintza espezifikoak gauzatzea, bat etorriz Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea denean Osasun Plan indardunean eta Nafarroako Osasun Publikoaren 2022-2025 aldiko Planean aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat datozenean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1. artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea toki erakundeei, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era arte osasunaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetako oinarri arautzaileekin bat etorriz.

2. 234.130 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, 2023ko gastu aurrekontuetako "Osasunaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313900 partidaren kontura.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 7an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

1. ERANSKINA

Toki erakundeei, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean osasunaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia. Oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean, beren eremuko zerbitzu eta baliabideekin elkarlanean, taldeko osasuna eta osasun komunitarioaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioak egiteko, alde batera utzita zahartze aktibo eta osasuntsuarekin, ongizate emozionalarekin, adikzioen prebentzioarekin eta GIB-HIESarekin zerikusia dutenak.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak toki erakundeak eta kasuan kasuko erregistroan inskribatutako fundazioak, gizarte ekimeneko kooperatibak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak izaten ahalko dira, baldin eta deialdiaren epean osasunaren arloko prebentzio, sustapen eta mantentze ekintzak edo programak, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat datozenak, gauzatzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatean.

Erakunde publikoenak ez diren eskaeren kasuan, entitate eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean izan beharko dituzte, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.

Entitate eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.

Entitate eskatzaileek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 8. oinarriaren arabera.

Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Entitate onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.

3. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagundu ezin direnak, eta laguntzen zenbatekoak.

1. Gastu diruz lagungarriak:

a) Aurkeztutako programarekin zuzenean lotutako jarduera-gastuak eta material suntsikorrekoak.

Lokalen alokairua eta funtzionamendu gastuak jarduera gastuei dagozkiela ulertuko da jarduera garatzeko helburu bakarrarekin alokatzen denean eta beste entitate batzuekin partekatzen ez denean. Gastuak beste entitate batzuekin partekatzen badira, diruz lagunduko da entitate bakoitzak bere gain hartzen duen gastuaren zati proportzionala.

b) Entitatearen funtzionamenduko gastu orokorrak (langileria, lokalen mantentze-lana, bulegoko materiala, eta abar) dirulaguntzari egozten ahalko zaizkio, aukeran, gehienez ere justifikatu beharreko kantitatearen %25era bitarte.

Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Bankuetako kontuen zor interesak ez dira inoiz diruz lagungarriak izanen.

Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina entitate ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:

a) Gastu inbentariagarriak; produktu bakar batean 500 eurotik gorako gastuak hartuko dira halakotzat.

b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak, toki erakundeek egindakoak salbu.

c) Inbertsioak.

d) Entitatearen publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Instrukzio organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.

g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.

h) Gaixotasunei buruzko sentsibilizazio eta informazio jarduerak, herritar guztientzat direnak.

i) Inprimatutako materiala: inprimatutako materialetarako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, baldin eta instrukzio organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.

j) Jardunaldi, kongresu eta kanpamenduetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.

k) Entitateko langileen gastuak, salbu eta ariketa fisikoko programetan, toki erakundeek oinarrizko osasun laguntzako zentroekin elkarlanean egindakoetan, edo haurren obesitateko programa komunitarioetan, entitateek oinarrizko osasun laguntzako zentroekin elkarlanean egindakoetan.

l) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerak.

m) Jarduera ludikoak, osasunaren sustapenarekin lotuta ez badaude.

n) Lan osasuneko jarduerak eta lanbide prestakuntza, salbu eta monitoreen eta boluntarioen kasuan.

3. Laguntzen zenbatekoa.

234.130 euroko gastua, ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei aurre egitekoa, ordainduko da 2023ko gastu aurrekontuetako "Osasunaren arloko prebentzio eta sustapen programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313900 partidaren kontura.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Eskaerak.

1. Noiz eta non aurkeztu.

a) Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, hemendik: Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik, "Tramitatu" aukera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) baliatuta, hemendik aurrera "laguntzen fitxa".

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo cl@ve eduki beharko da.

Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat eman beharko da, zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio- eta jakinarazpen-kanala izango dena.

c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofiziala, behar bezala betea, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen ordezkariak sinatua, eta egin beharreko jardueraren edo programaren atal teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoiturik. Inprimaki ofiziala Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan (Leire kalea 15, 31003 Iruña) jaso daiteke edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialetik jaitsi: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea.

b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.

c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatua entitate eskatzailea, hala badagokio; egoitza Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten entitateen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.

d) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Aitorpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofizialari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.

f) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala betea.

g) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 10. oinarriko 2. puntuan xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso ote duen adierazten duena. Adierazpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofizialari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.

i) Toki erakundeak ordezkatzen dituzten gizarte-ekimeneko kooperatibek hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 28.ean xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri direneko espedientea edo deialdia adierazten bada eta aurkeztu zirenez geroztik aldaketarik gertatu ez bada.

Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Ez da onartuko eskatzaile bakoitzak hiru programa baino gehiago aurkeztea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak urte berean egindako dirulaguntzen deialdietara (salbu eta toki erakundeak badira).

3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen dezala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

5. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.

Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.

2. Osasuneko zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazioko arau orokorrak.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, deialdiko 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.

Ikusten bada programak edo jarduerak 3. oinarriaren 2. puntuaren arabera dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela, edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.

7. Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Osasun Departamentuari beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat. Jarri aurretik, horren berri eman beharko zaio instrukzio-organoari.

d) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren alterazio guztien berri ematea instrukzio-organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa erredaktatzeko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.

f) Jardueretan talde ariketa fisikoak proposatzen dituzten eskaeretan, horiek zuzentzen dituzten teknikariek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

g) Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuen kasuan, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira), honako informazio osagarri hau jakinarazi beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da deialdian horretarako dagoen tramitearen bidez. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein alterazio izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.

Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketaren eskaeretan; gertatu bezain laster formulatuko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira eta, bidezkoa bada, laguntza aldatuko da eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuliko.

Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu multzoen artean (langileak, jarduerak eta funtzionamendua) gehienez ere %5eko desbideraketa ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.

Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio-organoari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo partziala kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kopuru osoa itzuliko da.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.

Entitateak eskatzen ez badu ez aurrerakinik, ez konturako ordainketarik, ordainketa Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera egiten denetik hilabeteko epean.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa, hau da, jarduera eta gastua egin izana justifikatzeko memoria teknikoa eta ekonomikoa, 2023ko abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da, 11. oinarriaren 2. puntuan ezartzen den bezala.

2. Ordainketa aurreratua.

Entitate onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean beharrezkoa dela funts likidoen hornidura egitea dirulaguntzaren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da emandako dirulaguntza, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

Horretarako, entitateak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2023ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.

Toki erakundeen kasuan, beharrezkotzat jotzen bada, idazkaritzak luzatutako ziurtagiri bat aurkeztuko da, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiak adierazten dituena, hots: diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena, eta programa gauzatzeko aldez aurretiko funts-horniduraren beharra.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa 2023ko abenduaren 18a baino lehen aurkeztuko da, 11. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

3. Konturako ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluaren arabera, eta entitate onuradunak ez badu frogatzen aurretik diru-funtsez hornitu beharra duela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, entitateak eskatuz gero, konturako ordainketen bidez egiten ahalko da ordainketa, eta, ordainketa horietan, diruz lagundutako jardueraren zati exekutatuari dagozkion gastu arruntak eta langile-gastuak ordainduko dira, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, betiere ukituriko entitateak epe horretan egindako jardueraren memoria tekniko sinplifikatu bat eta jarduera horren ondoriozko gastuen zerrenda aurkeztu ondoren.

Konturako ordainketa horiek entitateak eskatu beharko ditu, betiere 2023ko urriaren 31 baino lehen, eta Osasuneko zuzendari nagusiak eskaera jasotzen denetik hilabeteko epean eman beharko duen ebazpen baten bidez ebatziko dira.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa 2023ko abenduaren 18a baino lehen aurkeztuko da, 11. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

11. Azken justifikazioaren edukia.

1. Memoriak tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute azken justifikazioa, non adieraziko baita jarduera egin dela, baita 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era egin diren gastuak ere.

2. Entitateak eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko du azken justifikazioa, Nafarroako Gobernuaren erregistro elektronikoan, Osasun Departamenduko zerbitzu arduradunari zuzenduta.

3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturak bat etorri behar dira Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, Gizarte Segurantzaren eta PFEZen gastuak onartzen ahalko dira, 2024ko urtarrilaren 31ra artekoak.

4. Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, toki erakundeek, memoria teknikoaz gainera, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, toki erakundean kontu-hartzailea egonez gero; gainera, programari loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie, baita ordainagiriak ere.

5. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.

12. Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.

Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.

Dirulaguntza jaso dezakeen gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du enpresa hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Beste entitate batzuekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak bete beharko dira.

Entitate kontratatuek entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da entitate onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea, esaterako monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten, betiere programaren plangintza eta jarraipena entitate onuradunak egiten badu.

13. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.

Nolanahi ere, programa baterako jasotako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa (estatuko zein nazioarteko administrazio publiko, erakunde publiko, entitate pribatu eta norbanako guztiek emandako dirulaguntzak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino handiagoa.

14. Itzulketak eta ez-betetzeak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

4. Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.

15. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun gertatzen den entitatea dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboetarako zehapen araubidearen mende egonen da, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitago, eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

16. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, haren oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.

18. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/eu/ webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

19. Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa

2. ERANSKINA

Gehieneko modulu diruz lagungarriak

a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak edo haien lan hitzarmenean indarra dutenak.

b) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifak:

–Hitzaldia, irakaskuntza tailerrean edo hezkuntza-jarduera: gehienez 71,72 euro ordua, eta 12 ordu programa bakoitzeko; salbuespena: zenbait eskualde edo hiru entitate baino gehiago hartzen dituzten programetan (behar bezala egiaztatuta) gehienez 72 ordu izanen dira programa bakoitzeko.

–Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, zineforumak: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko: salbuespena: zenbait eskualde hartzen dituzten proiektuak (behar bezala egiaztatu behar da).

–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez ere 500 euro programa bakoitzeko.

–Ariketa fisikoko taldeak: gehienez 155 euro taldeko eta hilabeteko, eta, gehienez, 3 talde programako, salbu eta toki erakundeek oinarrizko laguntzako zentroen laguntzarekin egiten dituzten programetan, zeinetan taldeen kopurua oinarrizko laguntzako zentroek esaten dutenaren araberakoa izanen baita. Garraiorako dirulaguntza eskualdeko programetan baizik ez da emanen.

–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 205 euro programa bakoitzeko.

–Jardueretarako paper-gauzen gastua: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 1.750 euro programa bakoitzeko.

Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio-organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskinean aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.

3. ERANSKINA

Programen balorazioa

Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (proiektuaren kalitatea).

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuen adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuan jasotakoaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.

Balorazio irizpideak.

Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:

1.–Programaren bat-etortze maila eta/edo osagarritasuna: 25 puntu arte.

1,1. Nafarroako edo estatuko plan eta estrategia indardunekin bat etortzea: 15 puntu arte.

Hauexek dira kontuan hartuko diren plan eta estrategiak:

–Osasun Sistema Nazionalean osasuna eta prebentzioa sustatzeko estrategia.

–Nafarroako Osasun Plan indarduna, Osasun Departamentuarena.

–Osasun Publikoaren Plan indarduna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarena.

Osasun arloko gai hauetakoren bat landuz gero, 15 puntu gehienez ere:

–Gurasoentzako hezkuntza: 15 puntu.

–Elikadura: 15 puntu.

–Ariketa fisikoa: 15 puntu.

–Segurtasuna eta istripuen prebentzioa: 15 puntu.

–Beste norbait zaintzea eta nork bere burua zaintzea: 15 puntu.

–Loa: 5 puntu.

–Bizkarra zaintzea: 5 puntu.

Programak gai bakar bati heltzen badio, dagokion puntuazio guztia esleituko zaio. Gai bati baino gehiagori heltzen badie lehentasun mailak ezarrita, batez besteko puntuazioa esleituko zaio.

1.2. Osasun Departamentuaren eta NOPLOIren lehentasunezko osasun-helburuak: haurtzaroko bizi-etapan lan egiten bada edo osagai anitzeko ariketa fisikoko programak badira, oinarrizko laguntzako zentroekin elkarlanean: 5 puntu.

1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea (populazio zaurgarria, generoa, euskara...): 5 puntu arte.

–Ikuspegi 1: puntu 1.

–2 ikuspegi: 3 puntu.

–3 ikuspegi edo ikuspegi gehiago: 5 puntu.

2.–Aurkeztutako programaren kalitatea: gehienez 40 puntu.

2.1. Hasierako egoeraren deskripzioa eta helburuak: 13 puntu arte:

–Egoeraren deskripzioa eta beharraren justifikazioa: 7 puntu arte.

  • Hasierako egoera eta erantzun nahi diren osasun beharrak behar adina deskribatzen badira edo proiektuaren beharra justifikatzen bada: 7 puntu.
  • Partzialki deskribatuz gero: 3 puntu.
  • Ez bada deskribatzen: 0 puntu.

–Helburuen formulazioa: 3 puntu arte.

  • Formulatzen diren helburu orokorrak eta berariazkoak garrantzitsuak, zehatzak eta argiak izatea: 3 puntu.
  • Helburu orokorrak formulatuz gero: puntu 1.
  • Ez bada helbururik formulatzen: 0 puntu.

–Kalitatea eta beharretarako egokiak izatea: 3 puntu arte.

  • Helburuak beharretarako egokiak izanez gero: 3 puntu.
  • Partzialki egokiak izanez gero: puntu 1.
  • Egokiak ez badira: 0 puntu.

2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu arte.

–Atzemateko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak: 3 puntu arte.

  • Erabiltzen badira: 3 puntu.
  • Erabiltzen ez badira: 0 puntu.

–Populazio onuraduna: 5 puntu arte.

  • Onuradunak 20 pertsona edo gehiago izanez gero: 5 puntu.
  • Onuradunak 20 pertsona baino gutxiago izanez gero: 3 puntu.

–Iraupena: 5 puntu arte.

  • Iraupena 10 ordutik gorakoa izanez gero: 5 puntu.
  • Iraupena 10 ordukoa edo laburragoa izanez gero: 3 puntu.

2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu arte.

Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, talde-osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak): 5 puntu arte.

  • Estrategia bat erabiltzen bada: puntu 1.
  • 2 estrategia erabiltzen badira: 2 puntu.
  • 2 estrategia baino gehiago erabiltzen badira: 5 puntu.

–Jardueren deskribapena (zer, nola, noiz, iraupena): 3 puntu arte.

  • Jarduerak erabat deskribatuz gero: 3 puntu.
  • Jarduerak partzialki deskribatuz gero: puntu 1.

–Egokitzapena: 3 puntu arte.

  • Jarduerak helburuetarako, populazio onuradunarentzat eta estrategietarako egokiak izanez gero: 3 puntu.
  • Partzialki egokiak izanez gero: puntu 1.

–Ebaluazioa: 3 puntu arte.

  • Ebaluazioan zer, nola, nork eta noiz eginen den zehatz-mehatz azalduz gero: 3 puntu.
  • Partzialki azalduz gero: puntu 1.

3.–Entitatearen egokitasuna programa aurrera eramateko: 35 puntu arte.

3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu arte.

–Entitate eskatzaileaz gain beste 3 entitatek/zerbitzuk/baliabidek edo gehiagok parte hartuz gero: 9 puntu.

–2 entitate/zerbitzu/baliabidek parte hartuz gero: 6 puntu.

–Entitate/zerbitzu/baliabide batek parte hartuz gero: 3 puntu.

3,2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea eta autolaguntza sustatzea: 9 puntu arte.

–Xede-populazioak programaren diseinuan parte hartuz gero: 5 puntu.

–Programa aurrera egin ahala parte hartuz gero, bakarrik: 3 puntu.

–Gizarte ekintzako entitatea bada: 4 puntu.

3.3. Entitate eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu arte.

–Kofinantzaketa %50ekoa edo txikiagoa izanez gero: 5 puntu.

–Kofinantzaketa %50etik gorakoa izanez gero: 2 puntu.

–Ez dago kofinantzaketarik: 0 puntu.

3.4. Proiektua gauzatzeko gaitasun teknikoa: 6 puntu gehienez.

–Entitatearen ibilbide historikoa programekin bat badator: 3 puntu.

–Entitatearen baliabideak programarentzat egokiak izatea: 3 puntu.

3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu arte.

–Programan zerbait egiten badute: 3 puntu.

–Halakorik badago: puntu 1.

3.6. Lokalak eta baliabideak: gehienez 3 puntu.

–Lokalak eta baliabide publikoak erabiltzen badira eta/edo partekatzen badira beste elkarte batzuekin: 3 puntu.

–Ez badira erabiltzen eta/edo partekatzen: 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2304162