76. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

26/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du, eta hartan, lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean, etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean bilduta; eredu horretan, eginkizun garrantzitsuak betetzen dituzte heziketa zikloek, gaitasun profesionalen, pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu lanbide heziketari dagokionez, esaterako, haren xedeak eta helburuak; gainera, oinarrizko lanbide heziketa eta lanbide heziketa duala ezartzen ditu, eta nabarmen aldatzen ditu lanbide heziketako zikloetan sartu eta onartua izateko baldintzak, beste hainbat gai garrantzitsuren artean.

Foru dekretu honen bitartez, Makineriaren Elektromekanikako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum honek Makineriaren Elektromekanikako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen otsailaren 28ko 255/2011 Errege Dekretua garatzen du, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak egikarituz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena errazagoak izan daitezen enpresara hobeki egokitzea, irakaskuntzen antolaketa malgutzea, ikastetxeen curriculum-autonomia handiagoa izatea eta ikasleei prestakuntza zabalagoa ematea.

Horregatik, Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Arautze honetan tituluaren curriculuma osatzen duten elementu hauek jasotzen dira: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferentea arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen da, eta oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren bi lanbide kualifikazio azaltzen dira. Bi lanbide kualifikazio horiek (Nekazaritzako, erauzketa industrietako eta eraikuntza nahiz obra zibileko makineriaren errodaje eta transmisio sistemen mantentze lana, ekainaren 22ko 815/2007 Errege Dekretuaren bidez arautua, eta Nekazaritzako, erauzketa industrietako eta eraikuntza nahiz obra zibileko makineriaren motorren eta sistema elektrikoen eta segurtasun eta erosotasun sistemen mantentze lana, ekainaren 22ko 815/2007 Errege Dekretuaren bidez arautua) jarduketa profesionalaren eremu bat eratzen dute, haietako bakoitzaren gaitasunen multzoan definitzen dena. Eremu horrek eta euskarri gisa erantsi diren lanbide moduluek zabalera aski eta behar den espezializazioa eskaintzen dute teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.

Ekoizpen sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hori gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak geroan izanen duen bilakaerari buruzko etorkizuneko ikuspegia dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakas-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola igarotzen ahal den beste ikasketa batzuetara Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluaren heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (4. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 5. eta 6. eranskinetan deskribatzen da, eta haietan azaltzen dira heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 15ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Makineriaren Elektromekanikano teknikari titulua ondoko elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Makineriaren Elektromekanika.

b) Maila: 2-Erdi Mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2000 ordu.

d) Lanbide arloa: Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak.

e) Europako erreferentea: HNSN - 3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Makineriaren Elektromekanikako heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Garatzen duten lan unitateen bitartez zehaztuko da programazioa.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten, ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Lanbide moduluak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2B) eranskinean garatzen dira, Makineriaren Elektromekanikako teknikari titulua ezarri zuen eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen otsailaren 28ko 255/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluak sarbidea ematen du goi mailako heziketa zikloetara, betiere oinarrizko araudian ezartzen diren baldintzetan.

3. Makineriaren Elektromekanikako teknikari tituluak sarbidea ematen du Batxilergoaren edozein modalitatetarako eta gobernuak zehazten dituen batxilergoko ikasgaien baliozkotzeetarako, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 3. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi mailako heziketaren irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokienez, otsailaren 28ko 255/2011 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Makineriako Elektromekanikako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 4 A) eranskinean ageri dira.

2. Era berean, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia, egiaztapena egiteko, foru dekretu honen 4 B) eranskinean zehaztuta dago.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzen ahal dira Bigarren Hezkuntzako katedradunak, Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoak; kasu bakoitzerako Foru dekretu honen 5 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 5 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitateetarako.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 5 C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute, bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte espazioak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza lekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik prestakuntza espazio horietan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta ikasketen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen gehigarri bakarra.–Beste lanbide trebakuntza batzuk.

Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, otsailaren 28ko 255/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2022/2023 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculumaren dokumentu osoa PDFan:

Makinariaren Elektromekanikako Teknikaria Titulua.

Iragarkiaren kodea: F2304402