67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Aldaketa, Ledeako rokodromoa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2022ko urriaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Rokodromoa arautzen duen ordenantzan. Erabaki hori 2023ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzan egin aldaketa hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2023ko martxoaren 16an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

ROKODROMOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

4. artikulua. Eskalatzaile erabiltzaileak: betekizunak eta edukiera.

Ezin da eskalada-esparrura sartu instalazioaren erabiltzailea ez den inor.

Eskalatzaile guztiek fitxa bat bete beharko dute beren datu pertsonalekin (I. eranskina).

Adin nagusiko eskalatzaile guztiek ordenantza honen onarpen-adierazpena bete eta aurkeztu beharko dute (II. eranskina).

16 eta 17 urte bitarteko eskalatzaileak bakarrik joaten ahalko dira eskalatzera, baldin eta aldez aurretik gurasoen/tutoreen berariazko baimena aurkeztu badute. Baimenarekin batera, hura sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, salbu eta adingabearen aitak/amak/tutoreak zuzenean aurkezten badu baimena Ledeako Udalean (III. eranskina).

16 urtetik beherako eskalatzaileak rokodromoan sartu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da adinez nagusi den pertsona baten laguntza eta begiradapean egotea. Aldez aurretik instalaziora joateko berariazko baimena aurkeztu beharko dute, gurasoek/tutoreek sinatua, baimenaren sinatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiriaren fotokopiarekin batera (IV. eranskina). 16 urtetik beherako eskalatzaileek instalazioa utzi beharko dute, horien ardura duen pertsona helduarekin batera.

Rokodromoan, gehienez, 14 eskalatzaile ibiltzen ahalko da.

Iragarkiaren kodea: L2304546