67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

9/2023 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO INGURUMEN KONTSEILUARI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 57. artikuluko c) letrak xedatzen du Nafarroari dagokiola ingurumena lege bidez garatu eta betearaztea.

Arau hori oinarri hartuta, eta Nafarroako herritarrek ingurumena babesteari buruz zuten kezka gero eta handiagoari erantzuteko asmoz, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ingurumen Kontseilua sortu zuen 1993. urtean. Kontseilu hori eratu zen otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legean xedatutakoari jarraituta, eta atxiki zitzaion orduko Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuari.

Hasieran, ingurumen-kudeaketa errazteko eta hobetzeko sortu zen kontseilua. Garapen jasangarriaren bilaketan murgildu zen, eta hartan parte hartu zuten ikerketaren, kirolaren eta natura babestu eta aztertzearen arloetako erakunderik nabarmenenek, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren teknikari batzuek ere.

Espainiako Konstituzioan ezarritakoaren arabera, ingurumena eskubide bat da, herritar guztiek dute hura behar bezala baliatzea, eta, halaber, pertsona guztiek dute, botere publikoekin harmonian, ingurumena zaintzeko eta babesteko betebeharra. 1998ko ekainaren 25ean, eta eskubide hori berme handiagoz betetze aldera, ingurumen arloko hitzarmen bat sinatu zen Aarhus-en, honako hauei helduta: informazioa eskuratzea, jendearen parte-hartzea erabakiak hartzeko orduan eta justiziara jotzea. Horri dagokionez, hitzarmenean aldarrikatu zen ezen ingurumen egokirako eskubide hori baliatzeko moduan egoteko, eta hura kontserbatzeko eta errespetatzeko betebeharra betetzeko, herritarrek ingurumen informazio garrantzitsua eskuratu behar dutela, eta horrek legitimatu eginen dituela ingurumenaren arloko erabakiak hartzeko orduan parte hartzeko.

Autonomia-erkidegoan, Nafarroako araudiak dagoeneko jasotzen du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean, herritarrek badutela eskubidea benetan eta eraginkortasunez parte hartzeko erabakiak hartzeko orduan, ingurumenean esku hartzeko planetan eta programetan, aldez aurretik eta kontsulta-izaeraz egindako parte-hartze prozesu baten bidez.

Kontuan hartuta zer helburu ezarri ziren Konstituzioan eta aipatutako Aarhusko Hitzarmenean –Nafarroako beste arau batzuetan jaso da hitzarmen horretan ezarritakoa–, zenbait aldaketa eta egokitzapen egin beharra dago Nafarroako Ingurumen Kontseilua eratzeko arauan. Izan ere, ahaztu gabe gero eta handiagoa dela ingurumena babestearen inguruko kezka, baita ingurumenak garapen sozialean eta ekonomikoan duen eragina ere, parte-hartze irekiago eta zuzenago bat bideratzeko baliabide eta tresna berriak sartu beharra dago, egungo gizarteak berezko dituenak, hizpide dugun organoa, hasiera batean izaera teknikoa eta aditua zuena, egiazko parte-hartze foro bihur dadin, zeinean piztuko baita hainbat alderdiren arteko eztabaida, eta islaturik egonen baitira pertsona eta talde guztien interesak.

Horrela, bada, beharrezkotzat jo da egun kontseilua osatzen duten entitateez gain beste erakunde batzuek ere tokia izatea hartan, adibidez: Nafarroako Parlamentuan dauden parlamentu-taldeak, FORESNA-ZURGAIA baso-jabeen elkartea, ADEMAN zuraren arloko enpresaburuen Nafarroako elkartea, Landa Garapenerako Plana aplikatzeko toki ekintzako taldeak, elkargo profesionalak, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, Nafarroako Adinekoen Kontseilua, Irisgarritasun Unibertsala eta Pertsona Ororentzako Aukera Berdintasuna Sustatzeko Kontseilua, eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera. Erakunde horietako bakoitzak pertsona bat izendatu behar du Nafarroako Ingurumen Kontseiluan haien ordezkari izateko, eta, horrela, kontseilu hori kide anitzeko organo bat bezala eratuko da, zeinetan ordezkaturik egonen baitira bai gizartea baita ingurumenaren babesean esku hartzen duten eragileak ere.

Gainera, gizartearen bilakaeraren eraginez, eta betetze aldera Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen lege-agindua, beharrezkoa da arau honetan genero-berdintasuna txertatzea, eta halaxe egin da 4. artikuluan, zeinetan ezarri baita oreka bermatuko dela kontseilukideen artean.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Ingurumen Kontseilua izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren partaidetza, kontsulta eta aholkularitzako kide anitzeko organo gorena ingurumen arloan.

Horregatik, beharrezkotzat jo da, halaber, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren hegalpean sartzea gaur egun ingurumenaren arloan dauden aholku-batzordeak; zehazki, honako hauek: Arrantzako Aholku Batzordea, Ehizako Aholku Batzordea eta Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseilua. Gainera, sektore-eremu guztiak aholku-batzorde batean isla daitezen, honako hauek sortzea ezartzen du foru legeak: Biodibertsitatearen Aholku Batzordea, Ekonomia Zirkularraren Aholku Batzordea eta Klima Aldaketaren Aholku Batzordea (Ekonomia Zirkularraren Aholku Batzordetzat hartzen da Hondakinen Planaren Jarraipen Batzordea, zeina ezarri baitzen Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 13. artikuluan; Klima Aldaketaren Aholku Batzordetzat, berriz, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua deritzona, zeina ezarri baitzuen 8. artikuluan Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak).

Horrez gain, proposatzen da honako hauek indarrik gabe utz daitezen: 1/1993 Foru Legea, otsailaren 17koa, Nafarroako Ingurumen Kontseilua sortzeari buruzkoa; 488/1995 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Uraren Kontseiluari buruzkoa; 138/2001 Foru Dekretua, ekainaren 4koa, Ingurumen Hezkuntza eta Komunikazioa Garatzeko Departamentuarteko Batzorde Teknikoa eratzen duena, eta 120/2001 Foru Dekretua, maiatzaren 21ekoa, Nafarroako Ingurumen Hezkuntzaren Batzorde Aholku-emailea eratzen duena. Adierazi behar da, halaber, ez dagoela inolako dokumentaziorik organo horiek noizbait eratu edo bildu direla egiaztatzen duenik. Beraz, egokitzat jotzen da bi foru dekretuak indargabetzea, Nafarroako Ingurumen Kontseilua izendatu ahal izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ingurumen-arloko organo aholku-emaile gorena.

Horrela, bada, Nafarroako Ingurumen Kontseilua osatzen dute foru legearen 5. artikuluan izendatutako pertsonek eta batzorde aholku-emaileetako kideek.

Aurrekoan oinarrituta, foru legeak ezartzen du ezen Nafarroako Ingurumen Kontseiluak Osoko Bilkuraren eta aholku-batzordeen bitartez beteko dituela esleituta dituen eginkizunak. Osoko Bilkura da Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren erabaki-organo gorena, eta honako hauek osatzen dute: burua, buruordeak eta idazkariak lagunduta; Foru Komunitateko Administrazioa ordezkatzen duten kideak; erakunde eta elkarteetako kideak, eta aholku-batzorde bakoitzak kontseilukide aholkulari gisa izendatutako pertsonak. Aukera berri bat jaso da: hala eskatzen duen oro entzule gisa joan ahal izanen da Osoko Bilkuraren bileretara.

Labur esanda, foru legearen xedea da Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea. Hiru kapitulutan egituratu da: I. kapitulua (xedapen orokorrak), II. kapitulua (osaera) eta III. kapitulua (antolaketa eta funtzionamendua), eta baditu bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Foru lege hau prestatzeko prozesuan, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak hainbat eztabaida-saio egin ditu. Saio horietan, egun kontseilu horretan dauden elkarteek eta erakundeek zenbait iradokizun eta ekarpen egin dituzte, zeinak, hein handi batean, foru lege honi gehitu baitzaizkio.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

1. Nafarroako Ingurumen Kontseilua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren partaidetza, kontsulta eta aholkularitzako kide anitzeko organoa ingurumen arloan.

2. Nafarroako Ingurumen Kontseilua ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuari atxikiko zaio, eta departamentu horrek emanen dizkio behar bezala funtzionatzeko behar dituen baliabide materialak eta giza baliabideak.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Ingurumen Kontseilua foru lege honetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraituta ere (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa).

4. artikulua. Eginkizunak.

Honako hauek dira Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ingurumen arloan aholku ematea.

b) Honako hauen alde dagoen edo ez dagoen adieraztea, nahitaez:

1. Ingurumenaren arloko lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorren proiektuak.

2. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak sustatzen dituen planak eta programa estrategikoak.

3. Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren aurrekontuen aurreproiektua.

c) Ingurumenaren arloan azterlanak eta txostenak egitea eta gomendioak helaraztea, bere ekimenez edo Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta.

d) Xedapenak eta jarduerak egitea proposatzea, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuari dagokion gaietan.

e) Ingurumenaren arloko ikerketa-, ezagutza-, sentsibilizazio- eta dibulgazio-ekintzei buruzko proposamenak egitea.

f) Ingurumen-hezkuntzako neurriak proposatzea, gizartea balio ekologikoei eta ingurumen-balioei buruz informatu, orientatu eta sentsibilizatzeko.

g) Ingurumenaren babesarekin zerikusia duten jarduerei lotutako enplegua sortzea eta ingurumen-arazoak konpontzeko herritarren parte-hartzea sustatuko duten neurriak proposatzea.

h) Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren arloko nazioarteko hitzarmenak hobeki betetzeko egokitzat jotzen dituen neurriak proposatzea, indarrean dauden arauen eta programen eraginkortasuna baloratuz eta, hala badagokio, dagozkion aldaketak proposatuz.

i) Ingurumen politikan, unibertsitateen eta ikerketa zentroen parte-hartzea bultzatzea.

j) Nafarroako Ingurumen Kontseiluan ingurumenari eragiten dioten gaiei buruzko eztabaidak egitea, hura modu iraunkorrean osatuko duten elkarteek proposatuta, eta herritarrek ingurumen-arazoen konponketan parte hartzeko bideak ezartzea.

II. KAPITULUA

Osaera

5. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Ingurumen Kontseilua honako pertsona hauek osatuko dute:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari hauek:

Lehena.–Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren titularra.

Bigarrena.–Ingurumen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

Hirugarrena.–Ingurumenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko zerbitzuburuak.

Laugarrena.–Ordezkari bat, gai hauetan eskumena duten zuzendaritza nagusi bakoitzetik: landa-garapena, nekazaritza eta abeltzaintza, industria, energia, garraioak, turismoa, toki-administrazioa, herri-lanak, babes zibila eta lurralde-antolamendua.

b) Hainbat erakunde eta elkarteren ordezkariak:

Lehena.–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat (hautapen bidezko kargua).

Bigarrena.–Ordezkari bat Nafarroan dauden bi unibertsitateetako bakoitzetik (ingurumen arloan adituak).

Hirugarrena.–Lau ordezkari, Nafarroan bazkide gehien dituzten erakunde ekologistetatik.

Laugarrena.–Nafarroako Mendi Federazioaren ordezkari bat.

Bosgarrena.–Nafarroako Ehiza Federazioaren ordezkari bat.

Seigarrena.–Nafarroako Arrantza Federazioaren ordezkari bat.

Zazpigarrena.–Nafarroako Ehiztarien Elkarteko ordezkari bat.

Zortzigarrena.–Ordezkari bat Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan ordezkaritza duten erakunde sindikal bakoitzeko.

Bederatzigarrena.–Ordezkari bat Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan ordezkaritza duten enpresaburuen elkarte bakoitzeko.

Hamargarrena.–Ordezkari bat Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan ordezkaritza duten nekazaritza- eta abeltzaintza-erakundeetako bakoitzeko.

Hamaikagarrena.–Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan ordezkaritza duen nekazaritzako elikagaien kooperatiben elkarteko ordezkari bat.

Hamabigarrena.–Ordezkari bat Nafarroako Parlamentuan dauden talde parlamentario bakoitzeko.

Hamahirugarrena.–FORESNA-ZURGAIA baso-jabeen elkartearen ordezkari bat.

Hamalaugarrena.–ADEMAN Nafarroako zuraren arloko enpresaburuen elkarteko ordezkari bat.

Hamabosgarrena.–Ordezkari bat Nafarroan legez eratutako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen artetik ordezkagarritasun handiena duenaren izenean.

Hamaseigarrena.–Ordezkari bat Landa Garapenerako Plana aplikatzeko toki-ekintzako talde bakoitzeko.

Hamazazpigarrena.–Lanbide elkargoen hiru ordezkari, zeinak proposatuko baititu ingurumen arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko titularrak.

Hemezortzigarrena.–Kide bat, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak proposatuta.

Hemeretzigarrena.–Kide bat, Nafarroako Adinekoen Kontseiluak proposatuta.

Hogeigarrena.–Kide bat, Irisgarritasun Unibertsala eta Pertsona Ororentzako Aukera Berdintasuna Sustatzeko Kontseiluak proposatuta.

Hogeita batgarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak proposatutako kide bat.

Hogeita bigarrena.–Ordezkari bat ingurumenarekin lotutako ikerketa zentroen izenean.

c) Aholku-batzordeetako kideak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa bermatuko du Nafarroako Ingurumen Kontseiluko titularrak izendatzeko orduan, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak 16.4 artikuluan ezarritakoarekin. Horretarako, titularrak eta ordezkoak proposatzean, ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko oreka errespetatzeko.

6. artikulua. Kontseiluko burua.

1. Ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren titularra izanen da kontseiluko burua.

2. Kontseiluko buruak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

3. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, kontseiluko buruaren ordez buruordea arituko da.

7. artikulua. Buruordea.

1. Ingurumen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra izanen da buruordea.

2. Kontseiluko buruak edo Osoko Bilkurak esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu buruordeak, kontseiluak kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendu ona izan ditzan.

3. Buruorde kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, pertsona bat izendatuko da, ingurumen arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko zerbitzuetako titularren artean, haren ordez aritu dadin.

8. artikulua. Idazkaritza.

1. Idazkaritza egokituko zaio ingurumenaren araubide juridikoaren atalaren edo zerbitzuaren titularrari.

2. Idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

3. Idazkari kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez arituko da Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) lanpostua betetzen duenak.

9. artikulua. Kontseilukideak.

1. Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kide izanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari izendatutako pertsonak –burua, buruordea eta idazkaria bazter–.

b) Erakundeen eta elkarteen ordezkari izendatutako pertsonak.

c) Aholku-batzorde bakoitzak kontseilukide aholkulari gisa izendatutako pertsonak.

2. Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

3. Zenbat kide titular diren, beste hainbeste ordezko kide izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan.

10. artikulua. Kontseilukideak hautatzea eta izendatzea.

1. Kontseilukide titularrak eta ordezkoak hautatzeko, idazki bat igorriko zaio idazkaritzari, eta hark kontseiluko buruari helaraziko dio, izenda ditzan.

2. Erakunde edo elkarte bakoitzak hautatuko ditu dagozkion kontseilukideak.

Baldin lau erakunde ekologistetako batek ez badu pertsona bat hautatzen Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kide iraunkor izan dadin, edo kide izateari uko egiten badio, galdetuko zaio Nafarroan bazkide gehien dituen hurrengo erakunde ekologistari ea kontseiluko kide izan nahi duen, eta baiezkoa ematen badu, ordezkari bat hautatzeko eskatuko zaio. Horrela eginen da hurrenez hurren, harik eta erakunde ekologisten lau ordezkariak hautatu arte.

3. Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kideak izendatuko dira ingurumen arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez.

11. artikulua. Iraupena.

1. Nafarroako Ingurumen Kontseilua lau urtean behin berrituko da.

2. Nafarroako Ingurumen Kontseiluak jardunean jarraituko du harik eta hura aurrerantzean osatuko duten pertsonak izendatu arte, ingurumen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.

12. artikulua. Kide izateari uztea.

1. Nafarroako Ingurumen Kontseiluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari diren pertsonek beren kargu publikoak betetzeari uzten diotenean utziko diote kontseiluko kide izateari.

2. Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kide izendatu diren gainerako pertsonek kide izateari utziko diote honako arrazoi hauetako bat artean denean:

a) Izendapen aldia bukatzea.

b) Hautatu zituzten erakunde edo elkarteek proposaturik.

c) Norberak eskatuta.

d) Desgaikuntza edo ezgaitze judiziala, edo heriotza.

3. Behar baino lehen gertatzen diren hutsuneak aurreko artikuluan ezarri bezala beteko dira. Kontseiluko kide berriaren izendapen aldia bukatuko da Nafarroako Ingurumen Kontseilua berritzen denean, non eta ez den gertatzen aurreko apartatuan ezarritako egoeretako bat.

III. KAPITULUA

Antolaketa eta funtzionamendua

1. atala

Antolaketa

13. artikulua. Organoak.

Nafarroako Ingurumen Kontseiluak honako organo hauen bidez beteko ditu esleituta dituen eginkizunak:

a) Osoko Bilkura.

b) Aholku-batzordeak.

14. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Osoko Bilkura da Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren erabaki-organo gorena.

2. Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren Osoko Bilkuran honako hauek daude: burua, buruordeak eta idazkariak lagunduta; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aldeko kontseilukideak; erakunde eta elkarteetako kontseilukideak, eta kontseilukide aholkulari bat aholku-batzorde bakoitzeko.

3. Aholku-batzorde bakoitzak pertsona bat hautatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoak ez diren pertsonen artetik, bere ordezkari izan dadin Osoko Bilkuran.

4. Ondoko hauek dira Osoko Bilkuraren eginkizunak:

a) Foru lege honen 4.b) artikuluan ezarritako gaiei buruz iritzia ematea.

b) Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak, ingurumen arloan eragin edo garrantzi handia dutela iritzita, Osoko Bilkurari helarazten dizkion gaiei heltzea.

c) Aholku-batzorde batek Osoko Bilkuran eztabaidatzeko proposatzen duen edozein gairi heltzea.

d) Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari gisa hautatu ez diren kide iraunkorren ehuneko hamarrek, gutxienez, eskatzen dituzten gaiak, baldin eta Kontseiluaren eginkizunekin zerikusia edo ingurumenean garrantzi edo eragin berezia badute.

15. artikulua. Aholku-batzordeak.

1. Hauek dira Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aholku-batzordeak:

a) Basogintzako Aholku Batzordea.

b) Ehizako Aholku Batzordea.

c) Arrantzako Aholku Batzordea.

d) Biodibertsitatearen Aholku Batzordea.

e) Ekonomia Zirkularraren Aholku Batzordea.

f) Klima Aldaketaren Aholku Batzordea.

2. Aholku-batzordeen sorrera, osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

3. Aholku-batzordeek honako eskumen hauek dituzte: proposamenak egitekoa, administrazio arloko erabakiak hartzeko oinarri hartuko diren nahitaezko txostenak egitekoa, eta jarraipen eta kontrolerako eskumena. Beraz, informazioa jasoko dute eta eztabaidagai izanen dituzte, zeinek bere esparru espezifikoko foru legeen aurreproiektuak, foru dekretuen proposamenak eta bestelako arauak, bai eta esparru espezifiko horretako estrategiei edo planei buruz ere.

2. ATALA

Osoko Bilkuraren eta aholku-batzordeen funtzionamendua

16. artikulua. Osoko bilkurak.

Osoko Bilkurak urtean behin eginen du, gutxienez ere, bilera arrunta. Era berean, bilera bereziak egin ahal izanen ditu Kontseiluko buruak erabakitzen duenean edo Nafarroako Foru Komunitateko ordezkari gisa hautatu ez diren kontseilukide iraunkorren herenak, gutxienez, hala eskatzen dionean, idatziz, kontseiluko buruari.

17. artikulua. Osoko bilkurarako deia.

1. Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren osoko bilkuretarako deialdiak eginen dira, gutxienez ere, bilkura egiteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun natural lehenago. Salbuespenez, epe hori laburtzen ahalko da, Kontseiluko buruak erabakitako presako arrazoiak tarteko direnean.

2. Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren aurrekontu-aurreproiektuari buruzko bilkuraren deialdia eginen da bat etorrita ekonomiaren eta ogasunaren arloan eskumena duen departamentuak aurrekontuak prestatzeari dagokionez onetsi dituen jarraibide ekonomiko eta teknikoekin.

3. Deialdia bitarteko elektronikoen bidez eginen da, eta bertan adieraziko dira gai-zerrenda, saioa zer baldintzatan eginen den eta, hala badagokio, konexio-sistema. Gainera, ahal denean, eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioa igorriko da.

18. artikulua. Osoko Bilkura eratzea.

1. Osoko Bilkura lehen deialdian eta balio osoz eratzeko, beharrezkoa izanen da bertan egon daitezela Kontseiluko burua eta idazkaria edo haien ordezkoak, hala badagokio, eta Osoko Bilkura osatzen duten kideen erdiak, gutxienez ere.

Bigarren deialdian ez da bertaratuen gutxieneko kopururik exijituko, baina beharrezkoa izanen da bertan izan daitezela burua eta idazkaria, edo, hala badagokio, haien ordezkoak.

2. Saioak aurrez aurre edo urrutitik egin ahal izanen dira, eskura dauden tresna teknologikoak baliatuta.

19. artikulua. Adituak Osoko Bilkurara joatea.

1. Osoko bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, buruak proposatuta edo kideek berariaz eskatuta, bilkuran aztertu beharreko gaien inguruan esperientzia edo ezagutza kualifikatua duten pertsonek.

2. Aditua bertaratzeko eskatzen denean, arrazoiak eta justifikazioa eman beharko dira.

3. Eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkura baino bost egun baliodun lehenago gutxienez ere, eta Kontseiluko buruak baloratuko du. Hark erabakiko du egokia den ala ez proposatutako pertsona osoko bilkuran egon dadin. Eskaera egin duenari jakinaraziko zaio, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez ere, bere eskaera onartu den ala ez.

20. artikulua. Osoko Bilkurak erabakiak hartzea.

1. Ezin izanen da eztabaidatu gai-zerrendan ageri ez den gairik.

2. Kideek proposatutako gaiak ere sartu ahal izanen dira gai-zerrendan, baldin osoko bilkura egin baino bost egun natural lehenago jakinarazten badute. Proposamena egokia den edo ez baloratzeko, foru lege honetan Osoko Bilkuraren funtzioei buruz xedatutakoa aplikatuko da. Proposamena zer gairi buruzkoa den, dagokion aholku-batzorde sektorialari birbidali ahal izanen zaio, edo, bestela ere, proposamena egin duenari adieraziko zaio zein den bere proposamena aurkezteko bide egokia.

3. Erabakiak hartuko dira osoko bilkuran dauden Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kideen gehiengo soilez.

4. Foru lege honen 4. artikuluan aipatzen den nahitaezko erabakia bilkura-aktan jasoko da, eta idazkariak ziurtagiri bat emanen du, zeinetan adieraziko baita Kontseilua alde dagoen ala ez, aztertutako gaiarekin.

5. Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eztabaiden emaitzak ez dira inola ere lotesleak izanen, baina kontuan hartu beharko dira ingurumen-politikak eta ingurumena babesteko araudia definitzerakoan.

21. artikulua. Osoko bilkuraren aktak.

1. Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta, hartan, agertuko da nor bertaratu den, zein izan den gai-zerrenda, noiz eta non egin den, deliberazioko punturik garrantzitsuenak, bozketa modua eta emaitza, eta hartutako erabakien edukia.

2. Buruak eta idazkariak sinatuko dituzte aktak, zeinak onetsiko baitira bilera horretan bertan edo hurrengoan.

22. artikulua. Osoko bilkuretara libreki sartzea.

Eskatzen duen edonor joan daiteke osoko bilkuretara, entzule gisa, eta gai-zerrendako puntu desberdinetan parte hartu dezake, baldin eta hala eskatzen badu bilkura egin baino bost egun lehenago gutxienez.

23. artikulua. Barne-funtzionamendua.

Nafarroako Ingurumen Kontseiluak bere barne-funtzionamendurako beharrezkoak diren arauak edo akordioak onetsi ahal izanen ditu.

24. artikulua. Aholku-batzordeen funtzionamendua.

1. Batzorde bakoitza arautzen duen arauan ezarritakoaren arabera eratu, antolatu eta jardungo dute Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aholku-batzordeek.

2. Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aholku-batzordeen eztabaiden emaitzak ez dira inola ere lotesleak izanen, baina kontuan hartu beharko dira ingurumen arloko politikak eta ingurumena babesteko arauak zehazteko orduan, zeinenak bere sektore-eremuan.

25. artikulua. Informazioa.

Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak beharrezkoa den informazio guztia emanen dio Nafarroako Ingurumen Kontseiluari bere eskumeneko gaietan behar bezala funtzionatzeko.

3. ATALA

Publikotasuna eta urteko memoria

26. artikulua. Akten publikotasuna.

Osoko Bilkuraren eta aholku-batzordeen aktak, onetsi ondoren, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuaren webgunean argitaratuko dira.

27. artikulua. Urteko memoria.

Idazkariak, urtero, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren jardueren memoria eginen du, bai osoko bilkurei buruz, bai aholku-batzordeei buruz.

Lehen xedapen gehigarria.–Nafarroako Ingurumen Kontseiluak kide anitzeko beste organo batzuetan izanen dituen ordezkariak hautatzea.

Kontseilua berritzeko saioan hautatuko dira Nafarroako Ingurumen Kontseiluak kide anitzeko beste organo batzuetan izanen dituen ordezkariak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Giza baliabideak eta baliabide materialak.

Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak, bere aurrekontuen kargura, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren funtzionamendurako beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak emanen ditu eta, hark eskatuta, 4. artikuluak Kontseiluari esleitzen dizkion eginkizunei buruzko ikerketa eta txostenak eskatzen ahalko ditu.

Lehen xedapen iragankorra.–Kontseiluaren eraketa.

Nafarroako Ingurumen Kontseilua foru lege honetan ezarritakoaren arabera eratu arte, gaur egun hura osatzen duten pertsonek osatuko dute, baina foru lege honetan xedatutakoari jarraituko dio.

Bigarren xedapen iragankorra.–Lehendik dauden kontseiluak eta aholku-batzordeak.

Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren mendeko aholku-batzordeen osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituen arauzko xedapena onesten ez den bitartean, honako hau bete beharko da:

a) Basogintzako Aholku Batzordea: halakotzat arituko da Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseilua, bat etorrita Nafarroako Basogintzako Aholku Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 23ko 57/2021 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

b) Ehizako Aholku Batzordea: haren osaera eta eginkizunak maiatzaren 3ko 144/1993 Foru Dekretuan ezarritakoak izanen dira.

c) Arrantzako Aholku Batzordea: haren osaera eta eginkizunak maiatzaren 3ko 143/1993 Foru Dekretuan ezarritakoak izanen dira.

d) Ekonomia Zirkularraren Aholku Batzordea: halakotzat arituko da Hondakinen Planaren jarraipen batzordea, zeina ezarri baitzen Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 13. artikuluan.

e) Klima Aldaketaren Aholku Batzordea: halakotzat arituko da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua deritzona, zeina ezarri baitzen Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 8. artikuluan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, ondoko hauek:

–1/1993 Foru Legea, otsailaren 17koa, Nafarroako Ingurumen arloko Kontseilua sortzekoa.

–488/1995 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Uraren Kontseiluarena.

–138/2001 Foru Dekretua, ekainaren 4koa, Ingurumen Hezkuntza eta Komunikazioa Garatzeko Departamentuarteko Batzorde Teknikoa eratzen duena.

–120/2001 Foru Dekretua, maiatzaren 21ekoa, Nafarroako Ingurumen Hezkuntzaren Batzorde Aholku-emailea eratzen duena.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamenduzko garapena.

Baimena ematen zaie Nafarroako Gobernuari eta ingurumen arloan eskumena duen departamentuko titularrari eman ditzaten foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023ko martxoaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2304744