65. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

31/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 22koa, Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak 48. artikuluan ezartzen du Herritarren Parte-Hartzerako Nafarroako Kontseilua sortuko dela.

Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua herritarren parte-hartzeari lotutako gaietan kontsultak egiteko eta parte hartzeko organo gorena da Nafarroako Foru Komunitatean. Parte-hartze demokratikoaren arloan eskumena duen departamentuari atxikita dago. Honako eginkizun hauek ditu:

a) Aholkularitza lanak egitea Nafarroako Administrazio Publikoei dagokienez, erakunde espezializatuei aholkuak ematea herritarren parte-hartzearen gaineko politiken diseinuari buruz eta irizpenak edo txostenak egitea parte-hartze demokratikoarekin zuzeneko lotura duten aplikazio orokorreko programa, plan edo xedapen arau-emaileei buruz.

b) Herritarren parte-hartzearen arloan diharduten entitateen mugimendu asoziatiboak herritarren parte-hartzeari buruzko politika publikoen planifikazioan, egikaritzan, segimenduan eta ebaluazioan izanen duen parte-hartze kolaboratiboa artikulatzea.

c) Herritarren parte-hartzeak Nafarroan duen egoera orokorra analizatu, ikertu eta ebaluatzea, erreferente esanguratsuetatik abiatuta, horri esker parte-hartzerik gabeko egoerak antzeman ahal izateko, eta politika publikoetan herritarren parte-hartzea sustatzeko egoki iruditzen zaizkion neurri guztiak proposatzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Parte-hartzearen gaineko urteko planari buruzko txostena egitea.

e) Nafarroako Gobernuaren Parte-hartzearen gaineko urteko memoriaz arduratzea.

f) Indarra duten arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

48.6 artikuluak azaltzen du nola osatuko den Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua, eta ezartzen du gerora dekretu bidez zehaztuko dela nork eta nola izendatuko dituen kontseilukideak.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen. Foru Dekretu horren 2. artikuluak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari esleitzen dio herritarren parte-hartzerako politiken gaineko eskumena.

Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua abian jar dadin, egokia da erregelamendu hau onestea haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzeko; hala, bete egiten da bai Gobernu Irekiaren 2021-2023rako I. Planaren 1.1 konpromisoa, zeinak zehazten baitu indarrean dagoen araudia ezarri eta garatu behar dela (kasu honetan, 12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa) eta bai aipaturiko 48. artikuluak ezarritakoa.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 27.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, foru dekretuak, kontseiluaren osaera zehaztean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzen du ekintzen bidez, emakumeak ahaldunduz eta emakumeek gizartean parte hartzeko duten eskubidea gauzatuz.

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 11. artikuluak jasotzen du Nafarroako administrazio publikoek desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien eta/edo legezko tutoreen presentzia iraunkorra sustatzeko betebeharra dutela, banaka edo haien ordezkaritza-erakundeen bidez, Nafarroako administrazio publikoetako desgaitasunaren arloko parte-hartze eta aholkularitza organo espezifikoetan, baldin eta haien eginkizunek lotura zuzena badute desgaitasuna duten pertsonen lehentasunezko intereseko eremuetan eragina duten gaiekin.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren hogeita biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

II. KAPITULUA

Osaera

2. artikulua. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluaren osaera.

1. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua lehendakari batek, lehendakariorde batek eta kontseilukideek osatzen dute, eta horiek, ahal dela, esperientzia izanen dute herritarren parte-hartze prozesuetan. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluaren osaeran emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa bermatu beharko da.

2. Kontseilua atxikia dagoen departamentuko titularra izanen da kontseiluko lehendakaria, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

3. Administrazio publikoetatik kanpoko erakundeen ordezkari bat izanen da lehendakariordea: kontseilukide izan beharra du eta Kontseiluak berak izendatuko du, bi urterako.

4. Honako hauek izanen dira kontseilukideak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bederatzi ordezkari; herritarren parte-hartzearen arloan eskumenak dituen zuzendari nagusiak proposatu beharko ditu.

b) Nafarroako toki entitateen lau ordezkari.

c) Herritarren parte-hartzerako erakunde, elkarte edo entitateen bederatzi ordezkari; horietatik seik erakunde eta elkarteen ordezkariak izan beharko dute, batek kontsumitzaileen elkarteena, beste batek sindikatuena eta azkenak enpresaburuen elkarteena.

d) Gizartearen interesak ordezkatzen dituzten herritarren erakunde edo entitateen sei ordezkari.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposaturiko ordezkari bat.

f) Lanbide-elkargoen hiru ordezkari.

Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

5. Herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen departamentuko ordezkari bat izanen da idazkaria, departamentuko titularrak izendaturik; titularrak ordezko bat ere hautatuko du. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

3. artikulua. Kontseilukideak izendatu eta hautatzea.

1. Herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez izendatuko ditu Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluko kideak, lau urterako.

2. Organoaren osaeran gizonen eta emakumeen arteko oreka bermatzeko, Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua osatzen duten instituzio, erakunde edo entitateek bi pertsona proposatu beharko dituzte kontseilukidetza bakoitzeko, gizon bat eta emakume bat. Herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, hala badagokio, zozketa bidez izendatuko ditu ordezkari gisa emakume bat izanen duten entitateak, Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluan oreka hori lor dadin.

3. Aurreko artikuluko 4. apartatuko b), c), d) eta f) letretan adierazitako kideak izendatzeko, honela eginen da hautaketa:

a) Nafarroako toki entitateek lau kontseilukide izendatuko dituzte, honela:

a.1) Iruñeko Udalak bat proposatuko du.

a.2) Tuterako Udalak bat proposatuko du.

a.3) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak bat proposatuko du.

a.4) Haietako bat Nafarroako gainerako toki entitateena izanen da, baldin eta herritarren parte-hartzerako egiturak badituzte eta/edo herritarren parte-hartzerako proiektuetan esperientzia dutela egiaztatzen badute. Kontseiluko kide izateko eskaera artikulu honen 4. apartatuan ezarritakoari jarraituz aurkeztuko dute.

b) Bederatzi kide izendatzea herritarren parte-hartzeko erakunde, elkarte edo entitateen ordezkari gisa aurkeztutako hautagaitzen artean. Horietatik:

b.1) Herritarren parte-hartzea sustatzea helburu duten entitateen sei ordezkari. Entitate horiek Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribaturik egon behar dute, edo antzeko erregistroetan, betiere entitateak Nafarroan eman baditu zerbitzuak. Herritarren parte-hartzearen sustapena egiaztatzen ahalko da entitatearen helburuekin, hala jasotzen dutenean, edo entitateak arlo horretan izandako esperientziekin.

b.2) Nafarroako kontsumitzaileen elkarteen ordezkari bat.

b.3) Nafarroako sindikatuen ordezkari bat.

b.4) Nafarroako enpresaburuen elkarteen ordezkari bat.

Kontseiluko kide izateko hautagaitza aurkeztu dutenen artean eginen da izendapena, artikulu honen 4. eta 5. apartatuetan ezarritakoarekin bat.

c) Gizartearen interesak ordezkatzen dituzten herritarren erakunde edo entitateek sei ordezkari izendatuko dituzte, honela:

c.1) Kide bat, Irisgarritasun Unibertsala eta Pertsona Ororentzako Aukera Berdintasuna Sustatzeko Kontseiluak proposatuta.

c.2) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak bat proposatuko du.

c.3) Nafarroako Adinekoen Kontseiluak bat proposatuko du.

c.4) Migratzaileen Foroak bat proposatuko du.

c.5) Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak bat proposatuko du.

c.6) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak bat proposatuko du.

Erakunde horiek, nolanahi ere, beren alor sozialean diharduen kideak proposatu beharko dituzte.

d) Hiru kide izendatzea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egoitza soziala edo ordezkaritza autonomoa duten lanbide-elkargoak ordezkatzeko aurkeztutako hautagaitzen artean, artikulu honen 4. eta 5. apartatuetan ezarritakoarekin bat.

4. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko, herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen zuzendari nagusiak onetsitako jarraibideak bete beharko dira, hilabeteko epean, Gobernu Irekiaren Atarian "Parte hartu, Nafarroa" atalean argitaratutako prozedura irekitzen denetik hasita.

5. Bete beharreko kontseilukidetzak baino hautagai gehiago aurkezten badira, prozesu honi jarraituko zaio izendapena egiteko:

a) Lehenik eta behin, hautagaitza aurkeztu duten entitateen adostasuna bilatzen saiatuko da, eta, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko herritarren parte-hartzean espezializatutako unitatea bitarteko izaten ahalko da.

b) Adostasunik lortzen ez bada, hautagaitza aurkeztu duten entitateen artean eginen da bozketa, eta hiru bostenen gehiengoa beharko da proposamen bat egiteko.

c) Aurreko letran adierazitako adostasuna lortzen ez bada, zozketa eginen du Nafarroako Gobernuko herritarren parte-hartzeko unitate espezializatuak.

4. artikulua. Kontseiluko kide izateari uztea.

1. Kontseiluko kideek honako zio hauengatik utziko dute kargua:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Kideak zer alditarako izendatu ziren, hura bukatzea.

c) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak hala proposatzeagatik.

d) Uko egitea eta lehendakariak onartzea.

e) Lehendakariak erabakitzea, kontseilukideen gehiengoak proposaturik, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.

f) Kide den elkarte edo fundazioari dagokion erregistroan baja ematea.

g) Epai irmoz kondenatua izatea, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 3. artikuluan jasotako adierazpenetako batengatik, edo Zigor Kodean aurreikusitako administrazio publikoaren aurkako delituren bat egiteagatik.

2. Kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren kontseilukideen hutsuneak ordezkoak beteko ditu, eta hark kargualdia bukatuko du gainerako kideek bezala.

III. KAPITULUA

Antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea

1. ATALA

Osoko bilkura eta lantaldeak

5. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluak osoko bilkuran jardunen du.

2. Osoko Bilkura Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluko kideek osatzen dute.

6. artikulua. Lantaldeak.

1. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak bete ditzan, lantaldeak eratzen ahalko dira intereseko gaiak aztertzeko, hala behar denean.

2. Lantaldeetako bat "Nafarroako herritarren parte-hartzearen behatokia" deituko da, eta eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste: herritarren parte-hartzeari buruzko ikerketa soziala bultzatzea, arlo horretako joera instituzional eta sozialak aztertzea eta haren berrikuntza sustatzea, jardunbide egokiak nabarmendu eta proposatzea, parte-hartzearen kultura hezkuntzaren bidez bultzatzea, eztabaida publikoak bultzatzea, eta herritarren prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea arlo horretan, hori guztia genero ikuspegitik eta ikuspegi intersekzionaletik.

7. artikulua. Adituak agertzeko eskaerak.

Osoko bilkurara eta lantaldeetara, aditu egokiak bertaratzen ahalko dira, hitza izanik baina botorik gabe, bilkura jakin horretan landuko diren gaiei buruz duten ezagutza berariazkoa dela-eta, eta eztabaidatu beharreko gai zehatz horretarako.

8. artikulua. Behatzaileak.

Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzen ahalko dute, besteak beste, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren ordezkariek eta Nafarroako Arartekoaren ordezkariek, behatzaile gisa, hitza izanik baina botorik gabe.

9. artikulua. Bileretarako sarbide librea.

Hala eskatzen dutenak joaten ahalko dira, entzule gisa, hitzik gabe eta botorik gabe, osoko bilkuretara, lehendakariaren aldez aurreko baimenarekin.

10. artikulua. Barne-funtzionamendua.

Kontseiluak bere barne-funtzionamendurako beharrezkoak diren arauak edo akordioak onesten ahalko ditu.

2. ATALA

Bilkuren araubidea

11. artikulua. Ohiko bilkurak eta bilkura bereziak.

Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua urtean bi aldiz bilduko da ohiko bilkuran, eta bilkura bereziak eginen ditu lehendakariak haietarako deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo lehendakariordeak eskatuta, sei kontseilukideren edo gutxienez ere kontseilukideen laurdenaren babesarekin. Halakoetan, eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkurarako aurreikusitako data baino hogei egun lehenago gutxienez.

12. artikulua. Deialdiak.

1. Deialdiak idatziz eginen dira, gutxienez ere zortzi egun lehenago, bereziak izan ezik, horiek bi egun lehenago bidaltzen ahalko baitira.

2. Deialdiak betiere posta elektronikoaren bidez eginen dira, eta kontseilukideek jakinarazi dituzten helbide elektronikoak erabiliko dira horretarako.

3. Deialdiarekin batera eguneko gai-zerrenda igorriko da, baita, ahal delarik, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa ere.

4. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluaren bilkuretako gai-zerrendan landu beharreko gaiak lehendakariak proposatuko ditu, edo lehendakariordeak sei kontseilukideren edo gutxienez ere kontseilukideen herenaren babesarekin. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.

5. Aitzineko bilkuraren edo bilkuren aktaren onespena eta galde-eskeetarako atal bat sartuko da deialdi arrunten gai-zerrendan.

6. Ezin izanen da eztabaidatu edo erabaki eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu eta, osoko bilkurako kide guztiak bildurik daudela, gaia presakoa deklaratzen bada Kontseiluko kide gehienek horren aldeko botoa emanda.

13. artikulua. Eraketa.

1. Lehen deialdian, Kontseilua modu baliozkoan geldituko da eraturik eta, beraz, erabakiak hartzen ahalko ditu, bertan daudelarik lehendakaria eta idazkaria, edo legez ordezkatzen dituztenak, gehi kideen erdiak gutxienez.

2. Bigarren deialdian, Kontseilua modu baliozkoan eratutzat joko da bertan daudelarik, gutxienez, lehendakaria eta idazkaria, edo legez ordezkatzen dituztenak, gehi kideen herenak gutxienez. Lehenbiziko deialditik bigarrenera ordu erdi bat iraganen da gutxienez.

14. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko bilkurak.

Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluak bilkurak urrutitik egiten ahalko ditu, kide guztiak edo baten bat toki desberdinetan daudenean, betiere baliabide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak ere) bermatzen badira honako hauek: kideen identitatea, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea eta kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egonen direla. Besteak beste, baliabide elektroniko baliodunak izanen dira, konparaziorako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

3. ATALA

Erabakiak

15. artikulua. Erabakiak nola hartu.

1. Erabakiak bertaraturiko kontseilukideen gehiengo soilez hartuko dira. Urrutitik parte hartzen denean, erabakiak kontseiluaren lehendakaritzaren egoitzan hartutzat joko dira.

2. Idazkariak lehendakariaren oniritziarekin eginen du akta, eta bide elektronikoen bitartez bidaliko die Kontseiluko kideei, onets dezaten. Kide horiek bide bera erabiltzen ahalko dute testuarekin ados dauden edo eragozpenak dituzten adierazteko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Kontseiluaren eraketa.

Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua foru dekretu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean eratuko da, bidezkoak diren proposamenak egin eta kideak izendatu ondoren.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Baimena ematen zaio herritarren parte-hartzearen arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304729