62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2023 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onesten baita kultura zientifikoa sustatzeko, Nafarroan egindako I+G+Ba ezagutarazteko eta STEM bokazioak bultzatzeko Cosmos 23 laguntzen 2023. urteko deialdia. DDBN identifikazioa: 678603.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak bere hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ezartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Foru legearen 3.1 artikuluaren arabera, hau da bere helburuetako bat: herritar guztien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea, gizartearen erronkak eta arazoak bideratzen laguntzeko. Era berean, 21.1.h) artikuluan, foru lege honen xedea eta helburuak betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten dira; besteak beste, bokazio zientifiko-teknikoen pizgarri diren neurriak, ikasketa zientifiko-teknikoko prestakuntza sustatuz, indar berezia eginez emakumeen artean, bai eta gizarte guztiari zuzendutako dibulgazio zientifikoa ere.

2021-2025 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak bere helburuen artean du jasoa STEM bokazioak sustatzearena (STEM Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika jakintza-arloen multzoak osatutako ingeleseko sigla da). Zientzian eta teknologian izandako lorpenak eta aurrerabideak jendeari ezagutarazteak eta ikertzaileen aintzatespen soziala egiteak berekin dakar STEM bokazioek gora egitea eskoletan, ikusarazi egiten baita zientziak eta teknologiak gizarteari egiten dioten ekarpena. Hori horrela, planaren neurrietako batzuk bideratuta daude kultura zientifikoa, teknologikoa eta berritzailea herritarren artean sustatzera, eta berariaz aipatzen da Cosmos 2023 laguntzen deialdi hau.

Bada, kultura zientifikoa sustatzeko, Nafarroan egindako I+G+Ba ezagutarazteko eta STEM bokazioak sustatzeko Cosmos 23 laguntzen 2023ko deialdiaren bitartez jarraipena eman nahi zaio 2021. urtean abiatutako ibilbideari, eta diruz lagundu nahi dira Nafarroako gizartearen ezagutza zientifikoa eta teknikoa sustatzeko eta handitzeko jarduerak, Nafarroan egindako I+G+B proiektuen emaitzak zabaltzeko jarduerak eta gai zientifiko-teknikoen aldeko bokazioak sustatzeko jarduerak, eta hori guztia, zientziaren eta herritarren arteko lotura areagotzea lortzeko eta zientzian jantzitako pertsonak prestatzen laguntzeko.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2022-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Kultura zientifikoa sustatzeko, Nafarroan egindako I+G+Ba ezagutarazteko eta STEM bokazioak sustatzeko Cosmos 23 laguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 115.000 euroko kreditua baimentzea, 2023ko aurrekontuko "Zientzia dibulgazioa, I+G+Baren zabalkundea eta STEM bokazioen sustapena" izeneko G20001 G2100 4819 467308 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2023ko otsailaren 27an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen bitartez, diruz lagundu nahi dira Nafarroako gizartearen ezagutza zientifikoa eta teknikoa handitzeko jarduerak, Nafarroan egindako I+G proiektuen emaitzak zabaltzeko jarduerak eta ikasleen artean gai zientifiko-teknikoen aldeko bokazioak sustatzeko jarduerak, eta hori guztia, zientziaren eta herritarren arteko lotura areagotzea lortzeko eta zientzian jantzitako pertsonak prestatzen laguntzeko.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:

a) Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) Erregistroan erakunde berezi gisa inskribatuta dauden erakundeak.

b) Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) Erregistroan inskribatuta dauden gainerako eragileak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo fundazioak, baldin eta nortasun juridikoa badute, egoitza Nafarroan badute eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokien erregistroan inskribatuta badaude.

2. Ezin dira onuradun izan:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat hausten dutenak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Erakunde eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Laguntzaren xede izanen dira kultura zientifikoa sustatzeko jarduketak, zientzia, teknologia eta berrikuntza gizartean zabaltzekoak eta STEM bokazioak sustatzekoak, baldin eta Nafarroan egiten badira.

Jarduketak hainbat jarduerak osatuak izaten ahalko dira.

Jarduerak ekintza edo zeregin bidez garatzen ahalko dira, eta halakotzat joko dira, zentzu zabalean, zientzia, teknologia eta berrikuntza gauzatzeko, prestatzeko, sustatzeko, kudeatzeko, arlo horietako emaitzak zabaltzeko eta gizartean ezagutarazteko lanekin zerikusia dutenak, proposatutako jarduketen barruan, betiere.

2. Proposatutako jarduketek bat etorri beharko dute jarraian zehazten diren ildoetako batekin gutxienez:

a) Kultura zientifikoa sustatzea: edozein gai zientifiko eta teknologikori buruzko dibulgazio eta komunikazio lana sartzen da hemen, espezializatu gabeko jendeari zuzenduta badago eta helburua zientzia, teknologia eta ikerkuntza Nafarroako gizarteari hurbiltzea bada. Santiago Ramón y Cajal jaunaren sustapena eta dibulgazioa ere sartzen da hemen.

b) Nafarroan egindako I+G+Ba ezagutaraztea: hemen sartzen dira Nafarroak egindako I+G+Bari esker lortu diren aurrerapausoak eta emaitzak herritarrei ezagutarazteko jarduketak.

c) STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko sigletan) bokazioak sustatzea: unibertsitateaz kanpoko etapetako ikasleen eta gazteen artean alfabetatze zientifikoa ez ezik, metodoarekin eta ikerkuntzarekin zuzeneko harremana izanik ikasketa zientifiko-teknologikoekiko interesa ere sustatzea helburu duten jarduerak sartzen dira; bereziki, neskatoei eta neska nerabeei zuzendutakoak.

3. Proposatutako jarduketa bakoitzeko gutxieneko aurrekontua 3.000 eurokoa izanen da.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira behean adierazitako gastu kategoriak, baldin eta, zalantzarik gabe, finantzatu beharreko jarduketekin zuzenean lotuta badaude, jarduketak gauzatzeko beharrezkoak badira eta ezarritako gauzatze aldian egin badira, eta laguntzaren justifikazioa aurkeztean benetan ordainduta badaude. Gastu identifikagarriak eta kontrolagarriak izan beharko dira, eta merkatu prezioak eduki.

a) Langileak: diruz lagundutako jarduketan zuzenean dihardutenak eta jarduera horretan diharduten bitartean. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Material suntsikorra, hornidurak eta antzeko produktuak, laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzearekin zuzenean lotuta daudenak.

c) Kanpoko kolaborazioak:

I. Txostengileak, hizlariak eta irakasleak kontratatzea ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetarako, baita jarduketa gauzatzeko behar diren monitore edo pertsonen kontratazioa ere.

II. Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak editatzea, formatu fisikoan nahiz elektronikoan, eta horiek Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizialetara itzultzeko gastuak.

III. Aholkularitza teknikoa: aholkuak ikerlanak egiteko, prestakuntzako, zabalkundeko eta publizitateko jarduketak eta antzeko zerbitzuak prestatzeko, laguntzaren xedeko jarduketari bakarrik eta ez beste ezeri zuzenean loturikoak, kudeaketa eta tramitazio administratiboko jarduerak salbuespen direlarik.

d) Beste gastu batzuk:

I. Joan-etorriak: bidaia-gastuak, garraiokoak, dietak eta ostatu- zein mantenu-gastuak, 4.1.c.i oinarrian aipaturiko pertsonenak.

Honela mugatuko dira gastuak:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratu zen erabakia).

–Garraioa: norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,34 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko gastua (bidesariak) eta aparkalekukoak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Epigrafe honetan sartuko dira parte-hartzaileak jarduketa/jarduera eginen den tokira eramateko gastuak, halakorik badago, baina bakar-bakarrik parte-hartzaileak eramateko garraiobidea (autobusa esaterako) kontratatzen bada.

II. Aretoen alokairua, itzulpen-zerbitzuak eta hitzaldien, ekitaldien, kongresuen, mintegien eta bileren antolaketa.

III. Diruz lagundutako jarduketa/jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren istripu asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua, halakorik behar bada.

IV. Aurreko apartatuetan jasota ez dauden beste gastu batzuk, betiere jarduketaren ondoriozkoak badira eta hura gauzatzeko beharrezkoak badira.

2. Aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrean sartuta dituzten erakundeen kasuan, gastu diruz lagungarriek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla finantzatutako jarduketak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.

b) Langileen kostuei dagokienez, finantzatutako jarduketa gauzatzeko kontratatu beharreko langileen kostua baino ez da hautagarria izanen. Ezin izanen dira finantzatu langile propioen gainerako kostuak, baina jarduketaren aurrekontuan nahitaez sartu beharko dira, azpikontratatutako jardueraren gehieneko zenbatekoa zehaztu ahal izateko.

3. Proposatutako jarduketen gastuetatik deskontatuko dira sarrerak salduta edo antzeko beste kuota mota batzuen bidez lortutako diru-sarrerak.

4. Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia badute ere, honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen aplikazio eremuan sartutako material suntsikorrak.

b) Zeharkako gastu orokorrak; hau da, jarduketari dagozkion gastu orokorrak, beren izaeragatik zuzenean egotzi ezin direnak, bulegoko materialaren eta informatikako kontsumigarrien gastuak barne.

c) Jarduketaren kudeaketa administratiboari eta laguntza eskaeraren tramitazioari lotutako gastuak, salbu eta irabazi-asmorik gabeko elkarte eta fundazioen kasuan (2.1.c oinarria), haiendako diruz lagungarriak izanen baitira.

d) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

e) Ordezkaritza gastuak, protokolo gastuak eta luxu gastuak, barne hartuta hizlarientzako sariak edo opariak.

f) Jarduketara joaten direnentzako catering gastuak eta antzekoak.

g) Hirugarrenek antolatutako jardueretan parte hartzeari lotutako gastuak.

5. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), hornidura ondasunetarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.

Ez dira hiru eskaintzak erantsiko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

6. Hirugarrenekin egindako itun bitartez egiten ahalko dira finantzatutako jarduketaren parte diren jarduerak, baldin eta erakunde onuradunak egin ezin baditu; memoria teknikoan egiaztatu beharko da hori.

Itundutako jardueraren zenbatekoa finantzatutako jarduketarenaren %100era bitartekoa izaten ahalko da erakunde berezien eta irabazi-asmorik gabeko elkarte eta fundazioen kasuan. SINAIko gainerako eragileen kasuan, itundutako jarduerak ezin izanen du gainditu jarduketaren aurrekontuaren %50.

5. oinarria. Gauzatze aldia.

Diruz lagundutako jarduketen gauzatze aldia 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartekoa izanen da. Gauzatze, prestatze, sustatze eta antzeko jarduerak ere onartuko dira, baldin eta 2024an gauzatzekoak diren jarduketak osatzen badituzte eta goian adierazitako aldian egiten badira.

6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

3. Laguntza eskaera bat aurkeztu behar da proposatutako jarduketa bakoitzeko.

4. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:

a) Eskabide telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena duena.

b) Memoria teknikoa, proposatutako jarduketa deskribatzen duena.

c) Jarduketaren aurrekontua, gastuak eta diru-sarrerak bilduko dituena.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak erakunde interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagundu daitekeen aurrekontuari –laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako memoria ebaluatu ondoren onartutakoari– aplikatu behar zaion laguntzaren gehieneko intentsitatea honako hau izanen da:

a) %80, SINAIko erakunde berezien kasuan (2.1.a oinarria) eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen eta fundazioen kasuan (2.1.c oinarria).

b) %50, SINAIko gainerako eragileen kasuan (2.1.b oinarria).

2. Laguntza intentsitatea %5 handitzen ahalko da baldin eta ekintza positiboko neurri zehatzak aplikatzen badira jarduketak irisgarriagoak izan daitezen desgaitasuna duten pertsonentzat, bat etorriz Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearekin. Proposatzen diren ekintzak behar bezala azaldu behar dira, eta gerora justifikatzeko modukoak izanen dira.

3. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko aurreko 1 eta 2 puntuetan ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaio jarduketaren aurrekontu diruz lagungarriari; eskaera bakoitzari 15.000 euro esleituko zaizkio gehienez ere.

8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian ezarritako ebaluazio irizpideekin bat.

2. Proposamenak ebaluatu ostean bi lehentasun-zerrenda izanen dira, erakunde eskatzaile motaren arabera: zerrenda batean egonen dira SINAIko erakunde bereziak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta fundazioak, eta, beste batean, SINAIko gainerako eragileak.

3. Laguntzak emateari dagokionez, honela banatuko da deialdiko kreditua:

a) Hasiera batean 75.000 euro bideratuko dira SINAIko erakunde bereziek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskaerei erantzuteko.

b) Hasiera batean 40.000 euro bideratuko dira SINAIko gainerako eragileek aurkeztutako eskaerei erantzuteko.

4. Eskatzaile bakoitzari zer lehentasun-zerrenda dagokion, hartan ezarritako ordenaren arabera emanen dira laguntzak.

5. Erakunde bakoitzak gehienez ere proposamen baterako dirulaguntza jasoko du. Hala ere, lehenengo txandan zerrenda bateko eskaera guztiei dirulaguntza eman ondoren kreditu erabilgarria badago, erakunde bakoitzeko proposamen batek baino gehiagok jasotzen ahalko dute laguntza, ondorengo txandetan, deialdiaren kreditua agortu arte, betiere aurreko 1. puntuan aipatutako lehentasun-zerrendan agertzen badira.

6. Zerrenda baterako esleitutako hasierako kredituan gerakinik bada, betiere eskaera guztiei erantzun ondoan, gerakina beste zerrendako kredituari gehitzen ahalko zaio.

9. oinarria. Ebaluazio irizpideak.

1. Aurkeztutako proposamenak ebaluatzeko, honako irizpide hauei jarraituko zaie (I. eranskinean zehaztuta ageri dira):

EBALUAZIO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA,
GEHIENEZ ERE

a) Kalitate teknikoa

50

b) Bideragarritasuna

20

c) Zeharkako irizpideak

30

GUZTIRA

100

2. Proposamenak aurreko apartatuan bildutako ebaluazio irizpideen arabera ebaluatutakoan, laguntzak kudeatzen dituen organo kudeatzaileak, hots, Elikakatearen arloko I+G+b Atalak, bi zerrenda prestatuko ditu (erakunde eskatzailearen arabera, 8. oinarrian adierazitakoarekin bat), eta haietan agertuko dira proposamen guztiak, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

3. Berdinketarik bada, c) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan hura hausteko. Berdinketak jarraituz gero, a) eta b) apartatuetan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

4. Zerrenda bakoitzeko lehentasun ordenaren arabera finantzatuko dira proposamenak, baldin eta gutxienezko puntuazioa –40 puntu– lortu badute; horietatik 30 puntuk a) Kalitate teknikoa eta b) Bideragarritasun ataletan lortutakoak izan beharko dute.

10. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da erakunde onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

11. oinarria. Diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko epea eta modua.

1. Beranduenez ere 2023ko abenduaren 9an, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Gastu aitorpena.

b) Egindako jarduketaren aurretiko memoria.

Aurreko gastu aitorpena aurkezteko unean jarduketa amaituta badago, hurrengo epigrafean aipatutako dokumentazioa aurkeztea onartuko da.

2. Beranduenez ere 2024ko martxoaren 31n, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Jarduketari buruzko behin betiko memoria.

b) Jarduketa egin dela egiaztatzeko dokumentazio grafikoa edo ikus-entzunezkoa (material editatuak, argazkiak, bideoak...).

c) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).

d) Justifikatutako gastuen dokumentazio lagungarria (ordainketa egiaztatzen duten fakturak eta banku ziurtagiriak).

e) Hornitzailea 4.5 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

3. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

4. Onuraduna behartuta dago laguntza kudeatzen duen organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko.

12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. 11.1 oinarriaren arabera aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari igorriko dio konturako ordainketa egiteko proposamena. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hau aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

3. 11.2 oinarrian aipatutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena. Ebazpen horrek espedientea itxiko du, eta bertan adieraziko da justifikatu ez diren baina ordainduta dauden zenbatekoak itzuli beharko direla, hala den kasuan.

4. Justifikazio agiriak aztertu ondoren egiaztatzen bada eskaeran adierazitako zeharkako balorazio irizpideei buruzko alderdiak aldatu egin direla eta, ondorioz, dirulaguntza jasotzeko lortutako puntuazioa baino puntuazio txikiagoa lortzen bada, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

13. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, bertan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da onetsitako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean, ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xede diren jarduketak.

c) Emandako laguntzari esker antolatzen diren ekitaldi, hitzaldi, aurkezpen eta abarren berri ematea organo kudeatzaileari. Egin aurretik eman beharko da haien berri, sinai@navarra.es helbide elektronikora idatzita.

d) Diruz lagundutako jarduketen inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

e) Jarduera idatziz edo modu grafikoan zabalduz gero, Nafarroako Gobernuak finantzatutakoa dela adieraziko da, eta, oro har, bere webgunean eta antzeko euskarrietan.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Justifikazio agiriak aztertuta ondorioztatzen bada dirulaguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak hein batean bete gabe gelditzen badira, "c) Zeharkako irizpideak" multzoan puntuatzen duten alderdiak tartean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea hein batean galduko da, proportzioan, ez-betetzea norainokoa den.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

c) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduera justifikatzeko agiriak (11. oinarrian adierazitakoak) aurkeztearen ingurukoak eta 13. oinarriaren betebeharrean ezarritakoa. 1.a.

14. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuek edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

2. Diruz lagundutako jarduketetarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.

3. Eskatzaileak dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Hain zuzen ere, eskaera aurkezten den unean emanen da horren berri; gero, jakin bezain laster, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzean.

15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

16. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Jarduerak ebaluatzeko irizpideak (9. oinarria)

BALORAZIO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

a) Kalitate teknikoa

50

a.1. Helburuak

0/10/20

a.2. Deskribapena

0/10/20

a.3. Justifikazioa

0/5/10

b) Bideragarritasuna

20

b.1. Proposatutako kronograma

10 arte

b.2. Aurrekontua

10 arte

c) Zeharkako irizpideak

30

c.1. Emakumeak eta zientzia

c.1.1. Neskato eta neska nerabeen parte hartzea

c.1.2. Zientzia, genero ikuspegiarekin

10

0/5

0/5

c.2. Lurralde kohesioa

0/4/8/15

c.3. Euskararen erabilera

0/5

GUZTIRA

100

a) Kalitate teknikoa:

a.1. Helburuak: behar bezala zehazten direla baloratuko da, eta koherenteak diren bai deialdiaren helburu orokorrekin, bai hautatuko jarduketa-ildoak berezko dituenekin; jarduketaren diseinua eta helburuak ere bat datozen baloratuko da.

Honela baloratuko da apartatu hau:

–Jarduketaren helburuak zehatzak dira, eta bat datoz deialdiaren eta jarduketa ildoaren helburu orokorrekin eta jarduketaren diseinuarekin: 20 puntu.

–Jardueraren helburuak zehatzak dira, baina ez datoz bat deialdiaren zein jarduketa ildoaren helburu orokorrekin edo jarduketaren diseinuarekin: 10 puntu.

–Jardueraren helburuak ez dira zehatzak, edota ez datoz bat deialdiaren zein jarduketa ildoaren helburu orokorrekin edo jarduketaren diseinuarekin: 0 puntu.

a.2. Deskribapena: kalitate orokorra, garapen maila eta proposamenaren xehetasuna baloratuko dira, kultura zientifikoa, teknologia eta berrikuntza sustatzeko jarduketa gisa.

Gauzatu gogo diren jarduerak eta ekintzak/zereginak deskribatzerakoan emandako xehetasun maila ere baloratuko da.

Honela baloratuko da apartatu hau:

–Jarduketa argi eta garbi dago azalduta, eta aurreikusitako jarduerak eta ekintzak/zereginak zehaztasunez deskribatzen dira: 20 puntu.

–Jarduketa argi eta garbi dago azalduta, baina aurreikusitako jarduerak eta ekintzak/zereginak ez dira zehaztasunez deskribatzen: 10 puntu.

–Jarduketa ez dago argi eta garbi azalduta, eta aurreikusitako jarduerak eta ekintzak/zereginak ez dira zehaztasunez deskribatzen: 0 puntu.

a.3. Justifikazioa: jarduketa gauzatzea beharrezkoa eta egokia dela justifikatzen duten egoeren edo arrazoien deskribapen zehatza baloratuko da.

Honela baloratuko da apartatu hau:

–Proposamenak argi eta garbi identifikatzen du zergatik den beharrezkoa eta egokia jarduketa: 10 puntu.

–Proposamenak identifikatzen du zergatik den beharrezkoa eta egokia jarduketa baina ez ditu arrazoiak argi eta garbi azaltzen: 5 puntu.

–Proposamenak ez du identifikatzen zergatik den beharrezkoa eta egokia jarduketa: 0 puntu.

b) Bideragarritasuna:

b.1. Kronograma: proposatutako jarduketaren faseak zehaztasunez deskribatzea baloratuko da, proposatutako jarduerak eta ekintzak/zereginak adierazita, eta horiek jarduketaren helburuekin bat datozela begiratuko da.

Era berean, jarduera modu errealistan egituratuta eta planifikatuta dagoen baloratuko da, deialdiaren baldintzen eta epeen esparruan erabili beharreko denborak, erantzukizunak eta baliabideak dimentsionatuta eta doituta.

Apartatu hau 10 puntuz baloratuko da gehienez.

b.2. Aurrekontua: baloratuko da ea partidak egokiak diren helburuak lortzeko.

Era berean, kostuak eta erabili beharreko baliabideak arrazoizkoak, justifikatuak eta egokiak diren baloratuko da, bai proposatutako jarduketaren dimentsioari dagokionez, bai gizartean eragina izateko duen gaitasunari eta ikusgarritasun edo nabaritasun mailari dagokienez.

Apartatu hau 10 puntuz baloratuko da gehienez.

c) Zeharkako irizpideak:

c.1. Emakumeak eta zientzia: baloratuko da I+Garen gaineko jarduketari heltzerakoan genero ikuspegia kontuan hartu den.

Neskatoen eta neska nerabeen parte hartzea sustatzeko eta parte hartze ez-sexista bermatzeko aurreikusitako neurriak ere baloratuko dira.

c.1.1. Neskatoen eta neska nerabeen parte hartzea sustatzea:

–Sustapenerako neurri zehatzak aurreikusten dira, eta egokiak dira: 5 puntu.

–Ez da halako neurri zehatzik aurreikusten, edo aurreikusten dira baina ez dira egokiak: 0 puntu.

c.1.2. Zientzia, genero ikuspegiarekin:

–Jarduketak genero ikuspegiarekin egindako zientzia nabarmentzen du: 5 puntu.

–Jarduerak ez du ikuspegia kontuan hartzen, edo nahiz eta kontuan hartzen duela esan, argumentazioak ez du hori frogatzen: 0 puntu.

c.2. Lurralde kohesioa:

–Jarduketa 1.500 biztanleko edo hortik beherako biztanleguneetan egin da osorik: 15 puntu.

–Jarduketa 1.500 biztanleko edo hortik beherako biztanlegune batean gutxienez egin da: 8 puntu

–Jarduketa 1.500 biztanletik gorako biztanleguneetan eta Iruñerritik kanpo egin da: 4 puntu.

–Gainerako egoerak: 0 puntu.

c.3. Euskararen erabilera: jarduketa euskaraz egitea baloratuko da.

–Proposamenak aurreikusten du jarduketa euskaraz egitea: 5 puntu.

–Proposamenak ez du aurreikusten jarduketa euskaraz egitea: 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2303438