62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2023 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira toki entitateentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetako eta ibilbideetako proiektuetarako, 2023. urtean, eta bere oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 676148.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezartzen denez, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da "lurraldea ardazten duten, aurrerapena ematen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak" sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, "zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz".

Lurralde antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuaren ekimenez, naturaguneen, gune berezien eta ibilbide berdeen sare integratu eta dinamikoa eratu zen 2017an, xede honekin: kokatzen diren lurraldearen garapen jasangarriari laguntzea, aipatu guneei balioa emanez eta horien kudeaketa adimentsua eginez. Sare hori 2018ko ekainean mamitu zen, "Nafarroa Ezagutu Sarea" elkartea eratu zenean.

Nafarroa Ezagutu Sarea elkartearen jarduera interesekoa da Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren helburuak lortzeko. Gainera, ekarpen nabarmena egiten dio Nafarroako Lurralde Estrategiaren 4.5.5 gidalerroari (elementu naturalen eta kulturalen kudeaketa, kontuan hartuta lurraldearen artikulazio sozial eta ingurumenekoan duten eragina).

Abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen bidez onetsitako 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, kreditu bana dago idazpuruan adierazitako deialdia garatzeko:

–Kreditu bat, gehienez ere 230.000,00 eurokoa, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen partida honi aplikatua: 330000 33100 7609 921100 partida, "Dirulaguntza Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako".

–Kreditu bat, gehienez ere 20.000,00 eurokoa, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen partida honi aplikatua: 330000 33100 7819 921100 partida, "Dirulaguntza Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako (elkarteak)".

Bi partidak dirulaguntzen deialdi bakarraren esparruan aplikatuko dira, onuradun izan daitezkeen entitateen arteko norgehiagoka araubidean, ebazpen honi erantsitako oinarrien arabera.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetako eta ibilbideetako proiektuetarako, 2023. urtean.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

330000-33100-7609-921100: Dirulaguntza Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako

2023

230.000,00

330000-33100-7819-921100: Dirulaguntza Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako (elkarteak)

2023

20.000,00

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 13an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

OINARRI ARAUTZAILEAK, DEIALDI HONETARAKO: "DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TOKI ENTITATEEK ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEK LURRALDE GARAPEN JASANGARRIKO PROIEKTUAK GAUZATZEKO, 2023. URTEAN, NAFARROA EZAGUTU SAREKO ESPAZIOETAN ETA IBILBIDEETAN"

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, inbertsio izaerako proiektu edo ekintzak finantzatzeko Nafarroa Ezagutu Sarean integratutako espazioen eta ibilbideen lurralde-eremuan, sare horretako kide diren entitateek egiten badituzte.

Deialdi honekin lotutako lurralde-eremua Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideena da.

Deialdi honen helburua da laguntzea Sareari lotutako espazioen lurralde garapen jasangarriari:

–Nafarroako lurralde oreka eta jasangarritasunaren printzipioak sustatzea (jasangarritasun ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa) Sareko espazio eta ibilbideetan.

–Sustatzea ekintzailetza, enplegu berdea eta ekonomia soziala Sareko gune eta ibilbideen gainean.

–Balioa ematea ondare zientifikoari, ekonomikoari, sozialari, kulturalari, turistikoari, osasun arlokoari eta sustatu beharrekotzat jotzen den beste edozeini.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

–Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, Nafarroa Ezagutu Sareko kide badira.

–Irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo elkarteak, egoitza Nafarroan badute eta Nafarroa Ezagutu Sareko kide badira.

2.2. Entitateak egiaztatu beharko du Nafarroa Ezagutu Sareko kidea dela eskaera aurkezten duen egunean.

3. oinarria.–Entitate onuradunen baldintzak.

3.1. Toki entitateak:

3.1.1. Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3.1.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.1.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3.2. Irabazi-asmorik gabeko entitateak edo elkarteak:

3.2.1. Dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

3.2.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3.2.3. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Proiektuek edo ekintzek dirulaguntza jasotzen ahalko dute baldin eta honako hiru baldintza hauek betetzen badituzte:

4.1.1. Inbertsio izaera edukitzea.

4.1.2. Ezagutu sareko kideek kudeatzen dituzten espazio eta ibilbideetan garatzea.

4.1.3. Balio erantsia ematea, lurraldearen jasangarritasunaren ikuspuntutik, inbertsioaren xedea den baliabideari edo haren eraginpeko eremuari.

4.2. Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

5. oinarria.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

Deialdi honen zenbatekoa, guztira, 250.000 eurokoa da; entitate onuradunaren izaeraren arabera banatuko dira, partida hauei egotzita:

5.1. 230.000 euro erabiliko dira toki entitateek aurkeztutako proiektuetarako. Diru hori egotziko zaio 2023rako gastuen aurrekontuko partida honi: "330000 33100 7609 921100 Dirulaguntza Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako".

5.2. 20.000 euro erabiliko dira irabazi-asmorik gabeko erakundeek aurkeztutako proiektuetarako. Diru hori egotziko zaio 2023rako gastuen aurrekontuko partida honi: "330000 33100 7819 921100 Dirulaguntza Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako (elkarteak)".

5.3. Instrukzio organoak onartutako aurrekontuaren %80 lagunduko da diruz, eta puntuazioaren araberako beheranzko hurrenkeran emanen da, partida bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte, bereizita.

5.4. Azken proiektuarentzat behar beste kreditu ez badago harentzat onartutako aurrekontuaren %80 emateko, erabilgarri dagoen aurrekontua esleituko zaio behin-behinekoz.

5.5. Onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, erabilgarri dagoen zenbatekoa diruz lagundutako azken proiektua osatzeko erabiliko da, aurreko atalean aipatutako egoeran badago, eta, ondoren, jasotako balorazioaren hurrenkeran ordenatuta, aurrekontu erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuetarako.

5.6. Proiektu bakoitzerako dirulaguntza ez da inoiz 25.000 eurotik gorakoa izanen, bi onuradun motentzat.

INBERTSIO PROIEKTUAK

ZENBATEKOA,
GUZTIRA

DIRULAGUNTZAREN GEHIENEKO %

GEHIENEKO DIRULAG. PROIEKTUKO

TOKI ENTITATEAK

230.000 euro

%80

25.000 euro

IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEAK

20.000 euro

%80

25.000 euro

5.7. Proiektu bakar bat onartuko da onuradun bakoitzeko.

5.8. Entitate batek proiektu bat baino gehiago aurkezten badu, kopuru handiena duena bakarrik onartuko da tramitatzeko.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Diruz lagungarriak izanen dira inbertsiotzat hartzen diren jarduketetan egindako gastuak, BEZik gabe, hau da, bideratuak daudenak honako hauek sortu edo eskuratzera: kapital edo zerbitzu ondasun inbentariagarriak eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak.

Inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira.

Horrenbestez, kanpoan geldituko dira langileria gastuak eta gastu arruntak.

6.2. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen, 2023ko azaroaren 15a, benetan ordaindu dena.

7. oinarria.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

7.1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Proiektuak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

a) Kudeatzeko gaitasunari dagokionez:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA:
10

1.–EZAGUTU SAREKO KIDE DEN ENTITATEAREN KUDEAKETA

1.1. Dirulaguntzaren xede den espazio edo ibilbidearen gobernantza:

–Bisitari kopurua entitateak kudeatzen duen espazioan edo ibilbidean, azken urtean.

–Mantentzeko konpromisoa

• Ekintzak

• Kronograma

• Finantzaketa

–Bisitarien datuak hartzea, Nafarroa Ezagutu Sarearen ereduaren arabera, eta Sareko idazkaritzaren aurrean aurkeztea.

6

2.–TALDEAREN IDENTIFIKAZIOA

2.1. Proiektua gauzatzera bideratutako taldea:

–Lantaldearen egitura.

–Aurretik esperientzia izatea antzeko proiektuetan eta gaitasun profesionala.

4

b) Proiektuari dagokionez:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA:
70

3.–DESKRIPZIO-MEMORIA:

3.1. –Zenbateraino jarri den testuinguruan eta justifikazioan.

–Deskribatzea proiektuaren testuinguru sozial eta ekonomikoa, aurrekariak eta justifikazioa.

–Deialdiaren xede eta helburuarekiko egokitasun maila 1. oinarrian jasotakoak.

–Koherentzia eta argitasuna honako hauei dagokienez: berariazko helburua ezartzea, emaitzak eta ezarritako adierazle kuantitatibo eta kualitatiboak.

3.2. Onuradunak.

–Onuradunen deskribapena eta horien kuantifikazioa.

–Desgaitasuna edo gizarteratzeko arazoak dituzten taldeak sartzea erraztuko duten neurriak.

3.3. Berrikuntza, jasangarritasuna eta sareko lana.

–Sormena eta originaltasuna, bai proiektuaren kontzepzioan edo ideian, bai haren edukian, prozeduran eta/edo aurreikusitako emaitzetan:

• Erabilera anitzeko azpiegiturak egokitu edo sortzea, gaitasuna izanen dutenak hainbat arlotako (artea, kultura, ekonomia, soziologia, hezkuntza, kazetaritza...) kontakizun berriak integratzeko, eta funtsezko tresnak emanen dituztenak eraldaketa sozial eta ekonomikorako, garapen pertsonal eta kolektiborako eta landako populazioen eta haien ingurune kultural eta naturalaren bizi-kalitatea hobetzeko.

• Gizartea dinamizatzea eta inplikatzea dirulaguntzaren xede den azpiegitura erabiltzeko eta mantentzeko, lurraldearekiko lotura indibidualaren eta sozialaren bidez.

20

–Proiektua beste lurralde batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak.

–Proiektuaren jasangarritasun maila (ingurumenekoa, ekonomikoa, soziala, denborazkoa...).

Beste erakunde batzuek (Ezagutu Sareko beste kide batzuk barne) eta kolektibo sozialek (tokiko boluntarioak, lan komunitarioa...) proiektuaren lorpenean duten inplikazioa. Sarean lan egitea. Taldean eta belaunaldien artean egindako lana.

3.4. Ebaluazioa

–Proiektuaren ekintzen ebaluazio-prozesuaren deskribapena, planteatzen diren adierazleak, gogobetetasun-inkestak beharrezkoa bada...

4.–MEMORIA BALORATUA:

4.1. Proiektuaren plangintza eta deskribapena.

–Proiektuaren deskribapen teknikoaren kalitatea.

–Plangintza eta egutegia: hasiera eta amaiera datak eta iraupen osoa, hilabetetan emana.

–Inbertsio proiektuaren gastuak eta kostuak, zehaztuta.

–Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

–Kostu ekonomikoak lortu nahi diren helburuekin duen erlazioa.

4.2. Finantza-plana:

–Proiektuaren finantzaketa globalaren egitura eta aurrekontuaren banakatzearen koherentzia, berariaz aipatuz dagokion partidetan eta/edo aurrekontu globalean BEZaren kenkaria egin den ala ez.

20

5.–ZABALKUNDEA, KOMUNIKAZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA:

5.1. Jarduerak sartzea proiektuaren zabalkunderako, komunikaziorako eta sentsibilizaziorako.

–Komunikazio kanpaina.

–Web-orria, sare sozialak, komunikabideak.

–Proiektuaren xedeaz sentsibilizatzeko kanpaina.

–Lantegiak, proiektuari bisitak.

–Zabalkunde jasangarrirako sentsibilizazioa (erabili eta botatzeko materialak ez erabiltzea, gehiegizko inpresioak...).

–Irisgarritasun unibertsalaren aldeko bitartekoak erabiltzea.

15

6.-GENERO IKUSPEGIA:

–Hizkera inklusiboa erabiltzea.

–Proiektuan genero ikuspegia txertatzea oinarriei dagokienez.

–Proiektuan genero ikuspegia txertatzea jarduerei eta horien edukiei dagokienez.

–Genero ikuspegian eragin positiboa duten neurriak (inplikatutako gizonen eta emakumeen kopurua).

10

7.–Proiektuaren eragin maila (proiektuaren ekintza bakoitzetik espero den emaitza).

5

7.2. Proiektuak hautatzeko, instrukzio organoak txosten sektorialak eskatzen ahalko ditu beharrezkotzat jotzen badu.

8. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuen exekuzio epea 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era artekoa izanen da.

9. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus atariaren bitartez, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Agiriak aurkeztu beharko dira deialdi honetako I. eranskineko inprimakiaren arabera.

Eskaera horrekin batera, aurkeztuko dira Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, baldin eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egiteko baimenik ematen ez bazaio, I. eranskineko inprimakiaren bidez.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran ematen duen gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

9.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskaera ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.

10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

10.2. Eskaerak 7. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako langile batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

10.3. Proiektuak ezesten ahalko dira baldin eta gutxienez 40 puntu lortzen ez badituzte balorazio irizpideen aplikazioan.

10.4. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

11. oinarria.–Ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hilabeteko epe hori ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

11.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11.3. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzen ordainketa, honekin bat:

Dirulaguntza ordainduko da aurkeztutako aurrekontua gauzatuta eta dirulaguntzaren xedea bete dela frogatu ondoren.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuak edo ekintzak bukatutakoan, eta betiere 2023ko azaroaren 15era arte, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalean (Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua):

1. Egindako proiektuaren edo jarduketaren justifikazio memoria, haren balorazio orokorra barne (planifikatutakora egokitu den, egindako berrikuntzak, hobetu beharreko alderdi positiboak eta negatiboak, erabilitako ebaluazio-tresnak...).

2. Egindako jarduketen argazkiak.

3. Izandako gastuen eta ordainketen zerrenda, zeina ziurtatuko baitu udaleko idazkariak edo kontu-hartzaileak (toki entitateen kasuan) eta elkartearen idazkariak/diruzainak/kontu-hartzaileak (irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan). Halaber, egindako gastuaren eta haren ordainketaren fakturak edo bestelako frogagiriak aurkeztuko dira. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez.

4. Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak, oinarri hauetako III. eranskineko ereduari jarraikiz. Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

5. Proiektua gauzatzeko laguntza teknikoa kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko badituela proiektuaren arloan esperientzia duten pertsonak eta horiexek izan direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

6. Toki entitateen kasuan, dagokion idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskineko ereduaren araberakoa), honako hauek jasoko dituena:

a. Toki entitateak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

b. Kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuari dagokionez, edo 12.000 euro baino handiagoa kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen hornidurari edo zerbitzuei dagokienez.

7. Elkarteen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskineko ereduaren araberakoa), honako hauek jasoko dituena:

a) Betetzen direla Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak, baldin eta, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte eta laguntza horiek haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero, edo, kasua bada, entitateak gardentasun betebehar horiek ez betetzea, adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik.

b) Enpresa aukeratu dela legezkotasun irizpideak betez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako moduan, baldin eta kontsulta, laguntza edo beste zerbitzu batzuk ematen dituzten enpresek egindako zerbitzuengatik diruz lagundu daitekeen gastua 15.000 euro (BEZa barne) baino handiagoa bada, edo 30.000 euro baino handiagoa obra gauzatzeko kostuaren kasuan.

8. Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ekintzetan duen parte-hartzearen berri emateko betebeharra. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da egiten den publizitatean eta zabalkundean, eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idatzi ere: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Kasu guztietan, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

9. Berariazko adierazpena, azaltzen duena proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso duen eta nondik, guztia deialdi honetako II. eranskineko inprimakiari jarraikiz.

10. Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea, baldin eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egiteko baimenik ematen ez bazaio, I. eranskinaren arabera.

Oinarri honetan aipatzen diren baldintzak ez betetzeak ordainketa ukatu edo dirulaguntza itzuli beharra ekarriko du, 18. oinarrian adierazitakoarekin bat.

Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da, eta horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, dirulaguntza zati proportzionalean gutxituko da.

13. oinarria.–Entitate onuradunaren publizitate-betebeharrak.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, bat etorriz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuarekin. Horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena. Logotipoa erabili aurretik, dirulaguntzaren onarpena tramitatu duen instrukzio unitateari jakinarazi beharko zaio. Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) logoak ere egon beharko du.

14. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. oinarria.–Jarraipena eta kontrola.

Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, bat etorriz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuarekin. Horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

16. oinarria.–Eginbeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

18.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

18.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

19. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20. oinarria.–Arau osagarriak

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskaera.

II. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

III. eranskina.–Justifikazio kontua.

IV. eranskina.–Toki entitateko idazkaritzaren titularraren ziurtagiria.

V. eranskina.–Irabazi-asmorik gabeko erakundeko idazkariaren ziurtagiria.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitarte (DOC)

Iragarkiaren kodea: F2302617