60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

24/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez Oihan Iturbide Aranzadi jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Oihan Iturbide Aranzadi Iruñean jaio zen 1977an. Biologian graduatua da Nafarroako Unibertsitatean, Komunikazio Zientifiko, Mediko eta Ingurumeneko masterra du, editorea da, hainbat hedabidetan iritzi- eta zientzia-artikuluekin lankidetzan aritzen da eta zientziaren dibulgaziorako Next Door Publishers argitaletxearen zuzendaritzaren ardura du. 2021ean Yonki Books "https://www.yonkibooks.com/" proiektua sustatu zuen, argitaletxe bat, baina elkarrizketak podcast formatuan ematekoa, baita irakurketa-klubak ere. Hori guztia helburu batekin: jendaurrean eta aurriritzirik gabe adikzioei buruz hitz egitea, bai substantziei dagokienez, bai jokabidekoei dagokienez.

Joan den azaroan, Yonki Booksek 2022ko Prismas Saria jaso zuen hedabide berrien kategorian.

Oihan Iturbide jauna ohiko kolaboratzailea da hainbat hedabidetan, hala nola El País, Radio Euskadi, etab. Bestalde, Naukas kolektiboko kidea da, zeina Espainiako zientzia-dibulgazioko plataforma garrantzitsuena baita.

Gainera, María Aranzadi Fundazioko burua da. Fundazio hori duela 15 urte sortu zuen bere familiarekin batera, drogekiko adikzioa gainditu ondoren. Adikzioa duten pazienteei eta haien senideei laguntzeko eta adikzio-nahasmenduari buruzko informazioa zabaltzeko lan egiten du, horrekin lotutako estigma desagerrarazteko.

Biologiaren eta zientziaren dibulgazioaren arloan egindako lan nabarmenagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Oihan Iturbide Aranzadi jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Oihan Iturbide Aranzadi jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304081