60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

23/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez Vicente Madoz Jáuregui jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Vicente Madoz Jáuregui jauna, Iruñea 1939, batez ere mediku psikiatra esperientziaduna da, bere pazienteekin eta bizi den gizartearekin konprometitua. Hezkuntzarekiko eta kultura-sustapenarekiko interesa izan du beti, eta herritar guztien humanizazioa eta pertsonalizazioa izan du helburu.

Argibide Fundazioaren (Osasun Mentalaren Garapenerako Nafarroako Funtsa) sortzaileetako bat da, batez ere asistentzia-lanetan aritu da, eta hainbat zentro psikiatrikotako zuzendaria izan da. Hainbat elkarte eta baliabide soziosanitario sustatzen eta abian jartzen lagundu du. Irakasle izan da Nafarroako Unibertsitatean eta Erizaintzako eta Gizarte Laneko Unibertsitate Eskoletan. Gai antropologiko eta psikiatrikoei buruzko graduondoko ikastaro monografiko ugari egin ditu. Zientziaren eta ikerketaren arloan egin duen jarduera bere espezialitateko gaietan oinarritzen da, hala nola bikote-harremanetan, heriotzan eta dolu-prozesuetan. Dibulgazio- eta prestakuntza-lan handia egin du eta egiten du, bai unibertsitatean, bai ikastetxeetan, gurasoen eskoletan eta hainbat gizarte-kolektiborentzat.

Vicente Madoz jauna Nafarroako Medicus Mundiko presidentea, Bartolomé de Carranza Fundazioko presidentea eta Nafar Ateneoko presidentea izan da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Gobernu Kontseiluko kide eta Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izan da.

Gaur egun, Argibide Fundazioko presidentea eta Josefina Arregui Klinika Fundazioko presidenteordea da.

Bikote-harremanetan, heriotzan eta dolu-prozesuetan oinarrituta zientziaren eta ikerketaren arloan egin duen jardueragatik eta, herritar guztiak humanizatu eta pertsonalizatzeko konpromisoan oinarrituta, bai unibertsitatean bai ikastetxeetan, guraso-eskoletan eta hainbat gizarte-kolektiborentzat egindako dibulgazio- eta prestakuntza-lan handiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Vicente Madoz Jáuregui jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Vicente Madoz Jáuregui jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304080