60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

21/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, María Paz (Patxuka) de Miguel Ibáñez andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

María Paz (Patxuka) de Miguel Ibáñez andrea Iruñean jaio zen 1961eko otsailaren 25ean. 1981ean hasi zituen erizain ikasketak Nafarroako Unibertsitatean, eta ondoren emaginaren espezialitatea eskuratu zuen Unibertsitate Konplutentsearen menpeko Santa Cristina Osasun Etxean (Madril). Emagina izan da Aragoiko, Kanarietako eta Valentziako Erkidegoko zenbait ospitaletan, eta gaur egun Alcoiko Virgen de los Lirios ospitalean (Alacant) lan egiten du. Prestakuntzan dauden emaginen tutorea izan da Alacanteko Ospitale Orokor Unibertsitarioan, Valentziako Erkidegoko Emaginen Irakaskuntza Unitatearen menpekoan. Urte batzuetan Alacanteko Unibertsitateko Bioteknologia Departamentuko ohorezko kolaboratzailea izan zen.

Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatu zen Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatean (Alacant) (2001).

Arkeologiaren alorrari heldu zion Gazteriaren Institutuak antolatutako auzolandegietan parte hartuz, Celsan (Velilla de Ebro) (1981-82) eta Bilbilisen (Calatayud) (1983). 1990ean Geografia eta Historia ikasketak hasi zituen Alacanteko Unibertsitatean eta parte hartu zuen historiaurreko indusketa arkeologiko batzuetan; horrekin batera, osteoarkeologiaren arloko prestakuntzari ere ekin zion (giza gorpuzkien azterketa ikuspegi arkeologikotik). Historiako lizentzia (Antzinaroari buruzko Programa) eskuratu zuen (2000) historiaurreko katedradun Mauro S. Hernández Pérez doktoreak zuzendutako tesinarako lan honekin: "Contribución al estudio osteoarqueológico de la prehistoria reciente en las comarcas meridionales valencianas" (Valentzia hegoaldeko eskualdeetako historiaurre hurbileko azterketa oesteoarkeologikorako ekarpena). Bikain kalifikazio gorena lortu zuen, aho batez emana.

2016an doktore gradua eskuratu zuen "La maqbara de Pamplona (s. VIII). Aportes de la osteoarqueología al conocimiento de la islamización en la Marca Superior" (Iruñeko maqbara (VIII. mendea). Osteoarkeologiaren ekarpenak Goialdeko Markako islamizazioari buruzko ezagutzarako) izeneko tesiarekin, Mauro S. Hernándezen eta arkeologiako katedradun Sonia Gutiérrez Lloreten zuzendaritzapean. Bikain cum laude kalifikazioa lortu zuen bai eta doktoretza sari bereziaren aitortza ere. Gaur egun Alacanteko Unibertsitateko historiaurreko irakasle elkartua da eta INAPH Arkeologiaren eta Ondare Historikoaren Ikerketarako Institutu Unibertsitarioko kide.

Arkeologiaren barruan, bere ikerketa lana berreskuratutako giza gorpuzkien azterketa izan da bereziki, historiaurretik Gerra Zibilerainoko testuinguru arkeologikoetan, eta zenbait autonomia erkidegotan egindako proiektu batzuetan parte hartu du. Nabarmena da Madrileko Hirukoiztar Oinutsen komentuan 2015ean, Almudena García-Rubio eta Francisco Etxeberria doktoreek zuzenduta, gauzatu zen "Proyecto Cervantes" izeneko proiektuan izan zuen parte-hartzea.

1993tik Paleopatologiako Espainiako Elkarteko kide da, eta gaur egun haren juntako kide ere bai. Lotura du Aranzadi Zientzia Elkartearen Antropologia Sailarekin (Donostia).

Bere ikerketaren zutabeetako bat "Pastwomen" taldearen barruan oinarritzen da, non bat egiten baitute emakumezko zenbait ikerlarik, emakumeek historiaurretik hasita bete duten zeregina agerian jartzeko testigantza materialak (erregistro arkeologikoan oinarrituta) eta sozialak berreskuratzeko helburuarekin, betiere eskura dauden ikerketa zientifikoetatik abiatuta. Talde horren lana da iraganeko gizarteen parte izandako pertsonen aniztasuna modu inklusiboan islatzea eta taldeari eusteko jarduerei, zainketei, hazkuntzari eta ezagutzaren transmisioari balioa itzultzea, bai eta haurtzaroaren eta aniztasunaren identifikazioa ere, iraganeko gizarteetan zuten garrantzia azpimarratuz.

Ikerketaren arloan lan asko argitaratu ditu, batzuk nekropoli osoak gai hartuta, eta kasuen berrikuspenak, betiere paleopatologia oinarri hartuta lan horietarako.

Nafarroan 2002az geroztik egin ditu ikerketak, Gazteluko plazako maqbara agertu zenetik. Hortik aurrera zenbait taldetan lan egin du, eta nabarmentzekoa da Mercedes Unzu andrearekin, Javier Armendáriz doktorearekin, Jesús Sesma doktorearekin eta Juan José Bienes jaunarekin izan duen elkarlana, besteak beste.

Nafarroako Unibertsitate Publikotik parte hartzen du Nafarroako Antzinako eta Erdi Aroko Ondarearen arloko Espezializazio Diplomarako prestakuntza ikastaroan, Eloísa Ramírez doktoreak gonbidatuta. Era berean, UHUNek antolatutako udako ikastaroetan ere parte hartu du, Carmen Jusué doktoreak gonbidatuta. Hitzaldiak eman ditu Nafarroako Unibertsitatean, María Amor Begiristain eta Javier Andreu doktoreek gonbidatuta.

Bere ibilbide profesionalean zerbait bereziki garrantzitsua izan da emakumeekin lotutako testigantzak berreskuratzea amatasunaren ikuspegitik, eta Nafarroako heriotzen erregistrotik abiatutako zenbait lan argitaratu ditu, haurdunaldiaren eta erditzearen inguruko zoritxarreko gertaerak berreskuratzeko ibilbide bat eginda. Halaber, haurrei buruzko ikerketak aukera eman dio aitortza egiteko iraganeko populazioetan oso ugaria zen eta urteetan ahanzturan utzi izan den giza talde horri. Horri buruzko jakin-mina dela eta, bigarren tesi bat matrikulatu du, Erizaintzaren Historiako katedradun José Siles doktorearen zuzendaritzapean, amatasuna eta haurtzaroa ardatz hartuta, paleopatologia eta zaintza bitarteko.

Esanguratsua izan zen berarentzat "La vida impresa en los huesos. Paleopatología en Navarra (2019-2020)" (Bizia hezurretan inprimatua. Paleopatologia Nafarroan) izeneko erakusketako komisarioa izateko aukera, Foru Komunitatean berreskuratutako hezurduretan dokumentatutako kasu patologiko garrantzitsuak azaldu baitziren bertan. Horien bitartez bizitza gorputzetan uzten joaten den zeinuak identifikatzen ahal ditugu, geure historia osatzen joan zirenen gertu-gertuko testigantza baitira, eta historia formalaren arabera itxuraz garrantzirik gabeko pertsonak anonimotasunetik atera. Erakusketak talde askoren bisitak jaso zituen, eta ahalegina egin zen transmititzeko zein garrantzitsua den pertsona guztiak beren une historikoan integratzea, haien mugak aitortuta eta agerian utzita jaso zituzten zainketak, hil artekoak maiz.

Bere ibilbide zientifiko eta humanistiko nabariagatik, gure aurrekoen eta, bereziki, emakumeen bizitzaren testigantza berreskuratzea ahalbidetu baitu, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du María Paz (Patxuka) de Miguel Ibáñez andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. María Paz (Patxuka) de Miguel Ibáñez andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304077