60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16/2023 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 8/2023 Ebazpena, baldintzazkotasun indartuko arauen berezitasunak onesten dituena.

Espainiako Erresumaren 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategikoan bildutako esku-hartze guztiak behar bezala ezarri eta kudeatzeko, tresna juridiko egokiak behar dira neurri guztiak modu harmonizatuan ezar daitezen Espainiako lurralde osoan.

Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak ezartzen ditu, betebehar horiek baitituzte Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko ordainketak, landa garapenerako urteko ordainketa jakin batzuk eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparrukoak jasotzen dituzten laguntzen onuradunek.

Errege dekretu hori NPEaren baldintzazkotasuna erregulatzen duen oinarrizko araua da, eta Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eman da, artikulu horrek eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari jarduera ekonomikoaren oinarrien eta plangintza orokorraren koordinazioaren arloan.

Hala ere, Errege Dekretu horren I. eranskinean jasotako arau batzuetan, autonomia erkidegoei ahalmena ematen zaie jardunbide jakin batzuetarako baimenak emateko eta parametro jakin batzuk doitzeko.

Berezitasun horiek, nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokien eta kudeaketako legezko betekizunen ondoriozko eskakizunen (arauak/betekizunak) zerrenda osoarekin batera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez onetsiko dira. Alabaina, ahalik eta lasterren ezagutu beharko lirateke, aintzat harturik berezitasun horietako askok eragina dutela ekoizpenari eta nekazaritzako praktikei buruz interesdunek hartzen dituzten erabakietan eta zenbaitetan nolabaiteko aurrerapenarekin hartu behar izaten dituztela, eta, gainera, haiek ez betetzeak zuzeneko laguntzetan eta landa garapeneko laguntzetan zehapenak aplikatzea dakarrela.

Hori dela eta, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 8/2023 Ebazpenaren bidez, baldintzazkotasun indartuko arauen berezitasunak onetsi ziren.

Halere, ebazpen hori aldatu beharra dago, beharrezkoak diren berezitasun guztiak ez direlako jaso bertan.

Adierazitakoarekin bat, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren proposamena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 8/2023 Ebazpena, baldintzazkotasun indartuko arauen berezitasunak onesten dituena.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 14an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Baldintzazkotasun indartuko arauen berezitasunak Nafarroan. Aldaketa.

Aldatzen da NIBE 6. Lurzoruaren gutxieneko estaldura, garai kalteberenetan zoru biluziak saihesteko. Testu hau izanen du aurrerantzean:

–Belarki laboreak.

Uzta biltzen den egunetik irailaren 1era bitartean lurra irauliz goldatzeko edo laborantza bertikala egiteko debekuari dagokionez, neguko belarki laboreak ereiten diren alorretan, honako salbuespen hauek ezartzen dira:

–Kanpaina berean bigarren aldiz erein behar diren alorretan, irailaren 15a baino lehen egiten bada.

–Belar txarrak ugaritu ez daitezen eta herbizidak aplikatu beharrik ez izateko, abuztuaren 1etik aurrera gainazaleko laborantza bertikalak egiten ahalko dira, betiere gainazalean hondakin estalki ona mantenduta, martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren II. eranskinean zerrendatutako udalerrietan. Udalerri horiek dira, hain zuzen ere, indargabetua dagoen Nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak aplikatzeari buruzko urriaren 3ko 1612/2008 Errege Dekretuaren arabera, lehorreko laboreetan 4,4, 4,1 edo 3,7 tm/ha-ko batez besteko errendimendua zutenak.

–Ongarri berderako laboreak dituzten alorrak, zeinetan baimenduta egonen baita hura lurperatzea.

–Zurezko laboreak.

Urritik martxora bitartean landare estalkia mantentzeari dagokionez, %10eko edo gehiagoko batez besteko malda duten alorretako zurezko laboreetan, estalki horrek laboreari kalte egiten badio edo laborea biltzea galarazten badu, kentzeko baimena eskatzen ahalko zaio agintaritza eskudunari.

Zurezko laboreak erauzteari dagokionez, ezin izanen da %10eko edo gehiagoko malda duten esparruetan kokatutako zurezko laboreen oinik erauzi, agintari eskudunak haiek ordeztea baimendu ezean.

–Lugorriak.

Lugorrietan zilegi diren praktikei dagokienez, laborantza minimotzat jotzen da, lurra belarridun edo diskodun goldearen bidez altxatu ordez, bigarren mailako lan bat egitea lurra ahalik eta gutxien manipulatu dadin laborantzarako, laborantza bertikalerako lanabesak erabiliz, hala nola kultibadore astuna edo zizel-goldea, halako moduz ezen lurra landu ondoren gutxienez hondakinen %30 lurrean utziko diren, estalki gisa.

Salbuespen gisa, 2023an baimena emanen da laborantza tradizionaleko praktikak erabiltzeko, belar txarren kontrolerako baliatu ohi direnak herbiziden erabilera ekiditeko.

Lur horien gainean ezin izanen da nekazaritza tratamendurik egin apiriletik ekainera bitartean, bi hilabete horiek barne.

Iragarkiaren kodea: F2304597