60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

301/2023 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa-zuzendaritzari eskuordetzen baitzaio "Osasun Publikoa Zaintzeko Informazio Sistema" izeneko proiektuko SEM funtsak kudeatzeko eskumena 2023. eta 2024. urteetan.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoetako organoek zilegi dute beste organo batzuei eskuordetzea esleiturik dituzten eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen menpekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo

administrazio horien menpean dauden erakunde publikoak edo zuzenbide publikoko entitateak badira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenak eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Lotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

Bestalde, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 63. artikuluak (294. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) xedatu zuen ezen, aurreko urteetan bezala, Osasun Departamenturako eta haren erakunde autonomoetarako informazio sistemen arloko eta zerbitzu eta aplikazio informatikoen arloko ondasun eta zerbitzuak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak eskuratuko zituela eta eskurapen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurrekontu-partiden kargura finantzatuko zela.

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legean ez dago zehaztapen hori duen artikulurik, baina helburu horietara bideratutako aurrekontu-kreditua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren gastu-aurrekontuan agertzen da, eta Osasun Departamenturako eta haren erakunde autonomoetarako informazio sistemen arloko eta zerbitzuen eta aplikazio informatikoen arloko ondasun eta zerbitzuen eskurapena modu berean kudeatzen da.

Horregatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak du, gaur egun, proiektu horren SEM funtsak kudeatzeko eskumena.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzak batera egindako 2023ko martxoaren 3ko txostenak proiektu horren ezaugarriak eta helburuak azaltzen ditu, eta orain proiektu horretarako SEM funtsen (Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa) kudeaketa eskuordetu nahi da.

Hala, lortu nahi den helburu orokorra da Espainian dauden gaixotasun transmitigarriei eta ez-transmitigarriei buruzko informazio sistemak zabaltzea, hobetzea eta integratzea.

Baterako txosten horretan ondorioztatzen da ezen, "Osasun Publikoa Zaintzeko Informazio Sistema" izeneko SEM proiektuak helburu zehatz batzuk lortu nahi dituenez eta finantzaketa espezifikoa eta finalista duenez, komeni dela, proiektua arin gauzatu ahal izateko, ahal den neurrian sinplifikatzea haren kudeaketa ekonomikoa eta kontabilitatekoa, tarteko urratsak saihestuz eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak zuzenean kudeatuz proiektua gauzatzeko gastu-partidetako kreditu-sorrerak eta diru-sarrerak.

Beraz, aipatutako txostenean jasotako arrazoiak kontuan hartuta eta bertan jasotako justifikazioa ikusita, bidezkoa da "Osasun Publikoa Zaintzeko Informazio Sistema" izeneko proiektuko SEM funtsak kudeatzeko eskumena Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eskuordetzea.

Martxoaren 8ko 63E/2023 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariak baimendu egin du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa-zuzendaritzak eta Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzak eskatutako eskuordetzea.

Erabiliz irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa-zuzendaritzari eskuordetzea "Osasun Publikoa Zaintzeko Informazio Sistema" izeneko proiektuko SEM funtsak kudeatzeko eskumena 2023. eta 2024. urteetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokiona.

2. Eskumen eskuordetze honen bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanak balira bezala hartuko dira.

3. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura aldatzearen ondorioz organoak sortzen, aldatzen edo kentzen badira, ulertuko da ebazpen honen bidez egiten den eskuordetzea kudeaketa-zuzendaritzaren ondorengoa den organoari egin zaiola, dagokion eskumen esparruan.

4. Ebazpen hau igortzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzura eta Kudeaketa-zuzendaritzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 17an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2304621