6. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROIBAR

Erroibarren aparkatzea arautzen duen Ordenantza. Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak, 2022ko uztailaren 29an egin bilkuran, Erroibarren aparkatzea arautzen duen Ordenantza onetsi zuen hasiera batean.

Aurkeztutako alegazioak ebatzita, 2022ko urriaren 26ko bilkuran arruntean ordenantza behin betiko onetsi zen eta haren testu osoa ematen da argitara, uztailaren 2ko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erroibarren, 2022ko abenduaren 16an.–Alkatea, Enrique Garralda Erro.

ERROIBARREN APARATZEA ETA APARKALEKUAK  ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza hau ematen da honako hauek oinarri harturik: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 25.2.b artikulua eta 49. artikulua (80. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 3koa -aurrerantzean, 7/1985 Legea-), apirilaren 21eko 11/1.999 Legearen bidez aldaturiko legea baita; eta Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna zehapen arloan aldatzeko azaroaren 23ko 18/2009 Legaren 7. artikulua (aipatu testu artikuluduna onetsi zen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez), udalei eskumenak ematen dizkien artikulua baita trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren alorretan.

Ordenantza honen xedea da aparkatzea arautzea Erroibarko udal-mugartean titulartasun publikoko bideetan.

2. artikulua. Arau orokorrak.

1. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa oztopatuko, ez eta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; bereziki zainduko da nola uzten den, eta saihestuko da mugitzen hastea gidaria kanpoan delarik.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

2. Gelditzea da ibilgailua 2 minutuz baino gutxiagoz ibilgetzea, jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, eta gidariak ezinen izanen du ibilgailutik alde egin. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

3. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

4. Hiriarteko autobusak gelditzen ahalko dira, bakar-bakarrik, bidaiariak hartzeko eta uzteko, berariaz baimendutako eta seinaleztatutako geralekuetan.

Bi minutu baino gehiagoko geralekuak dituzten autobusentzat aparkalekuak jarriko dira.

5. Eskola garraioaren eta haren geralekuen kasuan, 443/2011 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

6. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutuz baino gehiagoz ibilgetzea, zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

7. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

Zoladurako seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markaturiko esparruaren barnean kokatuko dira.

3. artikulua. Debekuak.

Berariaz debeku da:

a) Oro har, debeku da honako hauetan aparkatzea:

–Lorategi eremuetan eta gisako ezaugarriak dituzten tokietan.

–Bidegurutzeetan edo horien inguruetan, larriki oztopatuz edo arriskua sortuz.

–Debekatuta dago etxeen, etxabeen edo finka partikularren aurrean gelditzea edo aparkatzea, baldin eta oztopatzen bada pertsona, animalia edo ibilgailuentzako higiezin bateko irteera-pasabidea edo sarbidea normaltasunez erabiltzea, leku horiek behar bezala seinaleztatuta daudenean.

–Aziendari sarbidea oztopatuz abeltzaintzako zerbitzuko hesietara eta edanlekuetara.

b) Ibilgailuetan kanpatzea hirigunearen barnean.

4. artikulua. Salbuespeneko araubidea.

Baimentzen da honako hauek aparkatzea horretarako gaitutako eremuetan:

a) Zerbitzu ofizialean dauden ibilgailuak, behar bezala identifikatuak, Estatuko, probintziako edo udaleko erakundeen edo erakunde autonomoen jabetzakoak, baldin eta zuzenean eta bakar-bakarrik zerbitzuak emateko erabiltzen badira.

b) Osasun laguntza emateko ibilgailuak, behar bezala identifikatuak.

c) Minusbaliotasuna duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak, baldin minusbaliotasun horrek haien mugikortasunari eragiten badio eta behar den baimen berezia badute, erakunde eskudunak emana, ibilgailuan ikusteko moduan jarririk.

d) Beste edozein ibilgailu, baldin frogatzen bada salbuespeneko araubide honetan sartu beharra duela, aldez aurretik dagokion espedientea bideraturik, eta horretarako baimena ematen bazaio.

Seinaleak

5. artikulua. Seinaleak jartzea.

Erroibarko Udalak aginduko du, kasu bakoitzean, beharrezko diren trafikoko seinaleak jartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Aplikazioa.

Erroibarko kontzejuetako sarbideetan -banaka edo karteletan taldekaturik- jartzen diren seinaleek udal-mugarte osoan izanen dute indarra, salbu halako kale tarteren baterako berariazko seinaleek.

Arau-hausteak

7. artikulua. Arau-hausteak.

7.1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira.

7.2. Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren esku jarriko dira.

7.3. Arau-haustetzat hartuko dira:

1. Berariazko debekua duten eremuetan aparkatzea.

2. Bidegurutzeetan edo horien inguruetan aparkatzea, larriki oztopatuz edo arriskua sortuz.

3. Sarbidea oztopatzea etxebizitzetara, etxabeetara, finka partikularretara eta gainerako jabetza pribatuetara.

4. Aziendari sarbidea oztopatzea abeltzaintzako zerbitzuko hesietara, edanlekuetara, eta beharrezko gainerako zerbitzuetara.

5. Hirigunearen barnean kanpatzea edo gaua igarotzea.

8. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu.

9. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak zehatuko dira aintzat hartuz urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren V. titulua (horren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina), horrekin bat datozen gainerako lege xedapenak, eta zirkulazioa arautzen duen indarreko udal ordenantza.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkateak aldaketak egiten ahalko ditu, aurretik dagozkion txosten teknikoak eginez, kontzejuekin kontsultatu eta adostuz eta Udalbatzari berri emanez, ordenantza honetan ezarritako edozein bidetarako, eta aparkaleku-plaza berriak ezartzen ahalko ditu, ordenantzak aldatzeko behar diren izapideak egin beharrik gabe.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da aldizkari ofizialean osorik argitaratu eta 15 eguneko epean.

Iragarkiaren kodea: L2217442