59. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152/2023 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) izeneko adierazlea 2022ko ekitaldi fiskalerako, eta 9.097,07 eurotan finkatzen baita.

Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legeak Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatu zuen, eta 3 ter artikulu berria erantsi. Artikulu horrek Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) izeneko adierazlea sortu zuen, Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAP) ordezten duena oinarria izan dadin zenbait zerga-kenkari eta familiaren diru-sarrera haztatuak kalkulatzeko, erabakigarriak direnak etxebizitza eta birgaitze babestuaren arloko jarduketa eta laguntzak eskuratzeko.

3 ter artikulu horrek ezartzen du, halaber, zer formula erabiliko den eguneratzeko. Horretarako, honako hauen arteko balio handiena hartuko da: aurreko urtean Nafarroako Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) izandako urteko batez besteko igoera, eta Nafarroako batez besteko soldatena, halakoak kalkulatuz datu eskuragarriak dituzten azken lau hiruhilekoetako Lan Kostuari buruzko Hiruhileko Inkestako soldata-kostu arruntaren arabera.

Balio berri hori onetsi behar da etxebizitzaren arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen baten, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.

Horrekin bat, 2022ko ekitaldi fiskalerako, ERREGEROSNAren balioa 9.097,07 eurokoa da, hori baita 2021eko ekitaldi fiskaleko ERREGEROSNAren zenbatekoari 8.797,94 euro aplikatzearen emaitza (hau da, %3,40ko igoera); izan ere, horixe da Nafarroan 2021ean izandako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) urteko batez besteko igoera.

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak.

EBAZTEN DUT:

1. Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) izeneko adierazlearen zenbatekoa onestea 2022ko ekitaldi fiskalerako, eta 9.097,07 eurotan finkatzea.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 13an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2304252