55. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2023 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo 2023 Programa" izeneko deialdia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. DDBN identifikazioa: 678935.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana:

Suspertze, Eraldatzea eta Erresilientzia Planak (aurrerantzean, SEEP) ibilbide-orri bat ezartzen du Espainiako ekonomia modernizatzeko, hazkunde ekonomikoa berreskuratzeko eta enplegua sortzeko, berreraikuntza ekonomikoa sendoa, inklusiboa eta erresilientea izan dadin, COVID-19aren krisiaren ondoren, eta hurrengo hamarkadako erronkei erantzuteko. Plan horrek Next Generation EU funtsen finantzaketa jasotzen du, besteak beste, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarena (aurrerantzean, SEM).

SEEP Plana hogeita hamar osagaitan egituratuta dago, eta hainbat erreforma eta inbertsio aurreikusten ditu, trantsizio energetikoaren, digitalizazioaren, lurralde- eta gizarte-kohesioaren eta berdintasunaren bidez Espainiako ekoizpen eredua eraldatzeko tresna izateko asmoz.

–Investigo 2023ko deialdia:

SEEParen 23. osagaian, "Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak" izenekoan, 1. inbertsioa ("Gazte Enplegua") jasotzen da, eta, horren barruan, "Investigo Programa" jarduketa. Jarduketa horren helburua da Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek langabeak eta gazteak (16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak) kontratatzea ikertzaile, teknologo edo teknikari gisa eta I+G+b arloko beste profil profesional batzuetan aritu daitezen 12 hilabetez.

"MRR Investigo Programa" barruan ikertzaileak kontratatzeko laguntzen 2022ko deialdia. SINAIko eragileentzat ere badena, 2022ko azaroan itxi zen, kreditu erabilgarria agortu zelako.

Ekimen honek laguntzen du Kontseiluak Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruz emandako Betearazpen Erabakiaren (Council Implementing Decision-CID) eranskinaren 342. helburua lortzen: 2025. urtea bukatu baino lehen 18.300 pertsonak izatea 1. inbertsioko programak bukatuta, eta 21.900 pertsonak parte hartzea.

–Etiketatze berde eta digitala:

"MRR Investigo Programa" kudeatzeko plana Berrikuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 520E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Gero, kudeaketa-plan horri egin zitzaion aldaketan, neurri horrek etiketatze berde eta digitalari dagokionez lortu beharreko helburuak ezarri ziren, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezarri zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eta VII. eranskinetan ezarritakoarekin.

Helburu hauek ditu:

ESPARRUA

LORTU NAHI DIREN KONTRATUEN KOPURUA

BAKOITZAREN KOSTUA

BAIMENA (eurotan)

Etiketatze berdea

17

33.003,92 euro.

561.066,64

Etiketatze digitala

17

33.003,92 euro.

561.066,64

Gainerakoak

35

33.003,92 euro.

1.211.485,72

GUZTIRA

69

-

2.333.619,00

–DNSH printzipioa:

Agindu hau betetzeko asmoz gauzatzen diren jarduketa finantzatu guztiek ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa bete behar dute (DNSH printzipioa ingelesezko siglen arabera, hots, Do No significant Harm), hala xedatua baitago honako hauetan: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzen duen araudia (bereziki, Batzordearen 2021/C 58/01 Komunikazioa, «kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioa aplikatzeari buruzko Gida Teknikoa); Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakia (CID delakoa) eta haren dokumentu erantsia; eta Akordio Operatiboei (OA) buruzko Erabakia.

Horren barruan sartzen da jarduketa horiek kokatzen diren 23. osagaian (1. inbertsioa) aurreikusitako baldintza espezifikoak betetzea, bai DNSH printzipioari dagokionez, bai etiketatze berde eta digitalari dagokionez, eta, bereziki, Planaren Osagaiaren dokumentuko 3., 6. eta 8. ataletan eta CIDaren eta OAren eranskinean jasotakoak.

–Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna:

Deialdi honen xede diren laguntzak ez dira estatu-laguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Laguntzak barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, "Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Esparruan" aurreikusitakoaren arabera (Batzordearen 2022/C 414/01 Jakinarazpena, 2022ko urriaren 28ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua). Zehazki, laguntza honen babesean egiten diren jarduerak jarduera ez-ekonomiko gisa definitzen dira esparru horretan.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo 2023 Programa" izeneko deialdia onestea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 2.333.619,00 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: G20001-G2100-4819-467312 [PEP: E-21/000417-01]: "SEM Langileak kontratatzeko laguntzak: INVESTIGO". Diru-zuzkidura hori honela banatuta dago:

a) 561.066,64 euro ekarpen ekologikoa duten kontratazioak diruz laguntzeko (etiketatze berdea).

b) 561.066,64 euro ekarpen digitala duten kontratazioak diruz laguntzeko (etiketatze digitala).

c) 1.211.485,72 euro beste eremu batzuetako kontratazioak diruz laguntzeko.

Etiketatze berde edo etiketatze digitalerako erabilgarri dagoen kreditua agortuz gero, arlo horietako eskaerek beste arlo batzuetako kontratazioak diruz laguntzeko baimenduta dagoen kreditua jaso dezakete.

Etiketatze berde eta digitalari laguntzen dioten jarduerak 3.3 oinarrian deskribatzen dira.

4. 200.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2023ko otsailaren 28an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Laguntza hauen xedea da diruz laguntzea enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik dauden gazte langabeen kontratazioa, ikerketa- eta berrikuntza-lanak egin ditzaten.

Laguntzen helburua da ikertzaile gazte horiek laneratzea, ikerkuntzako eta teknologiako langile gisa I+G+b jardueretan parte hartuz eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek garatutako jarduera horietan lagunduz. Horrez gain, SINAIko eragile horien ikerketa eta berrikuntza arloko gaitasunak indartzen laguntzen du.

Laguntza hau Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiaren (Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak) 1. inbertsioaren barruan sartzen da. Ekimen honek Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren (Council Implementing Decision-CID) eranskinaren 342. helburua lortzen laguntzen du: 2025. urtea bukatu baino lehen 18.300 pertsonak izatea 1. inbertsioko programak bukatuta, eta 21.900 pertsonak parte hartzea.

Hauek dira ekimenaren identifikazio datuak:

23. osagaia

Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak

C23 neurria. I1.

Gazteen enplegua. Ikerketa-programa (INVESTIGO)

Ekimen-kodea (CRU)

C23.I1.P03.S15.01 (behin-behineko azpiproiektua)

Entitate betearazlea

GE0001267 Nafarroako Gobernua

Organo arduraduna

Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusia

Erakunde erabakitzailea

Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioa

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Erakunde onuradun izaten ahalko dira Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzen duten eragileak, baldin eta halakotzat egiaztatuta badaude Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako Eragileen Erregistroan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioaren xede den pertsonak parte hartzen duen jarduerak egitea Nafarroan duten ikerketa-zentroan.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Ezin izanen dira laguntzen onuradun izan laguntzak edo maileguak itzuli beharraren ondorioz Administrazioarekin zorrak dituzten erakundeak, ez eta oraindik gauzatu gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende daudenak ere (azken kasu horretan, Europako Batzordeak erabakitzen duenean laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela).

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan erakunde eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Erakunde eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Diruz lagunduko da langabezian dagoen enplegu-eskatzaile gazte bat kontratatzea, erakunde onuradunaren I+G+b jardueretan parte har dezan I+G+b arloko ikertzaile, teknologo edo teknikari gisa edo beste lanbide-profilekin batzuekin.

2. Kontratatutakoak jarduera hauetan parte hartzen ahalko du:

a) Erakunde eskatzailearen I+G proiektuak.

b) Berrikuntza jarduerak, honako arlo hauetako batean: prozesu edo produktuak; merkatua (konponbide teknologiko bateko produktuak beste merkatu batzuetara zabaltzea, etab.); berrikuntza sozialeko metodologiak aplikatzea; ekodiseinua; erakundean 4.0 industria konponbideak txertatzea.

c) I+G+b jardueretan laguntzeko lanak: proiektuen kudeaketa; jabetza industrialaren babesa; merkatu edo konkurrentzia azterketak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea). Kanpoan geratzen dira laguntza administratiboa emateko lanak.

3. Eginen diren kontratuak ondoren aipatzen diren arloetako batean kokatu beharko dira, egin beharreko jardueren garrantzia kontuan hartuta:

a) Etiketatze berdea: trantsizio ekologikoan edo ekonomia berdean sailkatzen diren jarduerak, hala nola:

–Energia berriztagarriak.

–Energia-efizientzia.

–Uren eta hondakinen tratamenduak.

–Elikadura osasungarria eta jasangarria.

–Mugikortasun jasangarria.

Zehatzago, ingurumena zaintzen eta leheneratzen laguntzen duten jarduerak sartzen dira. Hauek, besteak beste: nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza, ekosistemak lehengoratzera eta animaliak ustiatzeko modelo ekologikoagoak eta jasangarriagoak bideratuta daudenean; energiaren eta lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna handiagotzera bideratzen diren jarduerak; berotegi efektuko gasen jaulkipena bideratutakoak; hondakinak eta kutsadura gutxiagotzeko bideratutakoak; ekosistemak babestera eta lehengoratzera bideratutakoak, ingurumena hobetzen duten ondasunak eta zerbitzuak ekoiztera bideratutakoak, eta abar.

b) Etiketatze digitala: trantsizio digitalera bideratutako jarduerak biltzen ditu, hala nola:

–Zerbitzuen digitalizazioa.

–Datuen ingeniaritza.

Gaitasun digitalen arloan kontratuak sustatzea da helburua, Europako Batzordeak ezarritako gaitasun digitalen Europako Esparruaren arabera (DIGCOMP): informazioaren tratamendua eta alfabetatze digitala; komunikazioa eta lankidetza (tresna digitalen bidez komunikatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak garatzea); edukia sortzea (tresna digitalen bidez edukia sortzeko eta zabaltzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak eskuratzea); segurtasunarekin lotutako enpleguak (norberaren segurtasuna eta inguruarena babesteko ezagutzak eta gaitasunak, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiltzean); teknologia berriak erabiltzean sortzen diren arazo teknikoei konponbidea aurkitzeko enpleguak.

c) Beste arlo batzuetako kontratazioak, hala nola:

–Osasuna.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industriak.

Etiketatze berderako edo etiketatze digitalerako erabilgarri dagoen kreditua agortuz gero, arlo horietako eskaerek beste arlo batzuetako kontratazioetarako baimenduta dagoen kreditua jasotzen ahalko dute.

Eskaerarekin batera aurkezten den memoriak justifikatuko du jarduerak arlo batean edo bestean sailkatzea.

4. Ez dira inola ere diruz lagunduko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako klima eta ingurumen arloko helburuei kalte nabarmena, zuzenekoa edo zeharkakoa, eragiten dieten jarduketak (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).

Zehazki, ez dira diruz lagunduko honako jarduera hauek:

a) Erregai fosilekin lotutako jarduerak, barne dela haien ondorengo erabilera, salbu eta gas naturala erabiliz elektrizitatea eta/edo beroa sortzeko badira, eta, orobat, horri lotutako garraio eta banaketa azpiegitura, baldin eta «Kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioa aplikatzeari buruzko Gida Teknikoaren III. eranskinean adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

b) EBko isurketa-eskubideen merkataritza-araubidearen esparruan sartzen direnak, haien berotegi efektuko gasen isurketak ez badira txikiagoak erreferentziazko parametroak baino. Diruz lagundutako jarduerak ez badu lortzen berotegi efektuko gasen isurketen estimazioak nabarmen txikiagoak izatea aurreikusitako parametroak baino, memoria bat erantsi beharko da, hori lortzea eragozten duten arrazoiak azalduz. Isurketa-eskubideak doan esleitzeko erreferentziazko parametroen balio berrikusiak Batzordearen martxoaren 12ko 2021/447 (EB) Betearazpen Erregelamenduan aurreikusten dira.

c) Zeharkako kostuen konpentsazioa EBko isurketa-eskubideen merkataritza-araubidean.

d) Hondakindegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak. Salbuespen honek ez du eraginik hondakin arriskutsu ez-birziklagarrien tratamenduan modu esklusiboan aritzen diren instalazioentzat, ez eta dauden instalazioentzat ere, diruz laguntzen diren neurrien xedea hauetako bat bada: efizientzia energetikoa handitzea, ihes-gasak jasotzea biltegiratzeko edo erabiltzeko, edo errausketako errautsen materialak berreskuratzea; eta ekartzen ez badute hondakinak tratatzeko gaitasuna handitzea edo instalazioaren bizitza baliagarria luzatzea.

e) Hondakinak epe luzera ezabatzeagatik ingurumenari kalte egiten ahal dioten jarduerak.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren ezaugarriak.

1. Diruz lagunduko da 7. oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituen pertsona 12 hilabetez kontratatzea.

2. "Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo Programa" deialdiaren esparruan egiten diren kontratuen kasuan (Berrikuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 10eko 292E/2021 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdia), zilegi izanen da 12 hilabeteko bigarren kontratazio-aldi bat diruz laguntzea, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: aurrekontu-kreditu erabilgarria izatea, bigarren aldi horretan kontratazioaren jarraitutasuna justifikatzea eta 6. oinarrian kontratuak diruz laguntzeari buruz ezarritako baldintzak betetzea.

3. I+G+b jarduerei laguntzeko lanen kasuan, gehienez ere kontratu bat diruz lagunduko da erakunde onuradun bakoitzeko, eta sei kontratu deialdi osoan.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Kontrataziorako emanen diren dirulaguntzak Investigo Programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira, kontzeptu guztiengatiko Gizarte Segurantzako kotizazio-gastuak barne.

2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin.

3. Lan eta soldata kostuak konpentsatzeko laguntza moduluak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne, honako hauek izanen dira:

a) A modulua: modulua 22.300,94 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta kontratazio urte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako 9. kotizazio taldetik 5.era bitarteko kontratuen kasuan, biak barne.

b) B modulua: modulua 33.003,92 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta kontratazio urte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako 3. kotizazio taldetik 1.era bitarteko kontratuen kasuan, biak barne.

Aurrekoari jarraikiz, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da kontratatua Gizarte Segurantzako zein kotizazio taldetan inskribatu den, talde horri dagokion moduluaren balioa.

6. oinarria.–Kontratu diruz lagungarriek bete beharrekoak.

Kontratuak formalizatuko dira ekimen bakoitzaren ezaugarri zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio modalitatean, indarreko legeriarekin bat etorriz, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Kontratuak lanaldi osokoak izanen dira, eta gutxienez 12 hilabetekoak.

2. Laguntzaren onuraduna den erakundeak eta kontratatzen den pertsonak sinatuko dute.

3. Idatziz formalizatuko dira, eta hauxe adieraziko da berariaz:

a) Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

b) Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.

c) Beteko den lanpostua.

d) Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.

e) Deialdi honen bidez emanen den dirulaguntzaren erreferentzia: Investigo Programa.

4. Kontratatutako pertsonak Nafarroan dauden lantokietan lan egingo du, eta bere titulazio akademikoaren araberako lanpostua beteko du.

5. Kontratatua sartuta egonen da, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, erakunde onuradunak Nafarroan duen lantoki batean.

6. Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak lehena edo bigarrena izanen dira unibertsitate-titulazioetarako, eta lehenetik 9.era bitartekoak goi mailako lanbide heziketarako, erdi mailako lanbide heziketarako edo 3., 2. edo 1. mailako profesionaltasun ziurtagirietarako.

7. Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina hauxe izanen da gutxienez:

a) 27.000 eurokoa, 1., 2., 3. edo 4. kotizazio taldean inskribatuz gero.

b) 17.000 eurokoa, 5., 6., 7., 8. edo 9. kotizazio taldean inskribatuz gero.

8. Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.

9. Kontratuak "Contrat@" aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, eta honako hau adierazi beharko da bertan: "Investigo Programa. Suspertze eta erresilientzia mekanismoa", tramitatutako enplegu eskaintzaren erregistro zenbakia ere jarrita.

10. Kontratuak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira. 4.2 oinarrian aipatutako 12 hilabeteko bigarren aldirako diruz laguntzen diren kontratuek ez dute baldintza hori bete beharko.

11. Kontratatutako gazteak enpresako gainerako langileen eskubide berberak izanen ditu, Langileen Estatutuan, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan eta itundutako banakako kontratuan ezarritakoaren arabera.

12. Berariaz bazterturik daude prestakuntza eta ikaskuntza kontratuak eta praktikaldiko kontratuak.

7. oinarria.–Kontratatuen betebeharrak.

Kontratatuek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

1. 16 urte edo gehiago izatea eta 30 urte baino gutxiago.

2. Langabean egotea eta dagokion enplegu zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea kontratua hasi aurreko egunean.

3. Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean inskribatuta egotea.

4. Honako titulu hauetako bat izatea:

a) Unibertsitateko titulazioak: doktoregoa, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, masterra, gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

b) Goi mailako lanbide heziketa edo 3. mailako profesionaltasun ziurtagiria.

c) Erdi mailako lanbide heziketa edo 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria.

d) 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria

c) eta d) letretako tituluak onartuko dira soilik laguntza postuetarako langileak kontratatzeko.

5. Kontratua formalizatu aurre-aurreko 6 hilabeteko epean erakunde onuradunarekin kontratu harremanik ez izatea, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

6. 7.2, 7.3, 7.4 eta 7.5 atalak betetzetik salbuetsita daude 4.2 oinarrian adierazitako 12 hilabeteko bigarren aldirako diruz laguntzen diren pertsonak, egiaztapen horiek Investigo 2022 deialdiko laguntza emateko unean egin direlako.

8. oinarria.–Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura.

Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura hau beteko da:

1. Erakunde eskatzaileek enplegu-eskaintza bat eginen dute, "Investigo Programa" izenarekin identifikatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (aurrerantzean, NL-NEZ). Eskatzen den profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa adierazi beharko dute.

2. NL-NEZek hasierako hautaketa bat eginen du, zehaztutako profila betetzen duten eta enplegu eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonen artean.

3. NL-NEZen inskribaturik ez dauden pertsonak kontratatzea onartuko da baldin eta pertsona hori agertzen bada NL-NEZek egindako hasierako hautaketan. Horretarako, erakunde eskatzaileak aurrez hautaturiko pertsonaren datuak jakinarazi beharko dizkio NL-NEZi, egiaztatzearren betetzen dituela lan eskaintzaren betebeharrak, enplegu zerbitzu publiko batean inskribatua egoteari dagokionez eta haren profil akademikoari, prestakuntzakoari eta lanekoari dagokionez.

4. Erakunde eskatzaileek, betiere NL-NEZek hasiera batean egindako hautaketatik abiatuta, hautatuko dute horien artetik nor kontratatu, lanpostura nola egokitzen den neurtzeko egokiak iruditzen zaizkion probak egin ondoren, hala badagokio. Ez da onartuko aipatutako hasierako hautaketa horretatik ez datozen pertsonak kontratatzea.

5. Erakunde eskatzaileek ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio-modalitatea erabiliz kontratatuko dituzte hautatutako pertsonak, indarrean dagoen lan arloko, lan-arriskuen prebentzioko eta Gizarte Segurantzako legeriekin bat etorriz.

9. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta deialdirako dagoen kreditu erabilgarria agortzen denean bukatuko da, eta, betiere, 2023ko irailaren 30ean. Eskaerak aurkezteko epearen bukaera laguntzen fitxan jakinaraziko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Eskabide bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia.

3. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta erakunde eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

4. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:

a) Eskaera telematikoa, 2. eta 20. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Garatu beharreko I+G+b jardueren eta bete beharreko lanpostuaren deskripzio-memoria, behar besteko informazioa emanez laguntza kudeatzen duen organoak, Energiaren arloko I+G+b Atalak, egiazta dezan kontratatutako pertsonak parte hartuko duen jarduerak 3. oinarrian aipatutakoen artean daudela. Horrez gainera, zehaztu beharko da jarduerak etiketatze berdeari edo etiketatze digitalari loturik dauden. Deskripzio-memorian atal bat sartuko da kontratazioaren xede diren jardueren genero inpaktuari buruz.

c) Eskaeraren datan erakundeak inplementaturik dauzkan neurriak, lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko eta genero berdintasunerako.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak artxibo bereizitan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala identifikatua bere izenarekin.

5. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo kudeatzaileak erakunde interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Ezin izanen da zuzendu "I+G+b jardueren deskripzio-memoria" ez aurkeztea. Halakoetan eskaera ezetsi eginen da.

7. 12 hilabeteko bigarren laguntza aldirako eskaera, 4.2 oinarrian aipatzen dena, hasierako 12 hilabeteko aldia bukatu aurreko hilabetean aurkeztuko da. Eskabidearekin batera 12 hilabeteko bigarren aldian bete beharreko jarduerak azaltzen dituen memoria bat aurkeztu beharko da.

10. oinarria.–Dirulaguntzak emateko araubidea.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.

11. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunak dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunaren izen soziala eta IFZ.

b) Laguntzaren zenbatekoa.

c) Kontratatu beharreko pertsonaren lanbide kategoria, taldea edo maila, eta beteko duen jarduera.

d) Investigo Programaren finantzaketa identifikatzea, EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren barruan.

e) Eskaera ezesten bada, horretarako arrazoiak.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean emanen da ebazpena, eta erakunde onuradunei jakinaraziko zaie, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHE).

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradunak hautatzeko eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek indartu eginen dute iruzurra prebenitzeko helburua lortzeko duten inplikazioa, interes-gatazkarik ez dagoela dioen adierazpen baten bidez, eta hitz emanen dute adierazpen hori eguneratuta mantenduko dutela baldin eta jatorrizko adierazpena egitean zuten egoera aldatzen bada; izan ere, egoera aldatzeak prozeduran parte hartzea eragotziko die.

12. oinarria.–Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoan.

1. Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da onetsitako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

2. Laguntza emanen dela jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, edo 2023ko irailaren 30a baino lehen (baldin eta bi hilabeteko epe hori 2023ko irailaren 30a baino geroago amaitzen bada), onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

c) Kontratatutako pertsona Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik dagoela justifikatzen duen agiria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, 7.5 oinarriari buruzkoa.

13. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunak dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituela adieraziko da.

Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 12. oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da erakunde onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

14. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketaren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.

1. Kontratazioaren 12. hilabetea bukatu eta bi hilabeteko epean, erakunde onuradunak memoria bat aurkeztuko dio organo kudeatzaileari, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Memorian sartuko dira kontratatutako pertsonak egindako jarduketak.

2. Laguntza ematen duen organoari eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Programen Jarraipenerako Atalari dagokie egoki iruditzen zaizkien kontrolak eta egiaztapenak egitea aldian behin, horien bidez egiaztatzeko diruz lagundutako jarduera eta ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen direla. Bi unitate horiek egiaztatuko dute deialdi honen bidez finantzaketarekin kontratatu den pertsona kontratatuta eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran izan dela eskatutako gutxieneko denboran.

3. Dokumentazioa aztertu ondoren, likidazio- eta itxiera-ebazpena emanen da, eta bertan adieraziko da laguntza ematea eragin zuten baldintzak bete direla eta, hala badagokio, gehiegi eta justifikatu gabe ordaindutakoa itzuli egin dela.

15. oinarria.–Hasierako baldintzak aldatzea.

Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, eta organoak eskaera onartu edo ezesten ahalko du. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

1. 12. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkezteko epea. Epe hori hilabetez luzatzen ahalko da; nolanahi ere, ez da 2023ko irailaren 30a baino geroago amaituko.

2. Kontratatutako langilea ordeztea, 16. oinarrian adierazitakoaren arabera.

3. Jarduketaren justifikazio memoria aurkezteko epea. Epe hori ezin izanen da inoiz lau hilabetetik gorakoa izan, kontratuaren 12. hilabetea betetzen den egunetik hasita.

4. Aurreikusitako jarduerak gauzatzea, I+G+b jarduerak baldin badira, edo I+G+b laguntzeko lanak, mota horretako kontratu bat diruz lagundu bada.

5. Erakunde onuradunek laguntza gauzatzeko epea eteteko eta luzatzeko eskatzen ahalko dute, honako arrazoi hauengatik:

a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Haurdunaldiko arriskuagatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

Laguntzak eteteko eta luzatzeko eskaerak kontratatutako pertsona lanera itzuli eta gehienez ere 10 eguneko epean eginen dira, eta eskabidearekin batera aurkeztuko da, hala badagokio, kontratuaren gehigarria edo luzapena justifikatzen duen agiria, aldi hori osatzen duena. Kontratuaren etenaldia bat badator diruz lagundutako kontratazio-aldietako baten bukaerarekin, erakunde onuradunak egoera jakinarazi beharko du diruz lagundutako aldi hori bukatu baino lehen.

Etenaldi eta luzapenak organo emaileak baimendu beharko ditu. Organo horrek egokitzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahalko ditu eta emakidaren baldintzak aldatzen ahalko ditu, ebazpen berri baten bidez.

Oro har, laguntzaren iraupena etenaldiaren iraupen bera duen aldi batez luzatuko da. Hala ere, etenaldiak legez lanaldi partzialean har daitezkeen kasuetan, laguntzaren iraupena luzatu eginen da, etenaldiaren iraupena adinako aldi baterako (lanaldi osoetan kalkulatuta).

Laguntza eten eta luzatzeko baimen horrek ez du inola ere 4 hilabete baino gehiagoko iraupena izanen eta ez du ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

16. oinarria.–Kontratua azkentzea eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Azkentzea.

Kontratua azkentzen bada, erakunde onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen fitxaren bidez, kontratua azkendu eta hamabost eguneko epean gehienez.

2. Langileak ordezkatzea.

a) Erakunde onuradunek kontratatu duten pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetako batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, kontratua azkendu edo eteten denetik hasita, erakunde onuradunek hamabost egun naturaleko epea izanen dute jakinarazteko zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak erabakiko du kontratatutako pertsona ordezteko baimena ematen duen ala ez.

c) Ordezpena egitea bidezkoa denean, kontratazio berria oinarrietan ezarritako prozedurarekin bat eginen da. Kontratuak, orobat, 6. eta 7. oinarrietan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari eta kontratuaren iraupenari dagokiena izan ezik.

d) 9.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

e) Inola ere ez da handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

f) Ordezpen kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik bi hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

g) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko bi ordezpen onartuko dira gehienez.

h) Egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

3. Kontratua azkentzen bada bidezkoa izan gabe edo ordezteko baimena eman gabe:

a) Laguntza osoa itzultzeko eskatuko da kontratua lehen seihilekoan azkentzen bada, bai eta langileak jarduera uzten badu bidegabetzat aitortu edo deklaratutako kaleratze baten ondorioz ere.

b) Dirulaguntzaren zati proportzionala itzultzeko eskatuko da baldin eta kontratua azkentzen bada haren iraupenaren bigarren seihilekoa osatu gabe.

17. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntza hauen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kontratatu beharreko pertsona 8. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.

b) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea 14. oinarrian adierazten den moduan.

c) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezpena egiaztatzea, 15. eta 16. oinarrietan adierazitako moduan eta epeetan.

d) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueretan eragina izaten ahal duen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

e) Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan eta, oro har, dirulaguntza honen onuradun izan diren jarduketetatik eratorritako emaitzak zabaltzeko edozein metodotan, ohar bat erantsi beharko da Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) funtsen bidez egindako finantzaketari buruz, 19. oinarrian adierazitakoaren arabera.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) I+G+b Zerbitzuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jartzea, bai eta, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolen eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende ere, eta Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, Europako Auditoretza Bulegoak eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzak ere egin ditzaketenen mende.

h) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradun direnek bete behar dituzten betebeharrak, ondoko oinarrietan jasotzen direnak.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen Dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrolerako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza itzuli beharko da.

b) Helburu edo jarduera zehatzak partzialki betetzen ez badira, jarduera horiek ez betetzearekiko proportzionala den itzulketa egin beharko da.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza itzuli beharra.

3. Nolanahi ere, erakunde onuradunak jaso dituen funtsak itzuli beharko ditu, arau urratzeak eragozten duenean funts europarrak Altxorrera itzultzea, diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbateko berean. Horrez gain:

a) Erantzukizunpeko neurrien inguruko irregulartasunik aurkitzen bada estatuko edo Europako erakundeek egindako kontrolen batean, eta hark eragozten badu funtsak Altxorrera itzultzea, onuradunak itzuli beharko du diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbatekoa.

b) Erakunde onuradunak jasotako diruak erabiltzen ez baditu diruz lagundutako jarduketetarako, oker erabilitako zenbatekoa itzuli beharko du.

c) Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzen ez bada, erakunde onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

18. oinarria.–Onuradunen betebeharrak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzak lortzeagatik.

Erakunde onuradunek Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari buruzko betebeharrak (Europakoak eta Estatukoak) bete beharko dituzte. Horretarako, honako hauek bete beharko dituzte:

1. Kontuan hartuz 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan ezarritakoa, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromiso bat non behar diren eskubideak eta sarbideak emanen baitira, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten. Era berean, onuradunak konpromisoa hartzen du egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko.

2. Biltzea, funtsen ikuskapen eta kontrolerako eta formatu elektronikoan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak otsailaren 12an emandako 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan jasotzen diren datuen kategoria harmonizatuak. Datu horiek datu base bakarrean jasoko dira. Onuradunak (pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan) identifikatzeari lotutako betekizunak honako hauek dira, irailaren 29ko HPF/1030/2021 Aginduaren 8.1 artikuluaren arabera:

a) Onuradunaren IFZ.

b) Pertsona fisikoaren izena edo pertsona juridikoaren sozietate-izena.

c) Pertsona fisiko edo juridikoaren helbide fiskala.

d) Jarduera ekonomikoak egiten dituzten onuradunen kasuan, frogatu beharko dute Tributu Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen Erroldan izena emana dutela, edo Tributuen Foru Administrazioaren errolda baliokidean; laguntza eskatzen den unean benetan egiten den jarduera ekonomikoa islatu beharko da frogagirian.

3. Haien erantzukizunak izanen dira diruz lagundutako jarduketen gauzapenaren fidagarritasuna eta jarraipena, une oro ezagutu ahal izateko jarduketa bakoitzaren lorpen maila eta horri dagozkion mugarri eta helburuen betetze maila.

4. Mekanismo egokiak eratu beharko dituzte ziurtatzeko hirugarrenek gauzatu beharreko jarduketak lagungarriak direla aurreikusitako helburuak lortzeko, eta, kasua bada, hirugarren horiek ematen dutela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarraipenerako adierazleen balioa zehazteko behar den informazioa.

5. Dirulaguntza honen esparruan egindako jarduketei dagokienez, bere gain hartuko dute auditoretzako arrasto egokia mantentzeko ardura eta dokumentazio euskarria gordetzeko betebeharra. Informazio emate hori eginen da Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministerioak ezartzen duen moduan, estatuko eta Europar Batasuneko araudiak betez.

6. Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoa eta digitala erabat betetzen direla bermatuko dute, bat etorriz Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena) aurreikusitakoarekin, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eskatutakoarekin ere.

7. Azpiko gastuaren erregulartasuna bermatu behar dute, eta neurriak hartu behar dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, eta interes gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.

8. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako jardueraren dokumentazioa gorde eta zainduko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz. Zentzu horretan, laguntzaren onuradunek frogagiriak eta finantzaketari dagozkion gainerako dokumentuak bost urtez gorde behar dituzte formatu elektronikoan, azken saldoaren ordainketa egiten denetik. Epe hori hiru urtekoa izanen da finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada.

9. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, ez dute kalte nabarmenik eraginen ingurumenean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua betez, hark ezartzen baitu esparru bat inbertsio jasangarriak errazteko, eta aldatzen baitu 2019/2088 (EB) Erregelamendua, era horretan betetzeko «kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioaren aplikazioari buruzko Gida Teknikoa (2021/C 58/01), 23. osagaian aurreikusitako baldintzen kasuan, eta bereziki Planaren Osagaiaren dokumentuko 3. eta 8. apartatuetan jasotakoak, kokatzen den inbertsioarekin lotuta, eta orobat, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren balorazioaren onarpenari buruzko Kontseiuaren Betearazpen Erabakian eta haren eranskinetan eskatutakoarekin.

19. oinarria.–Onuradunen betebeharrak publizitatearen arloan.

Erakunde onuradunek bete beharko dituzte Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan jasotako informazio, komunikazio eta publizitate betebeharrak (erregelamendu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako neurrien Europar Batasunaren finantzaketari buruzkoa da). Jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarkiak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:

1. Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEPren markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak:

Identitate bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual).

2. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoa ondorengo esteka honetan eskura daiteke:

http://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

3. Kontuan hartuko dira Batasunaren ikurraren arau grafikoak eta kolore normalizatuak, honako webgune honetan kontsulta daitezkeenak: http://publications.europa.eu/code/es/es-5000100.htm Hemen deskarga daitezke ikurraren zenbait adibide:

https://european-union.europa.eu/principles-countries-history/symbols/european-flag_es

Kartel eta plaka informatiboak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

20. oinarria.–Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko konpromisoa.

1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek bermatu beharko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" (do no significant harm, DNSH printzipioa), bai eta etiketatze klimatikoa eta etiketatze digitala ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakia (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2. Eskaerekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, zeinaren bidez adieraziko baita "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioari" egokituko zaiola (do no significant harm printzipioa, DNSH), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz; adierazpena laguntzen eskaeran dagoen inprimakiarekin bat etorriko da.

3. "Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" ("do no significant harm" printzipioa, DNSH) jasotzen duten erantzukizunpeko adierazpenek nahitaez bete behar dute Europako Batzordearen Komunikazioa (2021/c 58/01), hau da, "Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoari buruzko Erregelamenduaren arabera.

4. Nolanahi ere, erakunde onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" (do no significant harm printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

21. oinarria.–Laguntzen araubide juridikoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, "Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Esparruan" aurreikusitakoaren arabera (Batzordearen 2022/C 414/01 Jakinarazpena, 2022ko urriaren 28ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua).

Zehazki, laguntza honen esparruan egindako jarduerak jarduera ez-ekonomiko gisa definitzen dira aipatu esparruan.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, erakunde horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

22. oinarria.–Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren apirilaren 27ko 33E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatutako proiektuen kudeaketaren esparruan, eta esteka honetan kontsulta daiteke:

https://gobiernoabierto.navarra.es/es/gobernanza/planes-y-programas-acciongobierno/plan-medidas-antifraude-del-departamento-universidad-innovacion-ytransformacion-digital

Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena.

23. oinarria.–Bateraezintasun araubidea eta finantzaketa bikoitzik ez izatea.

Laguntza hau bateragarria izanen da helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin, eta ezin izanen dute finantzaketa bikoitza izan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete. Eraberritzeek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu.

Erakunde onuradunek aditzera eman beharko diote Energiaren arloko I+G+b Atalari diruz lagundutako kontratuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, horiek jaso orduko, eta, betiere, 12. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

24. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, erakunde onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, erakunde onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

25. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

1. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

2. 4/2021 Foru lege-dekretua, apirilaren 14koa, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko.

3. 1/2022 Foru lege-dekretua, apirilaren 13koa, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

4. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena, bai eta gai horri buruzko Europar Batasuneko gainerako arauak eta horiek garatzeko edo transposiziorako estatu mailako arauak ere.

5. «Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa aplikatzeko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (2021/C 58/01)»

6. HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena.

7. HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek jakinarazi beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen duena, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuen betetze-mailari eta hango neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze-mailari.

8. Maiatzaren 17ko TES/440/2022 Agindua, zeinaren bidez lurraldeka banatzen baitira Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoarekin finantzatutako kredituak 2022ko ekitaldi ekonomikorako, lan arloko eskumenak bereganatuak dituzten autonomia erkidegoek kudea ditzaten. Kreditu horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota dauden inbertsio proiektu hauek gauzatzeko dira: "Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala" (19. osagaiaren esparruan) eta "Politika publiko berriak lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako" (23. osagaiaren esparruan).

26. oinarria.–Finantzaketa.

Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen du laguntza hau, eta aipatu mekanismoa honako honetan araututa dago: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena. Finantzaketa hori legez lotuta dago diruz lagundutako jarduketak egitearekin, bai eta Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako neurriekin ere.

27. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2303569