55. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2023 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntza batzuen 2023ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan ekintzailetza proiektuak eta mikroenpresen proiektuak finantzatzeko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 675164.

2021eko abenduaren 2an, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emandako 46/2021 Foru Agindua onetsi zen. Horren bidez, hitzarmen bat onetsi zen, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artekoa, ekintzailetza eta mikroenpresak sustatzeko lurralde proiektu bat garatzeko, hori guztia Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, eta bat etorrita urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin (902/2021 Errege Dekretua, urriaren 19koa, zeinaren bidez arautu baitzen 2021eko aurrekontu ekitaldian dirulaguntza batzuk zuzenean emateko prozedura. Dirulaguntza horien xedea zen "Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak" izeneko inbertsioko jarduketak finantzatzea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan).

Deialdi honetan ezarritako laguntzak Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira, eta erabiliko dira berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak finantzatzeko, zeinek, ekintzailetzaren eta mikroenpresen bitartez, ekonomia berdea edo digitala sustatuko duten Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan. Laguntzak sartzen dira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiaren (Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak) "Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak" izeneko 4. inbertsioan. Plan hori onetsi zen 2021eko apirilaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bidez eta Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesten duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakiaren bidez (Council Implementing Decision-CID).

Gauzatzen ari diren ekimenak –horien artean da espediente honetan ezarritako deialdia– Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren helburu orokorraren esparruan sartzen dira erabat. Helburu hori da "politika publikoak garatzea, lurralde estrategia jasangarriaren arloan", eta ezarrita dago departamentu horren egitura ezartzen duen 262/2019 Foru Dekretuaren 28. artikuluan.

Alde horretatik, 2022an, maiatzaren 16ko 57E/2022 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza-deialdi bat onetsi zen, berrorekaren eta ekitatearen aldeko lurralde-proiektuak garatzeko, Pirinioaren Planaren lurralde-eremuan ekonomia berdea edo digitala sustatze aldera ekintzailetzaren nahiz mikroenpresen bitartez, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Era berean, 1.053.668,50 euroko kreditu bat ezarri da 2023rako Nafarroako aurrekontu orokorren proiektuan, bi gastu-partidari aplikatuta: batak, 750.000,00 eurokoak, 330000 33100 4709 921100 kodea du (PEP: E-21-000448-01) eta haren izena da "SEM. Pirinioetako berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, sustapen programa"; besteak, 303.668,50 eurokoak, 330000 33100 7709 921102 kodea du (PEP: E-21-000448-01), eta haren izena da "SEM. Pirinioetako berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, inbertsio programa".

Aurrekontu-kreditu hori dirulaguntzen deialdi baten garapenari aplikatuko zaio. Dirulaguntzak emanen dira banakako ebaluazioak eginda, jarduera (edo jardueraren zati bat) Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan garatzen duten autonomoen eta mikroenpresen artean eta bat etorrita Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak prestatutako oinarriekin (zeinak ebazpen honi erantsi baitzaizkio).

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren martxoaren 17ko 31/2022 Ebazpenaren bidez, Kudeaketa Plana osatzen duten dokumentuak onetsi ziren, eta hala adierazten da SEMak finantzatutako proiektuak kudeatzeko eta kontrolatzeko arauetan (zeinak onetsi baitziren Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakiaren bidez).

Era berean, Nafarroako Gobernuaren 2022ko abenduaren 28ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari banakako ebaluazio erregimenaren bidez dirulaguntzen deialdi bat izapidetzeko. Dirulaguntza horiek helburu izanen dute ekintzailetza eta mikroenpresak sustatzen dituen berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu bat garatzea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eta Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorrita Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza-deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. 2023rako dirulaguntzen deialdi bat onestea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparrukoa, ekintzailetza- eta mikroenpresa-proiektuak finantzatzeko Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea (ebazpen honen eranskinean jasotzen dira).

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondoren adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea (1.053.668,50 euroko gastua guztira):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

330000-33100-4709-921100 [PEP: E-21/000448-01]: SEM. Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, sustapen programa.

2023

750.000,00

330000-33100-7709-921102 [PEP: E-21/000448-01: SEM. Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, inbertsio programa.

2023

303.668,50

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horren aurretik, alabaina, deialdiaren laburpen bat erregistratuko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, ohartarazita ezen deialdiak ez duela ondoriorik izanen aldizkari horretan argitaratzen ez den arte.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 9an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

DIRULAGUNTZAK, PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE-EREMUAN EKINTZAILETZA- ETA MIKROENPRESA-PROIEKTUAK FINANTZATZEKO, SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN. 2023RAKO DEIALDIA

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira, eta erabiliko dira berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak finantzatzeko, zeinek, ekintzailetzaren eta mikroenpresen bitartez, ekonomia berdea edo digitala sustatuko duten Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan. Laguntzak sartzen dira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiaren (Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak) "Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak" izeneko 4. inbertsioan. Plan hori onetsi zen 2021eko apirilaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bidez eta Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesten duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakiaren bidez (Council Implementing Decision-CID).

Zehazki, banakako ebaluazio araubidean emanen diren dirulaguntzen deialdi honen xedea da Pirinioetako lurralde-eremuan jarduketak finantzatzea, eskualdeko garapen ekonomikoa sustatzen dutenak, erronka demografikoari heltzen diotenak eta ekoizpenaren eraldaketa bideratzen dutenak, hori guztia ekonomia berdearen edo digitalaren garapena lortzeko, bai ekintzailetzaren bitartez, bai mikroenpresak sortzen eta finkatzen lagunduta. Horretarako, bi dirulaguntza lerro izanen dira:

–A lerroa: ekintzailetzan eta mikroenpresetan inbertitzeko laguntzak, ekonomia berdea edo digitala sustatzen eta garatzen laguntzen dutenak. Mota hauetakoak izan daitezke:

1.1. Jarduera ekonomiko berri bat sortzea.

1.2. Dagoen jarduera baten gaitasuna handiagotzea.

1.3. Dagoen jarduera dibertsifikatzea, eta, horretarako, negozioan lehen egiten ez ziren beste jarduera batzuk gauzatzea.

1.4. Lehen egiten zen ekoizpen jarduera erabat aldatzea.

1.5. Zonaldean egiten ari diren jarduerak mantentzen laguntzea.

–B lerroa: ekonomia berdea edo digitala sustatzen eta garatzen duten mikroenpresak eta jarduera ekintzailea babesteko eta bultzatzeko proiektuen ondorioz sortutako gastuak finantzatzeko.

Diruz laguntzen diren proiektuek, zernahi motatakoak direla ere, ekonomia berdearen garapena sustatu beharko dute. Halakotzat hartuko da NBEren ingurumen programan emandako definizioa: giza ongizate eta gizarte berdintasun hobea lortzen duen eta, aldi berean, ingurumen arriskuak eta eskasia –ikuspegi ekologikotik– nabarmen murrizten dituen eredu ekonomikoa. Zehazki, gisa honetako ekintzak lagunduko dira diruz: klima aldaketa arintzen eta horretara egokitzen laguntzen dutenak; baliabideen erabilera jasangarria eta babesa sustatzen dutenak; ekonomia zirkularrerako trantsizioa bultzatzen dutenak, hondakinen prebentzioa eta bigarren mailako lehengaien xurgapena barne; kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistemak dituztenak; biodibertsitatea eta ekosistemak babesten eta lehengoratzen laguntzen dutenak; eta, oro har, gizartearen ongizatea hobetzen eta gizartean ekitatea lortzen laguntzen dutenak.

Digitalizazioari dagokionez, enpresa eremuan, negozioen eraldaketa digitalarekin lotzen da; hau da, enpresaren eginkizunak, merkataritza eragiketak, bezeroak kudeatzeko ereduak edo komunikazio prozesuak gaitzea, hobetzea edo eboluzionatzea, teknologia digitalak baliatuta.

Pirinioetako Planaren lurralde-eremua da deialdi honen aplikazio eremua; osatzen dute Pirinioetako Eskualdeak, zeina definitu baita Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean, eta Artziko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

Bat etorrita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2021erako gastuen aurrekontuan adierazitakoarekin, Suspertzerako Europako Bitartekotik ("Next Generation EB") eratorritako finantza baliabideak erabiliko dira dirulaguntzak finantzatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez (2021/241 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena). Europako funtsen bidez finantzatuko diren dirulaguntza hauek izapidetzean eta ematean, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuak ezarritakoa aplikatuko da. Errege lege dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak.

Era berean, oinarri hauetan araututako dirulaguntzek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean finkatutako helburuak bete, gauzatu eta lortu beharko dituzte, bat etorrita Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen Kontseiluaren Exekuzio Erabakiarekin (Council Implementing Decision-CID), eta osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa eta kontrol prozedurak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen betebehar espezifikoak ere.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako laguntzek betetzen dituzte dirulaguntzatzat jotzeko baldintzak; hortaz, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe daude, eta hori garatzen duten eta aplikagarri diren gainerako arauen menpe. Gainera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, estatu laguntzatzat hartzen dira, eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan– xedatutakoa kontuan hartuta, mota horretako laguntzak ditugu esku artean.

2. oinarria. Pertsona onuradunak eta baldintzak.

2.1. Dirulaguntza honen onuradun izan daitezke jarduera Pirinioetako Planaren lurraldean garatzen duten mikroenpresak (banako enpresariak barne).

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira mikroenpresatzat: soldatapeko hamar langile baino gutxiago dituztenak edo, kasua bada, bazkide diren hamar langile edo laneko hamar bazkide baino gutxiago, eta bi milioitik beherako urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra dutenak.

2.2. Orobat, pertsona eta erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik sortutakoak barne (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeari eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari jarraituta).

d) Onuradun izateko debekurik ez izatea, dela azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarren batean egoteagatik dela aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoa ez betetzeagatik.

e) Bere ekoizpen jarduera ekonomia berde edo digitalera hurbiltzeko edo horretara bideratzeko konpromisoa hartzea.

f) Baldin eskatzailea enpresaburu indibiduala bada, Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian afiliatuta egotea.

2. apartatuan ezarritako baldintzak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, II. eranskineko ereduaren arabera, eta deialdia egin duen administrazioak egiaztapenak egin ahal izanen ditu.

Baldin eskatzaileak espresuki kontrakorik adierazten ez badu, laguntza-eskaerak berekin dakar organo emaileari baimena ematea ziurtagiri telematikoak zuzenean eskuratzeko, zeinetan egiaztatzen baita ezen eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

2.3. Dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta erakundeek bermatu beharko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka, jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" (do no significant harm, DNSH printzipioa), bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honako hauetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesten duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakia (Council Implementing Decision-CID) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2.4. Era berean, pertsona eta erakunde onuradunek beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak eman beharko dituzte, bermatzeko beren kontrol eskumenak baliatuko dituztela Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatu mailako agintari eskudunek, bat etorrita bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoarekin bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 129.1 artikuluan ezarritakoarekin («Finantza Erregelamendua»).

2.5. Sektore publikoko entitateak ezin dira izan dirulaguntza hauen onuradun, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.

2.6. Era berean, deialdi honetan araututako laguntzak lortzetik salbuetsita daude Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak finantzaketatik kanpo uzten dituen jarduera hauetakoren batean aritzen diren enpresak:

1. Erregai fosilekin zerikusia dutenak (geroagoko erabilera ere barne).

2. Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidearen esparruko jarduerak, proiektatutako berotegi-efektuko gasen emisioak doako esleipenerako ezarritako erreferentzia-balioak baino nabarmen txikiagoak ez direnean.

3. Hondakinen zabortegien instalazioetan, tratamendu biologiko mekanikoko instalazioetan eta hondakinak tratatzeko erraustegietan egindakoak.

4. Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari epe luzera kalteak eragiten ahal dioten jarduerak (adibidez, hondakin nuklearrak).

2.7. Laguntza honetatik kanpo geratzen dira pertsona edo erakunde hauek: Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren maiatzaren 16ko 57E/2022 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiari dagokion dirulaguntzaren onuradun izan direnak, eta gehieneko laguntzaren 5.000 euroak lortu dituztenak. Baldin 2022an lortutako dirulaguntza ez bada 5.000 euroko gehieneko zenbatekora iristen, 2023an eskatu ahal izanen da 5.000 eurora iristeko falta den zenbatekoa. Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa 2022an eta 2023an ezin izanen da izan, inola ere, 5.000 eurotik gorakoa onuradun bakoitzeko.

3. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.

3.1. Deialdi honek helburu du inbertsio eta gastu jarduketak diruz laguntzea, baldin eta gauzatuta eta ordainduta badaude dirulaguntza eskabidea aurkezten den unean eta oinarri hauetan ezarritako exekuzio aldiaren barruan. Jarduketa horiek erronka demografikoari heldu eta ekoizpen eraldaketaren alde egin behar dute, hala, ekonomia berdearen edo digitalaren garapena lortzeko eremu hauetakoren batean:

a. Turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak.

b. Industria, ekintzailetza eta lurraldearen garapen jasangarria.

c. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza.

d. Etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

3.2. A lerroan, zehazki, inbertsio jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Eraikinak eskuratzea.

b) Ondasun higiezinak eraikitzea edo hobetzea: premia berrietara egokitzeko inbertsioak, ez konponketa hutsak edo mantentze lanak.

c) Ekipo-ondasunen zuzkidura: makina eta ekipo berriak, ekipo informatikoak, erremintak eta altzariak erostea eta instalatzea, eta garraiorako edo banaketarako egokitzapenak.

d) b) eta c) apartatuetako gastuei lotutako kostu orokorrak: proiektuen erredakzioak, obra zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketako eta eragiketako ingeniaritza, prestakuntza edo informazio jarduerak, bideragarritasunari eta merkatuari buruzko azterketa eta planak, aholkularitza juridiko eta finantzarioa, peritu lanak, ingurumen aholkularitza eta ekonomiaren eta ingurumenaren arloko jasangarritasunari buruzko aholkularitza.

e) Inbertsio ukiezinak.

Gainera, ekintzek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua garatzeko funtsezkoak izatea.

b) Merkatuaren prezioei egokitzea. Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

c) "Kostu orokorretarako" gastu diruz lagungarria erakunde eskatzaile bakoitzaren "Ondasun higiezinak eraikitzea edo hobetzea" eta "Ekipo-ondasunen zuzkidura" gastu diruz lagungarri guztien %12 izanen da, gehienez.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Lurrak erostea eta lurrak eskuratzearekin lotutako gastuak.

b) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabilitako teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

c) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

d) Ibilgailuak, salbu eta proiektuaren helburua lortzeko egokitzapenen bat egina dutenak, dauzkaten ezaugarriengatik helburu horretarako bakarrik erabil badaitezke.

e) BEZa edo pertsona edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen zergak ordaintzearen gastuak, interes zordunak eta eragiketa finantzarioen gastuak.

f) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdatzeak ere, baldin horiek bazkide baldin badira.

g) Diruz lagundutako proiektuaren jarduerarekin bat ez datozenak.

Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handien gisa kontabilizatzen badira.

3.3. B lerroan, zehazki, gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Pertsona fisiko eskatzaileen edo mikroenpresetako bazkideen prestakuntza gastuak; zehazki, jarduera abian jartzeko eta ekonomia berde edo digitalera hurbiltzeko gaikuntza hobetzea helburu duten eremuetakoa.

b) Aholkularitza-gastuak.

c) Langileen kostuak: Gizarte Segurantzako kuotak eta nominak.

d) Ustiategiaren titularraren Gizarte Segurantza.

e) Lokalak konpontzeko edo kontserbatzeko gastuak. Gastu horien helburua da lokalak erabiltzeko moduan edukitzea, elementuak aldatuta; aldiz, ez da sartzen lokala hobetzeko jarduketa berririk, inbertsiotzat hartuko bailirateke eta A lerroaren bidez eskatu beharko bailirateke. Gastu horietan, profesionalen ordainsariak eta materialak sartzen dira.

f) Lokalen eta ekipamenduen alokairua.

g) Enpresa baten ohiko funtzionamenduaren ondorio diren gastuak: hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, langileria gastuak (dietak eta kilometrajea), aseguruak, publizitatea eta beste gastu orokor batzuk.

h) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

i) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduera ekonomikoaren garapenarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

j) Publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak.

Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Norberaren kabuz egindako jarduketen eskulanaren kostuak.

–Banku-kontuetako interes zordunak.

–Interesak, errekarguak, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak.

–Prozedura judizialen gastuak.

Dirulaguntza hauen onuradunek bermatuko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa", bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honako hauetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakia eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

Erakunde onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako funtsen jatorriari, eta, beraz, dokumentazioan eta hedabideetan jarri beharko dute "Europar Batasunaren Next Generation EB funtsek finantzatua", deialdi honetan araututako dirulaguntzekin finantzatzen diren jarduketen kasuan. Ikusgaitasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta neurrikoa emanda, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea barne.

4. oinarria. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

4.1. 2023rako aurreikusitako deialdiaren guztizko zuzkidura 1.053.668,50 eurokoa da, honako gastu partida hauei esleituta:

–A ildoa:

330000 33100 7709 921102 partida, "SEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, inbertsio programa" izenekoa (303.668,50 euro).

–B ildoa:

330000 33100 4709 921100 partida, "SEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, sustapen programa" izenekoa (750.000,00 euro).

4.2. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez izapidetuko dira; beraz, laguntzak emateko eta ordaintzeko ebazpenak eskabideak aurkezteko hurrenkera zorrotzean emanen dira, jarduketak gauzatu direla eta diruz lagundu daitekeen jarduketaren gastuak ordaindu direla egiaztatu ondoren, bai eta eskatutako gainerako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren ere, deialdian esleitutako aurrekontu kreditua agortu arte. Eskaera aurkezteak ez dio inolako eskubiderik emanen eskatzaileari.

4.3. Baldin espediente berean bi dirulaguntza lerroetatik eskatzen bada laguntza, lehenik eta behin A lerroari dagokion zenbatekoa finantzatuko da, eta 5.000 eurora arte osatuko da B lerroan eskatutako zenbatekoarekin.

5. oinarria. Gauzatze-epea.

Finantzagarriak izanen dira 2022ko urtarrilaren 1aren eta 2023ko irailaren 30aren artean egiten diren jarduketa diruz lagungarrien gastuak.

Jarduketa edo jarduketak gauzatu direla jotzeko, beharrezkoa izanen da gastuak epe horren barruan fakturatu eta ordaindu izana.

6. oinarria. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskaerak eta eskatzen diren frogagiri guztiak aurkezteko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan dauden inprimakiak eta ereduak erabili behar dira.

a) Behar bezala betetako eskabide-orria (I. eranskina).

b) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak eta helburu bererako eskatutako edo lortutako dirulaguntzen eskabideak betetzen dituela adierazten duena (II. eranskina).

c) Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena (III. eranskina).

d) Datuak lagatzeari eta tratatzeari buruzko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturik (IV. eranskina).

e) Gastuen justifikazioko kontua (V. eranskina).

f) Gardentasunari buruzko adierazpena (VI. eranskina), pertsona fisikoak izan ezik.

g) Fakturak eta ordainagiriak.

h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa, baldin eta laguntza lehen aldiz eskatzen bada edo daturen bat aldatu bada.

i) Gainera, eskatzailea pertsona fisikoa bada:

–IFZ.

–Langile autonomoen araubide berezian (LAAB) alta ematea

–2021eko ekitaldiko PFEZaren aitorpena.

j) Gainera, eskatzailea erakundea bada:

–Eratze-agiria, zeinak behar bezala inskribatuta behar baitu Merkataritza Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean, kasua zein den; eta azken eguneratzeak, zeinen bidez justifikatuko baita zein den sozietatearen osaera eskaera egiten den egunean.

–Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren ordezkaritza-ahalmena duen pertsonarena, mikroenpresa dela egiaztatzen duena.

–2021eko urteko kontuak edo 2021eko errenta, baldin eta erakundeak errentak eratxikitzeko araubidearen arabera ordaintzen baditu zergak.

–Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren IFZ.

–Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) egiaztatzen duen txartela.

–Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, zeinetan adierazten baita enpresak egunean dituela Ogasun Publikoarekiko zerga- eta tributu-betebeharrak (baldin eta ez badu baimenik eman Administrazioak horiek lor ditzan).

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Ahal dela, telematika bidez aurkeztuko dira eskabideak eta erantsitako agiriak, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Zerbitzuen Katalogoko loturaren bitartez (www.nafarroa.eus), dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta, 2023ko irailaren 30a baino lehen, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Zerbitzuen Katalogoko loturaren bitartez (www.nafarroa.eus).

Pertsona juridikoen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak erakunde interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipaturiko agiriak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

7.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

8. oinarria. Dirulaguntza onartzeko eta ordaintzeko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura banakako ebaluazio erregimenean izapidetuko da, eta eskabideak, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera.

Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

8.2. Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, alderdi eskatzaileari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

9. oinarria. Ebazpenak.

9.1. Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen ditu dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko ebazpenak, eskabideak izapidetu ahala eta dagoen aurrekontua agortu arte.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren Atariak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10. oinarria. Bateragarritasuna.

10.1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, gastuen trazabilitatea argi eta garbi identifikatu beharko da. Hala ere, funts hauek bateraezinak dira inbertsio proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuekin, eta ez dute finantzaketa bikoitza izaten ahalko. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahal dute, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzen duenaren kostu bera. Onuradunak dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, estatu mailakoetatik edo nazioartekoetatik, II. eranskinaren arabera.

10.2. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera –Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori (2013ko abenduaren 24ko EBAO, 352. zk.)–. Enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntza, guztira, ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan. Errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan, "de minimis" laguntza ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan.

"De minimis" laguntzak kontabilizatzeko, kontuan hartu behar dira bai enpresa eskatzaileak jasotako laguntzak bai eskatzailearekin aipatutako Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. apartatuan definitutako lotura duten enpresek jasotakoak ("enpresa bakarraren" kontzeptua edo enpresa talde bateko kide diren enpresak). Era berean, kontuan hartu behar da erregelamendu beraren 3. artikuluko 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoa, bat egiteko, eskuratzeko edo banantzeko prozesuan dauden enpresei dagokienez.

Kopuru horiek termino gordinetan adierazita daude, hots, fiskalitate kontzeptuan edozein kenkari egin aurretik.

"De minimis" laguntzaren forma edo lortu nahi den helburua edozein dela ere aplikatuko dira muga horiek, kontuan hartu gabe emandako laguntza osorik edo zati batean Europar Batasunaren baliabideen bidez finantzatuta dagoen.

Ondorio horietarako, interesdunek II. eranskinaren arabera adieraziko dituzte aurreko hiru zerga ekitaldietan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak.

11. oinarria. Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Ataleko teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

12. oinarria. Betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dira:

a) Dirulaguntza justifikatzen duen ekintza gauzatzea, deialdiaren helburua betez, Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela, eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Pirinioetako Planaren esparruan abian jarritako ekimen ekintzaileekin lankidetzan aritzea, hala nola ekintzailetza gunea (dinamizazio programa, prestakuntza, aholkularitza eta mentoretza gizarte ekintzailetza kooperatiboan), Lekukoa (belaunaldien arteko erreleboaren programa), etab.

e) Departamentuari datuak ematea "Next Generation EB" funtsen justifikaziorako beharrezkoak diren adierazleetarako.

f) Jarduerari 12 hilabetez eustea, gutxienez ere, laguntza ordainduko dela adierazten duen ebazpenaren egunetik kontatuta.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

h) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du. Edonola ere, dirulaguntza hauek Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazio prozedurak bete beharko dituzte, bai eta barne araudiak eta Europar Batasunak EBko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoetarako ezartzen dituen eta nahitaez aplikatu beharko diren betebehar espezifikoak ere, hain zuzen ere informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerako betebeharrei buruzkoak.

i) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

j) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

k) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen berri ematea, eta testu hau jartzea: "Europar Batasunaren Next Generation EB funtsek finantzatua". Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, baita honako hau idatzi ere: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du", zaindu beharko dira urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritako ezaugarri teknikoak (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera).

13. oinarria. Mikroenpresen gardentasun-betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik gorako kopurua bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan ageri dena.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, onuradun guztiak behartuta egonen dira unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan zehaztutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

14.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

17. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

18. oinarria. Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten da esteka honen bitartez balia daitezkeela datu pertsonalen inguruko eskubideak:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Argibide gehiago jasotzeko:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

19. oinarria. Iruzur arriskua arintzeko neurriak.

19.1. Iruzur arriskua prebenitze aldera, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak iruzurraren aurkako neurrien plana onetsi du, eta esteka honetan kontsulta daiteke:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gobernantza/planak-eta-programak-gobernu-eraginak/lurralde_antolamenduko-etxebizitzako-paisaiako-eta-proiektu-estrategikoetako-departamentuaren-iruzurraren-aurkako-neurrien-plana

Arrisku hori arintzeko neurriak berariaz zehaztu dira aipatutako planaren 6. apartatuan. Honako hauek dira:

–Nafarroako Gobernuaren iruzurraren aurkako adierazpen instituzionala zabaltzea.

–Iruzurraren aurkako neurrien plana zabaltzea.

–Unitate/zerbitzu/organo arduradunak identifikatzea.

–Salaketen kanala zabaltzea.

–Iruzurraren aurkako arloari buruzko prestakuntza.

–Departamentuko goi-kargudunen inplikazioa.

–SEEPeko jarduketak gauzatzearen gaineko konpromiso adierazpena (deialdi honen oinarrietako III. eranskina).

–Kudeaketa, kontrol eta ordainketa prozesuetako eginkizunak banatzea.

–Lehen eta bigarren mailako barne kontroleko sistema.

–Iruzur arriskuaren hasierako ebaluazioa.

–Datu baseak erabiltzea.

–Alarma seinaleen katalogoa edo iruzur arriskuaren adierazleak.

–Jarduketak gauzatzean alarma seinaleak egiaztatzeko zerrenda.

–Alarma seinalea aktibatzea.

–Iruzur susmoen salaketen kanala.

–Iruzurraren aurkako Departamentuko Batzordea eratzea.

–Iruzurra zuzentzeko eta iruzurrari jazartzeko neurriak.

19.2. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeari buruzko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 12. artikuluan adierazitako kexa eta salaketetarako postontzia martxan ez dagoen bitartean, beste kanal bat egonen da erabilgarri. Horren bidez, edonork jakinarazten ahalko ditu deialdi honi dagokionez dituen iruzur susmoak eta detektatzen dituen ustezko irregulartasunak.

Hori horrela, Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalak (Infofraude) salaketak jartzeko kanal bat gaitu du. Europako funtsei eragiten dieten iruzurrei edo irregulartasunei buruzko informazioa jakinarazteko balio du, eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko atal espezifiko bat du, kontuan hartuta apirilaren 6ko 1/2017 Komunikazioan xedatutakoa (1/2017 Komunikazioa, apirilaren 6koa, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek nola jokatu behar duten azaltzen duena).

Aipatu komunikazioaren arabera, "agintari eskudunei Europar Batasunaren finantza interesei dagokienez iruzurraren aurkako borrokan garrantzitsua den edozein informazio helaraztea errazagoa izan dadin, eta Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari eremu horretan dagozkion koordinazio eginkizunen esparruan, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari jakinarazten ahalko dizkiote, gaitutako kanal elektronikoaren bitartez, Interneteko helbide honetan:

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

Halaber, eta salbuespenez aipatutako bitarteko elektronikoak erabili ezin badira, egitateen berri ematen ahalko zaio Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari, dokumentazioa paperean bidalita".

20. oinarria. Interes-gatazkaren arriskuaren azterketa sistematikoa.

20.1. Bete dadin urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduak 7. artikuluan xedatutakoa (HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa), baldin ZAEAren datu-baseetan ez badago laguntza eskatu duen eskatzailearen titulartasun errealeko daturik, dirulaguntza ematen duen organoak bere titulartasun errealari buruzko informazioa eskatu ahal izanen dio; hala izanen da baldin eta ZAEAk ez badu kontsultaren xede den enpresaren titulartasun errealei buruzko informaziorik, eta hala adierazi badio dagokion eragiketaren arduradunari dagokion bandera beltza erabilita. Informazio hori dirulaguntzak emateko organoari eman beharko zaio, informazio-eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.

Informazio hori adierazitako epean ez ematea prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia da.

20.2. Ehun eskaera baino gehiago badaude, honela eginen da interes-gatazkaren arriskuaren azterketa:

Eragiketaren ardura duen organoak bi aukera izanen ditu: interes-gatazkaren arriskuaren analisia aplikatzea eskatzaile guztiei, edo ehun eskaerako sorta bat hautatu eta honela egiaztatzea:

a) Eskaera guztiak ordenan jarriko dira sarrera egunaren eta orduaren arabera.

b) Eskaeren guztizko kopurua zati 100 eginen da, jakiteko zer tartez hautatuko diren egiaztatu beharreko eskaerak; dezimalik izanez gero, beheko zenbaki osora biribilduko da.

c) Lehen eskaera hautatuko da eta, hura oinarri harturik, eta arestian aipatutako tartea gehituta, gainerakoak hautatuko dira, hurrenez hurren, 100 eskaeren kopurura iritsi arte. Eragiketaren arduradunak hautatutako eskatzaileei buruzko auditoretzako arrastoari eutsi beharko dio egiaztapena egiteko, eta behar bezala dokumentatu beharko du hautaketa hori egiteko jarraitu den prozesua.

Deskargatu I. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOCX).

Iragarkiaren kodea: F2302267