54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

233E/2023 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, gastua baimentzen duena 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdirako, eta deialdi horretako oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 674096.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen gastua baimentzea 2023. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez, 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzak arautu ziren (2017ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 8koa). Aurrerago, ebazpen hori apirilaren 16ko 47E/2018 Ebazpenak aldatu zuen (2018ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 3koa).

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2.470.000 euroko gastua baimentzea 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzetarako, 2023ko gastu aurrekontuaren partida honen kontura: "Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241205 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren eta 674096 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

2. 600.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

3. Deialdiko 13.2.d) oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:

13.2.d) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta, titulazio akademikoa zein den, honako kopuru hauek adinakoa izanen da gutxienez:

–Unibertsitateko titulazioa: 19.500 euro.

–Goi mailako heziketa zikloak (LH II): 17.500 euro.

–Erdi mailako heziketa zikloak (LH I) eta profesionaltasun ziurtagiriak: 15.500 euro.

Diru kopuru horiek lanaldi osoetarako dira. Lanaldia txikiagoa izanez gero, proportzionalki murriztuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2302826