54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

13/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura eta Kirol kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita kirol proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak egiteko prozedura, kirol mezenasgoaren ondorioetarako.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legeak hamahirugarren xedapen gehigarri bat sartu du Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean, kirol mezenasgoaren zerga pizgarriak jasotzen dituena.

Aipatu uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarri horrek, 6. apartatuan, xedatzen du kirol arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez ezarriko direla kirol proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko eskaera egiteko prozedura, tokia eta epeak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Kirol proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak egiteko prozedura onestea, kirol mezenasgoaren ondorioetarako; foru agindu honetan eranskin gisa ageri da.

2. 2. 2023. urtean, interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak urriaren 1etik 31ra bitarte bakarrik egiten ahalko dira.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Kirol proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak egiteko prozedura, kirol mezenasgoaren ondorioetarako

1. Kirol proiektu edo jardueratzat hartzen dira Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan jasotako arloekin erlazionatutakoak.

2. Onuradun izaten ahalko dira Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuak ezartzen dituen pertsona eta entitateak.

3. Kirol proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak aurkezten ahalko ditu kirol mezenasgoaren onuradun den edozein pertsonak edo entitatek.

Interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak urteko honako aldi hauetako edozeinetan aurkezten ahalko dira: martxoaren 1etik 31ra bitarte eta urriaren 1etik 31ra bitarte.

Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako toki eta erregistroetako edozeinetan aurkezten ahalko dira, kontuan hartuta Lege horren 14. artikuluan zerrendatzen diren pertsonek eta entitateek Administrazioarekin harreman elektronikoa izateko betebeharra dutela.

4. Interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerarekin batera, honako dokumentazio orokor hau aurkeztuko da:

–Entitateen kasuan, haien estatutuak eta eskatzaileak duen ordezkaritza frogatzen duen agiria aurkeztuko dira.

–Eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskaerari erantzukizunpeko adierazpen bat erantsiko zaio, eskatzailea Nafarroako kirol federazio bateko kide dela dioena.

–Pertsona edo entitate batek baino gehiagok egiten badute interes sozialeko deklarazioaren eskaera, denek aurkeztu beharko dute eskatutako dokumentazioa.

–Ez da beharrezkoa izanen betebehar horiek betetzearen frogagiriak aurkeztea ondorioztatzen bada horietako bat betetzen dela administrazio publiko baten erregistro batean inskribatuta egoteagatik edo Nafarroako administrazio publikoetatik dirulaguntzak jasotzeagatik, edo administrazio publiko bati edozein prozedura edo tramitetan emandako dokumentazioaren azterketatik. Halakoetan aski izanen da dagokion prozedura edo erregistroa aipatzea.

Aurrekoaz gainera, interes sozialeko deklarazioaren eskaerarekin batera, proiektuaren edo jardueraren dokumentazio zehatz hau aurkeztuko da:

a) Proiektuaren edo jardueraren azalpen memoria, bertan adierazita zein den proiektuaren edo jardueraren izaera eta helburua, zergatik uste den interes sozialekotzat deklaratu beharko litzatekeela (uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 7.b) apartatuan ezarritako irizpideekin bat), hasiera data, garatuko den denbora tartea, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, eta finantzaketa iturrien aurreikuspena, barnean sartuta, halakorik bada, mezenasen eta babesleen balizko ekarpenak.

b) Nor den proiektuaren edo jardueraren arduraduna, hura gauzatzen duen entitatearekin duen harremana adierazita.

5. Interes sozialeko deklarazioaren eskaeren tramitazioa bi fasetan eginen dute honako organo hauek:

a) Instrukzio fasea, Mezenasgoaren Batzordeak eginen duena.

b) Ebaluazio eta proposamen fasea, Nafarroako Kulturaren Kontseiluak eginen duena.

6. Kirolaren Zuzendariordetzak, eskaera jaso ondoren, behar bezala bete ote den eta beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko du. Eskaerak ez baditu eransten eranskin honetako 4. apartatuan adierazten diren derrigorrezko dokumentuak edo horietan akatsik badago, eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko kudeaketako zuzendaritzak.

Eskaera ezarritako epeetatik kanpo aurkezten denean edo eskatzailea ez denean uztailaren 2ko 10/1996 Foru legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan jasotako pertsona edo entitate onuradunetako bat, Kirolaren Zuzendariordetzak hala proposatuta, ez onartzeko ebazpena emanen du Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioko kudeaketako zuzendaritzak.

Kirolaren Zuzendariordetzak beharrezkotzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzen ahalko ditu, hala pertsona edo entitate eskatzaileari dagokionez, nola eskaerako kirol proiektu edo jarduerari dagokionez.

Kirolaren Zuzendariordetzak egiaztapena eginen du eta Nafarroako Kirolaren Kontseiluari jakinaraziko dio eskatzaileak aldez aurretik interes sozialekotzat deklaratutako proiektu edo jarduerei zegozkien betebeharrak bete ez baditu.

7. Aurreko apartatuan jasotzen diren jarduketak egin ondoren, Kirolaren Zuzendariordetzak eskaera eta dagokion dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Kontseiluari bidaliko dizkio, ebaluazioa egin dezan eta dagoen emakida edo ukatze proposamena egin dezan, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 7. apartatuan jasotzen diren irizpideekin bat etorriz.

8. Kirol Administrazioak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez, interes sozialekotzat deklaratutako kirol proiektuak eta jarduerak egiazki gauzatzen ari direla egiaztatuko du, eta beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio guztia eskatzen ahalko du.

9. Interes sozialekotzat deklaratutako kirol proiektu edo jarduerarekin lotuta, pertsona edo entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran deskribatu bezala gauzatzea eta azalpen memoria egitea.

b) Proiektua gauzatzen ez bada, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari jakinaraztea, proiektua garatzea galarazten duten arrazoiak azalduz.

c) Foru agindu honetan aurreikusitako egiaztapen jarduketak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera dagozkienak onartzea.

d) Kirolaren Zuzendariordetzaren aurrean frogatzea proiektua gauzatu dela, helburuak bete direla eta emaitzak lortu direla; horretarako, bi hilabeteko epea egonen da, proiektua bukatzen denetik hasita, eta bukaerako memoria aurkeztu beharko da. Memorian mezenasgo modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztu beharko dira, eta horiek proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina ebaluatuko da.

e) Urtebetez baino gehiagoz luzatzen diren proiektu edo jardueren kasuan, urteko memoria aurkeztuko zaio Kirolaren Zuzendariordetzari, aurreko letran ezarritakoarekin bat, hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen.

10. Zerga administrazioari dagokionez, pertsona edo entitate onuradunek Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak bere hamahirugarren xedapen gehigarriaren 13. eta 14. apartatuetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

11. Pertsona edo entitate onuradunek Kirolaren Zuzendariordetzari jakinaraziko dizkiote interes sozialekotzat deklaratutako kirol proiektu edo jardueran eginen dituzten aldaketak. Komunikazio hori aldaketak egin aurretik eginen da, eta aldaketa horiek zein diren azalduko da.

Aldaketak funtsezkoak badira eta proiektua interes sozialekotzat deklaratzeko aintzat hartutako irizpideekin lotutako alderdiak ukitzen badituzte, Kirolaren Zuzendariordetzak, interesdunei entzutea eman ondotik, Nafarroako Kirolaren Kontseiluari igorriko dio proiektuaren birformulazioa, horrek gehienez ere hogeita hamar egun balioduneko epean ebalua dezan eta dagokion proposamen arrazoitua igor diezaion Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren kudeaketako zuzendaritzari, eta azken horrek aipatu proposamenarekin erabakiko du interes sozialeko deklarazioa mantentzen edo kentzen duen.

Baldin mezenasgoaren edozein modalitateren bidez izandako diru sarrera handiagoa bada hasiera batean kirol proiektua edo jarduera gauzatzeko aurrekontuan aurreikusitakoa baino, onuradunak aurrekontu berriarekin bat birformulatuko du, eta Kirolaren Zuzendariordetzari jakinaraziko dio.

12. Ezarritako betebeharrak bete ezean, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, interes sozialeko deklarazioa kentzen ahalko da. Interes sozialeko deklarazioa Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren kudeaketako zuzendaritzak emandako ebazpenaren bidez kenduko da; hori Kirolaren Zuzendariordetzak eskatuta eginen da, onuradunei entzutea eman ondotik eta Nafarroako Kirolaren Kontseiluak horretarako igortzen duen proposamen arrazoituarekin bat. Proiektua edo jarduera gauzatzeko behar diren funtsak ezin bildu izana ez da onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoietan sartuko.

13. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian interes sozialekotzat hartutako edo deklaratutako kirol proiektu eta jarduera guztien eta horien onuradunen zerrenda, enpresek eta herritarrek ezagut ditzaten.

Publizitate horren barnean honako hauek sartuko dira gutxienez: pertsona edo entitate onuradunaren identifikazioa, kirol proiektu edo jardueraren izena eta deskribapen laburra eta hori gauzatzeko epea.

Iragarkiaren kodea: F2302661