54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

58E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita 2023ko denboraldirako arrantza-debekuen xedapen orokorra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 14ko 34E/2023 Foru Aginduaren bidez onetsi zena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 14an emandako 34E/2023 Foru Aginduren bidez, 2023ko denboraldirako arrantza-debekuen xedapen orokorra onetsi zen.

Foru agindu hori 2023ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7koan.

2023ko denboraldirako arrantza-debekuen xedapen orokorraren 19. artikuluan (Aldi baterako debeku-tarteak), ezartzen da aldi baterako debekatzen dela arrantzan egitea I. eranskinean adierazten diren ibai tarteetan eta ur-masetan, babestu beharrekoak direlako.

Hala ere, akats baten ondorioz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak sinatzeko bidali zen foru aginduaren proposamenean ez zen I. eranskin hori sartu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan xedatuta dago egintza edo xedapena eman duen organoari egokituko zaiola zuzentzea administrazio egintza eta xedapenenetan egiten diren akats material, aritmetiko eta egitatezkoak. Akatsen zuzenketan horrek dakartzan ondorio juridikoak zehaztu beharko dira, eta jakinarazi edo argitaratu diren egintzak izanez gero, zuzenketak ere nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko dira.

Aurrekoaren arabera, zuzendu egin behar da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 14ko 34E/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen 2023ko denboraldirako arrantza-debekuen xedapen orokorra, I. eranskina (aldi baterako debeku tarteak) gehitzearren.

Hortaz, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 70.1 artikuluaren bidez esleitu didaten eskumenari jarraikiz, eta bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzentzea 2023ko denboraldirako arrantza-debekuen xedapen orokorra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 14ko 34E/2023 Foru Aginduaren bidez onetsi zena. Hala, foru aginduaren bukaeran, I. eranskina sartuko da, Aldi baterako debeku tarteak izenekoa:

I. ERANSKINA

Aldi baterako debeku tarteak

1. Aintzirak, urtegiak eta ubideak:

Bere osotasunean debekatutako urtegiak, aurkakoa esaten ez den bitartean:

–Salobreko edo Las Cañasko urtegia (RN-20 natur erreserba): 36/2016 Foru Dekretua.

–Juncaleko aintzira (RN-23 natur erreserba). 50/2016 Foru Dekretua.

–Pitillasko aintzira (RN-27 natur erreserba). 109/2016 Foru Dekretua.

–Pulguerko urmaela (RN-35 natur erreserba): debekatua eremu osoan, salbu eta espresuki adierazitako tokietan, hau da, diketik eta kanaberarekin. 108/2016 Foru Dekretua.

–Agua Saladako idoia (RN-34 natur erreserba).

–Escuderako putzua (EN-8 lekune naturala eta lekune naturalean sartzen ez den eremua), Alesbes. 107/2016 Foru Dekretua.

–Dos Reinos idoia (EN-13 lekune naturala): debekatua eremu osoan.

–Eugiko urtegia: debekatua itxitura duen inguru guztian eta Sasoaran errekarekin bat egiten den tokitik Arga ibaian beherako tartean.

–Mairagako urtegia: debekatua eremu osoaren bueltan dagoen itxituraren barrenean.

–Artikutzako urtegia.

–Añarbeko urtegia.

–Leurtzako urtegiak.

–Urdalurko urtegia.

–Domikoko urtegia.

–Endara/San Antón urtegia.

–Nafarroako ubidea: erabat debekatua, baita ubidearen erregulazio idoi guztietan ere (Billabeta, Elo eta Artaxoa).

–Valdelafuenteko idoia: debekatua ezkerralde osoan, sakanaren sarreratik Lodosako ubidearekin elkartzen den tokiraino.

–Lotzako idoia eta Itzako putzua.

–La Mueda idoia.

–Ezkorizko idoia (Zolina-Badostain).

–Corellako urmaela: hego-mendebaldeko ertzeko tartea, La Unicako almenaratik hilerriko almenarara doana.

2. Ibai tarteak:

–Irati ibaiaren arroa:

  • Irati ibaia: Itoizko urtegiko presatik presara joateko zubiraino.
  • Areta ibaia: ibai guztia eta bere adarrak, Irurozkiko errotako presako zubitik gora.

–Aragoi ibaiaren arroa:

  • Aragoi ibaia: Esako presaren gainezkabidetik hasita 500 metroko tartea ibaian behera, Rincón del Royoraino.
  • Aragoi ibaia: Zangozako presatik hasita Zangozako zentralaren irteerako kanalaren bukaeraino (Los Pozancos).
  • Aragoi ibaia: Galipentzuko Haitzuloko zentralaren presatik ibaian gora 50 metrora dagoen lekutik hasita, zentralaren ubideak ura ibilgu nagusira isurtzen duen punturainoko tartea.
  • Ezka ibaia: ibai guztia eta bere adarrak, Burgiko presatik gora, bai eta adar guztiak ere presa horretatik behera, Aragoiko mugaraino.
  • Zaraitzu ibaia: ibai guztia eta bere adarrak, Ustaizeko errotako presatik gora.

–Arga ibaiaren arroa:

  • Arga ibaia: Eugiko urtegiko presatik ur emaria neurtzeko estaziorainoko tartea, uretan behera.
  • Arga ibaia: Garesen eta Mañeruren arteko Aizpea haitzeko malkarren azpiko tartea. Debekatuta dago martxoaren 1etik irailaren 15era arte.
  • Allozko urtegia: Lerateko, Hiriberri Deierriko eta Ugarko bainu-eremuetan. Debekatuta dago ekainaren 1etik irailaren 30era arte.

–Bidasoa ibaiaren arroa:

  • Baztan-Bidasoa ibaia: Giltxaurdiko zubiaren eta Opokako presaren arteko tartea, Elizondon.
  • Bidasoa ibaia. Banaketa ubideak: debekatua dago Bidasoa ibaiaren banaketa ubide guztietan arrantza egitea, Bertizko Jaurerriaren (Oronoz-Mugairi) zubitik beheiti.
  • Bidasoa ibaia. Izokin-tartea: Fundiciones de Berako presaren eta Nafarroako mugaren (Endarlatsa) arteko tartea.
  • Zia ibaia: Santo Kristo zubitik, Illekueta auzoan, Bidasoa ibairainoko tartea.
  • Tximista ibaia: Landaburuko eta Antsolketako presen arteko tartea.
  • Borda ibaia: Ote kaleko zubitik Albistur kaleko zubirainoko tartea, Lesakan.
  • Endara latsa: Gipuzkoarekin muga egiten duen tarte guztia.

–Ega ibaiaren arroa:

  • Ega ibaia: Marañongo ibai-igerilekutik Antzingo errotako presaraino, baita tarte horretan isurtzen duten ibaiadar guztiak ere, Cabredoko idoia izan ezik.
  • Ega ibaia: Metauten-Iguzkitza (NA-132-B)errepideko zubitik Lizarrako Zaldu zentraleko presaraino, baita tarte horretan isurtzen duten ibaiadar guztiak ere.
  • Itxako ibaia: Itxakoren iturburutik Urederrarekin bat egin arte.

–Leitzaran ibaiaren arroa:

  • Leitzaran ibaia: Urtoko zubitik Plazaolako presarainoko (Gipuzkoako muga) tartea.

–Urumea ibaiaren arroa:

  • Añarbe ibaia: ibai osoa eta haren adar guztiak Añarbeko presatik gora (urtegia barne).

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2304167